Maria Gonzalez Gorosarri - @albistetan
EHUko irakaslea

Kritikaren eragina

Hedabideen analisia egiterakoan, urruneko hanka sartzeak kritikatzea gertukoak aztertzea baino errazagoa da. Horregatik, koldarra deritzot. Horrela, ez nuen “La Razón” gaitzetsi, honako titulua argitaratu zuenean:

• «El error de ‘El Chicle’: No quitó el móvil a Diana [Quer] antes de meterla en el maletero» (“La Razón”, 2018/01/01).

Alderantziz, gertuko hedabideen jardunari erreparatzen badiogu, horixe aldatzeko eragin handiagoa izan dezakegu. Gertuagokoei kargu hartzea deserosoa da. Aurkaritzat hartzen dugun ideologiari jarraitzen dioten hedabideei egiten diegun kritika, neurri batean, ez da argudioetan oinarritzen, duten ideologian baizik. Horregatik, “La Razón”-en horikeria salatu baino, ETB2-ren “El lector de huesos” saioak erakutsitakoa gaitzetsi nuen. Bertan, Juan Carlos Aguilarrek Jenny Rebolloren gorpua zelan zatitu zuen irudikatzeko, Dani Alvarez kazetariak eta Paco Etxeberria forentseak txerri baten gorputzarekin aizkorarekin eta labanekin egindako mozketak alderatu zituzten, gorpu bat zatitzeko erarik eraginkorrena zein den jakitera emateko. Telebista publikoan irakatsi zuten.

Asteon, «Deia»-n Xabier Vila-Coiak idatzi duen iritzi-artikuluak («El Caso de La Manada: ¿Violación o filme porno?») kritika sorta handia jaso du, bortxaketaren apologia egiten duelako. Hala ere, kritikarik ausartena “Deia”-n bertan zutabea idazten duen Pilar Kaltzada kazetariarena izan da, etxe barruko kritika izan delako, gehien arriskatu duena delako:

• «Denetarik ikusi dut, baina ez nukeen sekula pentsatuko joan den barikuan argitaratu zen zaborraren parekorik leituko nuenik neurri txikian bederen neurea ere baden egunkari honetan». (“Deia”, 2018/01/09).

“Deia”-k artikulua erretiratu du.

Ildo horretatik, niri oraingoan GARAri egindako kritiken inguruan idaztea dagokit. Zutabe hau idazten hasi aurretik, GARAri leporatzen nion kritikarik ohikoena ikuspegiarena zen. Hau da, andrazkoen kirola albiste bakarrean goraipatu, eta, gainera, informazio nagusiaren azpian.

Hala ere, GAUR8k GARAri kritika egiteko lekua egin zidan 2013an. Nire lehen artikuluan aipatu nuen lehen hedabidearen jarrera okerra GARArena berea izan zen, “ustezkokeriak” salatzeko:

• «Ehunka herritarrek pasa den asteburuan Zarautz eta Getaria artean jazo zen ustezko eraso sexista baten aurka protesta egin dute» (GARA, 2013/03/25).

GARAn bertan poliziaren bertsioa bere egin eta susmagarri bat erailtzea “hil zen” esamoldearekin ordeztu izana salatu nuen:

• «Abdelhamid Abaaoud, supuesto cerebro de los ataques, murió en el asalto de Saint-Denis» (Naiz, 2015/11/19).

Azkenik, GARAn ere albistearen “zelan” galderari informazioaren “zergatik” azaltzeari baino tarte handiagoa egin izana gaitzetsi dut:

• «El marido reconoce haber matado a su mujer y su suegra en Abadiño» (GARA, 2014/12/11).

• «Lufthansa conocía que en 2009 Lubitz sufrió una depresión, de la que fue dado de alta» (GARA, 2015/03/31).

Kasu horietan guztietan, GARAk ez dit esandakoa zentsuratu, nahiz eta nik uste idazten nuen azken zutabea izango zela. Beraz, oraindik GARAren jarduna aztertzeko aukera eman didate. •