Nerea GOTI
Entrevista
Izaro Arbe
PUNTISTA

«Xistera zirkuituan lau emakume zesta-puntan jokatzen ikusten ditudanean, oilo larrua jartzen zait»

Zesta-punta zabaltzearekin eta emakumeen presentzia indartzearekin amets egiten du Izaro Arbek. Ametsa errealitate bilakatuko da gaur eta bihar, Emakumeen Nazioarteko Topaketetan.

Izaro Arbe Arregik (Markina-Xemein, 1993) zesta-puntan jokatzen du 11 urte zituenetik. Frontoiak gertu-gertutik ezagutu dituen gazteak «normaltasun osoz» hartu zuen erabakia. Neskato hark nebak praktikatzen zuen kirol bera aukeratu zuen, non eta zesta-puntaren paradisuetako batean, Markina-Xemeinen, eta, gorabeherekin bada ere, bide bat egitea lortu du.

Orain Xistera proiektuan dihardu buru-belarri, emakumeen kirola sustatzea helburuetako bat duen ekimenean, neska-mutilak entrenatzen eta zesta-punta zabaltzen. Gaur eta bihar une bereziak biziko ditu Arbek, Emakumeen Nazioarteko Topaketak ospatzen baitira asteburu honetan. Gaur Getxoko Fadura pilotalekuan, 16.00etatik aurrera, eta, bihar, Bilboko Deportivo pilotalekuan, 11.00etan hasita. Euskal Herriko jokalariez gain, Bartzelona, Pau, Parmiers, Montornes del Valles, Pau eta Parisko partaideak ere izango dira, besteak beste.

Zelan gogoratzen duzu gurasoei «nik zesta-puntan jokatu nahi dut» esan zenien momentu hura? Zerk bultzatu zintuen zesta-punta aukeratzera?

Nebak zesta-puntan jokatzen du eta, 11 urte nituela, bere partidu bat ikusi ostean, hauexek izan ziren nire hitzak: nik ere zesta-puntan jokatu nahi dut. Momentu horretan ez nuen pentsatu neska bakarra izango nintzen edo ez, jokatzen hasi nahi nuen eta etxekoek posible egin zuten.

Behin erabakia hartuta, non aurkitu duzu laguntza gehien? Etxean? Lagunartean? Frontoian bertan?

Hasi nintzenetik etxekoen babesa izugarria izan da eta, momentu honetan ere horrela da, beraien babesa funtsezkoa da niretzat. Bidean aurkitutako oztopo guztiak arindu dizkidate eta egun oraindik ere nik hor jarraitzearen arrazoi handienetakoa direla uste dut. Era berean, aipatu beharra daukat Markina-Xemeingo klubean hasieratik ongi hartu zutela nire erabakia eta uneotan lagun zein herritar askoren babesa dudala.

Zure kasuan, beste traba bat ere bazegoen: ezkertia zara baina araudiak ez du uzten ezkerra erabiltzen. Nola egokitu zinen eskuinarekin jolastera?

Berez, araudian ez dago ezer zehaztuta, baina, segurtasuna dela-eta, eskuinean lotzen da xistera. Hasieran asko kostatu zitzaidan, baina neba ere ezkertia da eta asko lagundu zidan.

Entrenatzeko orduan neskarik ez, eta frontoietan ere neska gutxi edo bat ere ez. Zelan gogoratzen dituzu hasierako partida haiek?

Jokatzen hasi nintzenean jende bati arraroa egingo bazitzaion ere, nik normaltasunez hartu nuen eta bat gehiago sentitzen nintzen. Nire adinekoekin entrenatzen nuen eta lehiaketa zein partiduak ere beraiekin batera jokatzen nituen.

13-14 urterekin hasi nintzen aldaketak nabaritzen, izan ere, indarra dela-eta, gazteagoekin jokatzen hasi behar izan nuen. Horrek lehiaketa ofizialak ez jokatzea ekarri zidan. Hala, nire motibazioa bakarra entrenamenduak eta bi urtean behin neska katalan eta frantsesekin egindako topaketak jokatzea zen; ez zen erraza izan.

Hala ere, aurrera jarraitu duzu. Gauzak oso garbi izan behar ditu 12 urteko neska batek arazo horiei guztiei aurre egin eta bere bidea jarraitzeko. 

Gogoan dut 13-14 urterekin jokatutako azken txapelketan finalera heldu nintzela, eta, txapelketa guztian gustura aritu ostean, pertsona batek aurrean jokatzera behartu ninduela; umiliatuta sentitu nintzen. Handik gutxira neskekin jokatu behar nuela esan zidan, eta, noski, ez zegoen beste neskarik… Ez zen erraza izan, eta, nire gorabeherak izan banituen ere, aurrera jarraitzeko indar gehiago eman zidan.

Zein da buruan daukazun partidarik kutunena? Xistera jantzita gehien gozatu duzuna?

Aurten oso partida bereziak bizi izan ditut. Karmenetako txapelketan Gorka Atainekin jokatzeak ilusio berezia egin zidan, eta, Xistera zirkuituan lau emakume jokatzen ikusten ditudanean, oilo larrua jartzen zait. Baina partidu bat aukeratzekotan, nebaren agurrekoa datorkit burura, ilusio berezia egin zidan Ameriketara joan aurreko jaialdi horren parte izateak eta bere zein inguruko beste batzuen ametsa errealitate bilakatzen zela ikusteak. Izugarria izan zen herritarren antolakuntza eta babesa.

Azken bi urteotan entrenatzaile modura aritu zara. Gaur egun Markinan 14 neska inguru entrenatzen dituzu neska-mutilen talde batean. Zelan baloratzen duzu esperientzia?

Aurreko urtean Markina-Xemeinen hasi nintzen eta oso esperientzia aberasgarria da niretzat. Herriko ume zein gazteek zesta-punta probatze hutsak ilusio berezia egiten dit. Aurten taldea aldatu da eta neska gutxiago daude, baina oso gustura gabiltza. Datorrena ongi etorria izango da.

Zerk eraman ditu neska horiek zesta-punta aukeratzera?

Gaur egun oraindik frontoiko eremua erabat maskulinizatuta dago, horregatik, emakumeak jokatzen ikuste hutsak beraiek ere joka dezaketela pentsatzea eta probatzea dakar.

Entrenamenduetan, gomendio bereziak dituzu neskentzat edo mezua bera da neska eta mutilentzat?

Nire mezua bera da guztientzat. Guztiek elkar errespetatzea eta gozatzea da nire helburua.

Gaur egun partidak ere jokatzen dituzu. Zenbat emakume lehiatzen dira zesta-puntan eta non?

Asteroko partidetan mutilekin jokatzen dut, baina xisteraren helburuetako bat emakumeok ere jokatzea da. Horren harira, urriaren 29an eta 30ean emakume zestalarion topaketak antolatu ditugu eta guztira 26 pilotarik hartuko dugu parte bertan. Katalunia, Frantzia eta Euskal Herriko txoko ezberdinetako jendea bilduko gara bertan.

Gizonekin lehiatzeko orduan, indar fisikoa al da gakoa?

Ni guztiz kontziente naiz nire adineko mutilek indar hutsagatik irabazi egiten didatela. Hortaz, gazteagoekin jokatzen dut.

Uste dut zesta-punta bultzatzeko programa batean aritu izan zarela ikastoletan, ezta? 

Bai, Euskal Herriko zesta-puntako klub guztiak elkartu eta modalitatea biziberritzeko asmoz, Xistera proiektua sortu da. Horren adar garrantzitsu bat umeen arteko sustapena da eta aurten hezkuntza formaleko eskola ezberdinetara joaten hasi gara, zesta-punta ezagutu eta probatzeko aukera izan dezaten.

Pilota federazioa saiatzen da eskola kirola praktikatzen duten umeen artean modalitate ezberdinak zabaltzen, horien artean zesta-punta bera. Baina modalitate «zailegia» da denbora labur batean xistera jantzi eta benetan gozatzeko, ematen du denbora gehiago behar duela zesta-punta bezalako kirol batek, zer uste duzu?

Horrela da. Hasiera baten pixka bat ikasi arte ez da erraza, baina, behin pausu hori eman eta ikasitakoan, oso kirol berezia dela esango nuke.

Aurrerapausoak egon dira, baina frontoia ez da oraindik neska askoren bilgune. Zure ustez zer egin beharko litzateke bai pilotaren munduan bertan bai kalean frontoietan neska gehiago ikusi ahal izateko?

Xistera emakumeen partiduak antolatzen dabil uneotan eta horrek herrietan gure presentzia ikustaraztea dakar. Pausu garrantzitsua da hori, bide onetik doala iruditzen zait. Bide horretan, komunikabideen garrantzia ere izugarria dela uste dut.

Herri honetan jaiak eta bestelako ospakizunak kirol erakustoki garrantzitsuak dira. Gaur egun posible al da interesa duen edonorentzat nesken arteko zesta-punta partida bat antolatzea? Zer-nolako baldintza teknikoak bete behar ditu frontoiak? Kostu ekonomiko esanguratsurik ba al du?

Bai horixe, gu deseatzen gaude jokatzeko! Edozein herri edo jai batzordek interesa izanez gero jar daitezela harremanetan gurekin! Frontoiko materiala egokitzea posible da eta arlo ekonomikoa ez da oztopo izango.

Zein frontoirekin amesten du Izaro Arbek?

Emakumeon topaketak jokatzeko ilusio berezia daukat, ez dira egunero 26 emakume ikusten zesta-puntan jokatzen. Hori horrela, amets bat egia bihurtuko dela esan dezaket.