Xabier Izaga
IKUSMIRA

KALEAN BADA ITXAROPENIK

Madrilgo Gobernuak datozen bi urteetan pentsioak kontsumo prezioen indizearen arabera igotzea hitzartu du EAJrekin, aurtengo aurrekontu proiektua atzera ez botatzearen truke. Pentsiodunek, ordea, kalean segitzen dute. Haien erdiek baino gehiagok 1.000 eurotik behera jasotzen dituzte hilean, eta konturatu dira gakoa ez dela erreformen eta trikimailuen osteko %0,25eko igoera, bizi ahal izatea baizik, eta %1,6ko igoerak nekez erraztuko diela bizitza. Miseria zuritzeak ez du balio jada. Bi aste joan dira 2016ko sanferminetan neska bat bortxatu zutenei bederatzi urteko kartzela zigorra ezarri zien ebazpena argitaratu zenetik. Euskal Herrian eta Euskal Herritik kanpo nagusitu zen sumindurak Madrilgo Gobernuaren «hausnarketa» eragin zuen: Zigor Kodea berrikustea. Hala ere, mobilizazioek beren horretan segitzen dute kalean. Konponbidea ez da kartzela, emakumea gizonaren babespeko zoko-betegarri izatera kondenatzen duen sistema iraultzea baizik. Eta sistema hori zuritzeak ez du jada balio. Kalean bada itxaropenik. Xabier Izaga