24/09/2016

Reportaje
«ZERGAITIK, ZERGAITIK...»
Heziberri planaren aurrean, Filosofiaren defentsa sutsua hainbat jakintza arlotatik

Heziberri Lakuako Gobernuaren hezkuntza planak Filosofia, orain artean derrigorrezko ikasgaia, hautazkoa izan dadin nahi du. Gizarte zientziak oro har jasaten ari diren erasoen aurka, hainbat ekimen abiatu zituen Agora Filosofia Elkarteak. Azkena, hainbat jakintza arlotako zenbait adituk Filosofiaren defentsan eskainitako hitzaldiak.

Xabier Izaga Gonzalez
Pd17_filo4

Zergatik negar egin –edo ez egin–? Zertarako? Zer esan nahi du itsaso aldetiko izarrak? Ez dakigu, baina jakin nahi dugu.

Zertarako balio du Filosofiak? Joan den ekainean, Filosofia ikasgaiak jasandako azken erasoa salatu zuen Agora Filosofia Elkarteak, Euskal Autonomi Erkidegoan Heziberri dekretuaren bidez LOMCE Gobernu espainolaren hezkuntza plana ezartzeak Filosofia eta oro har giza zientziak kaltetuko baititu. Filosofiari dagokionez, Batxilergoko bigarren mailan derrigorrezko ikasgaia zena, hautazkoa izango da aurrerantzean. Erlijioa, ordea, mesedetuta gertatuko da.

Horren aurka, hainbat ekimen abiatu zituen Agora Elkarteak. Azkena, hitzaldi ziklo bat, Filosofiaren beharra nabarmentzeko. Eta bazterketa horren aurkako ahotsak, esparru horretako profesionalengandik ez ezik, beste jakintza arlo askotatik ere atera dira hitzaldi horietan. Lehenengoa Bilbon izan zen irailaren 9an; bigarrena, Gasteizen hilaren 16an, eta, azkena, atzo Donostian. Filosofiaren defentsa sutsua egin zuten parte hartzaile guztiek Fisikatik, Mistikatik, Gizartegintzatik, Poesiatik, Artetik, Matematikatik, Ekonomiatik, Zuzenbidetik, Erlijio Mitologiatik, Kazetaritzatik, eta, nola ez ba, Filosofiatik.

GAUR8 Gasteizko hitzaldian izan zen, Artium museoan. Inork espero bazuen Filosofiaz hitz egiten entzuteak aspergarria izan behar duela, aukera izan zuen bere aurreiritzia bertan behera uzteko. Motz gertatu zen bi orduko saioa, jakingarria ez ezik, entretenigarria ere izan baitzen. Matematikari batek hasi eta filosofo batek bukatuta, umoreak eta ironiak tarte handia bete zuten haien hitzartzeetan, eta salaketa ere denen ahotan izan zen, horixe baita Agora Filosofia Elkarteak antolatutako ekimenen arrazoia.

Kezka eta ezinegona

Iñigo Martinez Agorako kideak bere aurkezpen laburrean gure ezjakintasunetik, «bizi gaituzten galderetatik» abiatu beharra mahaigaineratu zuen. «Zer dira zoriona, justizia, egia, edertasuna...? Ez dakigu eta jakin nahi dugu». Desio horrek mugitzen omen du gizakia, eta ez jakitearen eta jakiteko desioaren arteko tarte horretan kokatu zuen Filosofia. Esan zuenez, tarte horixe da Lakuako Gobernuaren Heziberri plan pedagogikoak ezabatu nahi duena, bigarren planoan utziz. Eta hitzaldia baliatu zuen biharko hauteskundeen ondoren eratuko den Hezkuntza Sailari Filosofiaren esparruan ez ezik gainerako jakintza arloetan ere eragindako kezka eta ezinegona helarazteko.

Baina Filosofia ez da ikasgeletako edo filosofoen kontua bakarrik, horregatik zabaldu nahi dute kezka hori gizarte osora, besteak beste hainbat jakintza arlotako kideei hitza emanez.

Aurkezpenaren ostean, Enrique Zuazua matematikariak hartu zuen hitza. Curriculum luze eta mamitsuaren jabe da Zuazua, eta, bere karreran zehar, batez ere gaztetan, filosofiarekin harremanetan izandako zientzialari gisa aurkeztu zuen bere burua. Bere ezustea eta kezka agertuz hasi zen, hezkuntza sisteman hartzen diren hainbat erabaki direla eta.

Gure gizartera iritsitako estralurtar bat imajinatu zuen. Gizarte aurreratu bat ikusita, nola iritsi garen honaino ulertzen saiatuko litzatekeela esan zuen. «Baina ez da gauza bera Dubaiko etxe orratz batera iristea edo Afrikaren bihotzeko herri batera», jarraitu zuen. «Badugu aurrerabidearen, ongizatearen ideia bat, hemen batez ere, non gure oasia dugun; pixkanaka hondora joango gareneko oasia. Irakurri, ikasi, besteekin hitz egin dugunak baldintzatzen du inguruaren gure ikuskera. Garrantzitsua da irakurtzea, hitz egitea, pentsatzea… errealitatearen abstrakzio integratzaileagoa egiteko, mundua heterogeneoa baita». Heterogeneoa, gizakiei dagokienez ere. Eta desberdintasun horren aurrean, Fisikak eta Matematikak neurozientzietara eta gizarte zientzietara jo beharra daukatela esan zuen. Eta estralurtar horrek ikusitako gizakien arabera egingo lukeela bere ikerketa. Gizakiok neurri handi batean hezkuntza sistemaren araberakoak gara, esan zuenez.

Nola iritsi garen honaino ulertzeko, estralurtarrak alderantzizko ibilbidea egin beharko luke, eta Zuazuak proposatu zuen bidaia hori denok egitea, zientziaren adarrak idorotzeko. Sustraietara iritsita, gizakiaren galdera handia, hau da, jakin nahia, topatuko genuke; nolabait filosofiaren definizioa dena, alegia: jakintzarekiko maitasuna, ulertu beharra. Eta adar horietako batzuk bereziak direla esan zuen: gizarte zientziak, humanitateak, hain zuzen, nolabait joko arauak eman eta mundua erregulatzea errazten dutenak.

Azken urteetan izan den azelerazio teknologiko ikaragarriaz ere jardun zuen. «Oso bizkor eboluzionatzen ari gara, eta harro egoteko modukoa da, baina, aldi berean, kezkatzeko modukoa ere bai, geure etorkizuna arriskuan jartzen ari baikara. Arriskuan jartzen ari baikara zenbait belaunaldiren bizigarritasuna Planetan», eta arrisku hori klima aldaketa dela ziurtatu zuen. Gakoa, haren ustez, hezkuntza sistema da. «Sistema horren arabera ikasi behar dugu, pentsaera kritikoa garatu eta horretara denon artean ulertzen saiatu nola iritsi garen honaino eta norantz goazen». Hezkuntza sistema gero eta integratzaileago baten beharra nabarmendu zuen, denentzat berdin balio duena. «Filosofiaren galderan eta zientzien erantzunean trebatuko diren gizakiak behar ditugu».

Sistema ekonomikoaren porrota

Hurrengo txanda Mari Carmen Gallastegi ekonomialariari egokitu zitzaion. Gizarteko sektorerik ahulenak eta txiroenak gogor kolpatu dituen krisialdiaz hitz egiten hasi zen, eta egungo eredu ekonomikoak balioetan oinarritutako berrikuntza askoren beharra duela esan zuen, aberastasunaren eta errentaren banaketak jasandako okertze ikaragarria ikusita.

Unibertsitatean ongizatearen ekonomia delakoaren bi teorema irakaste dituzte: lehenengoa, merkatuen interakzioaren emaitza omen den eraginkortasuna, eta bigarrena, gizabanako guztien ongizatea maximizatzea: emaitza «hobeezina». «Biak izango bagenitu, mundurik onenean geundeke, baina ez da horrela». Ekonomistek ziurtasun handia erakutsi ohi duten arren, sarritan pixka bat galduta egoten direla esan zuen, eta merkatu sistema honek ez duela funtzionatzen erakutsi izanak galdera bat eragin duela: sistema horrek balioak behar al ditu? Baliorik gabe ez baitago lehen teoremako printzipioen arabera jokatzerik.

Egungo aro digitala berdintasunarentzat arriskugarritzat jo zuen, bakan batzuek dena eta gehienek ezer irabazten ez duten «ziurgabetasunaren» ekonomiara igaro garela iritzita, eta, botere publikoek kontu handiz jokatzen ez badute, desberdintasun handiagoa eragingo du, haren ustez. Halaber, zientzialariak filosofoekin eztabaidatzeko prestakuntza beharko luketela esan zuen, filosofoek arrasto asko ematen baitituzte ereduak eraiki eta metodoak erabiltzeko. Baina «diziplina anitzekoak ez du interesik, antza».

Hirugarren hizlaria Sergio Prego artista izan zen. Gabezia pertsonal bat aitortzen hasi zuen bere jarduna. Unibertsitatean konturatu omen zen eta bere karreran zehar arrastatu omen du hezkuntza gabezia hori, behin eta berriz nabaritzen duena, etengabe egiten duenaren zentzuaz hausnartu beharrean baita, horregatik nabaritu du batez ere Filosofiari eta Historiarekin lotutako gabezia hori. «Pertsona gisa garatzeko, baita nork bere estiloa garatzeko ere, egiten duzunaren genealogia ezagutzeko behar duzu humanite arloko ezagutza, zuk jakin gabe ere, haren oinordekoa baitzara». Ados agertu zen aurreko hizlariekin humanitateek jasaten duten bazterketaz, bai jarrera etiko batetik bai praktikotik.

Hondarribiko artistak bi argudio plazaratu zituen, itxuraz kontraesankorrak, Filosofiaren defentsan. Lehenengoa, eraginkortasuna: ez du imajinatu ere egiten humanitateen beharrik ez duen jarduerarik, munduaren perspektiba globala beharrezkoa baita. Bigarren argudioa hezkuntzaren helburuari buruzkoa da. Gizabanakoak produkzio egitura baterako trebatu beharrean, elkar ulertzeko eta askatzeko erremintak behar dituela esan zuen, eta hezkuntzaren helburua unean uneko behar profesionaletara egokitzea barik, gizabanakoak heztea izan beharko litzatekeela. Baina aurrean dugun «tranpak» kapitalismoaren garapenarekin zerikusia duela uste du, hezkuntza ere kontsumo produktu bihurtzen ari dela, horregatik pobretzen ari dira hezkuntza, bere ustez, garestiagoa izan dadin eta pribatizatzeko.

«Ez dago galdera ezegokirik»

Daniel Innerarity filosofoa izan zen hitza hartzen azkena. Bere jardunean Sokrates aipatu ez bazuen ere, Atenasko filosofoak heriotza zigorra ezarri ziotenean bere defentsan eman zuen erantzun ironikoaren pareko hitzaldia egin zuen Innerarityk. Aretoan ziren filosofoei galdetu zien zenbat aldiz esan dieten «zer egiten duzu zuk hemen, zertarako balio duzu?», filosofoak bere jarduna justifika dezan. Eta esan zuenez, filosofia hain zuzen bere izana justifikatzeko saiotik jaio zen. Innerarityren tesiaren arabera, filosofoek arazoak maite dituzte, horixe omen da euren justifikazio bakarra.

Filosofiaren historiaren hastapenetara jota, Tales Miletokoa aipatu zuen, izarretara begira zihoala, putzu batera jausi eta barre egin ziotena. Baina baita Historiako lehen «pelotazoa» eman zuena, Innerarityren hitzetan, nahi izanez gero horretarako ere balio zuela erakutsita. Eta filosofo bilbotarrak, ondorio gisa, esan zuen filosofoek beren lanbidea baliagarria dela uste badute, ez dutela haren defentsa ondo egingo beren buruari baliagarritasuna zer den galdetu gabe. Horixe omen da filosofoaren zeregina: balio duenak zertarako balio duen galdetzea.

Filosofiaren defentsa kaskarra dela jakinda ere, esan zuen ez zuela inor engainatu nahi, filosofoak ez direla gai, kontrakoa baizik; arazoak planteatzen dituzten modua dela-eta, porrot egiten dutela derrigorrez.

Alemanian izan zuen irakasle batek ikasleei esan omen zien ez zirela historiaren protagonista izango. «Gu filmetako ordezkoak gara, eszena zail batean aktore bikaina ez da arriskuan jartzen; amildegian behera bere burua botatzen duena filosofo bat da», jarraitu zuen.

Filosofiak zertarako balio duen ulertzeko, galdera erabakigarria hauxe omen da: baliagarria da, ona da gizarte batean gure gaitasunaren mugak gogorarazten dizkigun jendea izatea? Bestela esanda: ona al da gizarte bat gainditzen duten galderei eustea? Baietz uste du Innerarityk, eta «ezetz uste badute, kendu dezatela ikasgaia».

Azkenik, Esoporen fabula bat kontatu zuen. Egur haxe bat bizkarrean zihoan agure batek Herioari deitu zion. Herioa agertu eta zer nahi zuen galdetu zionean, agureak zalantza egin eta erantzun zion: «jar iezadazu egurra bizkarrean». Gure jokaeraren metafora, Innerarytiriren ustez. «Nekatu egiten gara, eta gogaitasunaren, hutsalkeriaren, gezurraren aurrean, berriro bizkarreratzen dugu egurra». Eta bera ere, Agorako lagunak bezala eta Artiumeko aretora agertu zen jendea bezala, egurra zamatuta joango zela esan zuen, bihar-etzi baten batek berriro «zer egiten duzu hemen?» galdetuko diola jakinda, baina baita filosofia gizateriaren, zibilizazioaren konkista den zerbaiten zaindari dela jakinda ere; arazo handiak erreprimitzea zein txarra den jakinda, alegia. Haren ustez, gai egokiak eta ezegokiak daude, baina ez galdera ezegokirik. «Ezegokia debekua da», bukatu zuen.

Lau argudiaketa sendo eta zintzo, galderarik nahi ez duen sistemaren, zientziarekiko maitasunaren ordez dogma hobesten duen sistemaren salaketa gisa, jakin-minaren goresgarri.

Lakuako Gobernuaren Heziberri plan pedagogikoak ez jakitearen eta jakiteko desioaren arteko tartea ezabatu nahi du, Iñigo Martinezek nabarmendu zuenez

Inninerarityk esan zuenez, filosofoek beren lanbidea baliagarria dela uste badute, ez dute haren defentsa ondo egingo beren buruari baliagarritasuna zer den galdetu gabe