Mikel IBARGOIEN
Entrevista
Pau Ribes
igeriketa sinkronizatua

«Bidea egiten ari gara, baina hasieran begirada txarrak jasan behar izan nituen»

Uretan dagoela «arnasa» hartzen omen du. Pau Ribes kataluniarra txikitandik eroso eta aske sentitu da uretan eta igeriketa sinkronizatuan. Gizonezkoentzat itxita zegoen atea ireki du.

Igeriketa sinkronizatua emakumezkoen kirol moduan ikusi izan du makina bat pertsonak urteetan zehar, baina Pau Ribesek zailtasunak zailtasun erakutsi du kirolak ez duela sexurik eta edozein pertsonak edozein kirol praktika dezakeela. Alegia, emakume askok eta askok beste kirol modalitate batzuetan egin behar izan duten bide berbera jarraitu du, oztopoak eta aurreiritziak gaindituz.

Pau Ribesen saiakerak, gainera, saria izan du. Kataluniarrak historia egin zuen Gemma Mengual bidelagun zuela igeriketa sinkronizatuko Munduko Txapelketan lehenbizikoz abian jarritako modalitate mistoan bosgarren lekua lortuta. Halaber, berriki Txinan egon da World Trophy txapelketan Berta Ferrerasekin bikotea osatuz eta brontzezko domina kolkoratuta egin zuten buelta.

Bidea ireki duzu igeriketa sinkronizatuan, izan ere, urteetan zehar jendeak emakumezkoen kirol moduan sailkatu izan du.

Hala da. Gainera, igeriketa sinkronizatuaren kasua bitxia da, hasieran gizonezkoak hasi zirelako kirol hau praktikatzen. Hala ere, gero joera hori aldatu egin zen eta gizartean bestelako ikuspegia egon da txertatuta.

Normalean horrelako egoerak emakumeekin gertatzen dira, zenbaitek artean arraro ikusten baitute emakumeek zenbait kirol praktikatzea. Zu, nahiz eta gizonezkoa izan, txanponaren alde horretan zaude.

Emakume askok bidea egin behar izan dute eta baita nik bezala igeriketa sinkronizatua hautatu dugun gizonok ere, edota gimnasia erritmikoan eta patinajean dihardutenek. Nik uste dut gustatzen zaigun hori egiteagatik borrokatu behar dugula eta sexuak ez duela oztopo izan behar horretarako. Gainera, argi utzi behar da kirolak ez duela sexurik.

Zure lanak eta borrokak fruituak eman dituzte eta udaran Kazanen jokatu zen Munduko Txapelketan izan zinen historian lehenbizikoz abian jarri zen modalitate mistoan Gemma Mengualekin batera.

Oso momentu polita eta berezia izan zen. Nire ibilbidean zehar arazo dezente izan ditut lehiatzeko, izan ere, adin batetik aurrera arautegiak ez zigun baimenik ematen mutilei lehiaketetan parte hartzeko. Ondorioz, lehiatzeari uko egin behar izan nion eta bat-batean, Munduko Txapelketarako lau hilabete eskas falta zirenean, estreinakoz modalitate mistoa egongo zela iragarri zuten eta aukera berri bat sortu zitzaidan; ezin nuen alferrik galdu.

Aukera hori primeran baliatu zenuen Mengualekin batera bosgarren postua erdietsita.

Izugarri pozik nago. Alde batetik, lortu genuen emaitza ona izan zelako, eta, bestetik, gertaera historikoa izan zelako. Aurrerapausoaren garrantzia agerikoa zen guztiontzat eta txapelketan zehar zegoen giroan ere nabaritzen zen hori.

Zer moduz moldatu zineten?

Primeran. Hasieratik ondo ulertu genuen elkar eta niretzat oso lagungarria izan zen Gemmaren maila eta esperientzia duen pertsona bat alboan izatea, ikaragarri

lagundu zidan.

Zer sentitu zenuen igerilekura jauzi egiteko momentu iritsi zenean?

Munduko Txapelketa batean parte hartzea erantzukizun handia da eta tentsio puntu hori nabaritu nuen, baina Gemmarekin batera egoteak eta elkarri ematen genizkion animo mezuek barruan daramazun zama arintzen laguntzen dute.

Emaitzaz harago zer suposatu zuen zuretzat Munduko Txapelketa batean estreinakoz jokatzen zen modalitate mistoko parte hartzaileetako bat izateak?

Oso berezia izan zen bai niretzat, baina baita gainerako gizonezko igerilarientzat ere. Beste herrialdeetako parte hartzaileekin esperientzia eta sentimenduak partekatzea eta jarraitu dugun bidea elkarri kontatzea oso polita da. Lehenbizikoz gauza horiek guztiak mutil gehiagorekin partekatzeko aukera izan nuen; aurretik nire taldekide diren emakumeekin baino ezin nuen egin hori.

Une horretan igaro zinen argitara, urte mordoa itzalpean egin ostean. Nolakoa izan zen zure hastapena igeriketa sinkronizatuaren munduan?

Niri txiki-txikitatik gustatu izan zait uretan ibiltzea eta igeriketa sinkronizatuan hasi aurretik ere igeri egitera joaten nintzen. Oso ume mugitua nintzen eta kontzentratzea ikaragarri kostatzen zitzaidan. Liburu baten aurrean jartzea amesgaizto bat zen niretzat, eta, uretan, berriz, beste ume bat nintzen. 7 urte nituenean gurasoekin “Sueños de agua” izeneko igeriketa sinkronizatuko ikuskizun bat ikustera joan nintzen. Han neskak eta mutilak zeuden, mutilak waterpoloko jokalariak ziren eta igeriketa sinkronizatuko oinarrizko mugimenduak egiten zituzten. Asko erakarri ninduen ikusitakoak eta probatzeko arra sortu zitzaidan. Gurasoak ere jabetu ziren ikuskizunak liluratu egin ninduela, eta kirolaren gaineko informazio bila hasi ziren klaseetara joateko aukera izan nezan.

Esan daiteke beraz, ura eta igeriketa sinkronizatua ihesbide bat izan zirela zuretzat?

Bai, zalantzarik gabe. Uretan lasai sentitzen nintzen, etxean bezala. Paradoxa bat eginez, uretan arnasa har nezakeela esan daiteke. Poza nabari nuen eta asko gozatzen nuen egiten nuen horrekin. Igeriketa sinkronizatuan hasi nintzenean nire gurasoek esan zieten entrenatzaileei ikastolan kontzentrazio arazoak nituela eta kosta egiten zitzaidala azalpenak jarraitzea. Entrenamenduetan, ordea, adi-adi egoten nintzen eta ematen zizkidaten gomendio eta agindu guztiak jarraitzen nituen. Entrenatzaileak gurasoei horren berri ematean ezin zuten sinetsi. Ura zen nire mundua, eta hor zegoen gakoa.

Igeriketa sinkronizatuan hasitakoan mutil bakarra zinen edo bazegoen besterik?

Ez, ez, ni nintzen mutil bakarra. Nire gurasoekin izena ematera joan nintzenean irakaslea ere harritu egin zen mutil batek igeriketa sinkronizatua egin nahi zuela entzunda, ordura arte beste mutilik ez zen gerturatu eta. Nire gurasoek azaldu zioten ikuskizun bat ikusi eta asko gustatu zitzaidanez probatu egin nahi nuela, eta ez zuen inongo trabarik jarri. Entrenamenduetan eman nezakeen maila ona zela ikusitakoan Granollersko igeriketa klubera bidali ninduten nire garapena hobea izan zedin eta han ere ni nintzen mutil bakarra.

Arraro sentitzen zinen mutil bakarra izanda?

Inondik ere ez. Nire taldekideekin oso ondo moldatzen nintzen eta gustura nengoen. Halere, egia da momentu zailak igarotzea tokatu zaidala. Beti dago arraro begiratzen dizun jendea edo desberdina zarela esaten dizuna, baina zentzu horretan asko lagundu didate nire gurasoek, entrenatzaileek eta lagunek.

Zure ingurukoek, beraz, ondo ikusi zuten zuk zuek igeriketa sinkronizatua praktikatzea.

Bai. Nire lagunek futbola eta saskibaloia bezalako kirolak praktikatzen zituzten, baina ondo ikusten zuten ni neu igeriketa sinkronizatuan aritzea. Bazekiten hori zela niri gustatzen zitzaidana eta gustuko zuten zertxobait desberdina zen lagun bat izatea.

Hala ere, esan duzu begirada arraroak eta momentu zailak igaro zenituela. Zer izan da entzun behar izan duzun gauzarik gogorrena?

Ba horrelakoetan ohikoak diren komentarioak egiten zizkidaten: beti neskekin ibiltzen nintzela esaten zidaten, homosexual gisa sailkatzen ninduten komentarioak jasan behar izan nituen, begirada txarrak…

Zuretzat ez zen egoera samurra izango.

Komentario horiei ez zaie jaramonik egin behar. Niri belarri batetik sartu eta bestetik irteten zitzaizkidan. Lehen aipatu dudan moduan kirolak ez du sexurik eta hori argi eduki behar da. Bakoitzak gustatzen zaion hori egin behar du, eta horregatik borrokatzea funtsezkoa da. Gainerakoek esaten dizutenak ez du zure bidea eten behar.

Gurasoek amorrua sentituko zuten horrelako egoeren aurrean.

Nire aitak ondorengoa esaten zidan: «Beti neskekin zaudela esaten dizutenean esaiezu beraiek beti mutilekin daudela, eta, beraz, zuk haiek baino konpainia hobea duzula alboan» [kar, kar, kar].

Gurasoen berotasun hori funtsezkoa da, baina beti ez da horrela izaten.

Nik beti izan ditut nire alboan eta hori oso garrantzitsua izan da niretzat. Gurasoak dira umetan ditugun oinarri nagusiak eta horrelako egoeretan alboan egon behar dute. Niri beti esaten zidaten gustatzen zitzaidana egin eta nire bidea jarraitu behar nuela, eta beti egongo zirela nire alboan.

Nolako harremana zenuen emakumezko taldekideekin?

Iritsi nintzenean egia da arraro egin zitzaiela ez zutelako sekula beste mutilik izan, baina entrenatzaileak normaltasun osoz barneratu ninduen multzoan eta taldekideek ere normaltasun osoz tratatu ninduten. Ordu asko igarotzen genituen elkarrekin eta konfiantza handia sortzen da. Ni beraientzat anaia baten modukoa nintzen eta alderantziz. Hortaz, familia handi bat osatzen genuela esan daiteke.

Nola joan zitzaizkizun lehenengo txapelketak?

Hasieran inguruko txapelketa xumeetan parte hartzen nuen. Gero, nire maila handitzen joan zen heinean, eskualdeko txapelketetara egin nuen jauzi. Katalunia mailakoetan hasi nintzen segidan, horien ostean estatu mailakoetan barneratu nintzen, eta gaur egun nazioarte mailako zitarik garrantzitsuenetan egoten naiz. Gustura nago izan dudan garapenarekin.

Halere, aipatu duzu arautegiaren ondorioz zailtasunak izan zenituela eta ondorioz lehiaketak utzi zenituela.

Lehen urteetan ez nuen inolako arazorik izan, baina 12 urterekin estatu mailako txapelketetarako jauzia emateko garaia iritsi zitzaidanean konturatu ginen arautegiak ez zituela mutilak onartzen lehiaketetan. Egoera horren aurrean, nire klubak Espainiako Federazioarekin eta estatuko gainerako klubekin hitz egin zuen eta ia denek aldeko jarrera erakutsi zutenez arau hori aldatu eta bidea zabaldu zidaten.

Hurrengo pausoa nazioarteko txapelketetara igarotzea zen Europako eta munduko txapelketak mugarri edukiz, baina oztopo berberarekin egin nuen topo, arautegiarekin, alegia. Beraz, nire ibilbidean ez aurrera ez atzera geratu nintzela ikusirik, motibazioa galdu eta txapelketak albo batera uztea erabaki nuen 18 urterekin. Nire kabuz entrenatzen eta erakustaldi batzuetan parte hartzen jarraitu nuen, baina beste erritmo lasaiago batean.

Aurrera egin ezin zenuela ikustea eta halabeharrez lehiaketak uztea kolpe gogorra izan zen?

Kolpe gogorra izan zen, bai. Nire taldekideek aurrera egiten zuten eta nik gizonezkoa izate hutsagatik aukera hori ez nuela ikusteak amorrua eman zidan.

Eta jada esperantza erabat galduta zenuela, bat-batean, Igeriketa Sinkronizatuko Munduko Txapelketan lehendabiziko aldiz modalitate mistoa egongo dela iragartzen da.

Berria irakurri nuenean poz handia hartu nuen, baina urtebete neraman jada lehiaketatik kanpo eta gogor entrenatu gabe. Beraz, ez nuen imajinatu ere egiten txapelketan egotea. Dena den, nire ezustekorako Esther Jauma Espainiako entrenatzaileak hots egin zidan proiektuaren berri emateko eta nigan pentsatu zutela esateko. Munduko Txapelketarako lau hilabete besterik ez ziren falta eta nik ia ezinezko ikusten nuen arren, hausnarketa bat eginez konturatu nintzen hamabi urte neramatzala igeriketa sinkronizatuan helburu horri segika. Hortaz, saiatu egin behar nuela ikusi nuen. Proba bat egin zidaten eta gainditu nuenez nire aldeko apustua egin zuten.

Behin zu joango zinela erabakita, zure bikotekidea erabakitzea falta zen.

Ni taldearekin entrenatzen hasi nintzen nire bikotekidea nor izango zen jakin gabe. Entrenamenduetan Gemma Mengualekin harreman ona egin nuen. Berak gauza berriak probatzeko esaten zidan; neurri batean nire maila aztertzeko modu bat ere bazen. Ikusi zuen pixkanaka hobetzen ari nintzela eta biok batera ondo molda gintezkeela. Hala, nirekin bikote osatzeko eskaini zen. Txikitatik nire idoloetako bat izan da Gemma eta ilusio handia egin zidan berarekin lehiatzeak, ohore bat izan zen.

Zein desberdintasun dago gizon eta emakumeen artean?

Malgutasuna da desberdintasun nagusia. Emakumeak izatez gizonak baino malguagoak dira eta guk alor horretan lan gehiago egin behar dugu. Bestalde, indar aldetik guk normalean gaitasun handiagoa izan ohi dugu.

Hartara, esan daiteke ikuskizun mistoa ikusgarriagoa dela emakumeen eta gizonen ezaugarriak uztartzen dituelako?

Nik baietz esango nuke. Batzuen eta besteen gaitasunak batuta ikuskizuna osoagoa eta politagoa dela iruditzen zait.

Munduko Txapelketan bosgarren izan zinen eta iragan abenduan, Txinan, World Trophy txapelketan, Berta Ferrerasekin batera brontzezko domina kolkoratu zenuen. Gorantz zoaz.

Txapelketa desberdina zen. Izan ere, azken lehiaketa horretan arlo artistikoak teknikoak baino garrantzi handiagoa hartzen zuen. Hori bai, oso ondo moldatu ginen eta lortutako emaitza bikaina izan zen. Berta izango da nire bikotekidea aurten ere eta ea norabide berean jarraitzen dugun.

Zein da zure hurrengo helburua?

Orain martxoan Londresen jokatuko den Europako Txapelketarako prestatzen ari gara.

Baduzu ametsik?

Nire ametsa Olinpiar Joko batzuetan parte hartzea litzateke. Bestalde, etorkizunean igeriketa sinkronizatuko talde misto baten entrenatzaile izateak ilusio handia egingo lidake. Halere, ez dakit posible izango den, izan ere, horretarako lanean jarraitu behar da eta urteak beharko dira. Nik ikusten ez badut seguru nago beste belaunaldi batek ikusiko duela.

Iritsi zaren lekura iritsita eta lortu duzuna lortuta, zer esango zenieke hasieran kritikatu zintuztenei?

Garai hartan esaten nien hori zela niri gustatzen zitzaidana, eta, beraz, bidea jarraitu behar nuela. Orain, besterik gabe, esango nieke ikusteko noraino iritsi naizen inorekin sartu gabe eta inori minik egin gabe. Argi dagoena da bakoitzak gustatzen zaion horri heldu behar diola, denak ez gara berdinak eta. Ea guk ireki dugun bideak horretarako balio duen.

Ibon Garcia barakaldarrak aurretik ibili zuen Ribesen bidea, eta ibilian segitzen du

Pau Ribes da estatu mailan igeriketa sinkronizatuan diharduten gizonetatik ezagunena baina bere aurretik izan da antzeko bidea egin duenik. Hori da, hain zuzen, Barakaldon sorturiko Ibon Garciaren kasua. Bere izena bolo-bolo ibili zen emakumezkoen artean leku bat egin eta Euskadiko hainbat txapelketa irabazi zituen garaian. Albiste berezi eta deigarria zen gizonezkoa eta igeriketa sinkronizatuko txapelduna izatea, nobedadea, alegia. Ordea, Ribesen moduan, horrenbeste maite zuen kirola albo batera utzi behar izan zuen Garciak nazioarteko txapelketetan parte hartu ezinda bere ibilbideak aurrera jarraitzeko zirrikiturik ez zuela iritzita.

Orain, modalitate mistoaren agerpenarekin bigarren aukera bat ireki zaio eta ez du alferrik galdu nahi. Bueltan da Garcia, ilusioz gainezka.

Saskibaloian eta igeriketan aritzen zen Ibon Garcia 12 urterekin igeriketa sinkronizatua lehen aldiz probatu aurretik. Bere ama igeriketa sinkronizatuko irakaslea zen eta bere ikasleek egiten zutenak erakarrita probatzea erabaki zuen. Gainera, Garciari uretan ibiltzeaz gain betidanik gustatu izan zaio dantzatzea eta abestea, eta igeriketa sinkronizatuak hiru alor horietatik bi uztartzeko aukera eskaintzen zion. Hala, Gallartako udal igerilekuan eman zituen lehen pausoak neskak bakarrik zeuden klase batean. «Ni nintzen klaseko mutil bakarra, baina hori ez zen arazo izan inoiz eta ez zidaten inongo trabarik jarri». Aitzitik, primeran hartu zuten multzoan eta hasieran jendea zertxobait harritzen zen arren, ez zuen komentario desatseginik jasan behar izan. «Egia da batzuek galdetzen zutela ea zer egiten zuen mutil batek igeriketa sinkronizatua bezalako kirol batean, izan ere, ordura arte ez zuten horrelakorik ikusi, eta, beraz, arraro egiten zitzaien. Halere, kontua sekula ez zen harago joan. Niri zuzenean ez zidaten ezer txarrik esan».

Hastapen haietan astean hiru egunez entrenatzen zuen saio bakoitzak ordubeteko iraupena zuelarik: «Hori oso gutxi da, izan ere, adin horrekin igeriketa sinkronizatuan buru-belarri dihardutenek egunean ordu mordoa entrenatzen dute». Bere ibilbidean aurrerapauso bat eman asmoz Urbarri taldera jauzi egin zuen 16 urterekin. Garai hartan hasi zen junior mailako Euskadiko txapelketetan parte hartzen eta egindako lanak fruituak eman zituen garaipenen bitartez. Lehenengoak egin zion ilusio gehien, ez baitzuen inondik inora ere espero. Aurrerantzean ere izan zuen zer ospatua, urte mordoan izan zen-eta Euskadiko errege.

Pau Ribesen gurasoen eskutitza

Igeriketa sinkronizatua kirol minoritarioa izanik ez da ohikoa izaten egunkarietako orrietan tartea izatea, baina garailea gizonezkoa izateak hedabideen arreta piztu zuen nonbait, eta makina bat tokitan agertu zen Ibon Garciaren izena: «Albisteak zeresan handia izan zuen eta hedabide askotan agertu nintzen, baita ‘Marca’ egunkarian ere. Prentsan agertzen hasi nintzenean egoerak gainezka egin zidan. Ni ez nengoen ohituta horretara eta dena egun batetik bestera izan zen. Jende askok ez zekien igeriketa sinkronizatuan nenbilenik ere, eta ezagutzera emateko balio izan zuen behintzat».

Albistea irakurri zutenen artean zeuden Pau Ribesen gurasoak eta haientzat ere ezustekoa izan zen beste mutiko bat igeriketa sinkronizatuan zebilela jakitea. Poza eman zien berriak eta gutun bat bidali zuten Garciak entrenatzen zuen kiroldegira berarekin harremanetan jartzeko asmoz. Urte horretan, gainera, Espainiako infantil mailako txapelketa jokatu zen Barakaldon, Pau lehiatzera joan zen eta orduan izan zuten aurrez aurre elkar ezagutzeko aukera. «Nik orduan 19 urte nituen eta Pauk, berriz, 15. Polita da ikustea ez zarela mutil bakarra. Ordutik aurrera hainbat txapelketetan topo egin genuen eta gure gurasoek ere telefonoz hitz egiten zuten haien artean. Nik aurretik bide hori egina nuenez, Pauren gurasoentzat lagungarria izan zen sortzen zitzaizkien zalantzak argitzeko».

Txapelketetan topo egiten zuten baina sekula ez aurkari moduan, izan ere, bien artean lau urteko tartea egonik maila desberdinetan lehiatzen zuten. Hala, biak izaten ziren euren mailetako mutil bakarrak.

Lehiaketa horiei etena jarri zien Garciak 21 urterekin, arautegiaren ondorioz –ez zuen baimentzen gizonezkoen parte hartzea–. Beraz, nazioarteko lehiaketetan parte hartu ezinik bere ibilbidearen garapena erabat mugatuta geratu zen halabeharrez. Bestalde, Itsasoko Zientziak ikastera joan zen Las Palmasera eta igeriketa sinkronizatua albo batera utzi zuen, nahiz eta bere kabuz kirola egiten jarraitu zuen.

Galdu ezineko aukera

Bizimodu berri batean murgilduta eta igeriketa sinkronizatuko lehia ofizialetara itzultzeko esperantza galduta zuenean ireki zitzaion ostera jada itxia zuen atea Ibon Garciari modalitate mistoaren agerpenarekin. Ez zuen bitan pentsatu eta Metropole taldean sartuta entrenamenduei berrekin zien: «2012ko udaran igeriketa sinkronizatua utzi nuenetik 2015eko otsailera arte entrenatu gabe egon nintzen. Ia hiru urte dira, denbora asko da, eta hasieran kosta egin zitzaidan martxa hartzea. Orain, egunero hiru ordu entrenatzen ditut, eta utzitakoan astean sei-zortzi entrenatzen nituen. Hortaz, dedikazio maila askoz handiagoa da. Lehen asteetan lehertuta iristen nintzen etxera, baina pixkanaka jarri naiz».

Modalitate mistoa ofizial egitea oso pauso garrantzitsua dela dio Garciak eta uste du aldaketak mutil gehiago gerturatuko dituela igeriketa sinkronizatura: «Pau eta ni ez gara igeriketa sinkronizatuan gabiltzan eta ibili garen mutil bakarrak. Gehiago egon dira, baina horiek ez dute parte hartu estatu mailako txapelketetan, eta, ondorioz, ez dira ezagutzen. Orain, berriz, modalitate mistoak izan duen oihartzunarekin hasiko dira mutil gehiago Espainiako txapelketetan agertzen, ikusiko dutelako kirol honetan bidea egin daitekeela».

Garciak argi du modalitate mistoarena urrats potoloa dela, baina, era berean, gogoratzen du oraindik beste asko geratzen direla emateke: hala nola, gizonak bakarkako modalitatean lehiatu ahal izatea edota taldekako modalitatean gizonen lehiaketa bat abian jartzea.

Berari dagokionez nazioarteko txapelketetan parte hartzea da egungo nahia. Horretarako, ordea, ezinbestekoa da Espainiako selekzioan egotea, eta, momentuz bikote bakarra dagoenez, Pau Ribes da leku hori betetzen duena. Haatik, ez du amore emango, baikorra da Garcia, eta lanean jarraituko du egunen batean desio hori errealitate bihurtuko den ilusio eta esperantzaz.