Dabid LAZKANOITURBURU
IKUSMIRA

Jostailuzko armak isilarazi nahi, non eta Afganistanen

Afganistango Gobernu titereak umeek jolasteko erabiltzen dituzten armen plastikozko erreplikak saltzea debekatu du. Antza, ehundik gora gazte zauritu dira jada, gehienak begietan, “arma” hauek jaurtitzen dituzten kautxuzko balekin. Aïd el-Fitr edo Ramadanaren amaiera ospatzeko aspaldiko ohitura da Afganistanen umeei txanpon batzuk oparitzea; bada, gehienek, plastikozko kalaxnikov eta pistolak erosten dituzte. Txikienen segurtasuna bermatzen saiatzea beti dago ondo, baino nago ni neurriak ez ote duen kutsu hipokrita nabaria. Bada erabakia txalotu duenik, «txikitan plastikozko armekin jolasten badira nagusitzean afganiarrek benetako armak» erabiliko dituztela argudiatuta. Hor dago tranpa. Umeek arma kontutan irakasle trebeak izan dituzte aspalditik Afganistanen. Sobietar Batasuneko Armada Gorria lehenik, gerra jauntxoak gero eta AEBetako Armada azkenik. Zertan izango da trebea bere gurasoak hiltzen ikusi duen afganiar gazteria?