Xabier Izaga Gonzalez
ERREMENTARI HERRIA

Otxandiok antzinatik burdingintzarekin izan duen loturaren ikerketa egin dute

Burdingintzak berebiziko garrantzia izan du Euskal Herrian. Otxandiarrek beren kulturaren parte garrantzitsua dute, nekazaritza eta abeltzaintzarekin batera. Iaz Otxandioko Errementarijek Taldea sortu zen, herri horretan errementaritzak eta haren bilakaerak antzinatik izan duen bilakaeraren berri emateko asmoz.

Otxandioko jaiak amaitzen direnean, «jende guztia tristeturik» dagoela, “Agur Santa Marina” abesten dute. Agur, besteak beste, Santa Marina herriko zaindariari, elizari, bolalekuari eta iturriari. Ez da kasualitatea Vulkanoren omenez egindako iturria kantuan agertzea, burdinolek garrantzi itzela izan baitzuten Otxandion. Iturria Vulkanoren harrizko estatua duen silarrizko harroina da. Suaren jainkoak, zutik, errementarien kurrikak ditu eskuan. Harroinean, “Otxandioko erriak Bulkano olagizonen Jaungoikoaren omenes 1850. urtean egindako iturria” irakurgai dago. Urte hartantxe eraiki zuen iturria Martin Sarazibarrek, ordurako herri horretan mendeetako tradizioa zuen burdingintza gogoan. Betidanik, lehenengo sektorearekin batera, herri horretako ekonomiaren zutabea izan dira burdinolak, Euskal Herriko leku askotan bezala. Baina burdin barrak egin ez ezik, landu ere egiten zuten metal hori.

Iazko udan herrian hainbesteko garrantzia izan duen jarduna gogoratu eta haren gaineko ikerketa egiteko asmoz, Otxandioko Errementarijek Taldea sortu zuen herriko lagun kuadrilla batek, eta erakusketa bat antolatu zuen Udalaren laguntzarekin.

Otxandioko «errementaijek»

Orain dela urte bi hasi ziren ideia horren inguruan hausnarrean, haietako batek Otxandioko igerilekuetako taberna hartu zuenean. Iñaki Biteri elkarteko kideak esan digunez, hantxe batzen hasi ziren eta egunero herri mailako komentarioen artean ideia hori agertu zuen batek: «Gezurra esan liteke dela Otxandio zelako famatua izan den errementarien kontuarekin eta ez dela ezer ere egin!». Zer egin litekeen galdetu zuen batek eta beste batek, atoan, «zergatik ez egin horrelako monumentu bat?». «Horrelako» monumentua esan zuenean Andikona plazan Otxandioko bonbardaketa gogoratzeko Nestor Basterretxeak egin zuen eskultura ikaragarria zuen gogoan, eta horrelako gauza bat egiteko kapaz izango zen galdetu zion Biteriri. «Kapaz, bai», esan zion hark. Ea Andikona plazakoa bezain handia egiteko gauza ote zen galdetu zioten, eta baietz erantzun zuen.

Hartara, nolakoa izan beharko zuen eta nola egin pentsatzen hasi ziren. Herrian sasoi batean kate ugari egin zituztela gogoratu zuten eta katez egitea erabaki zuen Biterik. Bazekien kateak non lortu; izan ere, 43 urtez Vicinay lantegian lan egindakoa da. Mundu mailan kategintzan garrantzitsuenetakoa izan zen Vicinay enpresak gaur egun Otxandion bertan eta Gasteizen zamak altxatzeko aparailuak egiten ditu, eta Sestaon petrolio plataformetarako eta ontzigintzarako kateak. Lagun baten laguntzaz kate handiak lortu zituen monumentua egiteko, ez edonolako kateak, baina, 110 milimetroko diametroko kate-mailak dituztenak baizik. Kate-maila bakoitzak 93 kiloko pisua du. Monumentu horrek zer erakutsi behar zuen pentsatu zuten, errementariak gogoan izateko obra izan behar zuela kontuan izanda; beraz, sutegiko lana adieraziko zuen multzoa izan beharko lukeela erabaki zuten, hauspoa, ingudea eta beste elementu batzuek osatutakoa.

Biterik diseinua egin zuen eta lagunei gustatu egin zitzaiela dio. Vicinay enpresaren Otxandioko lantegian egin zuen obra, Jose Migel Gonzalez de Audikanaren eta Mariano Basterretxearen laguntzaz. Materialak lantegiak eman zituen, doan. Eta harrezkero Otxandioko Ospitale kale kalean dago burdinazko eskultura ikusgarri hori.

Hura izan zen Otxandioko Errementaijek Taldearen sorrera, baina ez elkarte gisa eratzeko izapideak egiten dabilen talde horren lan bakarra. Iazko uztailean herriko antzinako burdinolan erabili eta egiten zituzten tresnak ezagutarazteko, hainbat lanabes jarri zituzten ikusgai, arte lanak balira bezala, plazatxo batean. Esker onez gogoratzen dute Udalaren laguntza, hala nola Vicinay enpresarena eta Remigio Gonzalez Langarikaren familiarena, lanabesak jartzeko lekua uzteagatik.

Burdingintzaren iragana

Udalarekiko harremanak harago joan ziren, ordea, eta Otxandioko errementarien historia luzea berreskuratzeko lanari ekin zioten. Aspaldi luzeko garaietara garamatza burdingintzarekiko lotura horrek, Erdi Arora, hain zuzen, Otxandioko Errementarijek Taldeak eskaini digun informazioaren arabera.

Esan bezala, burdingintzak garrantzi handia izan zuen euren herrian eta mendez mende, gizon, emakume eta ume belaunaldiek bizirik gorde izan dute burdingintza, euren kulturaren parte denez gero.

Antzina Otxandioko lurraldean zeuden haizeolek, agorrolek eta jentilolek sortutako zepetatik hartu dituzten laginek erakusten dutenez, burdingintzaren inguruko jarduna oso goiz hasi zen herrian. Elkarteak dioenez, ahalik eta zorrotzen izateko «kontserbadore izanda», 400. edo 500. urtean burdingintza ezaguna zen Otxandion. Bizkaiko lagin zaharrenak, 400. urtekoak, Otxandio ondoko Diman topatutakoak dira. Oso gertu dago, hala berean, Urbinako Bagoeta herrixka, Legutio udalerrian, eta bertan 600. urteko laginak aurkitu izanak indartu egiten du hipotesi hori.

Inguruko mendietako burdin hobiek, burdina urtzeko behar zuten ikatza egiteko egur ugari izateak eta burdinoletarako ur ugari izateak Otxandio burdingintzarako leku aproposa bihurtu zuten. Gainera, haren kokapen geografikoak, mesetarako eta kostalderako bidean zegoenez, areagotu egiten zuen jarduera horretarako egokitasuna, herrian eta inguruko herrietan egiten ziren manufakturak saltzeko aukera handiagoa zuten eta.

Antso Jakituna errege nafarrak 1155. urtean Durangaldeko nekazari zentsu-hartzaileei eman zien foruan Otxandio agertzen da, merindadeko hego-mendebaldeko azken gotorleku gisa. 1199an, ordea, Gaztelako Erresumak Durangaldea konkistatu zuen, Nafarroako Erresumako beste hainbat lurralde bezala. 1236 eta 1254 artean, Bizkaiko jaun Diego Lopez Harokoak hiribildu foruak eman zizkion Otxandiori, beharbada herriko burdingintza ordurako zahar eta entzutetsua zelako. Burdingintza ezinbestekoa zen armak, erremintak, iltzeak, gontzak, ferrak... egiteko. Bestalde, esandako kokapen geografikoa ere hartarako arrazoia izango zen. Hori guztia zela-eta, behin eta berriz berretsi zizkioten Otxandiori foruak.

“Amerikaren aurkikuntza” esan zaionak burdingintzari bultzada handia eman zion eta Otxandio bertan egiten ziren burdinazko manufakturak zabaltzen hasi zen, Amerika kolonizatzen hasia zen Gaztelaren hornitzaile bihurtuta.

Limitadua

Mende berean, bestalde, gaur arte iraun duen gatazka bat sortu zen otxandiarren eta aramaioar auzokideen artean, neurri handian herri bizkaitarreko burdingintzaren maila onari lotutakoa. Izan ere, Otxandiok hazkunde nabarmena izan zuen mende hartan eta bere lurraldea handitzeko beharra zuen. Egur falta handia zuen, ezinbestekoa baitzuen burdinoletarako, etxeak egiteko eta abereentzako zein etxeetan erabiltzeko, eta Otxandioko udalerria hedaduraz txikia zenez, ez zuen baso askorik, Aramaiok ez bezala.

Ez dago erraz esaterik jatorriz nongoa zen gatazkaren kausa izan zen Otxandio eta Aramaioko Oleta auzoaren arteko 500 hektareako lur saila, Limitadua. Zenbait historialariren arabera, Erdi Aroan Aramaioko kondeak Otxandiori kendutako lurrak dira. 1754an Otxandion gaurdaino ailegatu den ohitura hasi zen, Basabisitta egitea, alegia, Arabako zein Bizkaiko herriak eta Otxandio bereizten dituzten mugarriak ikuskatzeko.

Hurrengo mendean, gatazka konpondu ezinik, Bizkaiko eta Arabako foru aldundiek eta udalek arbitraje bat egitea erabaki zuten, Gipuzkoako Foru Aldundia bitartekari ipinita. XX. mendearen hasieran, Gipuzkoako Aldundiak batzorde bat ezarri zuen, Aramaioren aldeko erabakia hartuko zuena, baina, aldiz, Bizkaiko Aldundiak ez zuen erabakia onartu, Batzordeak ez zuela hitzartutako prozedura jarraitu argudiatuta.

XX. mende bukaeran, arazo berriak sortu ziren ondasun higiezinen gaineko zerga-bilketaren, hirigintza-eskumenen, eremu horretako etxeen jabego-erregistroen eta abarren inguruan. Hori dela eta, Arartekoaren bitartekaritza tarteko, adostasunerako proposamen bat egin zuten: Limitadua bi zati berdinetan zatitzea, erdia Aramaiorentzat eta beste erdia Otxandiorentzat; hala ere, arazoak bere horretan jarraitzen du. Gaur egun Otxandioko udal zerbitzu eta kirol instalazio gehienak Limitaduan daude.

Gainbehera

Burdingintzaren bilakaerari dagokionez, 1793an, 110 etxebizitza zeuden Otxandion eta horietako 66k sutegia zuten. Balaustreak, iltzeak eta ferrak egiten zituzten, egunean 3.000 kilotik gora burdina erabilita. 1849an, burdinola bat, 80 sutegi eta sarraila-denda bi zituen herriak. XIX. mendean bertan, baina, Otxandioko burdingintzaren gainbehera heldu zen. Karlistaldiek, Bilboko Boluetako labe garaiek eta industriako aurrerabideak errementaritzaren krisia eragin zuten, baita langabezia eta emigrazioa ere.

XX. mendean herriko burdingintzaren bultzada berri bat izan zen, baina 1929ko nazioarteko krisiak eta 36ko gerrak zapuztu egin zuten. Gerra ostean itxi zuten Samartoi kaleko Bernabe Elgearen sutegia, Otxandioko azkena.

Edonola ere, gaur egun burdingintzaren tradizioak bizirik dirau Otxandion, bertan sektoreko enpresa garrantzitsuak daudela.

Aurrera begira, Otxandioko Errementarijek Taldeak badu proiektu bat. 64 metroko sakonera duen iturriaren azpiko ura tanga batera aterata, bisita gidatuak antolatzea, Iñaki Biterik dioenez. Eta uda partean, herriko jaietan, errementarien monumentua dagoen lekuan erreminta zaharren erakusketa bat antolatzeko asmoa dute.