Ainara LERTXUNDI
Entrevista
FlorenceJaugey
zinemagilea

«Izugarria da eskubideen defentsan Nikaraguako sexu langileek lortu dutena»

«Girasoles de Nicaragua» dokumentala aurkeztu du Managuan. Sexu langileen bizipenak jasotzen ditu, Auzitegi Gorenak 18 bitartekari judizial izendatu ostean.

Nikaraguan duela 27 urte bizi den Florence Jaugey zinemagile eta produktore frantsesak “Girasoles de Nicaragua” dokumentala estreinatu zuen urtarrilean Managuan. Protagonistak, sexu langileak dira. Hala aurkezten dira. Adin nagusikoak izanik, beraien gorputzarekin nahi dutena egiteko libre direla aldarrikatzen dute. Edozein langilek dituen eskubideak eta lan baldintzak eskatzen dituzte, estigmatizazio ororekin apurtu nahian. Nikaraguan, egun, 14.487 sexu langile daude. Auzitegi Gorenak 18 sexu langile erraztaile judizial izendatu ditu. Zer esan nahi du horrek? Ba, salaketak oso larriak ez direnean, komunitatearen edo biktimaren eta poliziaren arteko bitartekari lana egin ahal izango dutela.

«Munduan sexu langileak erraztaile judizial gisa aitortu dituen lehen herria da Nikaragua. Guk ez ditugu ez zigortzen ez atxilotzen beraien lana egiteagatik. Munduko ogibide zaharrena dute. Guri lanbide hori humanizatzea eta sor daitezkeen arazoak konpontzen laguntzea dagokigu. Ongi etorri epaitegietara». Auzitegi Goreneko presidenteordea den Marvin Aguilarren hitzak dira, dokumentalean jasota daudenak.

Filmak emakumeon egunerokotasuna jasotzen du, kamerak isilean jarraitzen ditu, alde batetik bestera, beraien bulegoak esku artean dituen auzien txostenak antolatzen, auzoetako polizia etxeetan galdezka, funtzionarioekin eztabaidatzen kasu egin diezaieten...

Jaugeyk ez zuen antzezlerik nahi. «Diren bezalakoak agertzea eskatu nien. Lau hilabeteren bueltan, ahaztu egiten zitzaien kamera atzean zutela eta soinean mikrofonoak zituztela», gogora ekarri du. 40 egunez grabatu zituen, 60 orduko artxiboa 90 minutuko dokumental bihurtu arte.

Estreinaldi egunean zinema aretoa, Nikaraguako handiena, lepo zegoen. Dokumentalean agertzen diren emakume asko lehen aldiz joan ziren zinemara. Hasieran arraroa egin zitzaien beraien buruak pantaila erraldoi batean ikustea.

GAUR8 telefonoz mintzatu da Jaugeyrekin lan honen inguruan. Bere asmoa lana nazioarteko zinemaldietara zabaltzea da. Eskarmentu handiko zinemagilea eta produktorea da. “Cinema Alcazar” (1998), “La Yuma” (2010) eta “La pantalla desnuda” (2014) lanak ere zuzendu ditu.

Zer dela eta aukeratu zenuen «Girasoles de Nicaragua» izenburua?

Lanean azaltzen diren emakumeak izen bereko elkarteko kideak dira. Beti eguzkiari begira den lorea da ekilorea eta gauza positiboak islatzen dituelako hautatu zuten hain zuzen. Oso baikorrak dira, beti daude pozik. Egoera oso zailak bizi arren, ez dute baikortasuna galtzen.

Nondik nora sortu zitzaizun sexu langileen inguruko lan hau egitea? Lehenagotik ezagutzen al zenituen? Nola gerturatu zinen haiengana?

Ez nituen ezagutzen eta ez nekien hain antolatuta zeudenik ere. Dokumentala berez beraien bitartekaritza lanean ardazten da. Botere judizialaren aurrean egiten ari diren bitartekaritza lana bakarra da munduan. Berez, erraztaile judizialen programa duela bi hamarkada ipini zuten martxan Nikaraguan. Nik aspalditik ezagutzen nuen eta horren gaineko zenbait lan egin nituen. Baina, orain, Auzitegi Gorenak aitorpen hori sexu langileei eman die. Helburua, auzi txikiak bitartekaritzaren bitartez konpontzea da, epaitegietan eta polizia etxeetan pilatu ez daitezen. Kontua ez da lanean zer egiten duten, baizik eta emakume, sexu langile eta erraztaile gisa zer egiten duten, eta, nola, modu antolatu batean, beraien lan eskubideak aldarrikatzen dituzten. Sindikaltzea dute helburu.

Nola deskribatuko zenuke beraiekin batera lan egitea?

Hasieran ez zen erraza izan. Ez zidaten berehala eman grabatzeko baimena, izan ere, ez dira asko fidatzen komunikabideez. Berezko mesfidantza hori apurtzeko, aurretik egin ditudan proiektuak eta filmak erakutsi nizkien, nire lan egiteko modua eta ikuspuntua ezagut zezaten. Zein dokumental mota nuen buruan azaldu nien. Hasiera-hasieratik argi utzi nien ez nuela jakin nahi beraien lanbidean zer egiten duten, zenbat kobratzen duten, nolakoa den beraien harremana bezeroekin... Morboa ez zait interesatzen. Nire jakin-mina bestelakoa zen. Asko morboa bultzatuta soil-soilik gerturatzen dira emakumeongana. Zer-nolako zerbitzuak eskaintzen dituzten galdetzen diete bakarrik. Behin ados jarri ginenean, oso erraza izan zen. Konplizitate handia sortu zen gure artean. Txundituta gelditu nintzen lan egiteko eta gatazkak konpontzeko duten gaitasunarekin. Esku artean ez dituzte soilik sexu langileekin zerikusia duten auziak; sexu langileak ez direnen auzietan ere bitartekari lana egiten dute. Irakaspen handia izan zen guretzat emakumeon lanaren lekuko izatea.

Zergatik dira hain mesfidatiak komunikabideekin? Nondik datorkie mesfidantza hori?

Estigmatizazioaren aurkako borroka etengabea egiten dute. Askotan, aurrez eraikitako irudia besterik ez dute eman nahi hedabideek, hots; kalean lan egiten duen emakume batena, modu jakin batean jantzitakoa, bere borondatearen jabe ez dena… Sakoneko eztabaida bat piztu beharrean, askotan kazetariek galdera morbosoak egiten dizkiete, hala nola, zenbat kobratzen duten, norberaren berezitasunak, sexu anala egiten duten… Horrelako galderekin haserretu egiten dira. Elkarte honetan dauden emakumeen nahia sexu lanarekin lotzen diren estereotipo guztiekin apurtzea da eta gaiari ikuspegi berri batetik heltzea. Gainontzeko emakumeak bezalakoak direla aldarrikatzen dute.

Nolakoa izan zen dokumentalaren estreinaldi eguna?

Oso edarra izan zen. Managuako zine areto handienean egin genuen. Jendez gainezka zegoen. Emakumeotako asko inoiz zinemara joan gabeak ziren, eta halako batean beraien burua pantaila erraldoi batean ikustea zirraragarria izan zen beraientzat. Emozio handiko unea izan zen. Seme-alabekin, senideekin joan ziren. Erakundeetako ordezkariak ere bazeuden.

Zer-nolako oihartzuna izan du estreinaldiak erakundeetako ordezkariak bertan zeudela kontuan hartuta?

Emakume askorentzat prostitutak besterik ez dira. Beraiek, ordea, ez dute termino hori onartzen. Beraien lanbidea beste edozein lanbideren parekoa dela diote. Sexu langileak izatea erabaki propioa eta librea izan dela nabarmentzen dute. Ez dira emakume esplotatuak, ezta emakumezkoen salerosketaren biktima ere. Emakume autonomoak dira, ez dira inoren menpeko. Bezeroarekin zuzenean egiten dute tratua.

Gizartearen beste sektore batek errukiarekin begiratzen ditu, lanbidez aldatu behar dutela dio, prostituzioa emakumearen gorputzaren esplotazioa dela argudiatuta. Baina sexu langileok ez dute beraien ogibidea aldatu nahi eta ukatu egiten dute esplotatuta daudenik. Norberaren gorputza saltzea erabaki propioa eta librea dela nabarmentzen dute. Ikuspuntu horiek guztiek eztabaida bizia sortu dute eta gaiari buruzko ikuspegiak zabaltzen lagundu dute. Ezin ditugu eguzki izpiak esku batekin ezkutatu. Sexu langileak betidanik egon dira eta hala izaten jarraituko du. Lanbidea arautzea proposatzen dute. Hitz batean esanda, errespetua eskatzen dute. Eztabaida luzea eta sakona da, iritzi kontrajarriak baitaude. Baina ikusleak harrituta gelditu ziren duten energia positiboarekin eta nolabait buruan zuten estereotipoa –biktima den edo biziotsu hutsa den prostitutarena– aldatu egin zen filma ikusi ondoren.

Nikaraguan bizi zara duela 22 urte eta jada nikaraguar nortasuna ere baduzu. Nola deskribatuko zenuke sexu langileen egoera herrialdean?

Sexu lana legala da. Polizia ez zaie segika ibiltzen; araudia betetzen badute, ez diete isunik jartzen ez beraiei ez bezeroei ere. Hala ere, biolentzia eta inpunitate handia dago kaleetan eta diskriminazioa pairatzen dute. Poliziak, askotan, sexu langileak direnez, bestearen alde egiten dute salaketa bat izanez gero. Edo ez diete apenas kasurik egiten. «Zerbait egingo zuen» edo «merezita zuen» bezalako esaerak entzun behar izaten dituzte maiz, tamalez, norbaitek kolpatu dituela salatzera joaten direnean. Seme-alaben kustodiarekin ere arazoak izaten dituzte, askotan, beraien lanbidea leporatuta, horiek kentzearekin mehatxatzen baitituzte. Auzitegi Gorenak bitartekari judizialak direla aitortzen dien agiria eman izanak, nolabaiteko babes eta zilegitasuna ematen die beraien eta lankideen eskubideen alde egiteko. Adibide bat aipatuko dizut. Klub batean dantzari gisa lan egiten zuen emakume bat kanporatu zuten haurdun egoteagatik. Lan kodearen kontrakoa zen hori. Pasa den astean, Sexu Langileen Elkarteak egindako presioari esker, haurdunaldia amaitu ostean emakumea lanera itzul zedin agindu zuen Lan Ministerioak. Horrez gain, hiesaren kontrako kanpainak egiten dituzte, prebentzioaren aldeko jardunaldiak, preserbatiboak banatzen dituzte auzo eta klubetan...

Feminismoaren ildo batek, ordea, sexu lana debekatzea nahi du emakumezkoaren esplotazioa dela argudiatuta. Europako zenbait herrialdetan, Frantzian eta Suedian esaterako, bezeroei isunak jartzen dizkiete. Zer deritzozu?

Feminista horiek filmak islatzen duen ikuspuntuaren kontra egongo dira; eredu patriarkalari erantzuten diola eta gorputzaren esplotazioa bultzatzen duela esango dute. Emakumeok, baina, «nire gorputza nirea da eta nire gorputzarekin nahi dudana egiten dut» aldarrikatzen dute. Adinez nagusi eta emakume arduratsuak direla. Nahiago dute lan hori egin beste bat baino. Debekuek ez dute inoiz deus konpontzen. Jazarpenak, gainera, mafiak indartzen ditu.

Gizartea prest al dago sexu lana gainontzeko lanbideak bezala arautzeko?

Izugarria da eskubideen defentsan Nikaraguako sexu langileek lortu dutena, Frantzia eta Suedia bezalako herrialdeekin alderatuz gero. Langile Autonomoen Konfederazioaren kide izatea lortu dute, Auzitegi Gorenak hala erabakita bitartekari judizialak dira, lan harremanen legea betearaztea lortu dute... Egia da kalean matxismoa ez dela egun batetik bestera desagertuko, eta sektore batzuek «putatzat» jotzen dituztela. Horrelako adierazpenak ez dituzte kontuan hartzen, aurrerapausoak ematen jarraitzen dutelako. Ez dute irribarrea galtzen.

 

Nikaraguako Ekiloreak elkarteak jada 412 auzi kudeatu ditu urtebetean

«Oso esperientzia aberasgarria izan da bitartekari judizial izatea. Hasieran, desafio handia izan zen guretzat. Boluntario gisa egiten dugun lana da. Ate asko jo behar dituzu, eta, noski, aldez aurretik jakin behar duzu zein ate jotzen ari zaren. Urtebetean, 412 auzi kudeatu ditugu. Horietatik, 112 dagozkie sexu langileei. Zer erakusten du horrek? Ba gure gaitasuna ez dela soilik gure arazoei aurre egiteko baliagarria, baizik eta gainontzeko biztanleen arazoak kudeatzeko ere bai. Aholkularitza lana egiteaz gain, dokumentazioa biltzen dugu, hitzaldiak antolatu... Oso garrantzitsua da jendeak gu ezagutzea, gugana hurbil daitezen», esan zuen Nikaraguako Ekiloreak elkarteko presidentea den Maria Elena Davilak CDNN 23 telebista katearekin eginiko elkarrizketan. Elkartea 2007ko azaroan sortu zuten RedTrasex Karibeko eta Latinoamerikako Sexu Langileen Sarearen aholkularitza eta sostenguarekin.

RedTrasex 1997an ipini zuten martxan. Urte horretan, lehen aldiz, eskualdeko sexu langileak bildu ziren Heredian, Costa Rican, arazo komunak aztertzeko asmotan. Sarearen webgunean azaltzen dutenez, helburua sexu langileen giza eta lan eskubideak bultzatzea da. «Emakume borrokalariak gara, berdintasunean eraikitako gizarte justu bat aldarrikatzen dugu, estigmarik eta diskriminaziorik gabekoa», azaltzen dute. Elkarteko kide izateko ezinbestekoa da adinez nagusi izatea eta lanbidean norberaren borondatez jardutea.