Oihane Larretxea de la Granja
ALTXOR BAT LIBURU

Elena Tudurik tesia egin zuen 1920an euskal jantziaz. Emilio Latorre bilobak argitara atera du

Duela ia ehun urte idatzi zuen Elena Tuduri tolosarrak «El traje y otros asuntos de Etnografía Vasca (1920)» karrera amaierako ikerketa. Bere bilobak berreskuratu egin du eta liburu forman argitaratu, amonari zegokion omenaldia eginez. Edukiagatik, gutxi dira garai hura hain modu aberatsean dokumentatu duten lanak.

Elena Tuduri Sanchez (1893-1979) tolosarrak ez zuen XX. mendearen hastapenetan emakumeari eman zitzaion lekuarekin bat egiten. Jaioterria utzi eta irakasle izateko ikasketak egin zituen Madrilen. Are gehiago, han ez zuen moja etxe batean hartu ostatu; beste anaia batzuekin batera etxe bat partekatu zuen, 1914an. Lehen titulua lortuta, goi mailako formakuntzarekin jarraitu zuen, eta gaur egun Pedagogia dena amaitu zuen jarraian. Guztira, sei urte eman zituen hiri hartan.

Goi mailako Irakasle eskolan ari zela egin zuen, karrera amaierako lan gisa, “El traje y otros asuntos de Etnografía Vasca (1920)” ikerketa. Ia ehun urtez etxeko apalategi batean lozorroan egon ondoren, bere biloba Emilio Latorrek argitaratu du, liburu forma emanez.

Kanpoan ikasi ahal izatearen meritua Elenaren gurasoena dela ohartarazi nahi du Latorrek, izan ere, ez zuten seme-alaben artean ezberdintasunik egin. Ikasi nahi izan zuenak egiteko aukera izan zuen. Diru sarrerak aitak ireki zuen Arzabalza paper-fabrikatik zetozen, herrian zabaldu zen azkenetakoa. Orduan mordoxka bat baziren Tolosan. «Ez zegoen edozeinen esku ikastea, ekonomikoki gaitasuna eskatzen zuelako, baina Tolosan baziren beste enpresari batzuk ere eta semeei bakarrik eman zieten aukera… Hori behintzat momentuz ez dit inork ukatu», dio.

Emakume liluragarria eta grinatsua zen Tuduri. Ikasketek lehenik eta ogibideak ondoren, Madrilera, Gasteizera, Kanaria uharteetara, Iruñera, Toledora eta Guadalajarara eraman zuten. Tolosarekin zuen lotura, ordea, ez zuen inoiz moztu, ahizpa batzuk eta gurasoak bertan zituelako.

Oposizioak gainditu eta plaza atera zuen, jakina. Las Palmas aukeratu zuen lanean hasteko. «Ez dakit zergatik aukeratu zuen leku hura, baina bakarrik joan zen, eta han ezagutu zuen gure aitona. Bera ere ez zen hangoa, Aragoi eta Katalunia artean dagoen La Franja eskualdekoa baizik».

Ofizioa tarteko ezagutu zuten elkar, Latorreren aitona, abokatu izateaz gain, irakaslea ere bazelako. «Beti izan zuen errespetua amonaren lanarekiko. Bost seme-alaba izan zituzten, eta erretiroa hartu arte lanean aritu zen amona. Bitartean, noski, etxeaz eta familia zaintzeaz ere arduratu zen, garai hartan emakumearenak bezala ulertzen zirelako ardurok». Kanaria uharteak atzean utzita, Gasteiz hartu zuten bizileku, eta hantxe berrartu zuen Tudurik berriro etnografia. Lan horietan, besteak beste, Joxe Miguel Barandiaranekin kointziditu zuen 36ko gerraren aurreko urteetan. Guda amaituta, Madrilen bota zituen sustraiak behin betiko familiak. Toledora lehendabizi eta Guadalajarara ondoren, trenez egiten zituen egunero Tudirik joan-etorriak irakasle lanekin betetzeko. Okertuz joan zen gaixotasun bat medio zendu zen, 1979an, Madrilen.

Liburuaren prozesua

Unibertsitatera Bideratzeko Ikasturtea egitera joan zen Madrilera Emilio Latorre, eta aitona-amonen etxean gelditu zen. «Beti izan ditut interes kulturalak –azaldu du–, eta etxean zuten liburutegiaz gozatzen nuen. Hantxe aurkitu nuen amonaren lana. Orduan amona gaixorik zegoen, eta aitonari ez nion galdetu. Zendu zenean 18 urte nituen, handik bi urtera joan zitzaigun aitona. Orduan galdegin nion aitari lanagatik, eta eman egin zidan».

Elena Tuduri Madrilgo goi mailako eskolan zegoela, Luis Hoyos katedradunak Etnografia Seminarioa sortu zuen, eta ikasleei beren herrialdeari buruzko ikerketa eskatu zien. Testuinguru horretan kokatzen da Euskal Herriko jantzien eta beste usadioen gaineko lana. Latorrek dionez, antza denez bada beste bat Erronkariko jantziak aztertzen dituena ikasle nafar bat bazegoelako, baina ez daki non egon daitekeen ikerketa hura.

Hogeita hamar urte pasa dira amonaren lana eskuratu zuela, baina orain egin duena orduan egitea askoz ere zailagoa litzatekeela uste du, hasteko irudi eta dokumentazioaren digitalizazioak prozesuak asko erraztu dituelako. «Hasieratik nuen argi amonak idatzitakoa errespetatu nahi nuela, ez nuen bere lanaz jabetu nahi. Hala ere, ehun urte igaro dira, eta handinahia izan nahi gabe, interesgarria iruditu zitzaidan bibliografia osatzea, liburua irakurtzen duen edonork iturria topa dezan», dio. Liburuan agertzen diren aipuak ere zehaztu egin ditu, testuingurua eskainiz. «Denbora asko igaro dut horretan, baina uste dut emaitza ona atera dela». Testua transkribatu eta amonak berak lana entregatu ondoren eskuz erantsi zituen oharrak eta zuzenketak ere gehitu ditu bilobak.

Oihal ondarea

Liburuak bi atal ditu: Gipuzkoa eta Bizkaiko (bereziki Arratia bailarakoak) jantziak, eta «euskal etnografiaz beste kontu batzuk», ezkontzak eta hiletak, kasu. «Esango nuke ikerketa abiatu zuenean helburua jantziak aztertzea zela, baina baserriak bisitatu eta bertako kutxak irekitzen joan zen neurrian ikertzeko askoz gehiago zegoela kontura zela. Berari ehungintza eta horrekin lotutako guztia interesatzen zitzaion bereziki».

Elena Tuduriren lana harrigarria da, eta hainbat ondorio atera daitezke: zenbat ikertu zuen, baserriz baserri, etxez etxe eta hainbat herritan: Dima, Iurre, Zeanuri, Bergara, Tolosa, Pasaia, Zizurkil, Oiartzun, Berastegi, Elgoibar, Mutiloa, Eibar, Orexa, Lizartza… Zerrenda dezente luzeagoa da.

Emilio Latorre bilobaren ustez horrek erakusten du bazuela aldez aurretik ikerketa plan bat egina, eta txukun-txukun bete zuela. Oso langile fina, zorrotza eta metodikoa zen. Hala sumatzen da. Idatzi zuena oso ondo egituratua dago, edukiak ondo ordenatuta.

Oso deigarria da ere baliatu zuen irudi, marrazki eta argazki bilduma aberatsa. Elenak berak marraztutako jantzien patroiak ere benetan aipagarriak dira. Argazki asko Elenak berak atera eta errebelatu zituen. Are gehiago, irudi batzuk koloreztatu ere egin zituen tolosarrak. Horri esker, argazkiak zuri-beltzean izan arren, jakin badakigu zein kolorekoak ziren zenbait oihal eta bordatu. Halako ikerketetan oikoa ez zena ere egin zuen Elena Tudurik: jantziak aurretik eta atzetik erretratatu.

Hiru urtez aritu zen landa eremua ikertzen, eta ondorio bat atera zuen. Zehazki, hau izan zen defendatu zuen tesia: ezin da euskal jantzi bakarraz hitz egin, baina badituzte amankomunean elementu asko. «‘Existitzen al da edo ez euskal jantzi bat?’ hori izan zuen abiapuntu. Eta konturatzen da ezetz, ez dagoela», argitu du Latorrek.

Ikertutako ondaretik gauza batzuk heldu dira gaurdaino, batez ere buruan jartzen diren osagarriak, ezberdinak direnak herriaren arabera, eta oinetakoak. «Emakumezkoen kasuan zapiaz hitz egiten du, koloreaz, korapiloez, formaz… XVIII. mendera arte ilea erabat mozten zitzaien emakumeei, baina ezkongabeei ile sorta batzuk uzten zitzaizkien solte. Gizonek, aitzitik, luzea daramate», argitu du Latorrek.

Txapela gizonek zeramaten, gaur egun bezalaxe. «Jatorria ezezaguna da, baina argi dago hemen errotu zela. Arratiako kapela ere aztertu zuen, eta hori bai, Bizkaiko bailara hartakoa da jatorriz. Ez da, ordea, txapelaren modukoa, kapela baten antz handiagoa du, eta hegal zabala». Liburuan argazkiak ikus daitezke.

Oinetakoen garapena ere dokumentatu zuen, eta ondo jasotzen du abarkatik espartinera emandako jauzia. Are gehiago, garai hartan abarka batzuk pneumatikoak aprobetxatuz egiten hasi ziren, eta hori ere aipatzen du Tudurik. «Bera kontziente da gauzak aldatzen ari direla eta konstantzia utzi nahi du, galdu baino lehen».

Ikertzen ari zela zabaldu egin zuen eremua Tudurik, ikustean hainbat usadio eta ohiturarekin lotutako altxor asko zegoela, ezkontzekin eta hiletekin lotuta, kasu. “Zamau”, “hil-zapi”, “ohazal” dira, besteak beste, Elena Tuduriri esker ikas daitezkeen hitzetako batzuk, zenbait dagoeneko ia erabiltzen ez direnak.

«Baserrietan kutxa asko ireki zizkioten, eta hor topatu zituen belaunaldiz belaunaldi gordetzen ziren hainbat oihal. Asko zaintzen ziren gauzak, ez zelako ere hainbeste erosten. Baserrietako bizimodua ez zen idilikoa, soila eta gogorra zen», gogoratu du bilobak.

Heriotzaz oso modu naturalean hitz egiten du, nola zaintzen zen gorpua etxean, doluaz, familia batek besteari egiten zion ofrendaz… «Heriotza bera beste modu batean bizi zen orduan, orain baino naturaltasun askoz handiagoz. Gainera, amona orduan gaztea zen, 25 urte besterik ez zituen, eta, beraz, urruti ikusten zuen heriotza. Horrek ere eragina du idazteko garaian».

Ezkontzak oso alaiak ziren, jendetsuak eta koloretsuak, eta batzuetan hiru egunez luzatzen ziren… Xehetasun osoz azaltzen du Tudurik nola zen ezkonberrien egun handia, modu arinean eta gertutasunez, irakurleari hitz egingo balio bezala. Honek, Elena entzuten duela sentituko du.

 

Omenaldi onena, izan zena jasotzea

Liburua egiten bere amona hobeto ezagutu duela dio Emilio Latorrek. «Bilobetan zaharrena naiz, eta zendu aurretik hiru urte eman zituen gaixorik. Nik ezagutu nuenerako pertsona zaharra zen dagoeneko, amona bat. Berekin hitz egiten nuen, gaitasun guztiak zituen, baina ez genuen honetaz inoiz hitz egin. 14 urterekin ez nuen horretarako heldutasunik, ezta gauza hauekiko halako interesik ere», kontatu du.

Ondoren gaixotu egin zen eta jada beranduegi zen. Hori izan da, hain zuzen, motibazioetako bat. «Konturatu behar gara gu amonaz amona bezala gogoratzen garela, baina bera emakume gaztea ere izan zen, interes propioekin, grinatsua, adoretsua… Maiz, ordea, pertsonak azken etapan gogoratzen ditugu eta sarri gaixo daudela gainera», azaldu du. Liburuak amona izan zen emakume argia islatu nahi du, eta omenaldi egin izan zenari. «Izan zuen bizimoduarekin, ez zait bidezkoa iruditzen beste irudi horrekin gelditzea», gaineratu du.

«Tesia lehen aldiz irakurri nuenean harrituta gelditu nintzen. Beti izan dut miresmen berezia berekiko, egin zuenagatik, eta kontziente izan naiz egin zuena ez zela ohikoena, berezia baizik. Are gehiago garai hartako Tolosa bezalako herri batean».

Hiru urteko lana dago liburuaren atzean. Babesa Tolosa eta Donostiako udaletan, Gipuzkoako Aldundian, San Telmo Museoan eta Tolosako Andia elkartean topatu ditu Emilio Latorrek. Eta horiek guztiak aipatzea garrantzitsua da proiektua aurrera ateratzen lagundu dutelako. Ane Albisu Iriarte euskal jantzietan adituak idatzi du, gainera, sarrera.

Liburua salgai dago San Telmon, Elkar dendetan, Donostiako Hontzan eta Tolosako Babel liburu dendan eta Minimaliak dendan.