Ander Gortazar Balerdi
Arkitektoa

Hil ziren

Laster esango da zuengatik, esan ohi dena orain gugatik: hil ziren». Donostiako Polloe hilerriko sarrerako leloa da, espero ez nuen umore beltzez zizelkatua. Azalpena zein den ideiarik ez dut, baina ohikoak dirudite halako mezu zirtolariek Euskal Herriko hilerrietan: beude froga gisa Gaintzako “gaur ni, bihar zu” edo Eskoriatzako Apotzagako “gero arte” ezin zuzenagoa.

Eliza baino, nik aukeran nahiago hilerria. Hiletekin konparatuta, lur-emateak intimoagoak dira, politagoak. Irudikatzen dute ingelesez closure esaten zaion hori, ziklo baten amaiera hain ongi adierazten duen hitz soila; agian horregatik hartzen dira hilerrietan elizetan onartzen ez diren lizentzia umoretsu horiek. Hilerrian nengoela jaso nuen, justuki, Valentinaren dolumin mezua, Stockholmeko aireportutik zuzen zuzenean nire mugikorrera. Sentitzen zuela, kongresu batera zihoala eta pendiente genuela bueltatxo bat hilerriren batean, heriotzaz hitz egiteko. Ea kongresuak ordu batzuk libre utziko zizkion, nik. Baietz berak, ostegun goiza. “Skogskyrkogården” idatzi nion; bisita zezala, eta hitz egingo genuela ondoren. Ok.

Skogskyrkogården Unescoren gizateriaren ondare den hilerria da, Asplund eta Lewerentz arkitektoek diseinatua. Hilerria paisaiagintza ariketa bikaina da, doluaren kontzeptuaren baitan diseinatua, non natura eta arkitektura bisitariaren aldartean eragin dezaten pentsatuta dauden.

Almhöjden hausnarketarako zuhaiztia, esaterako, mendixka batean dago, sarreratik gertu: eskailerak igoz iristen da bertara bisitaria, eta igotzen joan ahala txikiagoa da eskailera-maila bakoitzaren altuera. Helburua da bisitaria errazago ibil dadin tontorrera ailegatu ahala, lasai sentitzea hausnarketarako toki honetara iristean. Almhöjdenetik Pizkundearen Kaperara doan kilometro eskaseko bidea, ondoren, zuhaitzez inguratua dago: urki negartiak lehenik, ohiko urkiak gero, segidan pinuak eta izeiak azkenik. Zuhaitzen segida zehatz honek bidea ilundu egiten du kaperara iritsi ahala, bisitariarengan malenkonia sortzeko intentzioz. Kaperatik beste ate batetik irtengo da bisitaria, espazio zabal batera, senitarteko eta lagunak aldarte hobean itzul daitezen euren ohiko bizitzetara.

Bruno Tautek zioen arteak heriotzaren irudia izan nahi duela; alde horretatik, irudi ederra sortu zuten Asplund eta Lewerentzek. Besterik da diseinu-erabaki hauek esperotako efektua sortzen duten bisitariarengan, baina ehorzketarik espero ez dudanez Skogskyrkogårdenen, baietz pentsatzea erabaki dut. Eta pentsatzen jarraituz, Jorge Oteizak Donostiarako diseinatu zuen hilerri-proiektuan pentsatu dut, eta nire buruari galdetu diot zein forma erabiliko zituen Oteizak, zein ibilbide sortu, zein material, zein paisaia, zein lelo, “Izarrak Alde” izen iradokitzailea zeraman proiektu frustratu horretan. •