Juantxo EGAÑA

Bilbo, German Elorzaren begitik

German Elorza (1910-1983) Bilbora bizitzera joandako kazetari grafiko gasteiztarra izan zen. Kale Nagusian zegoen Casa Lux denda ezaguneko Manuel Torcidaren bidez sartu zen argazki mundura. Bere ibilbide profesionalean, Prensa Española, “ABC”, “Blanco y Negro” eta Sociedad de Prensa Gráfica taldearentzat lan egin zuen berriemaile grafiko gisa. Azken talde hori euskal jatorriko Nicolas Urgoitik zuzendu zuen, eta, besteak beste, “Mundo Gráfico” eta “Nuevo Mundo” aldizkariak argitaratzen zituen. 1932an, “La Tarde de Bilbao” egunkarian hasi zen lanean Elorza, eta, 1937an, “Hierro” arratsaldeko egunkarian. 1974an lana utzi behar izan zuen, Athletic eta Gijongo Sporting taldeen arteko partidu batean erreportaje bat egiten ari zela istripu bat izan ostean. Elorzaren irudiek eguneroko bizimodua islatzen dute batik bat. 1964an, Hagako Word Press Photo erakusketak haren argazki bat hautatu eta ikusgai jarri zuen. Ezkontza baten irudia zen, apaiz bat ezkongaien aurrean zerraldo erori zen momentua jaso zuena. 2016an Elorzaren familiak Euskadiko Artxibo Historikoari eman zion haren obra, 100.00tik gora negatibok osatua. Artikulua irudiztatzen duen argazkia Bilboko Plaza Biribilean egina da, antzinako Geltokiko plazan alegia, 30eko hamarkadan. Irudi hau German Elorzaren gaineko erakusketa batean dago ikusgai, Euskadiko Artxibo Historikoko Erakusketa Gelan. Honakoa da erakusketaren izenburua: “Hiri baten begiradak: Bilbo, German Elorzak ikusia (1932-1974)”.