amagoia.mujika@gaur8.info
infraganti

ADRIANA GAULTIER

Duela bost hilabete hasi zen musika nahasten, entzutea gustatuko litzaiokeen musika josten. Euskadi Gaztea irratiko DJ lehiaketan aurkeztu diren 40 parte hartzaileetan emakume bakarra izan da eta berak irabazi du, epaimahaiak bere teknika, jarrera eta musika aukeraketa nabarmendu dituelako. First Models agentziako modeloa ere bada.

Musika soinean darama beti, ezin erantzita. «Betidanik gustatu izan zait musika. Musika elektronikoa gustatzen zait, baina komertziala ez dena; techno, house, disco.... estiloak. Horrez gain, hip hop, reggae, soul, funk... asko ere entzuten dut. Musika beltza gustatzen zait bereziki. Nire bizitzan musikak garrantzia handia dauka, umore onez jartzen nau».

Adriana Gaultier Leaburu-Txaraman jaioa da 1993an, baina orain Tolosan bizi da eta bertatik mugitzen da nagusiki. Duela bost hilabete hasi zen musika nahasten, etxean, beretzako. «Gustukoak ditudan abestian entzun eta nahasketak egiten hasi nintzen. Mahai bat erosi eta saltsa horretan aritzen diren lagun batzuei eskatu nien laguntza. Horrela hasi nintzen, etxean, programa batzuk instalatu eta probatu eta probatu. Nik entzun nahi nuen musika nahasten hasi nintzen, besterik gabe». Eta, horrelaxe, besterik gabe hasi eta duela hilabete inguru Euskadi Gaztea irratiak antolatutako bigarren DJ lehiaketa irabazi zuen, musika nahasten lau hilabete baino ez zeramanean. «Lagun batek aipatu zidan lehiaketarena eta aurkeztea erabaki nuen. Hasiera batean 20 minutuko grabazio bat prestatu behar zen. Guztira 40 aurkeztu ziren, 39 gizonezko eta ni, emakume bakarra. Lehen aukeraketa bat egin eta 11 pasatu ziren aurrera. 11 horien lanak webgunean zintzilikatu zituzten eta jendeak zuzenean bozka zitzakeen. Hor ere aurrera egin nuen. Bozkatuena zuzenean pasatzen zen finalera eta dagoeneko saria zeukan. Ni bigarren geratu nintzen eta finalera pasatu nintzen. Finala Donostiako Dabadaba aretoan izan zen. 25 minutu genituen bakoitza zuzenean musika jartzeko, eta, azkenean, irabazi egin nuen».

Jendaurrean aritzen zen lehen aldia izan den Dabadabakoa eta izugarri gustatu zitzaion. «Areto hori zoragarria iruditzen zait eta asko gozatu nuen finalean. Arriskatu egin nintzen, nahasketa berezi batzuk egin nituen, eta ondo atera zitzaidan jokaldia». Epaimahaiak teknika, DJ gisa aritzeko modua eta musika aukeraketa hartzen ditu kontuan. «Nik dantza egiten dut etengabe, ez horrela aurreikusi dudalako, horrela sortzen zaidalako baizik. Niri askotan ahaztu egiten zait jendearen aurrean nagoela ere. Musika jartzen dudanean nire etxeko gelan bezala sentitzen naiz, pozik eta aske, eta dantzan hasten naiz konturatzerako».

DJ lehiaketa irabazita, musika nahasteko mahai bat etxeratu du Gaultierrek eta baita BBK Live eta Kutxa Kultur jaialdietan aritzeko aukera ere. BBK Live jaialdian egon da dagoeneko eta «izugarrizko esperientzia» izan dela nabarmendu du. Irailean izango da Kutxa Kultur jaialdia, Zubietako hipodromoan. Tartean, baina, sortu zaio beste plazarik. Donostiako Aste Nagusian, adibidez, Piraten gunean arituko da, abuztuaren 17an, hain juxtu. «Sekulako ilusioa egin dit Donostiako Piraten proposamenak. Plaza oso polita da Donostiako jaietako hori».

Emakume gutxi DJen munduan

Gazteako lehiaketako zenbakiek garbi samar erakusten dute bistakoa den errealitatea: emakume gutxi aritzen da musika nahasten. «Egia esan ez dakit zergatik dauden hain emakume gutxi DJen munduan. Mundu hori bereziki gauarekin lotuta dago eta akaso horrek izan du bere eragina. Horrez gain, jendearen aurreko jarduna da, plazara igo beharra dago eta horrek ere izango du bere pisua desoreka horretan», iritzi dio Gaultierrek. Bera A. Gaultier izan da Gazteako lehiaketan. Alegia, pista gutxi gizonezkoa edo emakumezkoa den jakiteko. Bere lana mahaiaren gainean, ez besterik. Hala ere, behin lehiaketa irabazita, entzun behar izan du tokiz kanpoko iritziren bat. «Baten batek aipatu zuen Facebooken oso harrituta zegoela nire burua DJ bezala aurkezten nuelako eta zalantza agertzen zuen ez ote nuen botoi automatikoekin nahasten musika. Ez zitzaidan batere gustatu esandakoa, nire lana ez ezik, lehiaketaren izen ona eta epaileen lana ere zalantzan jartzen zituelako. Bidean topatu dut ‘tuntunen’ bat, baina, orokorrean, ez dut arazorik izan».

DJaren lana ez da abesti bat bestearen atzetik jartzea. Hori baino gehiago da, nahiz eta kanpotik eta ezezagutzatik bestela dirudien. «Abestiak nahastu behar dira eta nahasteko modu horretan dago gakoa. Abesti guztiak ez dira elkarrekin nahasteko modukoak, saltoak kontrolatu behar dira, salto horiek egiteko modu asko daude... Abestiekin jolastea da gakoa eta azken emaitzak atsegina eta gustagarria izan behar du entzuten dagoenarentzat».

Musikaz ari dela, Adriana Gaultierek garbi dauka badirela inoiz jarriko ez dituen abestiak: sexismoa zabaltzen duten reggaeton abestiak, kasu. «Badaude oso mingarriak eta desatseginak diren abestiak, oso matxistak direlako. Horrelakorik ez dut sekula jarriko. Kezkatzen nauen gai bat da, nire adinekoen artean matxismo asko ikusten dudalako. Garbi daukat ez dudala sekula matxismoan parte hartuko. Abesti eta mezu horiek ez dira kaltegabeak. Lagunekin haserretu izan naiz gai hori dela-eta. Eta musika matxista jartzen badute, beste taberna batera alde egiten dut. Harritu egiten naiz jende askok abesti horiek lasai ederrean abesten dituelako».

First Models agentziako modeloa

Adriana Gaultier. Horixe sare sozialetarako sortutako izena eta orain DJ lanetarako darabilena. Eta ezizen horrek Adrianaren beste zaletasun bat biltzen du bere baitan: moda. Hortik Jean Paul Gaultier moda egileari egindako keinua. «Moda nire beste pasioa da. Izugarri gustatzen zait».

Adriana Gaultier, gainera, First Models agentzia donostiarreko modeloa ere bada. «Txikitatik inguruan esaten zidaten modeloa izateko ezaugarriak nituela. Baina ez nuen pausoa ematen. 18 urte nituela Donostian casting bat ikusi nuen, kalean. Ez nekien seguru zertarako zen, baina aurkeztu egin nintzen eta aukeratu egin ninduten. Donostiako ‘City Street Festival’ deiturikoaren casting-a zen eta bertan parte hartu nuen pare bat aldiz. Gerora deitu zidaten First Models agentziatik, haiekin lan egiteko proposatuz», kontatu du.

Hasiera batean Miss España lehiaketarako prestatu nahi zuten. «Nahiko ausarta naiz, gustatzen zait mila saltsatan aritzea eta hasiera batean animatu egin nintzen. Zergatik ez? Baina berehala esan zidaten horretarako, Miss España lehiaketarako prestatzeko, ikasketak utzi beharko nituela eta aurpegia aldatu zitzaidan segituan. Ezta pentsatu ere. Oso garbi neukan ez nituela ikasketak utziko, izugarri gustatzen zaizkit-eta!».

Gradu bikoitza ari da ikasten Deustuko Unibertsitatean, Zuzenbidea eta Lan Harremanak. «Zuzenbidea betidanik gustatu izan zait. Aita abokatua da eta txikitatik garbi nuen Zuzenbidea egingo nuela. Baina Batxilergoan oso gustuko nituen enpresa kontuak, ekonomia eta matematika. Horregatik erabaki nuen biak egitea, biak asko gustatzen zaizkidalako. Egia esan denbora asko eskaini behar zaie ikasketei bi gradu batera egiteko. Baina bukatzen ari naiz».

Miss España lehiaketan ez, baina bestelako pasarelatan ibiltzen da Adriana Gaultier, «Euskal Herrian bertan edo inguruan nagusiki». «Nire bizitzaren ardatza ikasketak dira. Modaren munduan banabil, gustura, baina ez da erosoen sentitzen naizen mundua. Modaren munduan gaur balio duzu eta bihar, akaso, ez. Balioa galtzen duzu egun batetik bestera eta hori oso gogorra da. Nik oso lasai hartzen dut modelo lana. Deitzen didatenean, eskaintza gustatzen bazait eta modua baldin badut, joan egiten naiz. Baina badakit nire etorkizuna beste bide batetik joango dela».

Epe motzera jarrita dio beste erronka bat bere buruari: «Izugarri gustatuko litzaidake moda desfile batean musika jartzea. Musikak primeran transmiti dezake diseinatzaileak bere lanarekin eman nahi duen mezua. Horixe gustatuko litzaidake».