Xabier Izaga Gonzalez
OSASUNTSU ETA EUSKARAZ

Osasungoa Euskalduntzeko Erakundearen azken biltzarra, «Osagaiz» aldizkarian

Osasungoa Euskalduntzeko Erakundeak 28 urte bete ditu osasun arloan euskara sartzeko ahaleginean. Denbora horretan beste horrenbeste biltzar egin ditu. Azkena, joan den maiatzean, Arantzazun, komunikazioa gai hartuta. UEUk eta OEEk iaz sortutako «Osagaiz» sareko aldizkariak jaso du bi eguneko biltzar hori, zenbaki berezi batean.

Médicos buenos, el euskera es lo de menos» (mediku onak, euskara gutxienekoa da) entzun zen, besteak beste, joan den larunbatean Iruñean egindako manifestazio batean. Egun batzuk geroago, Behatokiak hizkuntza eskubideen gaineko azken txostena aurkeztu zuen. Haren arabera, herritarren kexa gehien eragiten duen arloetako bat Osasungintza da. Hala ere, batzuek “nik ez dut mediku euskaldunik nahi, mediku ona baizik” lelo absurdoari eusten diote, euskaraz mintzatzea eta profesional ona izatea bateraezinak balira bezala, medikuntzan jarduteko euskara oztopoa balitz bezala.

Komunikazioa

Itziar Lasa Beitia familia medikuak eta Iñaki Peña Bandres barne medikuntzako medikuak, ordea, hain justu alderantziz gertatzen dela diote, euskal hiztunei euskaraz egiteak osasun zerbitzuaren kalitatea emendatzen duela. Osasungoa Euskalduntzeko Erakundeko (OEE) kideok ez dira hala uste duten bakarrak. Haiek bezala, beste ehunka mediku, erizain eta osasungintzarekin lotutako lagunek ere argi dute osasungintza euskalduntzea beharrezkoa dela. «Ematen du aukeratu beharra dagoela», dio Lasak, «bata edo bestea, nondik nora baina? Edo ingelesa daki, edo medikuntza? Ba, ez. Dikotomia faltsua da. Euskararen erabilera gure ekinbidean gure laneko kalitate puntu bat da, euskarak erraztu egiten du komunikazioa, harremanak, eta, beraz, osasuna bera. Bakoitzak bere papera bete behar duela uste dut. Nik, profesional moduan, esfortzu bat egin behar dut neure lana euskaraz egiteko, eta pazienteak ere badu beharrizan bat euskaraz aritzeko eta ahalduntzeko. Hori ez da errebindikazioa, eskubidea da».

Osasungintzan euskara, beste arlo batzuen aldean, oso egoera latzean dagoela dio. «Arduratzeko moduan». Lasak dioenez, edozein hizkuntzatan, hitz egin gabe ere, elkarrekin komunikatzea posible da, baina hitz eginez erraztu egiten da komunikazioa. «Eta zeure hizkuntzan bada, areago».

Iñaki Peñak komunikazioak eta, beraz, komunikatzeko oztopoek osagai emozionalean duten eragina dakar hizpidera. «Zu Londresen zaudela gaixotu eta mediku euskaldun bat topatzen baduzu, lasaitua hartzen duzu, babestuago sentitzen zara, hizkuntza berean ezin hitz egiteak sortzen duen oztopo hori gabe. Edozein lekutan goren mailako mediku bat izan daiteke, baina zuk haren hizkuntzan eta berak zurean ez badakizue, zailagoa da komunikazioa».

OEEren 28. Osasun Biltzarra

Osasun prozesuan komunikazioak duen garrantzia dela eta, erabilerari ere garrantzi handia ematen dio Peñak. Eta komunikazioa izan da, hain zuzen ere, OEEren aurtengo Osasun Biltzarraren gaia. 28 urteko ibilbidean, elkarteak, ekimen ugariz gainera, beste horrenbeste biltzar antolatu ditu. Aurtengoa maiatzaren 18an eta 19an izan da, Arantzazuko Gandiaga zentroan, euskara batuaren 50. urteurrenari keinu bat eginda.

Zenbait mahai inguru antolatu zituzten askotariko gaiak aztertzeko, besteak beste, komunikatzeko zailtasunak, gaixo psikotikoekin nola komunikatu, kontsultan nola hitz egin sexuaz, gaixoarekiko komunikazio eraginkorra... Iaz OEEk eta Udako Euskal Unibertsitateak sortutako “Osagaiz” online aldizkarian jasota daude mahai inguru, hitzaldi, tailer eta ekintza guztiak.

Iñaki Peñak aldizkariko hitzaurrean dioenez, medikuntzan bi tradizio handi daude, zientziarena eta humanitateena. Historikoki lehenengoa pisua irabazten joan omen da, ikerketa mediko, aurrerakuntza tekniko eta farmakologikoei esker, eta hainbat mediku eta osasun munduko eragilek «arlo fisiko, objektibo eta neurgarrietatik haratago, beste esparru batzuen garrantzia planteatu nahi dugu: ukiezinak diren aldagaiak, faktore abstraktuagoak, kuantitatiboki neurtu ezin ditugunak». Horren oinarrian komunikazioa dagoela dio. Nahitaezkotzat jotzen du komunikazioa, halaber, «profesionalon eta gaixoen eta haien senideen artean konfiantzan oinarritutako harremanak bilatzen baldin baditugu». Eta beren lanarekin eta osasunarekin lotutako informazioak jendartearekin partekatzea oso garrantzitsua dela dio, «hedabide orokor zein espezializatuetan».

Peñak dioenez, prozesu klinikoak modu egokian kudeatzeko gaitz handienetakoa inkomunikazioa da. «Gaizki-ulertuak, gauzak adosteko gaitasun eza, egoak, isiltasunaren konspirazioak, blokeo komunikatibo era desberdinak eta abar ugariegiak dira osasungintzan. Eta galtzaile nagusiak badakigu nortzuk izaten diren funtsean».

Hitzik gabeko komunikazioaren garrantzia ukatu gabe, hizkuntzak beharrezkoak direla dio elkar ulertzeko, «jendarteko sektore zehatz batzuetatik dikotomia manikeoak erabiltzen tematzen badira ere: ezagutza teknikoak soilik eskatzen dizkiete medikuei, eta ez omen zaie axola gure lurraldean egiten diren hizkuntza ofizialak dakizkiten ala ez».

Biltzarrean, mahai inguruez eta tailerrez gainera, erakundeko kideek ahozko komunikazioak eta posterrak aurkezteko aukera izan zuten, lan zientifiko bat ahoz edo poster formatuan aurkezteko aukera, alegia. Denetara 21 ahozko komunikazio eta zortzi poster aurkeztu zituzten, eta lan onenek saria jaso zuten. Itziar Lasak dioenez, aurtengo ahozko komunikazio irabazlea oso lan polita izan da, “Afasia euskaraz aztertzeko tresna berria bidean” izenburukoa, Ipar Euskal Herritik iritsia. Lanean diotenez, ez dago afasia euskaraz ebaluatzeko tresna estandarizaturik. «Gehienetan, ebaluazioa erdaraz egiten da, edo, euskaraz egitekotan, logopedek eurek itzulitako estandarizatu gabeko tresnetan oinarrituta. Hortaz, ebaluazioaren fidagarritasuna zalantzan jar liteke eta horrek ikerketen garapena trabatzen du». Iñaki Peñak gabezia hori dela-eta izandako diagnosi okerren baten berri eman digu, hizkuntzaren inguruko oztopoak direla-eta patologia hori ezin ebaluatzeagatik.

Biltzarrak alde ludikoa ere izan zuen, hala nola Arrikrutz kobazulora eta Aizkorri-Aratz Parke Naturaleko Interpretazio Zentrora egindako bisitak. Eta, OEEko kideak batzen dituen eta lantzen dituzten elementuak osasun arloa eta euskara izanda, Bertso Saio Klinikoa ere antolatu zuten. Elkarteko kideek, taldetan banatuta, bertsolariek beren bertsoetan aipatzen zituzten sintomei zegokien gaixotasuna asmatu behar zuten. Diagnosi guztiak asmatzen ez zituen taldea kanpoan geratzen zen. Horrelako saioetan parte hartzen duten bertsolariek ere osasun arloan lan egiten dute eskuarki.

Aurrera begira

Iñaki Peñaren ustez, OEEk orain arte egin duen lana pozik egoteko modukoa da. Eta segitzeko asmoa eta gogoa dituztela dio. Itziar Lasak gogora ekarri ditu biltzarraren hasieran OEEko lehendakari Karlos Ibargurenek egindako hitzak. Osasun arloko langileak prest daudela aurrera egiteko esan zuen, baina babesa behar dutela, jendearena eta Administrazioarena. Hortik aurrerapauso batzuk eman behar direla uste du Lasak. Orain erabiltzen duten hizkuntza ahoz komunikatzeko dela dio, gauza asko elebitan daudela, baina historia klinikoak oraindik ez direla euskara hutsean idazten hasi. Edonola ere, terminologia normalizatze lanetan asko aurreratu dutela dio, eta “Osagaiz” aldizkaria horren erakusgarri dela.

Edonola ere, arazo handienetakoa hainbat muga administratibo dira Lasaren iritziz. «Medikuntza amaitu eta espezializatu beharra daukazu. Bada, unibertsitatera joateko, barruti bakarra dago Estatu espainolean. Espezializaziorako plazak Madrilen aukeratzen dituzte. Hemen nota bat dago, eta Caceresko bat nota horrekin hona sar daiteke. Eta Abaltzisketako mediku batek, agian, Sevillara joan beharko du. Osasungintza euskaldundu nahi baldin badugu, behetik hasi behar da; karrera euskaraz egin, espezializazioa euskaraz egiten jarraitu eta lan mundura ere euskaraz murgildu».

Jakingarriak, inondik ere, Arantzazuko Osasun Biltzarreko ekitaldiak. Hona Xabier Zupiriaren mintzaldiaren bukaera, segur asko OEEko kideen kezka laburbiltzen duena: «Momentu hauetan gero eta gehiago estutzen zaigu produktiboak izateko, osasun sistemak enpresa pribatuen moduan kudeatu nahi dira... eta horrek ez du uzten gauza hauetarako ezinbestekoa den zerbait: denbora».

 

Osasun zientzien gaineko euskarazko lehen aldizkaria

1936ko Gerraren aurretik Aitzolek abian jarri zuen “El día” egunkariak “Euskal-orria” atala zuen, euskaraz idatzia. Atal horrek “Osasun gaiz” saila zuen, eta bertan osasunari buruzko zerrendak idazten zituzten. Bi hitz horien laburduratik dator “Osagaiz” izena.

Duela urtebete jaio zen “Osagaiz” osasun zientzien online aldizkaria. Euskarazko aldizkaria, jakina. «Zientzia-tradizioa ez da Euskal Herrian naturaltasunez hazi eta hezi», diote aldizkariaren web orrian. Normaltasun eza herri honek zientzian eta beste hainbat arlotan «berez lukeen heldutasun zientifiko propioa» izateko oztopoa dela uste dute, eta ikerkuntzak nazioartekotzeko beharrizana «oztopo gehigarria» dela euskal zientzia sorkuntzen bilakaeran, aurkikuntza zientifikoak aitortuak eta jardunbide profesionalerako baliagarri izan daitezen. «Horrek agerian uzten du zer gutxirako balio izan duen zientzia euskaraz egiteak». Hala ere, diotenez, Euskal Herrian izan dira, eta badira, eragozpen horiek gainditu eta naturaltasunez euskaraz lan egin, beren lanak nazioarteko aldizkarietan plazaratu eta ikerketak komunitate zientifikora zabaldu beharra ikusten duten ikerlariak.

Osasunaren arloan bete beharreko hutsune hori sumatu zuten Udako Euskal Unibertsitateak eta Osasungoa Euskalduntzeko Erakundeak aspaldi, eta bien elkarlanetik sortu zen aldizkaria, Gipuzkoako Sendagileen Elkargoaren laguntzarekin. “Osagaiz” aldizkariak osasun zientziei buruzko artikuluak argitaratu eta ikerketa taldeen lanak ezagutarazten ditu. Jakintza alor horretako aurkikuntza zientifikoen «transferentzia-tresna izatea» du xede. Osasun arloko ikerketak askotarikoak dira: oinarrizkoak, klinikoak, epidemiologikoak... Eta oinarrizko ikerkuntzak eskuarki ospitale edo kliniketatik kanpoko laborategietan egiten direnez, ikerketa mota horiek aldendu samar daude; ondorioz, nabarmenak dira ikerlariek elkarren berri jakiteko dituzten zailtasunak.

Bestetik, euskarazko osasun terminologia normalizatu beharra dago hizkuntza klinikoa gara dadin eta aldizkaria bitarteko eraginkorra izan daiteke horretarako; beraz, euskal komunitateko osasun arloko profesionalen bilgune izan nahi du. Bultzada eraginkorra izan daitekeela uste dute, gainera, osasun arloko profesionalek beraien egunekotasunean naturaltasunez euskaraz jardun dezaten, diote aldizkariko arduradunek.

 

OEE, 28 urte eta segitzeko gogoz

Jada 28 urteko ibilbidea egin du Osasungoa Euskalduntzeko Erakundeak (OEE). Osasun munduan euskararen egoera negargarria zela ikusita, bertara euskara sartzea bultatzeko sortu zen, hasieran «nahiko modu errebindikatiboan». UEMAren kanpainetan edo Kontseiluaren ekimenetan parte izan du. Osasun arloa euskalduntzea du xede eta, esparru horretatik, jendartea euskalduntzeko prozesuan parte hartzea.

Euskal Herri osoko erakundea da eta, beraz, administrazio guneen araberako egoeretan eragin behar izaten du. 500 kide inguru ditu, eta, medikuak ez ezik, osasunaren munduarekin lotura duten bestelako eragileak ere badira tartean. Hori horrela, gehienak medikuak badira ere, erizainak, psikologoak, fisioterapeutak, gizarte langileak, ikasleak... ere badira OEEko kideen artean. Eta erabiltzaileei ere zabalik dago. Arrandiarik gabe, osasun arloan euskara normalizatzen laguntzeko erreferente bihurtu da OEE.