Mirari Martiarena

Gorputz zoriontsuak

Aspaldian sukaldaritza saiorik ikusi gabea nintzen telebistan. Lehen tarte gehiago hartzen nuen edo interes gehiagorekin jarraitzen nituen, baina aitortu behar dut sukaldaritzari buruzko hainbeste saio egoteak nagikeria pixka bat ere ematen didala, nahiz eta sukaldean aritzea ikaragarri maite.

Saioaren bukaera zen eta sukaldaria hor ari zen hizketan goxokiei buruz. Gaur egun gurasoek umeei goxoki eta litxarreria gehiegi ematen dizkietela zioen: «Kontuz ibili behar da, haurrengan gizentasun arazoak sor baititzake eta haur lodiak ez dira haur zoriontsuak». Haserretu egin nintzen, ezin bainuen sinetsi sukaldari kontsakratu batek horrelako mespretxuzko komentarioa egin izana. Haur gizenak ez dira zoriontsuak? Zergatik? Litxarreriak jaten dituztelako?

Ados litxarreriak eta gozokiak neurtu egin behar ditugula, bai haurrek eta baita helduok ere. Baina ume bati bere gorputza ez dela polita den bezalakoa esaten badiozu, une horretatik bertatik ez du bere gorputza eta burua maiteko. Inguruak esango dio ez dagoela ongi den bezalakoa izanda eta une horretatik bertatik hasiko da beste bat izan nahian. Inguruak lodia delako seinalatu egingo du, modu batera edo bestera baztertua izango da eta orduan ez da zoriontsu izango. Jendarteak irakatsi dio ezin duela zoriontsu izan ez delako besteak nahi duten bezalakoa.

Dugunarekin zoriontsu izaten jakin beharko genuke. Ez gara konturatzen ume bati esandakoak, gure intentzio onenarekin izanda ere, nolako arrakala sor dezakeen ume horren garapen pertsonalean. Eta arrakala horiek ixtea ez da erraza izaten. Nire buruari begiratuta, esan dezaket, 30 urte beteta ere hor jarraitzen dutela, geroz eta arrakala txikiagoak diren arren. Gure Esku Dagoren abestia etorri zait burura; duen esaldi indartsu bat: “jende zoriontsua herri libre batean” eta “herri” hitza “gorputz” hitzarengatik aldatu dut. Gure buruari eta gorputzari jartzen dizkiogun mugak alde batera utzita bizitzen jakiteak gauza ederra behar du. Noizbait agian lortuko dugu gorputz libreetan zoriontsu izatea. •