Amaia Urrejola
Sexologoa eta psikologoa Euskal Herriko Sexu Heziketa Eskolan

Sexua purgatzen

Sexua kontzeptu polisemikoa da eta honi buruz jarduten dugunean leku desberdinetatik abiatzen gara; garen sexutik, egiten dugun sexutik edota dugun sexutik. Hala nola, ondorengoak aipatzen ditugu: bart sexua ukitu zidaten, gaur sexua izan dut, bestean zein sexukoa naizen galdetu zidaten, sexuan besterik ezin dut pentsatu... Epistemologia sexologikotik, sexua ez da genitalekin egiten duguna, baizik eta garena, emakumea ala gizona izatea horrela sentitzen eta deskubritzen dugulako. Sexuak izaki sexudunak bihurtzen gaitu, eta, diferentziatzen gaituen heinean, gure artean ere topaketak eragiten ditu: interakzioak, atrakzioak, maitemintzeak, irrikak eta sinergiak. Hau da, pertsona guztiak sexudunak gara, aurkakoa ezinezkoa baita.

Sexuak dimentsio bio-psiko-soziala dauka, ondorioz, emakume eta gizon bakoitza bere biologiaren, kulturaren (heziketaren) eta biografiaren produktu bat da. Hiru atal horiek une oro eta etengabe eragiten diote elkarri. Horrenbestez, pertsona ororen identitatea markatzen du sexuak eta gizaki bakar eta errepikaezinak sortzen ditu. Labur-labur esanda, sexua kontzeptu izugarri irekia eta konplexua da eta aniztasuna sorrarazten du maila guztietan. Emakumeek bizarra edukitzea, mutilek alua izatea, neskei neskak gustatzea, emakumeak XY izatea, gizonek luma edukitzea, emakumeak hedonikoak izatea, gizonek BDSMa (lehen sadomasokismo bezala ezagutua) praktikatzea, eta abar, aniztasunaren ondorio naturala da.

Sexualitatea, sexuaren kualitatea, jaiotzetik hil arte dugun giza dimentsio bat da. Gorputz osoan kokatzen da, ondo sentitzeko, gozatzeko eta adierazteko balio du eta bakoitzak berea dauka. Pertsona bezainbeste sexualitate eta emakume eta gizon izateko modu daude. Bata ez da bestea baino hobeagoa, desberdina baizik, izaeraren antzera. Pertsona bakoitzak bere pertsonalitatea duen heinean, bere sexualitate propioa dauka. Hots, ez dago jarraitu beharra dagoen ona, normala, osasuntsua, eta abar den sexualitate eredu bat, norbanako bakoitzak berea du eta zoragarria da. Funtsean, sexualitatea emakume eta gizon izateko dugun modu bakar eta errepikaezin hori gure gorputzaren, komunikazioaren, afektu-emozioen, desiren, sedukzioaren… bitartez adierazten duguna da.

Joserra Landarroitajauregi sexologoak esaten duen bezala, «sexuak eskoletan, plazetan, lantegietan, etxeetan eta logeletan elkar bizi dira, baita gure barruan ere», denok ezaugarri femeninoak zein maskulinoak ditugulako. Elkarbizitza batzuetan gatazkatsua izan ohi da, aldiz, helburua sinergikoa izatea da. Beraz, sexu pedagogian jarduten dugunok, argi dugu sexua definitzerakoan garrantzitsuena kultibatu eta sustatu beharreko balore bat dela azpimarratzea dela. Aldiz, gai tabua izaten jarraitzen du eta, gehiegitan, sexologiatik jardun beharrean, beste diziplina batzuetatik egiten da; eta hor jaiotzen dira askotan hanka sartzeak.

Sexologia diziplina zientifikoa da, eta, sexua baino, sexuak interakzioan aztertzen dituen zientzia da, eremu publiko zein pribatuan; baina, badirudi, oraindik ez duela gizartearen eta akademiaren onarpena lortu. Ondorioz, ezagutzen ez dena asmatzen, gutxiesten eta lohitzen da. Beraz, berau purgatzen hasi beharko gara eta espazio hau horretarako leku bikaina da. •