Amaia Nausia Pimoulier

Minaren neurria

1603. urtean, Cascanteko bizilagun Alonso de Cervantes hil zenean, bere alargunak, Francisca de Navascuesek, hileta prestatu zuen. Ohiturak eta Eliza Katolikoak agindu bezala, Alonsoren gorputza herriko hilerrian ehortzi aurretik, bere arimaren alde meza bat ospatu zen. Apaizak, familiaren dirua jaso ondoren, pulpitura igo eta elizara gerturatutako guztiei gogorarazi zien Alonsoren arima Jaungoikoarekin egonda bihotz kristauek poza erakutsi behar zutela eta alferrikakoak zirela, beraz, negarrak eta oihuak. Hitz horiek entzun eta hiru hilabete ondoren, Nafarroako Erresumako fiskalak Francisca alarguna, Pierres semea eta Mariana alaba Gorte Nagusiaren aurrean salatu zituen. Haien delitua, gehiegizko dolua erakustea. Jasotako testigantzen arabera, onartutako jarrerak alde batera utzita –hau da, arropa ilunak eramatea eta tristura neurrian erakustea–, hirurek arropa beltz eta luzeak zeramatzaten eta negarrez ikusten zituzten etengabe.

Arraroa izan daiteke guretzat urrutiko gizarte horren arauak ulertzea. Nola neurtu daiteke mina? Baina horrela zen, gizarte kristauan doluak nolakoa izan behar zuen araututa zegoen. Hiletetan negar kantariak debekatuta zeuden, baita gehiegizko arropak ere.

Esate baterako, Iruñean, 1572. urtean egindako Gorteetan, jantzi eta kapelen neurriak nolakoak izan behar ziren arautu zuten, baita hileta batean, ehorzketa batean edo bizilagunei eskainitako bazkari batean familia batek gastatu zezakeena ere. Horren guztiaren atzetik, noski, betiko bizitzaren sinesmena zegoen, kristau onek jasoko zuten opariaren esperantza. Cascanteko apezak, esan bezala, argi zuen: benetako kristauek heriotzaren aurrean poza agertu behar zuten.

Baina, atzetik, horren kristaua ez zen arrazoia zegoen: arrazoi ekonomikoa. Nafar familia asko etxeko baten heriotzaren ondoren –batez ere hildakoa etxeko gizona zenean– zorpetuta gelditzen ziren. Izan ere, ohitura kristauak euskal ohiturarekin talka egiten zuen; bazkari ederra prestatu herri osoarentzat, arropa beltz garestiak eta ahalik eta luzeenak erosi, eta jantziak –besteek gure mina ezagut zezaten– eta dolua denboran luzatu. Eliza, meza, apaiza, loreak, ehorzketa, hilarria, bazkaria eta arropak ordaindu ondoren, zorpetutako familia batek urteak emanen zituen berriz Erresumarentzat errentagarria izateko; zergak ordaindu, lur berriak erosi eta landatzeko, laburbilduz, Estatuaren ekonomiari lagundu ahal izateko. Gizarte espirituala zen hura bai, baina espiritualtasun horri kapitalismoak markatzen zizkion mugak.

Historiagile moduan, nire eginbeharra izaten da atzean gelditu diren garaiak ulertzea eta gure garaiarekin alderatzea. Tamalez, oraingoan honakoa ez da niretzat hausnarketa teoriko hutsa izan, gertutik bizi izan baitut heriotzaren mina. Gure aitaren nahia errespetatuz eta bihotzez maite genuenok horrela nahi izan dugulako, Eliza Katolikoak markatutako arauetatik aske sentitu gara. Gure dolua, denborak eta malkoak ez ditu Eliza horrek arautuko. Baina, bizitzea tokatu zaigun ezbehar horren ondoren, ohartu gara Kapitalaren Eliza beste hori baina indartsuagoa dela. Heriotza aspaldi negozio bat bihurtu dela bagenekien; aseguru-etxeak, ehorztetxeak, lore dendak, beilatokiak, notarioak, zergak, eta abar luze bat. Saiatu gara bai askatzen, eta kasu batzuetan lortu dugu; gurekin negozio txikia egin dute. Baina Kapitalaren Elizak, orduan bezala orain, gure bizitza eta heriotza arautzen jarraitzen du. Gure minak neurria baduela badirudi, neurri ekonomikoa. •