Ainara Lertxundi
analisia

Memoria historikoa eraikitzen

Memoria historikoa lagungarri al zaie biolentziaren biktima izan direnei? Zer-nolako abantailak ditu memoria eraikitzeak eta besteekin partekatzeak? Nola eraiki memoria hori? Galdera horiei erantzuten saiatu da Kolonbiako Erreparazio eta Adiskidetzarako Batzorde Nazionaleko memoria historikoko lantaldea.

Memoria historikoa eta demokrazia hertsiki lotuta daudela sinetsita, Kolonbiako Erreparazio eta Adiskidetzarako Batzorde Nazionalak memoria historikoa eraikitzeko metodologia ikertzeko txostena egin zuen 2009an, gatazka gori-gorian zegoenean. 2005ean, Alvaro Uribe presidenteak bi urte lehenago talde paramilitarrekin abiatutako elkarrizketak arautzeko 975 Legea aurkeztu zuen Legebiltzarrean, “Bakea eta justizia” izenarekin ezagutzen dena.

Legebiltzarkideek 975 Legearen alde bozkatu zuten, nahiz eta giza eskubideen aldeko taldeak eta biktima elkarteak kontra egon, testua gizateriaren kontrako krimenak egin zituztenekin oso malgua zelako. 2006ko maiatzean, helegite bati erantzunez, Kolonbiako Auzitegi Konstituzionalak baldintza batzuk ezarri zizkion legeari, horien artean, zigorrak murrizteko paramilitarrek egia aitortu beharra, biktimek prozesuan parte hartzea eta erakundeek memoria historikoa bermatzeko politikak eta eremu fisikoak ahalbidetzea. Konstituzionalaren epai horren testuinguruan sortu zen Erreparazio eta Adiskidetzarako Batzorde Nazionala (CNRR). Horren baitan, Gonzalo Sanchez irakasleak zuzentzen zuen memoria historikoko lantaldeak, “Gatazka nola kontatu. Memoria historikoa gordetzeko baliabideak” ikerketa txostena aurkeztu zuen.

Egileen hitzetan, memoria historikoa lantzea ezinbestekoa da gatazka testuinguru baten ondorioz baztertu, isilarazi eta alde batera utzitako ahotsak barneratzeko; hau da, testuliburuetan, museotan, diskurtso publikoetan… azaltzen ez diren ahots, lekukotasun eta esperientziak berreskuratzeko. Biktimen historia pertsonalaren eta kazetariak, intelektualak, buruzagi politikoak edo Estatuaren goi mailako funtzionarioak bezalako bestelako eragileen kontaketaren artean egon daitekeen etena murriztea du helburu lanak.

Norena da memoria?

«Iragana kontatzen ari garenean, talde batzuk goraipatu eta beste batzuk baztertu egiten ditugu. Beraien artean ustez dauden desberdintasunak justifikazio gisa erabili ohi dira bazterketa defendatzeko eta denboran zehar mantentzeko. Memoria historikoaren eraikuntza ekintza politikoa da. Herritarrek, iragana gogoratzen duten moduaren arabera, laguntasun eta etsaitasun jakin batzuk eraikitzen dituzte, aktore armatuengan ardura maila desberdinak jarriz», nabarmendu dute.

Gatazka testuinguru batean, polarizazioa gizartearen esparru guztietan nagusitzen da. Aktore armatuak beraien bertsioa inposatzen saiatzen dira, egia borobila izango balitz bezala. Biktimek garaileen memoriari aurre egin behar diote. Hain gauza konplexua izanik, memoriaren baitan auto-zentsura ere azaleratzen da. «Bai komunitateek bai norbanakoek ere euren ekintza positiboak eta egindako aurrerapenak bakarrik nabarmentzen dituzte; aldiz, euren historiaren pasarte latzenak eta lotsagarrienak isilpean gordetzen dituzte, bizkarra ematen diete. Jarrera horrekin gertaerok berriz errepikatzea ahalbidetzen ari dira», ondorioztatu du memoria historikoko lantaldeak.

«Gertaeren narratiba erabat subjektiboa da, errelatoa egiten duen aktorearen araberakoa. Memoria historikoaren lanketa izan behar da arduratsua –gertaerak osotasunean aztertu behar dira, ez bakarrik gauza onak, bakoitzak egindako akatsak baztertuz–; demokratikoa –subjektibotasun guztiak eta ahots desberdinak onartu behar dira–; eta etikoa –gertaera bortitz guztiak jaso, ebaluatu eta aitortu behar dira, bereziki Nazioarteko Zuzenbide Humanitarioa urratzen dutenak–».

Egileen hitzetan, «memoria demokratizatzeko behar-beharrezkoa da gure buruari galdetzea zergatik baztertzen ditugun errelato jakin batzuk. Gizarte modernoen oinarria inklusio eta esklusio politikoan dago. XVIII. eta XIX. mendeetan Latinoamerikan, Frantzian edo Ameriketako Estatu Batuetan idatzi ziren konstituzioetan herritartasuna soilik ezaugarri jakinak zituzten pertsonei aitortzen zitzaien, hau da, zuriak, gizonezkoak, abokatuak, ondasunen jabeak, ezkondutakoak, aberriaren eta familiaren alde armak hartzeko prest zeudenak eta zergak ordaintzeko gaitasuna zutenak ziren soilik herritarrak. Garaiko burgesiak soilik haiei aitortzen zien arrazoia izateko eskubidea, eta, hortaz, eztabaida politikoan eta politikan parte hartzeko eskubidea. Emakumeak, soldaduak, beltzak, indigenak... errelato historikotik kanpo gelditu ziren».

Biktima kontzeptua

Ikerketaren egileek nabarmentzen dutenez, kontuan hartu behar da biolentziak komunitate oso bat kolpatzen duela, ez bakarrik norbanakoak. «Sufrikarioa ezin da indibidualizatu, ezin baita sufrimendu hori ulertu gertatu den testuingurua aztertu gabe».

2005ean 2.000 kolonbiarrei egindako inkesta baten arabera, nekazaritzako guneetan bizi ziren elkarrizketatuen artean, %45,1ek erantzun zuten beraiek edo senideren batek giza urraketaren bat jasan zutela; hiriguneetan, berriz, %12k. Nekazaritzako guneetan, %20k familian hildako edo desagerturen bat zuten. Azkenik, hiriguneetan, %50ek gatazkaren biktimak zirela erantzun zuten, pobrezian bizi zirelako edo ondorio psikologikoak pairatzen zituztelako.

Hori bai, ez dago iritzi bateraturik Kolonbian “biktima” kontzeptuaren erabilpenari dagokionez. Aditu batzuen iritziz, “biktima” hitza erabiltzean, pairatutako sufrimendua, ezinegona eta pasibotasuna jartzen dira lehen lerroan, pertsonek egoera horri aurre egiteko duten gaitasuna alboratuz. Beste batzuentzat, ordea, kontzeptua bera aitorpen bat da gizarteari begira. Giza eskubideen urraketaren biktima izatearen aitorpen horretatik abiatuta, memoria eza eta zigorgabetasuna ekiditeko bide bat irekitzen dela diote. “Biktima” hitza bera aldaketarako motor gisa ikusten dute. Izendatzen ez dena, existitu ere ez dela egiten gaineratzen dute.

Memoria historikoaren betebeharra, gatazka armatu batek eragindako ondorio guztiak ulertzea eta barneratzea da, lekukotasun zuzenen konfidentzialtasuna errespetatuz. Biktimen esparrua oso heterogenoa da eta biolentziari eta heriotzari aurre egiteko moduak ere askotarikoak dira. Batzuk hitz egiteko prest daude, beste batzuk ez; batzuek lehen pertsonan hitz egin nahi dute, eta, beste batzuek, lotsa edo beldurra dela-eta, nahiago dute hirugarren pertsonan hitz egitea.

«Biktimak berak askotan gertaera beraren gaineko kontakizun desberdinak egin ditzake, batzuetan gertatutakoa handitzeko eta besteetan garrantzia kentzeko. Konparaketak, metaforak, gehiegikeriak, ukoak... memoriaren parte dira, eta hala ulertu behar ditugu. Biktimak ez dira garaitutako subjektu pasiboak, baizik eta ahotsa eta eskubideak dituzten eragile sozial eta politikoak».

Ahanztura

Ahanzturaren atalean, ikerketaren egileek hausnarketarako ondorengo galderak botatzen dituzte: Zer esaten dugu? Zer isilarazten dugu? Zer da isiltasuna? Noiz gelditzen gara isilik? Posible al da egoera bortitzak ahaztea?

Ez dago erantzun bakarra. Biktima batzuek oroitzapen bortitzenak zokoratzen dituzte, horiek nolabait ahaztearren; pairatutako oinazeari aurre egiteko «blokeo psikologikoak» sortzen dituzte babes gisa. Beste batzuek primeran gogoratzen dute dena, eta, gertukoekin partekatzen duten arren, isilik gelditzen dira gainontzekoen aurrean, amorrua edo lotsa sentitzen dutelako. «Aitortu eta errespetatu egin behar dugu pertsonek isilik egoteko duten eskubidea. Kontuan hartu behar da ere gatazka armatu bat tartean denean, jendea hitz egiteko beldur dela. Erasotzaileak askotan komunitateetara itzultzen dira eta biktimak mehatxatzen jarraitzen dute. Beldurra ez da soilik iraganeko kontua, egungo gauza bat ere bada. Estatuaren menpe dauden erakundeek biktimen segurtasuna bermatu behar dute. Memoria historikoa eraikitzeko ardura dugunok ingurugiro atsegina eta abegikorra ahalbidetu behar dugu biktimek lekukotasunak eman ditzaten».

1986tik 1994ra, Diego Montoya Don Diego eta Henry Loaiza El Alacran buruzagien gidaritzapean eta Kolonbiako Armadaren nahiz Poliziaren laguntzarekin, paramilitarrek ustez gerrillariak laguntzen zituzten herritarren kontrako hainbat eraso burutu zituzten Trujillo, Riofrio eta Bolivar herrietan. Eraso horietan, 245 pertsona hil zituzten muturreko biolentzia sistematikoa erabiliz. Herritar ugari bortxatu eta torturatu zituzten, eta, kasu batzuetan, oraindik bizirik zeudela zatikatu zituzten motozerrekin. Gorpuzkiak Cauca ibaira botatzen zituzten, ibaia izuaren igorle bihurtuz. Cauca ibaia hobi komun bihurtu zuten. «Garbiketa soziala», nekazarien artean izua areagotzea, haien lurrak bereganatzea eta muturreko biolentzia horren lekukoak desagerraraztea zuten helburu sarraskiok.

Hil zituztenen artean, Trujilloko apaiza zegoen, Tiberio de Jesus Fernandez. Motozerrarekin eskuak moztu zizkioten bere iloba bortxatu eta hil ostean. 1995ean Ernesto Samper garaiko presidenteak Estatuak gertatutakoan izandako ardura aitortu zuen. Trujilloko emakume biktima talde bati zertarako gogoratu galdetu zietenean, irmo erantzun zuten: «Ez ahazteko, gertatutakoa gogoratzeko, beste batzuek irakur dezaketen memoria eraikitzeko, dolua lantzeko, etorkizuneko belaunaldientzako irakaspen gisa, justizia eskuratzeko modu bat delako, nolabaiteko erreparazioa lortzeko eta penaz ez hiltzeko».

Baina biktimizatutako identitateek sor ditzaketen narrazioak saihesteko beharra ere nabarmentzen dute txostenean. «Melankoliaren preso bihur gaitezke, sentitzen dugun minean murgilduz besteen sufrimendua ikusi gabe. Sentitzen dugun gorrotoari aurre egiten uzten ez digun memoria bat da hori; amaierarik gabeko dolu batean murgilduta gelditzen da biktima, oinazearen etengabeko errepikapen batean. Hori ekidin behar dugu».

Biolentziaren beste ondorioetariko bat komunitate eta familien baitan sortutako haustura da. Biolentziaren helburuetariko bat, herritarren artean lotsa eta konfiantza eza eragitea da. Bertsio kontrajarriak egon ohi dira, eta, horrekin batera, familia barneko gatazkak. «Gizartearen eta familiaren baitan sor daitekeen haustura arriskua ekiditeko, behar-beharrezkoa da guztiok argi izatea gertatutakoaren ‘errua’ beti biolentzia erabili duenarena dela, erantzukizuna berea soilik dela eta inolaz ere ez biolentzia pairatu duenarena», nabarmendu du Gonzalo Portocarrero “Perú, el país de las memorias heridas: entre el (auto)desprecio y la amargura” lanaren egileak.

«Galdera sortzailea»

«Galdera sortzailea». Teknika horren bidez, biolentziaren biktima izan direnak bildu egiten dira eta galdera bat proposatzen zaie. Galdera horren formulazioa oso garrantzitsua da, horren arabera erantzun batzuk edo besteak lortuko dira-eta. Gomendagarriena, memoria historikoko adituen hitzetan, galdera ahalik eta zabalena izatea da, adibidez: “Zer gertatu zen hemen?’». Galdera horrek narratzaile guztiak barneratzen ditu, ez soilik biolentzia pairatu zutenak. Memoria zabalak piztea du helburu formulazio horrek. Galderak parte hartzaileen arreta eta interesa piztu behar du, eta, horretarako, ondo ulertu behar dute, sinplea izan behar da.

Memoriaren mapak

Mapak irudikatzea memoria jorratzeko erabiltzen den beste tekniketako bat da. Mapotan heriotza, suntsipena, hobi komunak, minak dauden lekuak, desagerpenak gertatu ziren parajeak… irudikatuta gelditzen dira.

Biolentziak norbanakoarengan eta ingurukoengan uzten dituen markak modu errazagoan irudikatzen dira mapa batean. Zuhaitzek, ibaiek, oroigarri batek, izkina batek... norbanakoaren eta komunitatearen oroitzapenak eta emozioak pitz ditzakete. Mapok biolentziak eragindako aldaketa fisikoak ere irudika ditzakete, esaterako, sarraskia gertatu aurretik nolakoa zen eremua.

Gertatutakoa gogoratzeko ibilbideak ere antolatzen ditu Memoria Historikoko Lantaldeak. Ibilbideak, noski, mugimenduan egiten dira; oroitzapenek eta errelatoek mugimenduarekin bat egiten dute. Ibilbideak aldez aurretik prestatzen dira, lekukoen parte hartzearekin. Gertatutakoaren eta bizitakoaren kontakizuna lekuan bertan egiten da: zer, nola eta non gertatu zen; nor eta non zegoen une horretan; zeinek egin zuen zer eta non... Horrela, egoniko erresistentziak azaleratzen dira modu parte hartzaile eta kolektiboan.

Denbora lerroa

Grafiko kronologikoak. Antzeko bizipenak eta ezaugarriak dituzten pertsona taldeekin egiten den lanketa da. Halako zerbait egin zuten, adibidez, Trujilloko edo El Saladoko sarraskien lekukoek. Orrialde erraldoi batean denbora lerro bat egin zuten.

Epe eta leku zehatz batean gertatutako gertaera jakin batzuk aukeratu eta denbora lerroan kokatzen dira. Aukeraketa irizpideak norbanakoaren eta taldearen araberakoak izaten dira; norbanakoan, komunitatean edo eskualdean marka utzi duten pasarte bortitzak. Alessandro Portelli adituak dioenez, narrazioa antolatzeko hiru eredu daude: esfera politikoa, komunitatearen esperientzia eta norbanakoaren esperientzia.

Ohe-estalkiak

Ohe-estalkiak, oihal zatiekin egindako lanak, arpillerak, artilezko eskulanak... bizipenen bozeramaile bihurtzen dira; horien bitartez biktimek beraien oroitzapenei bizia ematen diete. Hala, oihal zatiak, koloreak, materialen ehundura desberdinak, minaren eta doluaren hartzaile bihurtzen dira. Irudimena askatzeko aukera izateko, gomendagarria da oso biktimek material mota desberdinak, tamaina askotariko orrialdeak, kolore anitzetako margoak eskura izatea. Horiekin lanean direla, biktimek ahozko adierazpena eta gorputz espresioa lantzen dituzte.

Metodo honen sortzailea Cynthia Cohen da. Bostoneko Ahozko Historiaren Zentroan jarri zuen martxan lehen aldiz. Emakume afroamerikarrek oihalkiak erabiliz ohe-estalkiak egin ohi zituzten eta tradizio hori berreskuratu nahi izan zuen Cohenek.

Teknika berbera memoria jorratzeko ere erabil daiteke. Partaide bakoitzari paper edo oihal zati bat ematen zaio eta horretan tailerrean lantzen ari diren gaiak eragiten dizkion emozioak eta bizipenak islatu behar ditu. Ondoren, irudi, margo eta oihal zati guztiak josi egiten dituzte guztiek elkarrekin, errelato anitz bat osatuz.

Ohe-estalkia memoria kolektiboaren eta norberaren memoriaren metafora bilakatzen da. Ez dago patroi jakin bat diseinurako eta saio bakar batean edo gehiagotan egin daiteke. Komunitatearen ezaugarrietara eta trebezietara egokitu daiteke, esaterako, komunitate jakin batean bordatzen oso trebeak badira, maindireak, oihalak... bordatu ditzakete.

Gorputzaren mapak

Biktimak bere gorputza margotzen du. Teknika hau oso erabilgarria da sexu biolentzia, torturak, bortxaketak pairatu dituztenenen kasuan. Egoera horiek bizi izan dituztenentzat askotan oso zaila da horretaz hitz egitea, jasandako minari hitzak jartzea.

Norberaren gorputza margotuz, barne ezagutza prozesu batean murgiltzen da norbanakoa; bere larruazalak eta gorputzak gordetzen dituen markak ezagutzeko aukera ematen dio teknika honek, izan ere, gorputza biolentziaren eta memoriaren lehenengo gordelekua da.

Elkarrizketak

Banakako memoriak eraikitzeko erabili ohi den metodoa da. Elkarrizketa egiteko giro atsegin, seguru eta lasaia sortu behar da. Elkarrizketatuak, biktima, lekuko edo talde armatuko kide izan, bere burua lasai sentitu behar du askatasunez mintzatu ahal izateko.

Era berean, biktimekin lan egiten dutenen osasun fisikoa eta emozionala zaintzeko beharra ere nabarmendu du Memoria Historikoko lantaldeak. Askotan beraien lanak zertarako balio duen galdetzen diete beren buruei. Eszeptizismoa, muskuluetako mina, lo egin ezina, amorrua, adikzioak... ohikoak dira.