AURELIO ROBLES

Onddoekin mikorrizatutako gaztainondoen landaketak ikertzen

Urteak dira jada Bionekazaritza, Arabako Frutazain eta Eraldatzaileen Elkartearekin (AFEE/ASSE) eta Euskal Herriko Hazien Sarearekin elkarlanean, nekazaritzarekin lotutako jarduera ezberdinak garatzen ari dela, bertan dauzkagun nekazaritzako baliabideak ahalik eta hobekien ustiatzeko asmoarekin. Helburu nagusia da laborantza sistema tradizionalak garatu eta sustatzea, nekazaritzako jarduera alternatibo edota gehigarri modura. Ez nolanahi, dibertsifikazioa baita nekazaritzan jarduten duten pertsonen errenta altxatzeko bidea.

Ia egunero heltzen zaizkigu frutazaintzari buruzko kontsulta puntualak. Norbanakoak, udalak eta bestelako erakundeak izaten dira galdetzaileak, eta askotan, kontsulton atzean laguntza eta aholkularitza eskari bat dago, landaketak egiteko asmoa daukatelako.

Frutagintza ekologikoa sustatzeko lan egiten duten elkarteek baliabide mugatuak badauzkate ere, indarrak ahalik eta hobekien erabiltzen saiatzen dira, eta jarduera, proiektu eta kolaborazio ezberdinekin lan egiten jarraitzen dute. Helburu nagusia argia da: frutagintza ekologikoa bertoko nekazaritzarentzat irtenbide errentagarri gisa garatzea. Mikorrizatutako gaztainondoen landaketa esperimentalek asko lagun dezakete horretan.

gaztainondoa gure mendietan sustatzea xede

Gaztainondoa tradizio handiko espezie enblematikoa da euskal lurraldean. Ez nolanahi, mende askotan zehar gure herri ugaritan elikaduraren oinarrietako bat izan baita. Izan ere, gaztaina elikagai erabat osoa da, eta ezaugarri horrek bihurtzen zuen fruitu lehor hau oinarrizko elikagai urritasun sasoietan.

Zoritxarrez, aurrekaririk ez duen atzerakada bizi izan du gaztainondoak Euskal Herrian, eta. horren haritik, bueltarik ez duen baliabide genetikoen galera gertatu da.

Egoera horren arrazoiak landa eremuak jendez hustu izanari egotzi behar zaizkio, baina baita lursailen kontzentrazioari, pinua, patata edota zerealak bezalako beste landaketa batzuk sartu izanari… eta, nola ez, Phytophthora cinnamomi (tinta) gaixotasun lazgarriak izandako eraginari.

Gaztainondoa baso ustiapen dibertsifikaturako espezie bezala (kalitatezko egurraren, gaztainen eta onddoen ekoizpenerako) gure lurraldean berriz ere landatzea oso jarduera interesgarria izan daiteke, bai ekoizpenari dagokionez bai ingurumenaren ikuspegitik ere. Gaztainondoaren aldeko apustu garbi batek gure mendietako askoren itxura aldatuko luke, aldi berean errendimendua emanez iturri ezberdinetatik (egurra, gaztainak, onddoak). Horrenbestez, lanpostuak sortzeko ere balioko luke, bertoko merkatuan estimazio handia duten kalitate handiko produktuez ari baikara.

Esperimentazioa

2012. urtetik Arabako Frutazain eta Eraldatzaileen Elkarteak jarduera eta proiektu ezberdinak garatu ditu gaiaren inguruan. Proiektuon artean nabarmentzen dira tokiko gaztainondoen hiru landaketa esperimental, gaztaina ekoizpenerako. Landaketotan Boletus edulis generoko onddoak (hauek ere, bertokoak) mikorrizatu dira. Era horretan, gaztainen ekoizpenaz gain, egurra eta baita onddoak ere ekoiztea aurreikusten da.

Esperimentaziora bideratutako azalera osoa lau hektarea dira, Arabako herri ezberdinetan kokatzen diren hiru lursailetan banatuta. Lursail bakoitzak ondo ezberdindutako ezaugarri klimatiko eta fisikoak dauzka. Era horretan, gaztainondoarentzat egokienak diren lurzoru motak eta baldintza klimatikoak identifikatzea da helburua.

Bertako gaztainondoaren populazioa babestu asmoz, saiakera honetan soilik gaztainondo europarra (Castanea sativa) landatu da, zuhaitz hibridoen erabilera baztertuz. Argitu beharra dago Asiako gaztainondoarekin hibridatutako barietateek tinta gaixotasunari hobeto eusten diotela, eta azkarrago garatzen direla, baina, aldi berean, bertoko gaztainondoaren ondasun genetikoa “kutsatu” eta kaltetu dezakete.

Gaixotasunekiko erresistentzia, garapen egokia, ekoizpenik hoberena, onddoen mikorrizaziorako gaitasuna eta bestelako irizpideen araberako txertaka hoberenak aukeratu aldera, txertaka ezberdinak landatu ziren. Batzuk TRAGSAk aukeratutakoak dira, tinta gaixotasunari eusteko duten gaitasunarengatik, eta beste batzuk, aldiz, jatorri arabarreko txertakak izan ziren, Arabako Foru Aldundiaren Mendi Zerbitzuak eta Gasteizko Ingurugiro Gaietarako Ikastegiak emandako bi tarteko.

Lurrean, onddoak

Gaztainondoak Boletus edulis onddoaren esporekin inokulatu ziren, hauek ere euskal jatorrikoak. Izan ere, asko hitz egiten da zuhaitz barietateek edota ortuariek pairatzen duten «higadura genetikoaz», baina inork ez dio erreparatzen onddoen «higadura mikotikoari», kanpoko onddoen sarrerak sortzen duena.

Gorbeiako Basterra elkarte mikologikoko kideen aholkularitza baliagarriarekin, Arabako mendietan batu ziren onddoak. Inokulaziorako, espora salda bat prestatu zen, gaztainondo bakoitzean 15.000.000 espora botaz. Esporen kontzentrazioa zehazteko, Euskal Herriko Unibertsitateko Leioako campuseko Mikologia Departamenduaren laguntza izan zuen esperientziak.

Boletus generoko onddoen ekoizpena zuhaitzek beraien heldutasuna (15-18 urte) lortzen dutenean hasiko dela aintzat hartuta, Cistus ladanifer txara landareak ere landatu ziren zuhaitzen artean, landare mota horretan Boletus generoko onddoak bost urteren buruan ekoizten has daitezkeelako. Era horretan, landaketaren errentagarritasuna hobetu nahi da.

Eta adaburuan, gaztainak

Gaztainondoak jatorri ezberdineko euskal barietateekin eta inguruko kalitatezko beste batzuekin txertatzen joan dira. Era horretan, bertoko gaztaina barietateen ezaugarri eta gaitasunak (zaporea, tamaina, forma…) aztertzeko modua egongo da. Aldi berean inguruko beste barietateak Arabako klimara eta lurretara nola moldatzen diren ere ikusteko modua egongo da. Kalitate goreneko fruituak ematen dituzten barietateak identifikatzea da helburua.

Gaztainak gizakion kontsumora bideratu daitezke, freskoan, edota eraldatu ere egin daitezke, izoztuta, lehortuta, modu “naturalean” ontziratuta edota irina bezala prestatuz. Elikagaien industriak gaztainen kontsumo handia dauka marron glacé edo konfitatutako gaztainak zein bestelako prestaketak egiteko. Gaztaina irina, bere aldetik, indarra hartuz doa pixkanaka, zeliakoentzat egokia denez gero eta gozotegi eta okindegi gehiagok eskatzen baitute.

Kontuan izanda Euskal Herrian merkaturatzen diren gaztainen ia %100 kanpotik ekartzen direla, eta Europa mailan gaztaina ekoizpenari dagokionez defizitarioak garela, ez da zorakeria pentsatzea gaztaina ekoizpena oso interesgarria izan daitekeela gurean.

Saiakerotatik lortzen diren emaitzek, positiboak izan zein negatiboak izan, datozen urteetan gaztainondoen kudeaketa era optimoan egiteko baliagarriak izango dira. Baserritarrak aholkatzeko datuak izango ditugu: Arabako klimarentzat barietate, txertaka eta teknika egokienak zeintzuk diren esateko moduan egongo gara.