Borja Valle Sarasketa / Nagore Belastegi Martin

ANBOTO MENDIKO BUZOIA, MENDE BAT HODEI ARTEAN

Ehun urte bete dira Anbotoko buzoia harriz osatutako mendi ezagunaren gailurrean kokatu zutenetik. Euskal Herriko lehen buzoia izan zen eta mendizaletasuna sustatzeko helburuarekin jarri zuten. Keinu horri esker, egun apenas den gurean bere buzoia ez duen mendirik.

Durangaldeko gunerik garaienean, Araba eta Bizkaia betiereko besarkada batean urtzen diren lekuan, hodeiak ukitzen badago harkaitz bat, sineskeria eta elezaharren babesleku. Erdi Aroan bizi izan ziren koblakari euskaldunek bertan milaka urtetan gertatukoen berri ematen zuten, kantari. Anbotoko haitzari edota bertan bizi den dama misteriotsuari buruz guztiok noizbait entzun izan ditugun mito eta kondaira horien artean, badaude gure oinordekoen inguruko istorio batzuk ere. Horiek ere merezi dute ezagunak izatea, urteen joanak historia ezaba ez dezan.

Garaiko kronikek kontatukoaren arabera, 1915eko maiatzaren 30ean, alpinista «bertutetsuz» osatutako talde txikiak hitzordua jarri zuen Bilbon. Eguraldi txarra egiten bazuen ere animatuta zeuden eta Durangorantz abiatu ziren, 5.40ean. Durangaldera iritsi eta Abadiñon dagoen Urkiolako San Antoniotik igoera hasi zuten unetik bertatik hasi ziren zailtasunak; ibilbidea ez zen atsegina izan, egun horietan eguraldi oso kaskarra baitzuten Euskal Herrian. Pentsa, berez aurreko asteburuan egitekoak ziren Anbotora igoera, baina bertan behera utzi behar izan zuten. Bigarren hitzorduan, baina, aurrera jarraitzea erabaki zuten.

Egia esan ez zen ondo pasatzeko txango soila, baizik eta betebehar moral bat. Hiru urte aurretik alpinismoa sustatzeko Bilboko Kirol Klubak (Club Deportivo de Bilbao) hasitako ekimenen parte zen hitzordua. Aipatuko ez ditugun ustekabe askoren ostean, aterraldi bat baliatuz, Anbotoko gailurrera iritsi ziren 11.30ak puntuan. Mendizale gehiago ez zituzten espero, Francisco Coterillo hegazkinlari bizkaitarra akaso, baina zerumugan ez zen abioirik ageri; beraz, segituan ekin zioten buzoiaren inaugurazioari.

Igoera tentuz egin zuten, hamar metroko soka batekin elkar lotuz. 12.00etan jaitsierari ekin zioten eta Urkiolan mendizaleek elkarrekin bazkaldu zuten. Urkiolatik Durangora, berriz, 16.30ean jaitsi ziren azken trena hartu ahal izateko garaiz iristeko.

Mendizale batzuek lebita eta kapela luzeak jantziko zituztela iragarri zuten jendeari erakusteko mendira igotzea ez zela hain zaila, baina antolakuntzak halakorik ez egiteko eskatu zien gainontzeko kideak ez molestatzeko.

Bilboko Kirol Klubeko presidenteak, Antxon Bandresek, euskal mendizaletasunaren aitzindarietako bat, buzoien esanahia eta jatorria azaldu zituen bere garaian. Buzoiak mendi gailurretan jartzea ez zen ideia berria atzerrian, batez ere Suitzan eta Alemanian ohitura hori baitzegoen, baina Anbotokoa euskal mendi batean jarritako lehenengoa izango zen. Buzoi horren helburua mendizaleak akuilatzea zen, euren balentrien publizitatea egiteko modu bezala.

Buzoian sartu zuten lehenengo mezua Bizkaiko Diputazioari zuzendutakoa izan zen, mendiari buruzko irakaskuntzak sustatzeko laguntza eskatuz; beste mezu bat Bilboko Udalera zuzendu zuten Pagasarrin aterpe bat eraikitzeko erabakiagatik zorionak emanez; klubeko kideak eta beste kirol klubak ere gogora ekarri zituzten. Idatzi ofizialen atzetik beste mezu asko iritsi ziren, tartean astekari bati zuzendutako bertso sorta bat zeramana. Ekainaren 8an Bilboko alkateak berari zuzendutako gutuna jaso zuen, buzoiaren erabilgarritasunaren seinale.

On Gervasio de Landajuela sakristauak eta bere lau laguntzaileek egindako lana ere gogoan izan zuten klubekoek, haiek izan baitziren inaugurazioa baino egun batzuk lehenago goraino igo eta egitura kokatu zutenak. Hala esan zuen sakristauak Urkiolara iritsi zenean: «Dena prest dago egun handirako. Oraintxe bertan jaitsi gara Anbototik, bost izan gara eta ederki nekatu gara». Talde txiki hori maiatzaren 21ean igo zen gailurrera, inaugurazio ekitaldia 23an egitekoa zelako, baina, azkenean, esan bezala, data hori atzeratu behar izan zuten. Behin ekitaldia amaituta, ahal izan zuten bezala itzuli ziren bildutako mendizaleak, batak besteari laguntza eskainiz haitzaren lurzoru irristakorraren ondorioz ezbeharrik gerta ez zedin.

Anboto 1.331 metro dituen Durangaldeko haitz dotorea da, euskal historian eta mitologian garrantzi berezia duena. Udalaitz mendiarekin batera zerumuga ederra osatzen du, kilometro askora ikus daitekeena, eta duen forma zorrotz eta harritsuarengatik ezaguna da oso.

Euskal mendizaletasunaren hastapenetan Anbotora igotzera ausartzen zirenak gutxi ziren. Harkaitzetatik erorita hiltzen ziren ardiak jatera gerturatzen ziren putreak, berriz, ugariak oso.

Buzoien edertasuna gailurretan

Euskal Herriko lehen buzoia izan zen etxe formako hura, eta ondoren beste asko etorri ziren. Egun, Anboton enborra mozten duen aizkora bat dago. Buzoiok duten ezaugarri bitxia da oso zaila dela bi berdin aurkitzea. Adibidez, Gorbeian (1.482 metro) xehetasun osoz apainduriko etxetxoa dago; Serantesen (451 metro) hegazkin bat; Lekandan (1.303 metro) Euskal Herriko mapa; Solaieran (1.039 metro) lauburu bat mendizale baten figurarekin; Sasiburun (459 metro) txapeldun gizon baten burua; Artalarran (1.163 metro) Basauriko errugbi taldeak jarritako baloia; Hiru Erregeen Mahaian (2.444 metro) gaztelu bat; Aitxurin (1.551 metro) danbolin bat hiru txisturekin; Urtemondon (788 metro) bota bat; Gasterantzen (801 metro) espazio-ontzi bat; Umandian (1.225 metro) perretxiko bat; Azeron (971 metro) Mundakako olatua; Buruntzan (441 metro) 1936tik geroztik tente mantentzen den etxetxo berde bat...

Egun buzoietan mezuak uzteko ohitura galtzen ari bada ere, oraindik mendizale klubek bazkideei txartelak banatzen dizkiete, joaten diren mendietako buzoietan sar ditzaten; ostean, buzoiak jarri dituzten klubek erregistratu egiten dituzte. Buzoi bakoitzak jarri duen klubaren izena darama mendizaleek jakin dezaten nora iritsiko den euren izena. Horrez gain, mendiaren garaiera ere adierazten da plakan bertan.

Anbotoko lehenengo buzoi hura urtutako burdinaz egina zegoen, eta 260 pezeta balio izan zituen. Bilboko Kirol Klubak ordaindu zituen oso-osorik. Gazte dirudunek klubari hitzezko babesa eskaintzeaz gain babes ekonomikoa ere eskaini izan baliote, klubak ez zuen esfortzu handi hori jasan beharrik izango.

”T” formako bi oinarriren gainean jarri zuten, horiek lurrean 70 zentimetro sartuz. Guztira 1,20 metroko garaiera zuen; buzoiak 66 kilo pisatzen zituen eta egiturak 46. Aurrealdean plaka batean testu bat idatzi zuten gazteleraz, pixka bat aurrerago euskaraz ere idatzi zutena: «Leku honetara iristen diren mendizaleei eskatzen diegu euren txartela edo izena, herria eta data idatzita dituen kartoia uztea. Txartelean beste testurik agertuko balitz, honakoa Bilboko egunkari guztietan argitaratzeko modukoa izan dadila. Kirol Klubean mendizaleen eta haien testuen erregistro bat osatuko da. Beraz, bertara iristen direnen izen eta testuak soilik sartu beharko dira buzoian».

Aste batzuk geroago buzoia apurtuta agertu zen eta ordura arte barruan sartutako gutunak harrien artean botata. Diotenez ordura arte bisita gutxi jasotzen zituen zonalde horretan ganadua zuen artzain batek suntsitu zuen. Baina artzain haren kexak hutsalak izan ziren, ordutik aurrera mendizaleak etengabe igo baitira Anbotora. Gaiztakeria hura noiz gertatu zen jakin nahian, mezu bat igorri zuen Bilboko Kirol Klubak galdetuz ea zein mendizale izan ziren Anboton egun horietan zehar; ordurako buzoia tente zegoen edo jada suntsituta aurkitu zuten galdetzen zien klubak mendizaleei.

1915. urtetik Anboto ezagutzera gerturatu den mendizale kopurua ikaragarria da, bai bertatik mendi gailurretatik bakarrik goza daiteken panorama ikuskatzen delako, bai aspaldiko elezahar eta mitoak arnasten direlako Durangaldeko mendi ezagunean. Gailurrean hodeia badago eta eguzkiaren laztanekin nahasten bada ez da ezer gertatzen, baina, lainoak alde egiten badu, Anbotoko dama ere joan egin dela esan nahi du. Orduan bai zorigaitza!

Anbotoko Mari deitu ohi bazaio ere, euskal mitologiako jainkosarik boteretsuenak badauzka beste bizileku batzuk ere: Aralar, Txindoki, Aizkorri, Murumendi, Gorbeia... Baina bere bizilekurik garrantzitsuena, berari gehien gustatzen zaiona, Anboto da. Horregatik, zenbait ahotsek diote euskal mendietan jarri zen lehenengo buzoi hura suntsitu zuena egiatan Anbotoko Mari bera izan zela, gizakiek beldurra galdu ziotela ikusirik haserretu egin zelako...

Pago eta harri artean

Anbotoko igoera bide desberdinetatik egin daiteke. Errazena mendia iparraldetik igotzea da, Arrazola edo Axpetik gora. Pago baso batetik igaro behar da lehenik, eta, gailurrera iristeko 300 metro inguru besterik gelditzen ez direnean, zuhaitzak desagertu egiten dira eta harria besterik ez dago. Hala ere, gora iritsi aurretik mendebaldera zuzentzen den bidexka bat dago, ardiek eta ahuntzek erabiltzen dutena ura edateko; izan ere, bertatik putzu batzuetara iristen da. Aurreraxeago eginez gero tunel bat aurkituko dugu. Hori da damaren bizilekua, Mariurrika Kobea. Batzuek diote arreta jarriz gero, naturaren isiltasunean, Mariren xuxurla bat ere entzun daitekeela, edota iluntasunaren sakoneran haren aurpegia ageri dela.

Jaitsiera Urkiolako santutegitik egin daiteke, istorio honetako protagonistek euren abenturari hasiera eman zioten lekutik, hain zuzen ere. Egun hartan igo zirenen izen asko gorde dira orain arte artxiboetan: Antonio Bandres, Luis Dominguez, Braulio Perez, Fidel Morales, Federico Dapousa, Roman Martinez, Galo Garrido, Santiago Alda, Luis Borne, Luis Hermosa, Eusebio Soriano, Felipe Agirre eta Bernabe Makazaga, beste batzuen artean. Ordutik Mariren etxera igo direnen zerrenda ezagutzea, ordea, ezinezkoa da. Geroz eta luzeagoa da gienera...

Alpinista «bertutetsu» haiek emandako pauso historikoaren mendeurrena ospatzeko jaia antolatu dute uztailaren 5erako Urkiolako Parke Naturalean. Lehenik bildutakoak Anbotora igoko dira mendizale martxa batean, eta, itzultzean, Bilboko Kirol Klubari oroigarri bat eskainiko diote. Beste kirol batzuek ere izango dute presentzia festan: mendi bizikletak, zaldi ibilaldiak, eskaladak...

Indalencio Ojangurenek buzoia jarri zuten egunean zein beste mendi ibilaldi batzuetan ateratako argazkiak ere ikusgai izango dira erakusketa eder batean. Horiei esker erraza izango da imajinatzea nola igotzen ziren mendira garai batean eta zergatik ez zen orain bezain erraza. Kaleko arropa eta zapaten ordez Gore-Tex jantzi eta botak izan balituzte...