Koldo Sagasti

Zaplaztekoa

Iragan abenduaren 20an Israelgo Armadak Ahed Tamimi 16 urteko neskatila palestinarra atxilotu zuen Nabi Saleh herrian, bere etxe atarian grabatutako bideo bat sare sozialetan zabaldu ostean. Grabaketan nerabeak, esku hutsik, zaplazteko sonatua eman zion okupazio armadako soldadu bati, eta lotsagarri utzi. Berea ume palestinar baten aurkako beste jazarpen istorio bat izan zitekeen, egunero oharkabean pasatzen diren horietakoa; izan ere, 2017an 467 izan dira okupazio armada sionistak atzemandako adin txikikoak. Berak ere Palestinako beste edozein haurrek izan ditzakeen bizipen lazgarrien zama darama lepo gainean: aita hamar aldiz pasatu da Israelgo ziegetatik, amaren lehengusua buruan tiro bat jaurtita erail zuten soldaduek, neba bere aurrean erail zuten protestaldi batean, eta lehengusuari ere astebete lehenago biziarteko lesio larriak eragin zizkioten buruan tirokatuta.

Baina Tamimitar gaztearen belarrondokoak ezohiko oihartzuna izan du mundu osoan, eta arrakasta horrek badu arrazoi bat: Aheden irudia –adats kizkur hori luzea, Piolinen elastikoa soinean, irribarre desafiatzailea ezpainetan– ez dator bat Mendebaldean emakume palestinar batengandik espero genezakeen irudiarekin. Zaplastadak, beraz, okupazioaren ankerkeria nazioarteko iritzi publikoaren jomugan jartzeko balio izan du, baina baita Israelek elikatu eta guk sinetsi egin ditugun emakume palestinarrei buruzko estereotipoak desmuntatzeko ere. •