Xabier Izaga Gonzalez
Entrevista
Mikel Etxeberria «Makauen»
Euskal militantea

«Beti jakin izan dut ondorenak jasoko nituela, eta orain jasotzen ari naiz»

Joan den igandean zendu zen Mikel Exeberria «Makauen». Egun batzuk lehenago, «nik kontatzen ez badut, inork kontatuko ez duena» azaldu zuen.

Iragan igandean, euskal erresistentziari eskainitako bizi bat iraungi zen Laudion, duela 50 urte Mikel Etxeberria Makauen ekintzaile hasi zen eta azken urteetan bizileku izan duen inguru berean. Hantxe izan zen GAUR8 berarekin, azken egunak bizi zituela sumatu ere gabe.

Iristerako, esandako lekuan zegoen. Nekadura aurpegian baina tente, izan zen lagun sendoaren arrastoa nabari. «Ahul», baina irribarretsu. Haren etxera sartu, eseri eta «ea agoantatzen dudan» esan zuen. Eta ederki eraman zuen solas luzea, bere uste sendoei azken bururaino eutsi dien bezala. Ba omen zuen istorio bat, 1967tik gaur artekoa, berak parte hartutakoa, «inork azalduko ez duena nik azaltzen ez badut».

Ondo iruditzen bazaizu, konta ezazu jende gutxik ezagutu eta gutxiagok bizi izan duen istorio horren hasiera. 1967an hasi zinen ETAn militatzen?

Ez, urte hartan liberatu egin nintzen. Ni 1965ean militantea nintzen. 1966an bi aldiz atxilotu, torturatu eta preso sartu ninduten. 1967an, Espainiako soldaduska egiten ari nintzela, ospa egin nuen, desertatu, Espainiako soldadua izatea baino beharrezkoagoa eusko gudaria izatea zela erabaki bainuen. 67ko udazkenean muga pasatu nuen.

Zerk eraman zintuen militantzia horretara?

Garai hartan militantzia sozialetik nentorren ni, Herri Gaztediatik, espainolez Juventud Rural Católica edo. Nire etxean ere izan ziren soldadu joatera behartuak izan zirenak, senideen biziak salbatzeko xantaia egin zietenak, baina nire etxean, beste hainbatetan bezala, ez zen horretaz hitz egiten. Hala ere, gazteek, umeek, intuizioak izaten dituzte, eta kaxa batean gorri, zuri eta berde koloreetako gerriko bat aurkitu genuen etxean, ikurrinaren berririk ez genuenean, eta atentzioa eman zigun. Egun batean, aitarekin lanean ari nintzela, jakin nuen haren lagun bat, Gaztelukoa, fusilatu egin zutela. Eta pixkana-pixkana bueltak eta bueltak ematen ari zara eta Herri Gaztediko batzarretan Labegerieren kantuak azaltzen hasten dira. Guretzat aurkikuntza itzela izan zen. Horrela, ikusi genuen lagunak beste gauza batzuk egiten ari zirela, batzarrak, eztabaidak… eta nik Tolosarekin nire lotura nuen eta hortik sartu nintzen ETAn.

67an lagun batekin muga pasatu eta itzuli egin nintzen, armatuta. Orduan ez duzu jakintzarik, gaztea zara, ez duzu prestakuntzarik, nahiz preso egon nintzenean, 66an, izugarrizko ikasketa militarra, teorikoa, hartu genuen Jose Luis Zalbide famatu horren eskutik. Oso argia zen, informazio dezente zuen eta bidea erakutsi zigun ekintzak egiteko. Gero PSOEren Gobernuko aholkulari izan zen, Barne Ministerioan.

Ipar Euskal Herritik barnera egin zenuen, liberatu gisa. Bilbo aldera, ezta?

Bai, eskualde honetara etorri ginen, Bilbo, Laudio, Arratia ingurura. Ordurako V. Asanblea pasatua zen [1966ko abenduan] Gaztelun, nire herri ondoan, eta ardura politikoa baino militarragoa nuela etorri nintzen. Ekintzak egin behar zirenean, Izko de la Iglesia eta horiekin elkartzen ginen. Batzuk erori egin ziren, Izko bera tartean [Iruñean, Lopez Irasuegirekin batera Arantza Arruti askatzeko saioan]. Alde Zaharrean Poliziarekin katua eta txakurra bezala ibiltzen ginen. Bagenuen komisarietako informazioaren berri, noren argazkiak zituzten, eta amerikanoek bezala nire buruari prezioa jarrita ziotela jakin genuen. Hala ere, nik behintzat ikusten nuen erretako jendea kanpora bidali beharra zegoela, eta jende berria sartu, ahal bazen, legala. Horretarako batzar baten asmoa genuen. Mogroviejon genuen etxera horretaz hitz egiteko eta gauzak erabakitzeko asmoz joan ginen. Egia esan, ez genuen gehiegi hitz egin. Eta berehala gertatuko ziren hurrengo erorketak.

ETAren zuzendaritza erori zirenekoak.

Guk bagenuen Bilboko Artekalen etxe bat. Hitz egindakoa abian jartzeko hara itzuli ginen. Hartu beharreko neurri guztiak hartu genituen etxera sartzeko, baina gauzak izaten diren bezala izaten dira. Dena isilik eta normal-normal zegoela ikusi ondoren, han bizi ginenok [Mario Onaindia, Txutxo Abrisketa, Bittor Arana eta Etxeberria bera] igo eta gure kontraseinarekin jo genuen atea. Ireki zuten eta bertatik bertara tiroka hasi ziren. Nik suertea izan nuen, nahiz sartu zidaten hemen [besoan] tiroa, izugarrizko ziztada egin zidana. Ziztada horrek esnarazi egin ninduen. Neraman motxila bota eta eskaileretan behera salto egin nuen. Nire aurrean Bittor Arana lurrera joan zen zerraldo. Haren ondorioz hilko zen [2004an] azken batean. Eta hanka egin nuen. Kalera atera eta odola tantaka ikusi nuen. Horrelako momentuetan, batzuetan halako argitasuna sortzen zaizu. Nik banituen hor inguruan etxeak, baina bururatu zitzaidan Orozkora joatea, han lagunduko zidaten lagunak banituelako. Hara joateko, taxista bat hartu nuen. Nire helburua zen zauria lotzea, odola eta odola zerion-eta. Basaurira joan ginen, San Migelera, eta orduan azaldu nion zer gertatzen zen. Berak ez zidala lagunduko esan zidan, eta nik, pistola gerrian, egin beharko zuela. Bera kotxetik atera zen espantuak egiten, eta nik bi musuzapi eskaini nizkion, besoa lotzeko. Bota egin zizkidan lurrera. Ez dakit nola egongo nintzen ni, oso zurbil segur asko, eta gaizki, denbora guztian odola botatzen eta minez. Berak zer pentsatu zuen? Ba, ni erori egingo nintzela seguru asko. Kotxea irekita eta giltzak jarrita zeuzkala ikusi nuenean, pauso bat eman nuen kotxerantz, eta orduan berak ere egin zuen pausoa baina ez kotxera sartzeko, baizik eta niregana. Orduan hiru tiro eman nizkion eta kotxea hartuta alde egin nuen. Gero, badakizue zer montaje egin zuten.

Handik bi egun eskasera Mogroviejon Jon Etxabe, Enrike Gesalaga, Jone Dorronsoro eta Teo Uriarte atxilotu zituzten.

Bai. Horrela, talde hartatik ni bakarrik geratu nintzen, eta ez dakit zenbat polizia izan nituen atzetik. Baina, jende askok lagunduta, alde egitea lortu nuen.

Ipar Euskal Herrira iritsi arte.

Han polizia espainolak nahiko bertan ibiltzen ziren, eta Parisera atera behar izan nuen. Han esan zidaten Belgikan lasaiago egongo nintzela, eta Julen Madariagaren etxera joan nintzen. Udaran, Ipar Euskal Herrira etorri ginen oporretan, baserri batera. Ni euskaldun zaharra nintzenez, gazteleraz gaizki egiten nuen, eta dut oraindik, Julenek nahi zuen nik “Ekai-Arauketa dialektikorrari buruz” lanean laguntzea, euskaraz egin nahi baitzuen, eta nik itzuli egiten nion. Udazkenean ere geratu nintzen han, eta beste baserri bat bilatu zidaten, Bidarrain, bertan lan egiteko. Han, noski, lanak itzelak; ni baserritarra naiz eta banekien zer zen hura, udazkenean lan asko izaten dela, garoa dela, simaurrak atera behar direla, belarra sartu behar dela... eta ni han gustura. Baina, noski, politikoki erabakiak hartu behar dituzu. Eta etorri zitzaizkidan, ni haientzat pieza inportantea omen nintzen-eta.

Zer giro zegoen?

Orduan ikusi nuen zer kalapita zegoen, troskoak, besteak, bat bestearen aurka… eta hor ikusi nuen lehendik ezagutzen nuen Txikia, [Eustakio] Mendizabal, eta iruditu zitzaidan politikoki eta gizatiar bezala sendoena zela. Orduan erabaki nuen nire transmisioa berari ematea, eta hala egin nuen, nire arma hari eman nion. Eta erabaki genuen atera egin behar nuela. Belgikara joan nintzen berriz. Orduan baziren zenbait joera. “Saioa” sortu zen, eta hor parte hartu nuen. Idatzi bat egin nuen, aldizkarian atera zutena, baina nolabait manipulatuta. Nire ikuspegia garai hartan, 1969an-1970ean, askapen prozesua euskaldunekin eta langileekin, denak lotuta, aterako zela aurrera zen. Hori kendu zuten.

Handik nora joan zinen?

Partidu Komunistarekin harremanetan jarri ninduten, orduan harreman dezente zegoen harekin. Lehenengo pausoa izan zen nengoen tokitik Jugoslaviara ateratzea. Han erakundearen joera batetik eta bestetik hartzen nuen informazioa. Itzultzaile jarri ninduten, 36ko Gerrako Brigadas Internacionales haietako emakume batekin. Emakume jakintsua zen. Liburutegi batean egiten nuen lan eta asko hitz egiteko eta irakurtzeko aukera izan nuen. Elkarrizketa bat egin zidaten, Laboaren musikarekin apainduta… Guk oraindik esperientzia politikoki jantzi egin behar genuen, orduan umeak ginen. Baina emakume hark informazio asko eman zidan, eta Jugoslaviako prozesua azaldu zidan, Alemaniaren aurka, eskuindarren aurka… Oraindik hemendik daukat Jugoslaviako Konstituzioa. Baina erakundearen buruan, edo nirean batez ere, Kubara joatea zegoen, eta han ikastea.

Eta joan ere egin zinen.

Bai, eta han, museo bat ikusten ari nintzela, Patxo Unzueta ikusi nuen, bisita ofizial batean. «Zer demonio da hau?», pentsatu nuen nik. Ohartu ziren hanka sartze bat egin zutela segur asko eta elkarrekin jarri gintuzten biok hotel batean. Bera erakundearen ordezkari joan zen eskaera batzuk egitera, eta eskatutako guztia eman ziguten. Baina bisita ofizialak bukatzen dira, eta ni han geratu nintzen, hartutako hitza betetzeko zain, eta ez nuen Patxoren berri jaso. Buelta egin zuen eta ez zuen ezer egin. Nik hasitako ikasketan sakondu nahi nuen; orduan, Kubako Gobernuko ordezkariari esan nion lanean eta ikasten jarraitu nahiago nuela, bide arruntetik, eta, mekanikoa nintzenez, lantoki batean hasi nintzen mantentze-lanetan. Goizeko seietatik ordu bietara egiten nuen hori, eta, arratsaldean, ikastera.

Zer ikasi zenuen?

Han, noski, bazegoen jende gehiago, Hego Amerikakoa, Txilekoa, Venezuelakoa, Guatemalakoa, eta haiekiko harremanak egin nituen. Eta azken hiru urte haietako informazioarekin hausnarketa egin nuen. Nolakoak izan dira herri kolonizatuetako prozesu iraultzaileak, politikoak? Aurrena, Kubako historia ikasi nuen, eta horrek begiak argitu zizkidan. Han, Euskal Herrian bezala, dikotomia bat izan zen. Beti azaltzen dira horrelako prozesuetan independentistak eta autonomistak, eta besteak, noski, kolonialistak. Eta leku guztietan zer helburu dituzte autonomistek? Administrazioa eta diruaren erabilera. Hemen gertatzen den berbera. Nire ondorioa izan zen erakunde autonomista bat ezin zela independentista izan, nahiz haien artean independentistak egon. Izatez, beraien joera historikoki inoiz ez da independentista izan.

Bagenuen Che Guevararen eta haren ibilien berri. Haren helburua zen estatubatuarrak nolabait neutralizatu. Baina Boliviara joan zenean leku askotan gertatu zen bezala, erakunde komunista edo ezkerreko batek, bertakoa denak, agindu nahi du eta ez du urrunago ikusten, eta Bolivian ez zuten nahi Che Guevarak zuzendaritzarik hartzerik nahi. Ez zuen nahikoa sostengu sozial lortu, indigenekin-eta lan gehiago egin behar zuen aurretik.

1974an dei garrantzitsua jaso zenuen.

Egoera horiek aztertzen ari nintzela, Txomin Iturbek-eta deitu zidaten Ipar Euskal Herrira. 1974an, bai. Eta ni Kuban egindako hausnarketak buruan etorri nintzen. Militante asko ezagutzen nituen, lehengo lagunak, eta nire pentsamendu horiek martxan jartzea posible ote zen hasi nintzen, baina kristoren saltsa zegoen. Eta hor azaldu zen Argala. Hitz egin beharra genuela esan nion. Argala bera ere ez zegoen oso ondo ikusita, komunista zelako. Urruñan bildu ginen eta arratsalde luze batez oso argi hitz egin genuen. Hasi nintzen nire proposamena egiten eta bera galdetzen. Honek nora eramango gaitu? Hau egiten badugu, zer gertatuko da? Eta prozesu guztia garatu genuen. Zetorren trantsizioak inora ez gintuela eramango ikusten genuen, aurrerago joan behar genuela. Garai hartan gatazkak izaten ziren batzarretan, eta argi ikusten zen bereizketa bat izango zela. Horren aurrean, txosten bat egitea proposatu zen, eta egingo zutenek zeinek bere aldetik egingo zuen. Txostengile bat Argala zen, eta, bestea, Yoyes. Aurkeztu zituzten eta Argalarena atera zen aurrera. “Txosten gorria” bezala ezagutuko zen, liburuxkak azal gorriak zituelako. Hor sortzen da ETA militarra, 1974ko urrian. Hor azaltzen da geroztik izan den prozesu guztia. Ni Kubatik etorri berria, gainera; han Gazteri Komunistetako partaidea nintzen, uste nuen militantzia diziplinatuagoa behar zela, eta horixe planteatu nuen batzar batean. Beste batek bozketa bat proposatu zuen, eta bozketan ez zen ontzat hartu nik proposatutakoa. Eta baztertu egin ninduten. Argalarekin harremanetan jarraituko nuen, ordea.

Erakundetik kanpo geratu zinen, beraz.

Itxuraz, bai. Baina hori, azken batean, lagungarri izan nuen. Ez nintzen erakundeko militantea, baina egiaz barne guztia nire eskuetan zegoen. Orain begiratuta, pentsa liteke abilidade handia izan genuela, nahi gabe gertatu bazen ere. Eta hori da hainbeste urtean indarrean egon den estrategia. Irabazi du...? Ez. Azken batean, beti geunden, azken urteetan, beti geunden parra. Haiek ez gintuzten irabazten eta guk haiek ere ez, eta jendea nekatzen eta abar. Oraingo estrategia nola ikusten dudan galdetuko didazu.

Bai. Zer iruditzen zaizu ezker abertzalearen estrategia?

Nik Otegiri horretaz hitz egiten entzun nionean, garbi-garbi ikusi nuen hari heldu beharra zegoela eta aukerak hor ikusiko zirela. Garai haiekiko zer alde dago? Orduan dena sakabanatuta zegoen eta orain nolabaiteko istorioa dago, borroka eginda, indar politikoa dago.

ETAk desegin behar duela irakurtzen dut. Bere kontaketa egin behar duela ere esan dute. Bai, eta nik egin behar dut kontaketa hori, estrategia hura abian jarri nuen aldetik. Eta egina dut. Baita hausnarketa bat ere. Hasieratik Euskal Herria askatzeko militantzian parte hartu dutenek Euskal Herriaren eta askatasunaren alde egin dute, ez erakunde armatu baten alde, ez alderdi baten alde. Euskal Herriaren eta askatasunaren alde zenbat jendek borroka egin du? Horiek damutu behar al dute? Horiek Euskal Herriaren eta askatasunaren aldeko militanteak dira. Eta hori politikoki ondo lotu behar da. Erakunde militarrekoak, direnak dira, eta gehienak preso daude edo egon dira. Eta, gainera, erakunde militarrak egin dituen ekintza gehien-gehienak erreibindikatu ditu.

Xibertako elkarrizketak nola bizi izan zenituen?

Niri Argalak ematen zidan haren berri. Xibertakoa saio serio eta ardurazkoa izan zen, baina hor ikusi zen EAJren jarrera, lehen autonomismoaz esan duguna, eta ez zegoela ezker abertzalearekin ezer konpartitzeko prest. Ezker abertzalea ordurako bazegoen nolabait iparra, eta indarra, hartuta, eta berak ezin zuen maneiatu. Nik ez nekien hain antikomunistak zirenik, baina gero jakin nuen II. Mundu Gerran haien eginkizun nagusia izan zela komunismoaren aurkako borroka. Eta uste dut ezker abertzaleari dioten beldurra eta zenbait jokaera hortik datozela.

1977an Hego Euskal Herrira itzuli zinen. Eta ondoren urte askoan oharkabean, nabarmendu gabe, ibili zara.

Bai, 77an itzuli nintzen, eta militarrek ere barkatu egin ninduten [barrez], kartilla itzuli zidaten-eta! 1998an Mexikotik ekarri ninduten eta bost urte egin nituen barruan. Ni oso ondo atera naiz, e? Hala ere, beti jakin izan dut ondorenak jasoko nituela, eta orain jasotzen ari naiz.