Jose Angel Oria
SIRIA

XXI. mendean ilunpetan bizitzera kondenatutako herria

Siriako argien %83 itzali egin dira lau urteko gerraren eraginez, zerutik sateliteek eskainitako irudietan ikus daitekeenez. Gatazka horrek eragindako sufrimenduaren beste aurpegi bat da, ihes egiteko aukerarik izan ez dutenek jasan behar dutena. Itxaropena ere agortu zaie baldintza horietan bizi behar dutenei.

Siria ilunpetan
Siria ilunpetan

Siria: 200.000 hildako eta hamaika milioi herritar beren etxeak utzi eta ihes egin beharrean. Bestelako etorkizun bat amestera ausartu zen herri bati ezarritako sufrimendua deskribatzeko zenbakiak baino ez dira. Asko esaten dute, baina ez nahikoa: ez dute azaltzen bizirik eta ihes egin ezinik Sirian bertan jarraitzen duten herritarren oinazealdia, XXI. mendean ilunpetan bizitzera kondenatutako gizakien samina.

Gatazka armatua hasi zenetik lau urte pasatu direla-eta, International Rescue Committe erakundeak Siriak lau urteotan jasan behar izan duen txikizioa azaltzen duen txostena aurkeztu du. David Miliband Britainia Handiko Atzerri ministro ohiak zuzentzen duen elkarteak WithSyria kanpainan esku hartzen du, giza eskubideen aldeko beste 130 elkarterekin batera.

Txinako Wuhango Unibertsitateko ikerlariek egindako lana aurkeztu dute elkarteok, gatazkari konponbidea ematea ezinbesteko eta premiazkoa dela nabarmentzeko.

Herritarren atsekabea

«Gatazka hasi zenetik lau urte pasatu direnean, Siria erabat ilunpetan geratu da. Herritarrak behartsu, beldurtuta eta atsekabetuta daude, garai batean ezagutu eta galdu dituzten lagunengatik eta herrialdearengatik», adierazi zuen politikari laboristak. «Nazioarteko komunitatearen inplikazioa merezi dute siriarrek».

Satelite bidez hartutako irudiak aztertu dituzte Xi Lik koordinatu dituen ikerlariek. «Sateliteek hartutako irudiak Siriaren txikizioa erakusteko datu iturririk objektiboena dira», esan zuen Lik.

Lurrazaletik 804 kilometrora zegoen sateliteak eskainitako irudi horiek «siriarrek egunero, inguruan duten guztia suntsitzen dieten bitartean, bizi duten sufrimendua eta beldurra ulertzen laguntzen digute».

Ruandan bezala

«Beste herrialde batzuk ere aztertu izan ditut, baina gaueko argiak era horretan itzaltzen diren kasurik okerrena da Siriakoa. Ruandako genozidioak eragindako irudien tankerakoak dira. Bi herrialde horiek dira kalterik handiena jasan behar izan dutenak, sufrimendurik handiena bizi behar izan dutenak», esan zien kazetariei, orrialde honetan, behean eta ezkerrean, argitaratu ditugun irudien inguruan.

Lehenengo argazkia 2011ko martxoan egindakoa da eta bigarrena, 2015eko otsailekoa. Irudietako beheko aldean, ezkerrean, hego-mendebaldean dauden Siriako eskualdeak, Israelgo iparraldea, Zisjordaniakoa eta Libano ageri dira. Siriatik kanpo dauden lurraldeetan ia ez dago aldaketarik, baina Libanotik gertu dagoen Damasko hiriburuan oso garbi ikusten da orain lau urte baino argi gutxiago dagoela.

Xi Lik eskainitako datuen arabera, Damaskoko argien %33 itzali dira lau urteotan. Ipar-mendebaldean dagoen Alepo hirian gatazkak askoz ere kalte handiagoak eragin ditu: argien %97 inguru itzali ditu, ondoko Idliben eta jihadistek beren hiriburu bihurtu duten Ar-Raqqan bezala.

Argiak itzalita daude arrazoi ezberdinengatik. Kasu askotan, herritarrek ihes egin dutelako. Beste askotan, berriz, eraikinak suntsituta daudelako, eta horiekin batera, eremu osoa ilunpetan geratzen da.

Baina argindarrik ez izatea ere ohiko bihurtu da Baxar al-Assaden erreinuan. «Elektrizitatea herritarren oinarrizko beharren artean dago, baina hornidura etenda dago eta herritar gehienek ilunpetan bizi beste erremediorik ez dute», esplikatu du ikerlarien buruak.

860 egun argirik gabe

Etsaiak bere mendean daukan eremua zigortzeko ere erabili izan dira energia mozketak Siriako gatazkan. Horixe gertatzen da Damaskoren ondoan dagoen Ghoutan, bere garaian arma kimikoz egindako eraso bat jasan behar izan zuen eremuan. Bertan dagoeneko 860 egun egin dituzte argindarrik gabe: bi urte baino gehiago ezer entxufatu ezinik.

Ghoutan eta Alepon, esaterako, sorgailu elektrikoak erabiltzen dituzte herritar batzuek, baina erregaia oso garesti ordainduta: «2,60 dolar litro bakoitzeko, munduko erregairik garestiena», zioen bertako mediku batek. «Herritarrak Erdi Aroan bezala bizi dira. Gure bizitzan ezinbestekotzat jotzen ditugun teknologia modernoak ezin dira erabili. Sorgailuak dituzten bakar horiek ere ezin dituzte etengabe erabili, kontsumoa mugatu beharrean daudelako. Setiatutako hirietan gauza asko egin ezinik daude herritarrak».

Ikerlariek eman dituzten datuen arabera, talde batek eremu bat bereganatu nahi duenean, lehen neurria energiarik gabe uztea izaten da. Erregimena nagusi den puntuetan, berriz, ordu batzuetako hornidura izaten dute, normalean gauerditik aurrera, kontsumoa mugatu egin dute-eta.

Gaur egungo munduan, argindarrik ez izateak sekulako arazoak eragiten ditu eguneroko bizitzako makina bat jardueratan: hondakinen bilketari, urari eta establezimendu zein eskolen funtzionamenduari dagokienez, esaterako. Orain egoera zertxobait hobetu da, negua atzean geratu dela baitirudi. Aurten, siriar asko kanpalekuetan zegoela, zazpi gradu zero azpitik izatera iritsi dira; ikaragarrizko hotza suntsitutako eraikin baten babesa baino ez duzunean, eta berogailua pizteko aukera beste garai bateko oroimena besterik ez denean.

Hotzak hildako umeak

Aurki jakinaraziko zaigu hotzak zenbat herritar hil dituen azken neguan. Oraingoz lekukoek adierazitakoa baino ez da iritsi erredakzioetara: sekulako hotza pasa behar izan dutela eta ume batzuk hil egin direla. Herritarrei laguntza ematera joan diren gobernuz kanpoko erakundeek arazo asko izan dituzte premiarik handiena zuten lekuetara iristeko. Kasu batzuetan manta eta beroki batzuk baino ez diete eman, segurtasun arazoak medio.

Gainera, premiazko laguntza gehien behar den lekuetara eramanda ere, arazo asko ukitu gabe geratzen dira, batez ere kalte psikologiko eta emozionalak. «Osasun mentalari dagokionez sekulako arazoak daude, gatazkak harrapatutako eta inolako errurik ez duten pertsonek jasandako eragin psikologikoa oso handia baita», esan dio IPS agentziari Sharif Aly AEBetan egoitza duen Laguntza Islamikoa izeneko erakundeko kideak.

Zaher Sahloul SAMS AEBetako eta Siriako Mediku Elkarteko presidenteak jakinarazi du mediku askok herrialdetik ihes egitea erabaki izan dutela, gatazka gaiztotzen ari zela-eta. Kasu batzuetan Libanora eramaten dituzte pazienteak, Sirian bertan eskaini ezin diren zerbitzuak behar dituztelako, baina irtenbide hori ere garestia eta oso arriskutsua da.

Giza Eskubideen aldeko Medikuak izeneko elkarteak jakinarazi du 610 osasun langile hil direla 233 erasotan eta torturen eraginez. Erregimena litzateke arduradun nagusia.