Aimar ETXEBERRIA / Angela Maria SALIS
DODDORE MELONI

Bizitza oso bat sardiniar independentismoari emana

Salvatore Doddore Meloni politikaria zen, Sardiniaren independentziaren defendatzaile sutsua. Muturreraino eramandako bizitza bizitzea erabaki zuen, sinesten zuen hura eskuratzeko arriskuak hartzea, amildegitik erori zen arte. 2017ko apirilaren 5ean hil zen sardiniar independentista, 74 urte zituela. Preso politiko gisa iritsi zitzaion heriotza, 66 eguneko gose grebak eragindako kalteen ondorioz.

Uta, Sardiniako hiriburua den Cagliaritik kilometro batzuetara aurkitzen den herrixka, ez da Long Kesh. Ezberdintasuna, baina, distantziak markatzen du beste ezerk baino gehiago: espetxe baten kokaleku biak, presoak egarriz eta gosez hiltzen ikusi dituzte biek ala biek. Lehenengoan hil zen Doddore, eta bigarrengoan Bobby Sands, IRAko kide ezaguna. Bada bi preso politikoen arteko antzekotasunik: biek erabili zuten euren gorpua borroka politikorako instrumentu gisa; biak hil ziren hilaren 5ean, 1981eko maiatzean irlandarra eta 2017ko apirilean sardiniarra; eta, izenez baino, ezizenez dira ezagunagoak biak.

Erreferente politikotzat zuen Sands Doddorek. Argitara eman denez, sardiniar independentista azkenekoz atxilotua izan zenean, besteak beste, bi pertenentzia eraman zituen berarekin espetxera: I quattro mori bandera sardiniarra eta “Four Moors”, irlandar militantearen inguruko biografia. Bada, beraz, bi militanteen arteko antzekotasunik: heriotza egun bera, borroka politikorako sen bera, gose greban igarotako egun kopuru bera (66) eta 1981. urtea.

Estatu kolpe saiakera

1981. urtean, Bobby Sands espetxean hil zen urte berean, estatu kolpe saiakera bat egin zuen Doddorek Sardiniaren independentzia irabazte asmotan, hots, indipendentzia pro sa patria sarda. Ahalegina Brigata Sassari italiar armadaren infanteria unitatearen kuartela hartzea zen. Berau Macomer izeneko herrian kokatzen zen, Oristanoko probintzian. Horretarako, trenbidea moztu eta independentzia lortzeko estatu kolpera batuko ziren sardiniarren zain geratzea zen Doddoreren plana eta, ondorengo urteetan zabaldu zenez, orduan Libiako agintari nagusi zen Muammar Gaddafiren babesa zuen sardiniar independentistak.

Kolpe saiakerak, baina, huts egin zuen eta orduan hasi zen Doddoreren aurkako jazarpen polizial eta juridikoa. «Konspirazio separatista» egotzita atxilotu zuten, eta ezaguna da atxiloaldi hartako oroitzapenen artean kontatutako honako pasarte hau: «33 egunez Nuoroko ospitalean eduki ninduten, eskumuturrak lotuta, batek daki zer konfesatzera behartu nahian. Eskuburdinarik izango ez banu, 1982tik aurrera sardiniarrok estatu propio bat izango genuke». 1984. urtean, berriz, bederatzi urteko atxiloaldira kondenatu zuten Doddore, «italiar estatuaren segurtasunaren eta independentziaren aurkako konspirazio politikoa eta asoziazio subertsiboa» egotzita. Sardiniar independentista da, gaur-gaurkoz, aipatu delituak egotzita kondenatua izan den italiar hiritartasuna duen pertsona bakarra.

Atxiloaldiaren ondorioz, badirudi, Doddorek nolabaiteko atsedenaldia hartu zuela bere militantziari zegokionez, nahiz eta bere borrokak ez duen inoiz inolako etenik izan.

Independentismoaren kalapitak

Psd’Az (Partito Sardo d’Azione) babestuz abiatu zuen Doddorek bere militantzia politikoa, baina orduz geroztik hamaika izan dira abian jarri edo eratu dituen mugimendu edo alderdi politikoak, baita utzi dituenak ere. Aipatu hasierako alderdiaren ostean, Meris in domu nostra (“Geure etxearen jabeak”) eta Paris (Partidu indipendentista sardu) mugimenduen lehendakari bilakatu zen, eta 2008an itzuli zen azkenekoz egunkarietako lerroburuetara bere militantzia independentistarekin lotutako afera baten ondorioz.

Abuztuaren 25a zen Doddorek Oristanoko probintziatik gertu aurkitzen den Malu Entu uhartean lur hartu zuenean. Militantzia kide fidelenak alboan, Repubrica Indipendenti de Malu Entu errepublika aldarrikatu zuen bertan. Ur gardeneko uharte paradisiakoak Doddoreren amets independentista errealitate bilakatu zuen, denbora tarte labur baterako izan bazen ere. 2009ko urtarrilaren 30ean, uhartearen errepublika aldarrikatzetik bost hilabetetara, basozain talde batek eta Oristanoko kostazainek errepublika sardiniar baten ametsa deuseztatu zioten militante zailduari.

Azken saiakera haren ostean, bestelako buruhausteek kendu zioten denbora Doddoreri. Ingurumenari kalteak eragitea edota zaborraren birrintze ilegala bezalako akusazioak pairatu zituen bere azken urteetan, eta 2012an zerga-iruzurra egitea leporatuta atxilotu zuten. Gose greba abiatu zuen orduan ere, eta lortu zuen espetxealdia etxean egitea, 2015eko otsailean, berriro ere, zerga-iruzur bat tarteko akusatu egin zuten zen arte. 2017ko apirilaren 28an, Sardiniako egun nazionalean hain zuzen ere, bere borondatez polizia etxean aurkeztea erabaki zuen, leporatzen zizkioten delituak ukatuz eta bere burua preso politiko gisa aurkeztuz. Hedabideen aurrean egindako adierazpenetan, 2008an geroztik, hau da, Malu Entuko errepublika askea deklaratu ondotik, jazarpen poliziala eta judiziala pairatzen zituela adierazi zuen Doddorek, Sardiniaren independentzia nazionalaren aldeko borrokan jarraitzea galarazi asmoz.

Independentismoaren pizgarri

Pertsonaia polemikoa izan da Doddore Meloni. Maitatua eta errespetatua batzuen partetik, gorrotatu eta baztertuko zuen jenderik ere ez du falta izan. Arima probokatzailea berea, une berean lagunkoi eta zakar jokatzeko gaitasuna zuen. Sardinian independentismoaren afera eztabaida politikoan kokatzea ahalbidetu dute bere erabaki eta ekintzek, eta eztabaida bera zabaldu da bere heriotzaren ostean ere. Gero eta globalizatuagoa den mundu batean, zer leku dute ideia independentistek? Zein da identitate nazional eta mugimendu independentisten arteko harremana? Horra Doddoreren heriotzak Sardinian ireki duen eztabaida.

Uharteko mugimendu independentistaren historia estuki dago lotua hasieratik sardiniar identitate eta subiranotasun nazionalaren ideiarekin. Uhartearen antzinako historiak eta bertako herritarren identitate nazional sendoak lehen mailako eragina dauka joko politikoan; gizarteak, politikak eta identitateak une oro elkar gurutzatzen diren hiruko bat osatzen dute.

Bigarren Mundu Gerraren ostean, indar pixka bat galdu eta elite kultural eta politiko baten kontua izatera igaro zen independentismoa Sardinian. Aferak, baina, nolabaiteko biraketa izan zuen 60ko hamarkadaren amaieran, besteak beste, uharteak bizi izan zuen garapen ekonomikoaren ondorioz. Estimazioen arabera, esaten da Sardiniako biztanleriaren %40 zela independentista 70eko hamarkadan. Ordutik hona izandako garapen politiko eta ekonomikoak, bai Sardinian bertan nola Italian bere osotasunean, uharteko biztanleriaren gehiengoa autonomia finantzario baten aldeko posizioetan kokatzera eraman dute; identitate nazionalari dagokionez, %37 sardiniar sentitzen da nortasun italiarraren aurretik, azken ikerketen arabera.

Datu horiek, baina, ez datoz bat sardiniarrek hauteskundeetan euren botoen bidez erakusten duten jarrerarekin. Gogogabetuta dirudite uharteko alderdi politikoekin, eta alderdi independentistak galtzaile dira Italiako alderdi nazionalen aurkako lehian. Azken horiek beren mesedetara erabiltzen dute sardiniarren nahi independentista, botoak irabazteko alderdi sardiniarrek erabilitako formula eta promesa berak plazaratuz. Ondorioz, une ahuletan aurkitzen da aterabide independentista uhartean; identitatea eta autonomia politikoaren inguruko gogoeta sakon bat izan daiteke uhartearen etorkizun politikoa marrazten hasteko abiapuntu egokia.