Ane URKIRI ANSOLA
OZTOPOAK MUGAZ MUGA

Entzuten ez diren ahots isilarazien atzeko zorigaiztoko ibilbide amaigabea

Migrazioa gurekin zerikusia ez duen afera izango balitz bezala jasotzen dugu. Mahmud Traorek adierazi bezala, nolabait, Europan dagoen arrazismoa «disimulatuagoa» da. Klandestinitatearen zirrikitua zabaldu zuen liburu batekin Traorek, eta migrazioa herri batzuen ekonomian «ezinbesteko» giltzarria dela ohartarazten du.

Nahiz eta pentsatzen dugun migrazioaz asko dakigula, ezezaguna da oso gure begientzat. Alde batetik, ibilbide guztia ikusten ez dugulako –eta begiek ikustea beharrezkoa dute, bai hitzen bitartez edo ikus-entzunezko produktuen bitartez–. Bestetik, beste alde batera begiratzen dugulako. Erosotasunean bizi baikara.

Gutxitan izan dira entzunak etorkinen bizipenak eta isilik mantendu direnen –edo gutxietsi direnen– ahotsa izaten saiatu da Mahmud Traore senegaldarra. Lehendabizi “Partir para contar” liburuaren bidez (2014), non bere ibilbidea azaltzen duen xehetasun guztiekin; eta, ondoren, 2017an argia ikusi zuen “Samba, un nombre borrado” dokumentalaren gidoia idatziz. Hain zuzen ere, ikus-entzunezko hori aurkeztera etorri zen Traore Euskal Herrira, Madrilgo Lavapies auzoan Senegal bertako kale saltzaile baten heriotzaren harira izandako istiluetatik egun gutxira. «Bertara joatekoa naiz, bai», onartu zuen segidan. «Senegalgo Gobernuak ezer esaten ez badu ere, herrialdeko ekonomiaren herena osatzen dugu etorkinok. Hau da, familiari bidaltzen diogun laguntzak, Senegaleko ekonomiaren zati handi bat suposatzen du», azaldu zuen Traorek. 2005ean Andaluziara heldu zen Traore, eta nabari zaio bai bertako hizkera.

2014an argitaratu zuen liburuan, non bere esperientzia lehen pertsonan kontatzen duen, jakin gabeko kapitulu asko jarri zituen interesa zuen ororen begien aurrean Traorek. Hori bai, nabarmendu nahi izan zuenez, «bakoitzaren bizipenak bakoitzarenak dira eta ezin daitezke orokortu».

Migrazio «nomadaz» mintzo da Traore, «eta askotan helburua ez da Europa izaten, Afrika barneko migrazioa ere handia da, kontatzen ez den arren». Hurrengo herrira heltzeko diru justuarekin abiatzen dira etorkinak, ondoren lan egin eta hilabete batzuen buruan aurrera egiteko. Ibilbidearen amaieran Melilla edo Ceutako mendietan kontzentratzen dira, Gurugu eta Beliones mendietan. Eta hor pizten dira fokuak, jada Europara heltzear daudela. «Inbasio moduan saltzen dute harresiaren jauzia, lana kentzera etorriko bagina bezala, edota mafiosoak garela esanez. Jauzi masibo horietako gehienak, ordea, polizia marokoarrek probokatuta gertatzen dira. Gurugu edo Belionesera etortzen dira, etxolak suntsitu, jendea jo eta beldurtzera. Hor denbora askoan egon ezin garenez, harresirantz joaten gara. Hori da emigrazio nomada».

Patxadatsu eman zituen azalpenok, liburuan legez. Kapitulu bakoitza bizipen bati dagokio, eta une oro usain dezakezu bakardadeak eta ezjakintasunak sortu dezakeen beldurra. Lagun bakarrarekin abiatu zuen bidea eta klandestinitate sareetan barneratu behar izan zuen.

Klandestinitate sareak

Harresiaren jauziak edo itsas-zeharkaldiak lotzen ditugu migrazioarekin, ekintza hori bakarrik existituko balitz bezala. Jakina da, baina, atzean pauso gehiago daudela, eta, Traorek nabarmentzen duenez, Afrikako herrialde batzuetan, gainera, Europan bertan baino arrazismo handiagoa existitzen da. Hiru herrialde nabarmendu zituen: Libia, Aljeria eta Maroko.

Nomadak izaki, gainera, klandestinitate sareetan harrapatuta geratzen dira. Derrigorrez. Pausu bat emateko beraien gidaritza eta baimena behar baitute, administrazioa bera baina indartsuagoak izan baitaitezke sareok. Dirutzak ordaindu behar izaten dituzte, eta, Traorek ikasi zuen bezala, gainera, askotan ez dute bidaiaren ibilbide guztia egiteko balio. Desertuan behin baino gehiago geratzen dira guztiz botata etorkinak, gidariak ihesi joan ostean. Liburuan aipatzen duenez, azkenerako zaila izaten da alboan duzunarengan konfiantza izatea; hori bai, laguntzeko prest daudenek, badute «begirada berezi bat».

«Senegaletik irtetean Boli Kosta nuen helburu, baina, hurbiltzen gindoazela, bertan gerra bat zela ohartarazi ziguten. Nik bidaia hori ordaintzeko baino ez neukan dirua. Horrela, Afrika erdialdeko herriak saltzen hasi zitzaizkigun: Ekuatore Ginea, Kongo, Gabon, Kamerun... Edo, bestela, Libia, non lana aurki dezakezun». “Partir para contar” liburuaren azala erakutsi eta egindako ibilbidea adierazi zigun atzamarrarekin Traorek. Niamey arte bere lagunak lagundu zion, zeinak anaia zuen Italian, Brescian. «Nigerrera heldu bezain laster, nik argi nuen lana egin beharra neukala». Heltzen diren herri bakoitzean ghetto klandestinoekin egiten dute topo, herrialdeka banatuak. Batzuek, gainera, organigrama indartsua dute, presidente, presidenteorde, idazkari eta diruzain eta guzti. Berez, diru kopuru nahikoa batutakoan herria utzi eta beraien helmugarantz abiatzen dira, baina badira «ghettoko agintari gisa» ederki bizi direnak eta migratzeko asmorik ez dutenak. Herrialdetik herrialdera, ghettotik ghettora ibiltzeko hilabeteko lanak egin behar izaten dituzte, «eta horregatik irauten du bidaiak hainbeste».

Harresia

Traorek, Libian zegoela, Italia zuen helburu, baina baldintzak ez ziren onenak, beraz, bidaia nomadarekin jarraitzea erabaki zuen. 2002an irten zen Senegaletik eta 2004an heldu zen Marokoko Gurugu mendira, Melillatik gertu. 2005ean Ceutako harresia laugarren aldiz pasatu zuen arte, hiru aldiz itzuli zuten desertura: «Berriro saiatu beste aukerarik ez nuen, desertua beste behin oinez igaro Beliones kanpamentura heldu arte».

«Zatirik gogorrena Agadezetik Libiako aurreneko herrira bitartekoa izan zen, Ghat arte. Hor daude inon baino hilotz gehiago», kontatu zuen. «Nire ustez, harresian edo Lampedusan baino gehiago. Baina Europa ez denez, ez da hitz egiten, ez dauka garrantzirik».

Berak harresia gainditu zuen urtean, 2005ean, tiroak ere egon ziren Ceutako harresian: «Benetako balak tartean, baina ez zuen oihartzun gehiegirik izan 2014ko El Tarajal hondartzan gertatutakoarekin alderatuz, Marokok bere gain hartu zuelako erantzukizuna». 100 gorpu aurkitu zituzten bertan, Marokoren lurretan, eta Europak «eskuak garbitu zituen». «Harresiaren azpikontratazioa deitzen diogu, mugaren kontrola, lan zikina, beste herri bati pasatzea. Marokori, gainera, ondo datorkio Europar Batasunarekin harremanak estutzeko», azaldu zuen. Gaineratu zuenez, Marokok etorkinekin eginiko mugimendu bakoitza justifikatzen du Europak, «eta gu merkantzia soil bihurtzen gara».

Dokumentala sortzearen abiapuntua Ceuta eta Melillako hilerrietako hilobi komunak izan zirela kontatu zuen Traorek. «Hildako etorkinak zenbakiz adierazita daude bertan, eta kontatu nahi nuen poliziek hiltzen dituztenak ez direla zenbakiak, baizik eta gizakiak». Horietariko bat zen Samba, Mahmud Traoreren eskualde bereko gaztea. El Tarajal hondartzan hil zen itota beste hamalau lagunekin batera 2014an, Guardia Zibilak uretan zirela gomazko pilotekin eraso egin zienean. «Biktimei izena jartzeko garaia zela erabaki genuen, eta Sambak horretarako balio izan zigun». Ez zen lan erraza izan Samba identifikatzea eta berriro klandestinitate sareetan murgildu behar izan zuen bere benetako nortasuna ezagutzeko. «Imajinatu zer izan zen niretzat hain gaizki tratatu ninduten lekuetatik igarotzea, iruditu zitzaidan arrazismoak gora egin duela», nabarmendu zuen.

Behin Sambaren familiarengana helduta, Traorek kontatu zien zer gertatu zen. Bazekiten euren seme zaharrena –«onena, langileena, eskuzabalena»– hilda zegoela, baina ez zer gertatu zitzaion. «Semea hil egin zutela esan genien, Europak hil zuela. Ezin zuten sinetsi muga batean jendea hil zezaketenik, are gutxiago Europak», jakinarazi zuen. Izan ere, giza eskubideak errespetatzen diren kontinente bat bezala ikusten dute Europa Afrikako leku askotan.

Mahmud Traore eta ekoizleei esker, Sambaren aitak, azkenik, deskantsatu ahal izan zuen, jakinda semeak gauzak ongi egin zituela eta beste batzuk zirela gaizkileak: «Asko eskertu zigun gertatutakoa kontatu izana. Askotan sendiak ez daki semea nondik nora dabilen ere. Porrota gaizki ikusita dago, orduan senide bat hiltzen denean beti pentsatzen dute zerbait gaizki egingo zuela horretarako. Sambaren aitak ere hori pentsatzen zuen gu joan arte».

Porrota bere ere izan zuen hizpide Mahmud Traorek, onartuz askotan etorkinek beraiek elikatzen dutela porrotaren tabua eta arrakasta erakustearen kultura. Badute zergatia: «Ibilbide guztian miserable gisa tratatzen zaituzte, kalean lo egin behar izaten duzu zure bizitzan lehen aldiz, Europara iritsi eta ‘ilegal’ deitzen zaituzte... Etxera bisitan joatean babesa behar duzu. Afrikan dagoen irudipena da Europan dirua erraz egin dezakezula, eta ezin duzu esan zorigaiztokoa zarenik. Asko sufritu duzu, eta, errespetatua izatea nahi duzu; horregatik disimulatzen duzu porrota».

Inposatutako mugen gainetik, muga pertsonalei ere izkin egin beharrean dira etorkinak. «Batzuetan ‘beharrak’ bultzatzen du gizakia erbestera», erantzun zuen Traorek –liburuan azaltzen duen legez– Europara zertarako joan nahi zuen galdetu ziotenean. Pobreziak eragindako beharra, bizitza duin bat aurkitzeko beharra, eta, hein batean, baita garatutako herrialdeetan arnasten omen den askatasuna eta hitz emandako ustezko giza eskubideak egiazkoak diren edo ez frogatzeko beharra. Funtsean, azkenean «aire zabaleko kartzela batean» –hala deskribatzen du Traorek– bizitzen ikastera behartuta egon arte, gizartean nagusi diren aurreiritziak eta agintarien beharrizanak tarteko.

Ostiralean hasiko da XVI. Giza Eskubideen Donostiako Zinemaldia

Giza Eskubideen Donostiako Zinemaldiak 16. edizioa beteko du aurtengoan. Apirilaren 20an hasi eta hilaren 27ra arte iraungo du eta “Samba, un nombre borrado” dokumentala ikusteko aukera egongo da, besteak beste. “Die göttliche Ordnung” (“El orden divino”, 2017) film suitzarrak emango dio hasiera Donostiako Udaleko Giza Eskubideen Bulegoak eta Donostia Kulturak antolatutako festibalari, datorren ostiralean, Victoria Eugenia Antzokian, hain zuzen ere.

Suitzako emakumeek botoa emateko eskubidearen alde egindako borroka kontatzen da aipatu filmean, eta, antolatzaileek aurreratu zutenez, «urtero legez» zinemaldiak askotariko gaiak landuko ditu aurten ere: «Justizia leheneratzailea indarkeria matxistaren aurrean [“A Better Man”], frankismoaren biktimak eta justizia unibertsala [“Desde el otro lado del charco”], autokudeaketan eta lankidetzan oinarritutako supermerkatuak [“Food Coop”], beraien herrialdean gertatzen denaren kronikari bihurtutako siriar batzuen istorioa [“City of Ghosts”] eta elizaren barruko pederastia-kasu bat [“Shootball”] kasu».

Era berean, jakinarazi zuten proiekzioak amaitutakoan solasaldiak izango direla. Horretako, beren esperientziak kontatuko dituzten gonbidatuak izango dira aretoetan.