Mirari Martiarena

Magia

Lau urtean behin izaten da bisurtea, lau urtean behin izaten dira hauteskundeak eta lau urtean behin izaten da Euskal Herriko Bertsolari Txapelketa Nagusia. Baigorrin hasi zen irailaren 23an eta abenduaren 17an bukatuko da Barakaldoko BECen.

Bertsozaleok ongi gogoan izaten dugun data izan ohi da finalarena. Baina bada udazkeneko asteburuetako planak txapelketaren arabera antolatzen dituenik ere, kanporaketa guztietara fin-fin joateko.

Txapelketa hasi aurretik galdetzen aritzen gara ea nork irabaziko duen. Baina badakigu edozer gerta litekeela, ez finalean bakarrik, baita final laurdenetan eta finalerdietan ere. Bertsozale Elkarteak banatzen duen liburuxkako xehetasun guztiak buruz ikasten ditugu: bertsolari bakoitzaren ibilbidea, gai-jartzaile eta epaileen izenak, fase bakoitzean egin beharreko ariketak, kanporaketa bakoitzaren lekua eta ordua. Bertsolariekin batera gozatzen eta sufritzen dugu. Inguruan parte hartzen duen bertsolaririk baldin badugu, lasaiago edo urduriago entzuten dugu bertso saioa. Egurrezko aulki karratu deserosotik bultza eginez pasatzen dugu saioa. Barrutik, bertso bakoitzean aurrera egiteko, ez erortzeko esango diegu, eta txalo bakoitza eskuak lehertu arte joko dugu. Bertsolaririk gabe ez dago txapelketarik, ezta bertsozalerik gabe ere. Denen artean sortzen den magiak egiten du posible Euskal Herriko Bertsolari Txapelketa Nagusia besteak beste. Udazken-negu parteko frontoi izoztuak berotzen dituen magia hori bera. •