Ion Salgado
OKUPATOUR

Gasteiz «debekatua» bizikletaz ezagutzen, Udalak trenez egitea galarazi eta gero

Gaur, 11.00etan, OkupaTour ekimena Andre Maria Zuriaren plazatik abiatuko da. Gasteiztxo trenaren antzeko ibilgailu bat erabili nahi zuten autogestioan eta okupazioan diharduten kolektiboek, baina Gasteizko Udalak debekatu egin die. Azkenean, ibilbidea bizikletaz egitea erabaki dute. Inork ezin baitie galarazi «hiri debekatua» osatzen duten guneak bisitatzea.

Gasteiz mila aurpegi dituen hiriburua da. Batzuentzat EAEko «erakunde komunen» egoitza da, Gernikako Estatutuak jasotzen duen bezala. Beste batzuentzat, «hiri berdea», parkez beteriko hiria. Eta askorentzat ekimen autogestionatuak aurrera eramateko leku aproposa. Hala, iraganean Lorezainaren Etxea zena gaur egun Gaztetxea da, eta Errakaleorreko etxe zuriak kolorez bete dira. Gauza bera gertatu da Auzolana Pilotalekuan eta Judimedi auzoan dagoen Sumendi gunean.

Ezagutzen ez dituenak aukera ezin hobea dauka gaur. Izan ere, 11.00etan puntuan abiatuko da OkupaTour ekimena Andre Maria Zuriaren plazatik. Bildutakoek bizikleta erabili beharko dute autogestioan diharduten kolektiboak bisitatzeko, Gasteizko Udalak debekatu egin baitu kaleak turistez beteta zeharkatzen dituen Gasteiztxo trenaren antzeko ibilgailu bat erabiltzea ibilaldia egiteko. Errekaleor eta Sumendiz gain, beste geldiune batzuk ere izango ditu bizikleta martxak, adibidez, Hala Bedi Irratia eta Santo Domingo kalea. «Hiritarrei eskaini nahi diegu gure guneak bisitatu eta bizitzeko aukera. Galdetzeko edota barruan dagoena ikusteko aukera izango dute», azaldu du Unai Saez de Ocariz Sumendiko kideak.

GES, Sumendi, Arkillos 10, Errekaleor Bizirik!, Auzolana Pilotalekua, Hala Bedi eta Gasteizko Gaztetxearen izenean sinatutako iritzi artikulu batean, Mikel Buruagak eta Aitziber Ramirez de la Piscinak hiri «debekatua» bisitatzera gonbidatu dituzte herritarrak. Gogoratzen dutenez, duela hamar urte gazteek Errekaleorreko etxeak berreskuratu zituzten, eta duela bost Alde Zaharreko auzokideek Auzolan Pilotalekuaren ateak ireki zituzten. Eta 35 urte pasa dira jada Hala Bedi sortu zenetik. «Pasa eta ikusi lagunok, debekuen hiritik harago dagoen Gasteiz da hau... eta gehiago izateko bokazioa dugu!».

Urte osoko egitaraua

Ramirez de la Piscinak GAUR8ri azaldu dioenez, OkupaTour ekimena Gaztetxearen urteurrena ospatzeko jardueren baitan kokatu behar da. Izan ere, apirilaren 28an 30 urte beteko ditu Muinoko Etxeak, eta urte hasieratik hainbat ekimen egin dituzte. «Urtarrila hilabete ekologista izan zen, otsaila gazte mugimenduaren hilabetea eta martxoa hilabete feminista. Bada, apirila autogestioaren eta okupazioaren hilabetea da», nabarmendu du.

Jarraian, astean zehar egindako hitzaldi eta ekintzak gogoratu ditu Ramirez de la Piscinak. Asteartean autogestioari buruzko mahai ingurua egin zen, eta asteazkenean herri mugimenduei zuzendutako tailerra Sumendin. Ostegunean Manresako PACH plataformako kideek okupazioari buruzko hitzaldi batean parte hartu zuten, eta, atzo, “Okupa Scape Room” jokoa antolatu zuten Errekaleorren. Eta datorren astean ekimen gehiago egingo dituzte. Ostiralean isun ekonomikoei aurre egiteko elkartasun jaialdia ospatuko dute, eta, larunbatean, Gasteizko Gaztetxearen urtemugaren karietara egindako diskoa aurkeztuko dute.

Dena den egun bereziena apirilaren 28a izango da, Prudentzi Eguna. Gosari herrikoia, haurren txokoa, ikuskizunak, herri bazkaria eta kontzertuak egongo direla iragarri dute Gaztetxeko kideek, baina oraingoz ez dute zehaztu egitaraua. Berdina gertatzen da urriaren 6an egingo den OkupaTU Gasteiz egunarekin. Egun horren antolakuntzan, autogestioan aritzen diren hainbat eragile ariko dira. Guztiak bilduko dira hiriko kaleetan okupazioaren eta autogestioaren garrantzia plazaratzeko.

«Errekaleorreko bizilagunak gara. Muinoko Etxeko asanbladetako gaztetxeroak gara. Auzolana Pilotalekua kudeatzen duen Txapa Ahotsa asanbladako kideak gara. Uhinak modu askean erabiltzen ditugun halabeditarrak gara. OkupaTU Gasteiz gara. Baina, zer okupatu? Espazio hutsak, uhinak, frontoiak, plazak, eszenatokiak... okupatu nahi ditugu autogestioa oinarri. Eta, zertako autogestioa? Gure bizitzen jabe izateko. Gorputzak autogestionatu nahi ditugu, elikadura burujabetza praktikara eramanez. Lurra autogestionatu nahi dugu, ekologismoak zentralitatea hartuz. Hainbeste gauza nahi ditugu... Utopikoak gara? Akaso, baina pozik bizi gara ametsetan. Eta amets egiten jarraitu nahi dugu», azaldu zuten urtarrilean OkupaTU Gasteiz ekimena aurkezteko egindako prentsaurrekoan.

Bada, OkupaTour eta OkupaTU Gasteiz bezalako ekimenek argi uzten dute autogestioa oinarri duten kolektiboek indarra dutela Arabako hiriburuan. Eta etorkizuna dutela, bai Gasteizen bertan bai Euskal Herriko gainontzeko txokoetan ere.

• Sumendi: OkupaTourren lehenengo bisita Sumendira izango da. Jumendi auzoan dagoen lokala da. Hutsik zegoen eta auzoko gazteek berreskuratu zuten 2016an.

• Errekaleor: Sumendetik Errekaleorrera joango da trena. Errekaleor Bizirik! mugimenduaren kideak duela bost urte iritsi ziren auzora. Bertan 150 lagun bizi dira.

• Santo Domingo: Trena Santo Domingo kaletik ere pasako da. Gasteizeko Udalak hamarnaka auzokide kaleratu ditu eta Santo Domingo Bizirik! plataforma sortu berri dute erakundeen utzikeria salatzeko.

• Hala Bedi: Herritarrek ere Hala Bedi Irratia bisitatuko dute. Duela 35 urte hasi zen Gasteizko irrati libre honen historia. Proiektuan parte hartzen dutenek autogestioa izan dute beti ardatz uhinak okupatzeko.

• Arkillos 10: Duela zortzi urte gazteek berreskuratu zuten Arkupea izeneko eraikin ezagunean dagoen atalondo hau, Udalaren ondasuna dena. Gaur egun hamabi lagun bizi dira bertan eta bizikletak konpontzeko tailerra sortu dute.

• Gasteizko Gaztetxea: Azalpenik behar ez duen eraikina da. Duela 30 urte okupatu zuten Gasteizko gazteek eta ordutik Alde Zaharrean dagoen eraikinaren ateak zabalik dira. Muinoko Etxea erreferente bilakatu da hirian.

OkupaTourren ibilbidea