Ander Gortazar Balerdi
Arkitektoa

Gertuko turismoa

Abenduak 30, larunbata, goizeko hamarrak eta berrogeita bost minutu, Bilboko Termibus. Autobusetik jaitsi gara Valentina eta biok. 15 gradu eta eguzkia daude eta Garellanoko hiru dorre berriak handiegiak iruditu zaizkigu.

Hamaikak eta laurden. A-8aren azpitik pasa eta maldan gora goaz. XX. mende amaieran eraikitako auzoa zeharkatu dugu interes handirik erakutsi gabe eta biribilgune batera iritsi gara. Eskuinetara Kobeta bidea; aurrera eta ezkerretara, Masustegi Estrata. Estrata. “Sautrela”-ko iragarki batean entzun nuen hitz hori lehenengoz, Unai Elorriaga ala Harkaitz Cano, bietako baten ahotan. Estrata izena duten arren kalexkak dira. Estuak eta aldapatsuak, eskaileraz josiak, eta itxuraz berri xamarrak, distiratsuak. Kontrastea egiten dute 50eko eta 60ko hamarkadan langile iritsi berriek eurek eraikitako arkitektura umilarekin. Mende erdia ordenantzaz kanpo pasa ondoren, Bilbo hiriak Masustegi auzoa bere egin duen seinale da urbanizazio ofiziala.

Hamabiak puntuan. Lehen eta bigarren zuritoak hartu ditugu auzoaren goialdean dagoen tabernako terrazan. Sekulakoak dira bistak: lehen planoan teilatu autoeraikiz osatutako multzo itxuraz inkonexoa; ondoren, Bilbo hiria osatzen duten eraikin ordenatuagoak, eta, fondoan, Artxanda. Mahaitik altxa eta bueltaka ibili gara noragabe. Urtetako borroka txiki handien ondorio seguruenik, igarri da auzoaren komunitate-izaera: ea galdurik gabiltzan galdetu digute eta azalduko zigutela nola iritsi Basurtura, kalexka horrek aterabiderik ez duela ohartarazi digute, katakume bat oparitan eman –saiatu bederen– eta erotzat hartu, Uretamendira oinez gindoazela esan diegunean. Pertsona ezberdinak denak.

Ordu batak laurden gutxi. Atzean utzi dugu Masustegi eta Monte Caramelo auzoan gaude orain. Hau ere autoeraikia da baina txikiagoa, 250 eraikin versus 40. Errepidea albo batera utzi eta oinezko pista bat hartu dugu; ondoren benetako estrata bat, sasi artean hasieran, garbitu den arte. Bilbo azaldu zaigu orduan parez pare, itzel, New York XX. mendeko europar etorkinei nola. Tira, pasa egin naiz agian analogiarekin. Aurrera jarraitu dugu ortu artean eta iritsi gara Uretamendira; hain zaila ere ez zen, bada. Langile auzoa da Uretamendi, baina garai bateko txabolek babes ofizialeko auzo aldapatsu eta orain zaharkituari eman zioten bide. Igogailu bat badela esan digute baina nahiago izan ditugu eskailerak, ederra baita eskaileretan behera joatea egunero erabili behar ez dituzunean.

Ordu bat eta erdiak, Rekalde, jendetza dabil poteoan. Plazan zerbait hartu eta turista arrunt bilakatu gara, alegia, Guggenheimera joan gara. Gustatu zaigu Anni Albersen erakusketa.

Gero eta gehiago bidaiatzen duela jendeak Gabonetan, hori esaten digu behintzat urtero ETBk Loiuko aireportuan duen korrespontsalak. Paris, New York, Tailandia, Kanariak. Ez da gure kasua. Atzerrian bizitzearen pack-aren barne dator Gabonak “etxean” pasatzea, eta, behin hona etorrita, urrutiagora joateko gogorik ez, egia esan. Baina bidaiatu bidaiatzen dugu, Marc Augek aldarrikatzen duen moduan, gugandik gertuen dauden tokietara, bertoko konplexutasuna ulertzen saiatuz gure bizitzak elkarri eguneratzen dizkiogun bitartean. •