amagoia.mujika@gaur8.info
infraganti

IDOIA TORREGARAI ETA MIRARI MARTIARENA

«Bakean dagoena, bakean utzi». Izenburu horixe du bi ahotsetara josi duten bakarrizketak eta, egia esan, gerrarako pronto sumatzen dira Idoia Torregarai eta Mirari Martiarena. Euskaratik eta generotik, umore zorrotza da proposatzen dutena, entzulea sastatzen duen horietakoa; barrez hasi eta hausnartzen segitzeko.

Z e nezesidade!». Emanaldiaren aurreko urduritasunak forma asko har ditzake. Elizondoko Arizkunenea kultur etxeko aretoan, oholtza gaina prest, soinu ekipoa probatuta, aulkiak paratuta baina hutsik artean... «Ze nezesidade!», esaten diote elkarri Idoia Torregaraik (Usurbil, 1974) eta Mirari Martiarenak (Oiartzun, 1986), sartu diren abentura berriaren parean. Bertigoa izango da akaso, baina umorez txukun kudeatzen dute.

Bistan da bazutela behar bat, elkartu, bi ahotsetara zerbait prestatu eta oholtzara igotzeko. Bestela, ez leudeke orain dauden tokian. Kazetaritzak batu zituen, kazetari lanetan ezagutu baitzuten elkar. Baina lotu, umoreak lotu zituen. Emakumeak dira, euskaldunak eta baserritarrak. Tira, gutxienez, baserrian jaioak eta haziak, nahiz eta egun baserritik aparteko ogibideak dituzten.

«Gure bizitzan topo egiten duten hiru puntu dira zalantzarik gabe, gu markatzen gaituztenak eta baita gure umorea bera ere», hasi da Idoia Torregarai. «Niri askotan gertatu izan zait ezezagun batekin hizketan hasi eta hark berehala esatea: zu baserrikoa zara. Errekurtsoak, erreferentziak, hizketan egiteko modua... badugu zerbait gure jatorri horrek emana», segitu du Mirari Martiarenak.

«Umore bikiak» dira, bizitzaren ertz askotan topo egiten dutenak. «Batez ere, umorean topatzen gara. Ezagutu ginenetik, umorea bion arteko erakarpen indar handia izan da. Euskarak ere pisu handia du, gure bizitzan garrantzitsua delako. Eta horrek ere asko lotu gaitu. Mirari eta Idoia ezin dira ulertu euskararik gabe», segitu du Torregaraik .

Ezagutu zirenetik, orain hamahiru bat urte, urrats desberdinak eman dituzte elkarren ondoan umorearen arloan. Torregarairen Barretartia blogean, Info7 irratiko “Astoroxa” saioan, Oiartzun Irratiko “Amapola Morea” saioan... «‘Amapola Morea’-n beti galdetzen genion gonbidatuari ea zer geratzen zitzaion bizitza honetan egiteko. Eta Idoiaren erantzuna: Mirarirekin bakarrizketa bat. Ba, hementxe gaude!».

Jendaurrean aritzeko beharra

«Mirarik eta biok argi genuen zeozer egin behar genuela elkarrekin jendaurrean. Irratian egin izan dugu, baita idatziz ere... Publiko aurrean gure buruak probatzea falta zitzaigun. Nabaritzen genuen hor bazegoela potentzialtasun handi bat, nonbait lehertu behar zuena. Eta oholtza batean izango zela pentsatzen genuen. Lau urtean ibili gara une egokia topatu nahian. Orain, apustua egin dugu. Lankuk baiezkoa eman digu –asko eskertzen diogu– eta hemen gaude. Baina bagenuen hau egiteko barne behar bat, behar fisiko bat; gure burua probatzeko, umorea euskaraz egiteko, umorea emakumeek egiteko...», azaldu du usurbildarrak. Aipatu bezala, Lankuren gain dago emanaldiaren kudeaketa eta agenda ari zaie dotoretzen. Gaur, Donezteben izango dira; martxoaren 16an, Berrobin; eta, apirilaren 21ean, Zizurkilen.

Martiarenak ere bazuen «nezesidade» hori. «Nire umorea gorpuzteko behar bat sentitzen nuen. Lagunartean zeozer kontatu eta lagunak barrez lehertzen ikusten ditudanean, poztu eta puztu egiten naiz. Zerbait berezia eta magikoa da. Azken urteetan nire buruarekin egin dudan lanketarekin estu lotzen dut hori, gainera».

Oiartzuarrak oso modu zuzenean hitz egiten du bakarrizketan bere gorputzari eta konplexuei buruz. Algarak eta gogoeta, biak pizten ditu bata bestearen segidan. «Konplexu asko izan ditut eta ditut oraindik. Nire buruarekin lanketa garrantzitsua egin dut. Konplexu horiek konpondu daitezke dudan gorputza aldatuz? Akaso bai, baina seguruago zein naizen eta nolako gorputza dudan onartuta. Hori umoretik hartzea erabaki dut, ez sufrimendutik. Umorearekin dena da askoz errazagoa», kontatu du.

Bizitzarako estrategia

Umorea, zalantzarik gabe, askok uste baino erreminta indartsuagoa da. Torregarairen bizitzan konstante bat izan da umorea, bizitzari begiratzeko ertz bat. «Etxean jaso dudan zerbait da. Aita, sekulako plazagizona zen. Eta ama oso baikorra da. Herrian, Usurbilen, aita asko maite zuten bere umoreagatik. Nik oso presente izan dut hori betidanik eta arreta berezia jarri diot gurasoek bizitzari begiratzeko duten ikuskera horri. Eta orain nire seme-alabei transmititzen saiatzen naiz. Umorea bizitza ikusteko modu bat da, estrategia bat. Horrek ez du esan nahi umoreak arazoak konponduko dizkizunik, baina bada bizitzari begiratzeko modu bat. Betaurreko moreak bezala, ‘betaurreko umoreak’ ere oso garrantzitsuak dira aurrera egiteko».

Duela gutxi Idoiaren semeari lagun batek galdetu zion bere ama zein ote zen, zertan aritzen ote zen. «Txorakeriak egiten dituen bat da nire ama», semearen erantzuna. Eta, ama, pozik azalpenarekin. «Bizitzarako estrategia ona den neurrian, saiatuko naiz alabari eta semeari umorea garatzen laguntzen».

Umoreak, baina, ez du oso izen ona. Garrantzirik eta pisurik gabekotzat jotzen da. «Umorea sekulako tresna da era guztietan pertsona bezala ahalduntzeko. Ez zaio baliorik ematen, baina Mirarik eta biok oso garbi daukagu tresna oso garrantzitsua dela».

Euskara eta generoa

Euskara eta generoa. Horiexek dira “Bakean dagoena, bakean utzi” emanaldiaren zutoinak. Hizketa saioaren abiapuntua, berriz, eguneroko gauza txikiak, «noizbait denok pasatu ditugun egoerak».

«Ni, adibidez, askotan joan naiz arropa erostetik bueltan etxera negarrez. Eta denbora asko eman dut arroparik erosi gabe, neurriarekin arazoak nituelako. Baina, orain, horri buelta eman eta aldagelatan pasatako komeriak kontatzen ditut. Seguru emakume asko identifikatuta sentitzen direla nirekin eta, ni entzunda, sentituko dute ez daudela bakarrik, ez direla egoera hori sufritu duten bakarrak. Emakume askok sufritzen dituztenak kontatzen ditugu; norbait ikusten duzunean zuk sentitzen duzuna esaten, lasaitu egiten zara eta gauzak beste modu batera hartzeko aukera ematen dizu horrek».

Umorez deseraikitzea. «Zure buruari barre egiten diozunean, lasaitu egiten zara, ez zara bakarrik sentitzen eta deseraikitzen hasten zara. Gure lehen helburua ondo pasatzea eta ondo pasaraztea da. Baina, gainera, gogoeta bat pizten badugu, umorez deseraikitzea lortzen badugu, hori primerakoa litzateke», gaineratu du Torregaraik.

Gauza txikietatik, eguneroko egoeretatik, une aldrebesetatik abiatzen dira Martiarena eta Torregarai beren hizketaldi berezian. «Hori ere garrantzitsua iruditzen zaigu, gauza txikietatik abiatzea. Gaur egun diskurtso handiak izaten dira, oso teorikoak, eta batzuetan zaila da horietan zure burua kokatzea. Aldiz, konpresa batetik edo paxa batetik abiatuta, errazagoa da gizarte honek inposatzen dituen kortseak identifikatzea».

Egia esan, sinesgarritasun handiko jarduna da oholtza gainean proposatzen dutena, nabari da beren azalean sufritutako egoerak direla. «Guk gure buruari egiten diogu barre. Oraingoz, behintzat, horretan sentitzen gara eroso; guretik publikoarengana, pare-paretik, ez goitik behera. Gure lotsekin eta konplexuekin jartzen gara jendaurrean. Guk kontatzen duguna gurea da, hor ez dago gezurrik. Esajerazioa egon daiteke, baina betiere egiatik abiatuta. Gure esentzia dago, norberetik eta egiatik aritzen gara».

Emakume umoregileak

Emakume umoregileena ere ez da asko ibilitako bidea. «Umoregile bezala ez da emakume asko aritu, baina umorearen tradizioa landu duten emakumeak egon dira. Emakume bertsolariak, adibidez, bide urratzaile oso garrantzitsuak izan dira. Eta antzerkigintzan ere izan dira umoreari lotutako emakumeak. Baina egia da espresuki umoregile bezala, oro har ez dagoela emakumeen tradiziorik, eta, Euskal Herrian, gutxiago. Gu nahi duguna egiten ari gara, baina kontziente gara, gure txikitasunetik, bide bat egiten ari garela. Horrek balio badu emakumearen eta umorearen arteko harremana pixka bat normalizatzeko, ba gu oso pozik», iritzi dio Torregaraik.

Izan ere, emakumeari umorea libre eta jendaurrean egiteko baimena ez zaiola eman sentitzen dute. «Lagun askok esaten didate ausarta naizela oholtzara igo eta umorea egiten dudalako. Nik ez dut ezer berezirik egiten, orain arte lagun artean egin izan dudana orain publikoaren aurrean egiten dut, ez besterik. Baina egia da gizonezkoei baimendu zaizkien gauza asko ez zaizkiola onartzen emakume bati. Begirada bera desberdina da. Aldaketa gertatzen ari da, baina oraindik ez dira berdin ikusten umorea egiten duen gizona eta umorea egiten duen emakumea», gaineratu du Martiarenak.

Emakumea historikoki umorearen objektu izan delako, ez subjektu. «Emakumeari erakutsi zaio gizonezkoen txisteei barre egiten, ez barre eginarazten. Duela gutxi irakurri dut AEBetan egin duten ikerketa bat. Gizonezkoei emakume graziosoak zergatik ez zaizkien gustatzen ikertu dute. Oinarrian arrazoi kulturalak daudela ondorioztatu dute; zeinek dauka oholtza hartzeko espazioa, protagonista izateko aukera, subjektu izateko askatasuna? Gizonak, zalantzarik gabe. Aldiz, emakumea subjektu pasiboa da, txisteez barre egin behar duena, baina neurrian. Hori oso barneratuta dago eta kostatu egingo da iraultzea. Oraindik egungo jendartean emakumeari ez zaizkio gauza batzuk baimentzen eta horietako bat, zalantzarik gabe, umorea sortzea da».

Bukatu da dagoeneko Elizondoko saioa. Giharrak eta arima lasaituta goaz etxera, barre saio eder bat eginda. Hala ere, mamia duen barrea izan da, pisua uzten duena sabelean. Eta egun batzuetan piztuta segituko du bonbillak. Batzuen bakeak beste batzuentzat gerra dakarrenean, bake faltsu hori lehertu beharra dagoelako. •