Xabier Izaga Gonzalez
Entrevista
Jose Ramon Etxebarria
EHU-ko irakaslea

«Lehenengo aldia da historiak Euskal Herria eta euskara bizirik irauteko nahikoa prestatuta harrapatzen dituena»

Hamazazpi urterekin Ingeniaritza ikasten hasi zen leku berean emango du azken eskola erretiratu bezperan. Zientzia eta euskara ditu pasio nagusi, eta utopia lortzea zeregin nagusi. UEUk omenaldia egin berri dio Euskal Herriaren zerbitzuko eskaini dituen urte luzeak direla eta.

Herenegun, ekainak 21, Udako Euskal Unibertsitatearen udako ikastaroen hasiera ekitaldia izan zen Gasteizko Oihaneder Euskararen Etxean. Besteak beste, Jose Ramon Etxebarria Udako Euskal Unibertsitateko (UEU) aspaldiko kideak “Euskarazko irakasmaterialen idazkuntzaren garapena. Amaigabeko historia kolektiboaren atal baten bertsio pertsonala” hitzaldia eman zuen. Ondoren, 45 urtez euskal unibertsitatearen aldeko lan eskerga egin duen elkarteak Etxebarriaren omenez argitaratu duen liburua aurkeztu zuen, eta urte horietan guztietan hark egindako ekarpen oparoa aitortu zion. Ekitaldi hori baino egun batzuk lehenago hartu gintuen Ingeniaritza Eskolako bere bulegoan. Prest zeukan hitzaldia, eta bazuen omenaldiaren berri.

1965ean Ingeniaritza ikasten hasi zen geletako batean emango du bere azken eskola, erretreta hartu aurretik. Bilboko Ingeniaritza eskolan ikasi zuen, 1971n bertara sartu zen irakasle, aldi berean Leioan ere irakasle laguntzaile zela, «lehen unetik Zientzia Fakultatera lerratuta», eta hasi zen leku berean amaitzea ziklo polita iruditzen zaio.

Oso ezaguna da 1976an Adolfo Suarez presidente espainolak fisika nuklearra euskaraz irakastea ezinezkoa zela esan zuenean Etxebarriak eman zuen erantzuna: «Horretarako bi gauza jakin beharra dago, fisika nuklearra eta euskara». Horretaz eta mende erditik gorako ibilbide oparoaz hitz egin zuen GAUR8rekin.

Suarezi erantzun zenionean bazenekien zertaz ari zinen.

Presidentea izateko ez da adimen eta prestakuntza berezirik izan behar, antza; ikusi besterik ez dago munduan zelako presidenteak dauden. Fisika nuklearra eta euskara aipatu zituen, nire bi pasioak, zeren nik karrera egin nuenean hartu nuen berezitasunean zentral nuklearrekin lotutako ikasgaia zegoen, eta huraxe zen niri gehien gustatzen zitzaidana. Hain zuzen ere, karrera bukaerako proiektua erreaktore nuklear baten parametroen kalkulua zen.

Beraz, Lemoizko zentralaren aurkako borrokara sartu zinenean ere bazenekien zertan ari zinen.

Ni maiteminduta nengoen energia nuklearrarekin, baina zientzia dibulgazioko aldizkariak irakurtzen nituen, batez ere frantziarrak, eta garai hartan bazegoen zentral nuklearren benetako izaerari buruzko polemika, eta ni aztertzen hasi nintzen Deban, Ispasterren, Tuteran eta Lemoizen zentral nuklearrak eraikitzeko proiektuek ekar zitzaketen ondorioak. Horretan nenbilela topatu nintzen Euskal Kostalde Ez Nuklearraren Aldeko Batzordearekin eta oso modu naturalean sartu nintzen hara. Oso mugimendu zabala zen, eta arlo guztietako lagun handiak egin nituen.

Euskara zenuen beste pasioa.

Euskalgintzan erabat sartuta nengoen, UEU 1973an sortua zen, unibertsitatean mintegiak euskaraz ematen nituen eta euskaraz idazten nituen testu guztiak… eta, bat-batean, nire bi pasioak batera ezinezkoak direla dio Suarezek. Nik natural-natural batera lantzen nituen bi gauzak. Zauriaren erdi-erdian sartu zidan atzamarra.

Ordurako zientziaz idazten zenuen euskaraz.

Eta ez nik bakarrik. Ordurako bazeuden horretan zebiltzan taldeak, Elhuyar, esate baterako. Nire lehenengo dibulgazio artikulua 1971n argitaratu nuen, “Anaitasuna”-n, eta ordurako bazegoen horretan ziharduen jendea, eta ni ez nintzen Suarezek esan zuena tontakeria galanta zela pentsatu zuen bakarra izango. Hizkuntza guztiak potentzialki berdinak dira edozer egiteko. Nik hizkuntza guztiak maite ditut, eta erabiltzen ditut. Lau dakizkit, baina nirea zein den badakit, eta, nire hizkuntza zein den ondo dakidalako, badakit beste hizkuntzetan baliokidetzak topa ditzakedala.

Politika munduan ere bazenbiltzan.

Bai, EHASen (Euskal Herriko Alderdi Sozialista). Guk uste genuen politikoki antolatu beharra zegoela. Ondoren EHASek nire arloko gauza oso garrantzitsu bat sortu zuen, Iker taldea, Saioka ikastoletarako testuak prestatu zituena. Oinarrizko irakaskuntza orokorreko testu guztiak euskaraz eman genituen hor. Politika ez dela sartu behar esaten da batzuetan, baina politika denean dago, eta Iker taldea EHASen proiektua izan zen. Nik hor egoteko zortea izan nuen.

Politikan, legez eta legez kanpo jardun izan duzu. Hamabost urte pankarta baten atzean eman izana ere jardun politikoa izan zen, ezta?

Jakina. Nik izugarrizko pozarekin eramaten dudan gauza bat da. Herri mugimendu bat izan zen irakasleona, duintasunaren aldekoa. Ez gurea bakarrik. Seiehun bat lagun hasi ginen borroka horretan. Estatuari aurre eman genion, gure errebindikazioa Espainiako hezkuntza sistemaz besteko bidea egitea zen, funtzionariotzaren aurka. Nik ez dut onartzen unibertsitateko irakaslea izanda hierarkia bat onartzea; nik irakaskuntza ondo landu behar dut, eta, horretarako, irakasle moduan askatasuna eduki behar dut, katedra askatasuna esaten dena. Jakina, Estatuak beti jukutria berbera egiten du, eta esan zuen: nik esaten dudana egiten ez baduzue, kalera. Guk esaten genuen Espainiako funtzionarioekin Euskal Herriko Unibertsitate ganorazkorik ezin dela egin, eta ez dut esan nahi zientzialari txarrak direnik, baina guk herri moduko, nazio moduko proiektua daukagu. Hamabost urte eman genituen, baina nire poztasun handiena da hamabost urte horiek fruitua eman izana eta gaur egunean unibertsitatean lan kontratuarekin funtzionario ez diren eta sistema horretan sartuta dauden hainbeste eta hainbeste irakasle daudela, nik esango nuke Euskal Herriko Unibertsitatean erdiak edo. Lastima dut, oraindik zuzendu gabeko injustizia asko daudelako. Baina denbora hura guztia ez zen alferrikakoa izan eta horrekin geratzen naiz. Liburu bat idatzi genuen [“Historia de una pancarta” liburua atera du mahai gainera] eta hor gure esperientzia kontatu genuen.

Nondik etorri zitzaizun euskaltzaletasuna?

Behin baino gehiagotan kontatu dudan pasadizo bat kontatuko dizut, niretzat funtsezkoa izan zena. Hementxe, edo alboko gela batean gertatu zen. Nik 17 urte nituen Eibartik hona etorri nintzenean. Euskalduna nintzen, baina sekula euskaraz ikasketarik ez irakurketarik ere egin gabea. Nire gelan bazegoen venezuelar bat, Mendizabal, euskal jatorrikoa. Ez zekien euskaraz, eta nik ba al nekien galdezka etorri zitzaidan. Baietz, nik, eta berak galdera bat egin zidan: «cómo se dice electrón?». Zer esan jakin gabe geratu nintzen, baina erantzun egin nion: «Eso no se dice en euskera». Etxera joan nintzen zaputza hartuta, ezin izan niolako euskaraz banekiela erakutsi. Hori ez da esaten, pentsatu nuen, baina esan beharko da, ezta? Eta horrekin lotuta, beste pasadizo bat. Ni Gernikatik Eibarrera joan nintzen umetan eta han egin nituen ikasketak Bilbora etorri arte. 1965eko Gabonetan Eibarrera joan nintzen eta aitak esan zidan kolegiora joan behar nuela, Bilbon zelan nengoen irakasleei kontatzera. Hara joan nintzen, Sagrado Corazón-era, eta anaia Alonso zegoen. Harekin erdara hutsean egin izan nuen beti, eta zertara joan nintzen esan nionean, hara non hasten zaidan euskaraz, lehenen aldiz. Nafarra zen, Altsasukoa. Harrituta geratu nintzen!

Lehenengo venezuelarrak eta gero irakasle batek eman zidaten irteteko pistola-tiroa. Neure kabuz hasi nintzen ahal nuena ikasten. Gero arreba nagusiaren bidez hasi nintzen “Anaitasuna” irakurtzen, 67an edo 68an. Horrela alfabetatu nintzen ni, Imanol Berriatuaren eskutik. Hura izan da nire maisurik handiena. Hark ordurako buruan zeukan euskara batua.

Lekutan dago Euskal Herriko Unibertsitateak euskaraz edo gaztelaniaz irakatsi beharko zuen eztabaida. Ia burutik eginda zeundetela uste zuenik ere bazegoen.

Garai hartan guztiz utopikoa zen gauza bat formulatu zen, euskaraz arituko zen unibertsitate bat. Unibertsitatean badakigu hainbeste hizkuntza erabili behar direla informazioa lortzeko, baina komunikaziorako erabiltzen den hizkuntza herrialde bakoitzean bertakoa da. Eta guri geureari uko egiteko eskatzen digute unibertsalak izateko? Unibertsala izatea hain justu zeurea egitea da, munduan zaren moduan agertzea, zeure nortasunarekin.

Horrekin lotuta, nik askotan eztabaidatzen dudan kontu bat aipatuko dut, itzulpenei dagokiena. Batzuek esaten dute ez dela itzuli behar, originala hartu behar dela, eta nik uste dut alderantziz dela. Klasikoak irakurri beharra dago, baina zer da testu klasiko bat? Hizkuntza guztietara itzulia izatea merezi duena, eta beti aipatzen dut nik maite dudan liburu bat, orain dela 2.500 urte idatzitakoa, betierekoa, klasikoa eta unibertsala: Euklidesen “Elementuak”, nire ustez beste edozein baino hizkuntza gehiagotara itzuli den liburua [bulegoko liburutegitik hartu eta mahaira ekarri du Patxi Anguloren itzulpena]. Originalera jo beharra dagoela? Irakurri, ba, greziera zaharrean.

Erotzat edo gutxienik utopikotzat jotzen zintuzteten, baina gaur egun denek aitortzen diote UEUri egin duen lan ikaragarria.

Ni optimista utopikoa edo utopiko optimista naiz. Gauza berriak egiteko utopikoa izan beharra dago. Ez dagoena sortu behar da, badagoena ez duzu sortuko. Lan egin behar da, jakina, baina nik utopia planteatzen dut gauza egingarri modura, eta borroka egin behar da utopia lortzeko. UEUk gauza on asko ditu. Batetik, gaur egungo unibertsitate testugintza aitzindaria, gero beste guztiek hartu dutena; eta primeran iruditzen zait, utopia bat ez da zuretzat bakarrik, zuk gizarte osoarentzat nahi duzu. UEUren bi ezaugarri funtsezko azpimarratu nahi nituzke. Bat, UEUko komunikazio hizkuntza bakarra, denetarako, administraziorako, eskoletarako, eztabaidarako… euskara izateko erabakia, eta horrek ez du kentzen UEUko kideek beste hizkuntza batzuk erabiltzea, informazioa lortzeko eta unibertsitateko ekimen publikoetatik aparte. Bigarrena, UEUri esker komunitate zientifiko euskaldun trinko bat sortu da. Kolektibo bat, txikia baina trinkoa, zientzia eta kultura oro har euskaraz lantzen dituena. Hori funtsezkoa da etorkizunari begira. Eta komunitate hori sendotu egin behar da.

Komunikazio hizkuntza euskara izateak albo-efektuak izan ditu, erabaki hori hartu ez zuten unibertsitateak ere behartu ditu euskara erabiltzera, eta Euskal Herrian zazpi edo zortzi unibertsitate daude. Neurri batean euskara sartzera behartu ditu. Ez du inor inposizioz behartu, baina inoren lotsa sentiarazi du. Herri mugimendu bat egon delako, UEU horixe da-eta, nire ustez. Maila bat lortu du, teknologia berriak, graduondokoak, masterrak… bi erabaki sinplerekin. Euskara noranahikoa dela, edozein lekutara eraman daitekeela erakutsi du, eta hori ez da gurea bakarrik, lehendik ere bazegoen, giroan zegoen, baina unibertsitate munduak eraman du praktikara, ikastolek egin duten bezala. Ikastolek behartu zuten sistema publikoa euskalduntzera.

Eta 45 urte joan dira.

Bai, 1973an sortu zen, Ipar Euskal Herrian, baina aurreko urteetan Euskal Astea antolatzen zen Baionan, eta haren ondorengoa izango zen UEU. Azken boladan konturatzen ari naiz Euskal Herriaren etorkizunerako funtsezko gauza asko Ipar Euskal Herrian sortu direla.

Ostegunean euskara batuaren historiaz hitz egin behar dut. Nire ustez, funtsezko elementua izan zen, Arantzazu baino lehenago, 1964an, Baionako Euskal Idazkaritzak hartu zuen erabakia. Gero, Akademiak hartu zuen erreleboa, eta oso sendo, baina hazia Ipar Euskal Herritik sortu zen. Eta haren bultzatzailea iheslari bat izan zen: Txillardegi. Gerora etorrita, azkenengo urteotan Euskal Herriko albisterik inportanteenak Ipar Euskal Herritik etorri dira: ETAren bukaerako prozesua, armagabetzearen prozesua, presoen aldeko ekimenen prozesua… Hango herritarrek modu kolektiboan itzelezko ikasgaia eman dute, ikusteko edozer egin daitekeela txiki-txikitik hasita. Eta egiten dutena ondo egiten dute, e? Oso ondo pentsatuta. Benetako herri mugimendua dago. Aurore Martinen istorioa, Luhusoko istorioa, gauza sinestezinak dira gure gizartean, eta Ipar Euskal Herrian gertatu dira. Euskara idatzian ere gure lehenengo ereduak hangoak dira: Etxepare, Leizarraga, Sarako eskola…

Ostegunean [herenegun] egingo duzun hitzaldiak zure oraingo lanarekin zerikusia du, ezta?

Niretzat garrantzitsuena euskara erabiltzea da. Erabilera bizirik egotea da. Nire ustez, gizateriaren asmakizunik handiena ez da izan gurpila ez horrelako gauzarik, ahozko hizkuntza baizik. Horretaz hitz egingo dut Gasteizen. Big Bang bat bezalakoa izan zen; orduan sortu zen gizakia, animalia pertsona bihurtu zen. Nire ideia da gizateria ahozko hizkuntza sortu zenetik dela gizateria. Gertakari sortzailea izan zen ahozko hizkuntza. Eta nik ahozko eta idatzizko komunikazioa lantzen dut, Ingeniaritzan. Euskarazko komunikazio zientifikoa lantzen dut. Azken 11 urteotan testu zientifikoak euskaraz erabili eta behar diren osagarriak prestatzen ibili naiz, testu zientifikoen ezaugarriak aztertuz, terminologia landuz, munduan egiten dena ikusiz, nazioarteko arautegiak euskarara ekarriz. Nire ustez, funtsezko gauzak, baina erabiliak izateko. Erabili gabe ez dute ezertarako balio.

Etorkizunari begira, baikor zara, ezta?

Hitzaldian esango dut lehenengo aldia dela historiak Euskal Herria eta euskara bizirik irauteko nahikoa prestatuta harrapatzen dituena. Ez dut erabat prestaturik esango, baina bai nahikoa, azpiegitura linguistiko sendo batekin, eta tamaina kritikoarekin; alegia, badauka jende talde handi bat ondo prestatua eta segitzeko borondatearekin. Konfiantza handia dut. Ez dakit konturatzen garen 50 urtean nolako lan kolektiboa egin den. Nire sentsazioa da guk hartu genuenean baino egoera hobean uzten dugula hau guztia. Bakarrik pentsatuta nondik gatozen, zer giro zegoen Euskal Herrian euskarari dagokionez, eta zer azpiegitura dagoen orain, zelan ez dut konfiantza edukiko? Badakit mundua aldatu egiten dela, mila oztopo daudela, baina egin egin behar da, eta konfiantza dut gazteengan. Egingo dute, guk egin genuen bezala.

Baldintza kaskarragoetan.

Gu lau eta danbor bat hasi ginen. Orain asko daude, betiere nahi baino gutxiago, eta ondo prestatuta. Gu ere prestatu egin ginen. Eta posible zela esan genuen. Utopia ez da zoramen bat, ez dagoen gauza bat pentsatzea baizik, eta nork dio utopia ezinezkoa dela? Gizarte bat ez da bat-batean mugitzen, baina hain denbora laburrean gaur egungo azpiegiturak eta posibilitateak egongo liratekeela esan balidate hasi nintzenean… Nik ez dakit horrelako beste kasurik egongo den mundu osoan, hizkuntza berreskuratzen… tira badago kasu bat, nire gustukoa ez den eredua. Israelek egin duena ikaragarria da, baina diferentzia batekin: Israelek egin du estatu baten sostenguarekin, eta guk egin dugu estatuaren kontra, eta guztien kontra. Nire ustez miresgarriagoa da, eta errespetu aldetik mila bider handiagoa. Ni han izan nintzen, hango eredua aztertzen, eta han konturatu nintzen berreskurapena ona zela, baina eredua ez. A posteriori ikusi nuenez, estatu faxista zen, nire ustez.

Abuztuko oporren ostean erretreta hartuta, pentsatu duzu zer egingo duzun?

Bizi egingo naiz, eta nire bizitzaren parte handi bat da nire zaletasunak betetzea. Egiten dakidana egiten segituko dut. Hemendik aurrera boluntarioa izango naiz, ofizialki lanik egin gabe. Horrek ez du esan nahi gauza praktikorik egingo ez dudanik. Badauzkat proiektu batzuk, UEUrekin bereziki, edo beste batzuekin ere bai, betiere boluntario modura.

UEUk omendu egingo zaitu ostegunean [herenegun].

Bai. Oso pozik nago, nire bizitzako proiektu garrantzitsuenetako bat UEU izan da eta. Nik sinistu egin dut lehen momentutik UEUn. Han zegoen niretzat eredu izan den hainbat jende. Haiei entzun eta olatu hori hartu ahal izatea niretzat izan zen bizitza guztirako gauza oso garrantzitsua.

Zuk ere baduzu merezimenduren bat, nonbait…

Niretzat hori baino inportanteagoa sentitzen dudan poza da. Nire bizitzako atal handia da, ez bakarra baina oso handia. Asko ikasi dut, asko eman dit UEUk, eta horrela amaitzea, zer esango dizut, zoragarria da. Esker ona besterik ez daukat UEUrekin. Eta badakizu zein den sentsaziorik onena? Ez gara miragarri izango, baina zerbait egin dugu bizitzan. Eta gainera horrelako aitorpen bat egiten didate...