Gaizka Amondarain
Irakaslea

Christianen erantzuna

Zera pentsatuko zuen Christian Andres-ek urtarrilaren 30ean, goizeko zazpiak eta bostean Ipar Poloa ematen zuen logelan esnatu eta komunerantz abiatu zenean, gaueko albistegietan agertuko zenik. Gertatu arte ezinezkoak diruditen gauzak dira, burutik pasa ere egiten ez zaizkizunak. Christianek, ohiko legean, duela 21 urte Boliviatik Europara etorritako bere amaren konpainian gosaldu zuen pasa den asteartean, Logroñoko auzo berri horietako batean dagoen 71 metro koadroko etxean. Kafesne katilukada dozena erdi gailetarekin irentsi, irratian entzundako albisteren baten inguruko garrantzi bako iruzkin azkar bat egin eta institutura abiatu zen, ailegatzerako esnatuko zen esperantzan. Arratsaldeko hiruretan berriro bueltan zen babes ofizialeko gurasoen pisuan. Amak sofan telebista ikusten zuen bitartean bazkaldu eta autobus geltokira abiatu zen 17 urteko gaztea, 16:15ean Gasteizera doan autobusa hartzeko. Christian ikasturte honetan hasi da Gasteizko ikastetxe bateko haurrei patin-hockey eskolak ematen. Astean bi egunetan etortzen da Arabako hiribururaino, astearte eta ostegunetan. Trukean, eskolak 300 euro ingresatzen dizkio hilabete bukaeran bere kontu korrontean. Joan-etorrietan joaten zaiona kenduta, 210 euro garbi.

17:30ean heltzen da autobusa Gasteizko geltokira. Han bizikleta zahar bat edukitzen du giltzarrapoarekin lotuta. Bizikleta hartu eta 20 minutu behar izaten ditu hiriaren beste puntan dagoen auzoko eskolara ailegatzeko. Dena ondo neurtuta edukitzen du Christianek normalean. Urtarrilaren 30ean, ordea, ikasturtean lehen aldiz, berandu ailegatu zen eskolara. Bidean, auto batetik ateratzen ari ziren billete hegalariekin aurkitu baitzen parez pare. Airean zebilen diru piloa ikusita, bitan pentsatu gabe, gidariari keinuka hasi zen mutila. Gidariak lau argiei eman eta autoa errepide bazterrean aparkatu bitartean, Christianek bizikleta zaharra lurrean utzi eta presaka ekin zion bidegorrian barreiaturiko diru-paperak jasotzeari: 20 eurokoak, 10ekoak, 50ekoak... Eskukada bat bildua zuen gidaria kotxetik atera zenerako, 300 euro inguru. Minutu gutxiko kontua izan zen. Beste auto batzuk ere geratu ziren egoeraz jabetzean; errepide ertzean zeuden diruak hartu eta zenbait arinen handik ospa egiteko. Burua lurretik jaso zuenean, 50 urteak pasatako gizon bizardun trajeatua ondoan zeukan Logroñoko gazteak. Juan Maria Uriarte zen, hain zintzo jokatu izana ulertzen ez duenaren harriduraz, gazteari etengabe eskerrak ematen ari zitzaion enpresaburua.

Kasualitatez, 17:45ean, hiriko merkatalgune handienera erreportaje bat grabatzera joanak ziren EITBko kazetari bat eta kamera ere bertan zeuden diru-paperak autoko leihotik hegan atera ziren momentuan. Gertaeraren inguruko xehetasunei buruz galdetu zien kazetariak biei, eta ea telebistarako grabatzea axola zitzaien. Gazteak baiezkoa eman zuen, besteak ez. 18:12ak inguruan, Christian Andres, bizikleta hartu eta eskolara bidean zen berriro.

Christianek 20:15ean hartu zuen berriz ere Logroñora itzultzeko autobusa. Etxera bueltan, gertatutakoaz pentsatzeko astia eduki zuen eta kristalak beltzez tindatuta zituen BMWa errepide bazterrean geratzen ikusi zuenetik buruan bueltaka zerabilen galdera egin zion azkenean bere buruari. Etxera ailegatu zenerako 21:30ak ziren, aita eta amarekin eseri zen sukaldeko mahaian afaritarako. Ez zien arratsaldean gertatutakoari buruz ezer aipatu. Hortzak garbitu eta ohera sartu zen. •