Aimar Etxeberria Korta
BRUSELA, EUROPAZALE?

Euroeszeptiko ultraeskuindarren Liga Bruselaren europartasuna mehatxatuz

Kontinentean zeharreko mugimendu ultraeskuindar eta euroeszeptikoen oldarraldia espero da 2019ko hauteskunde europarretan. Oldarraldiak hartzen duen indarraren arabera kolokan egon liteke gaur egun Bruselako Legebiltzarrean nagusi den joera europazalea, orain arte inoiz ikusi gabeko gehiengoei bide emanez.

Haizea popatik, olatua hartuta harro dabil Matteo Salvini, Legako buru eta Italiako Barne ministroa. Hainbeste, ezen herrialdean erdietsi duen arrakasta Europa mailara hedatu nahi duen. Ultraeskuindarra eta euroeszeptikoa bera, aliantza egin asmo du bere sokako Europan zeharreko alderdiekin 2019ko hauteskunde europarrei begira.

2013an egin zen Salvini alderdiaren buruzagitzarekin. Orduan, Iparraldeko Lega zen honen izen ofiziala eta italiar hautesleen %5ek soilik babesten zuten. Bost urteren ostean, Italiako Gobernuko parte da, azken hauteskunde orokorretan herritarren %17ren babesa jaso ostean. Gutxi balitz, Lega litzateke alderdi bozkatuena egun Italian hauteskundeak egingo balira, %30 inguruko babesarekin.

Immigrazioaren aurkako borrokak eraman du Salvini, batez ere, arrakastara, nahiz eta ez diren etorkinak bere etsai bakarrak. Bada gaitz guztien errudun bat, “euroeszeptikoen Mordor” bat: Brusela. Eta, zantzu guztien arabera, eta behin etorkinen iritsieraren aurkako guda bideratuta duela ematen duenean, badirudi elite europarren aurkako erasoari ekiteko prest dela buruzagi milandarra. Hala iragarri zuen behintzat hil hasieran Pontidan, alderdiaren jarraitzaileekin egindako ekitaldian.

«Irabazteko italiarrak elkartu behar izan genituen, eta orain Europa batu behar dugu. Europako Ligen Ligaz ari naiz pentsatzen, aske eta subiranista diren eta euren herritarrak eta mugak defendatu nahi dituzten guztiak elkartzeaz», adierazi zuen Salvinik, eta ohartarazi zuen: «Aurten egitea lortu dugun bera egingo dugu datorren urtean maila kontinentalean». Egin asmo duen hori norekin egingo duen ere aurreratu zuen: Marine Le Pen frantsesarekin, Viktor Orban hungariarrarekin eta Sebastian Kurz austriarrarekin, besteak beste. «Zin egiten al duzue europarrak askatu bitartean ez duzuela etsiko?», galdetu zion Salvinik alderdiaren aldeko ekitaldian elkartutako jendetzari, ahobatezko baiezkoa jasoz bueltan. Gaineratu zuenez, Legaren ideiak aplikatzea da «Europaren biziraupena bermatzeko azken esperantza». Behin oholtzatik jaitsita, alderdikideekin selfie-ak egin eta koktelak hartzeari ekin zion.

Brusela, arduratuta?

Ezaguna da europar instituzioetan Salviniren jarrera erasokorra, baita honen erretorika belikoa ere. Horrek, agian, honen esanak gutxiestera eraman dezake elite europarra. Salviniren esanez gain, baina, baditu Bruselak nahikoa buruhauste datorren urteko hauteskundeei begira.

751 europarlamentari daude egun Europako Legebiltzarrean, eta horietatik 151 dira euren burua euroeszeptikotzat dutenak. Hauek bi talde nagusitan daude banatuta: Askatasunaren eta Demokrazia Zuzenaren Europa eta Nazioen eta Askatasunaren Europa. Egungo europar proiektuan sinesten ez duten kide horiek sortu ditzaketen arazoez gain, zilegitasun afera bati ere aurre egin beharrean izango da Brusela datozen hauteskundeetan.

Izan ere, europarren gehiengoak uste du Batasuna norabide okerrean doala, eta esandakoa ez da iritzi soil bat. Iragan maiatzean 27.600 europar galdekatu zituen Eurobarometroak, eta horien artean %44k adierazi zuten Europar Batasunak hartu norabidearekiko ezkortasuna; %32 izan ziren politika kontinentalak bide onetik doazela esan zutenak.

Europa, bere aldetik, eta eskaintzeko hoberik ezean, diruz ahaleginduko da zilegitasun arazoari aurre egiten. 30 milioi eurotik gora inbertituko dituzte Europako Parlamentuak eta Europako Batzordeak 2019ko maiatzean egingo diren hauteskundeei begira. Batez ere, parte hartzea sustatzeko kanpaina publizitarioa egingo dute, fokua gazteengan eta Europar Batasunarekiko jarrera baikorra duten horiengan jarriz.

Aurrez aipatutako inkestaren arabera, populazioaren erdiak baino ez du erakutsi hauteskunde europarretan parte hartzeko interesa. Aipatu datua azkenengo hauteskundeen ildo beretik doa; 2014an, %43koa izan zen Europako Parlamenturako hauteskundeen batez besteko parte hartzea, zazpigarren aldiz segidan beheranzko tendentzia erakutsiz. Eslovakia izan zen parte hartze datu baxuena erakutsi zuen herrialdea; %13 eskas batean geratu zen bozkatzera gerturatu ziren eslovakiarren zifra. Parte hartzearen hodei beltza mehatxu, horri eta euroeszeptizismoari aurre egitea izango da elite europarraren gaurtik 2019ko maiatzera bitarteko eginkizun nagusia.

Euroeszeptikoak, elkarrekin?

Euroeszeptikoez hitz egitean, baina, noren inguruan ari gara? Zeintzuk dira eta zer asmo garatu nahi dituzte? Izan ere, eta elite europarraren zorionerako, badirudi sektore heterogeneo batez ari garela, ideia, ikuspuntu eta helburu propioak dituzten mugimenduez. Historiako Europako Legebiltzar euroeszeptikoena utzi dezakete 2019ko hauteskunde europarrek, baina izango al dira gai guztiak elkartu eta agenda komun bat garatzeko?

Marine Le Pen frantziarraren Fronte Nazionala da Salvinik bere ondoan nahiko lukeen aliatuetako bat. Jakina da honek kontinentean zeharreko mugimendu ultraeskuindar eta euroeszeptikoak batzeko duen nahia; esaterako, Nizan elkartu zituen iragan maiatzean Geert Wilders Askatasunaren Alderdiko (VVD) lider herbeheretarra, Harald Vilimsky Askatasunaren Alderdi (FPÖ) austriarreko kidea eta Tomio Okamura Askatasuna eta Demokrazia Zuzena (SPD) alderdi txekiarreko liderra. Salvinik ere, nahiz eta fisikoki bertan ez izan, parte hartu zuen bilkuran; bere iritzia eman zuen bideo baten bidez.

“Europako Nazioen Batasuna” izenez bataiatu du Le Penek bere ekinbide euroeszeptikoa, eta proposamenen artean dago Europar Batzordearen abolizioa, besteak beste, «guztiaren inguruan erabakitzen duelako soilik merkatu interesak obedituz». Le Pen eta Salviniren inguruan eratu daitekeen blokeak, baina, txoke egin dezake Europako beste mugimendu ultraeskuindar batekin: Alemaniarako Alternatibarekin (AfD).

Jörg Meuthen da alderdiaren europarlamentari bakarra. Adierazi izan du honek harreman estua duela FPÖ austriarrarekin, eta honekin aliantza egiteko prestutasuna ere erakutsi du. AfDk bat egiten du kontinente zeharreko gainerako mugimendu euroeszeptikoekin puntu batean: Europar Batasunaren politika migratorioaren aurkakotasunean. Aldiz, merkatu librearen aldekoa da, eta ez du euroaren erabilera ezbaian jartzen. Batasunaren erreforma babesten du, baina ez hau uztea: «Europar Batasun hobea eraiki nahi dugu, txikiagoa, baina ez dugu honen heriotzarik opa». Fronte Nazionalaren inguruan, «alderdi ezkertiar baten zantzuak» dituela adierazi izan du. Ez da, beraz, maitasun handirik bi alderdion artean. Antisemitatzat du AfDk Fronte Nazionala, eta gaur arte uko egin izan dio eurekin elkarlanean aritzeari. «Edozeren aurretik abertzaleak gara gu», erantzun diote Fronte Nazionaletik Meutheni.

Zentzu horretan, eta nahiz eta ez den behin ere alderdiaren proposamen nagusi izatera iritsi, egin izan du Le Penek “Frexit”-aren aldeko adierazpenik, hots, Estatu frantsesak Europar Batasuna uztearen aldeko hitzik. Era berean, jarri izan du zalantzan euroaren erabilera ere. Joera bera izan du Salviniren Legak, modu erasokorrago batean agian, euroaren erabileraren aurka batez ere. Gaur-gaurkoz ezin esan daiteke proposamena alde batera utzi duenik –kasu Paolo Savona Ekonomia ministro izendatzeko ahaleginari–, baina ukaezina da Gobernura iristeko aukera izan zuenetik tonua lausotu duela.

Hautetsontziak lagun

Elkarrekin, botoen %53en jabe egin ziren Europako Alderdi Popularra eta Europako Alderdi Sozialista 2014ko hauteskunde europarretan. Datorren urteko hitzorduari begira, baina, badirudi kontinente mailan gehiengoa duten bi bloke tradizionalek egungo botere mailari eusteko arazoak izan ditzaketela. Egoera horrek arazoak eragin ditzake, besteak beste, Europa mailako kargu garrantzitsuenak hautatzerako orduan –Europar Batasunaren, Europar Batzordearen eta Europako Banku Zentralaren presidentetzak, esaterako–.

Izan ere, emaitza onak ari dira lortzen azken denboran alderdi euroeszeptikoak euren herrialdetako hauteskundeetan, eta pentsa liteke Europaren aurkakotasunarekin lortutako arrakasta nazionalak emaitza bera edo hobea eman dezakeela kontinente mailako bozetan. Esaterako, europarlamentari bakarra du egun AfD alemaniarrak, baina ordezkaritza hori handitzeko esperantzarekin aurkeztuko da hauteskunde europarretara –botoen %7 jaso zituen 2014ko hitzorduan; azken hauteskunde orokorretan, berriz, botoen %12,6 lortu zituen–. Italian, bestalde, botoen %6,15 bereganatu zituen Salvinik azken hauteskunde europarretan, eta inkestek hautesleen %30en babesa izango lukeela adierazten dute gaur egun. Eta ez litzateke batere harritzekoa fenomeno bera ematea Austrian ere FPÖ alderdiarekin. Izan ere, %19,7ko babesa eskuratu zuen Europako Parlamenturako azken bozetan, eta, aldiz, botoen %26 lortu zituen Austriako azkenengo hauteskundeetan. Euroeszeptikoek, gainera, ia ziurtatuta lukete Poloniako Legea eta Justizia (PiS) eta Orban hungariarraren Fidesz alderdien arrakasta.

Txanponaren beste aldean legoke sozialdemokrazia europarra. Galera handiak espero dira sozialdemokratentzat Alemanian, Estatu frantsesean eta Italian, besteak beste. Horrek guztiak arriskuan jarriko luke Europako Legebiltzarraren egungo joera europazalea, bestelako eta nehoiz ikusi gabeko gehiengo batzuei bide emanez.

«Ukaezina da mugimendu euroeszeptikoek asko handituko dutela beren ordezkaritza Europako Parlamentuan datozen urteko bozetan», adierazi zion Charles de Marcilly Robert Schuman Foundation think tank frantsesaren Bruselako arduradunak “Politico” hedabidearen edizio europarrari. «Guztiak batu eta alderdi bakarrean elkartzen badira ez dira lehen indar izatetik urrun ibiliko», ohartarazi zuen. Proposamen zehatzen inguruan egin beharko lukete aliantza Charles de Marcillyren ustez, baina egungo euren DNA soilik kritika egitean oinarritzen dela irizten dio. «Euroeszeptikoak ala eurofoboak dira?».

 

Pontida, Salvini eta Albaniako etorkina

Pontida da Legaren hiriburu idilikoa. Nonbait, bertan eman zituen bere lehen urratsak Lombardiako Ligak, eta bertan asmatu zuen alderdiak Padaniako bandera. Bertan ospatu ohi dute urteroko topaketa, eta bertan elkartu ziren 75.000 pertsona uztaileko lehen igandean. Behinola, bertan abestu ziren Napoliren aurkako kantak, eta bertan egin zituen Salvinik ezkerraren aurkako txisteak, arrosarioa eskuan hartuta. Eta tartean, Albaniatik iritsitako etorkin bat, immigrazioaren aurkako erretorikak berarekin zerikusirik ez duela pentsatzen duen bat. «Afrikarrak dira arazo», dio berak margotutako Salviniren koadro bat eskuan duela.

Bannonen misioa: Europan bazterrak nahastea?

Misioan dabil Steve Bannon AEBetako presidente Donald Trumpen kabinete buru eta estratega ohia. Batek daki noren izenean ari den, edo freelance moduan dabilen. Ziurra dena da Europako hainbat hiriburu –tartean Erroma, Praga edota Budapest– bisitatu dituela azken hilabeteotan, populismoaren haizeak harrotu asmoz. Bannonek, baina, jaso ote du merezi duen arreta mediatikorik?

Eremu emankorra da Europa Bannonentzat bere ideia populistak aireratzeko, eta Trumpekin AEBetan egin zuena errepikatu nahi du orain kontinente zaharrean. «Pentsalari bikain» bezala izan zen aurkeztua publikoaren aurrean Hungariako hiriburuan, Legak eta Bost Izarren Mugimenduak erdietsitako «aliantza historikoa» txalotu zuen Erroman, eta gerraosteko ordena liberal «fetitxea» kritikatu zuen Pragan. Le Penekin ere partekatu du oholtza, eta hala piztu zuen jendetza: «Utz iezaiezue arrazista dei diezazueten, xenofobo, natibista, homofobo, misogino. Jantz itzazue bereizgarri horiek ohorez!».

Banonnen Europarekiko interesa, baina, ez da berria. 2014an Vatikanoa aukeratu zuen bere mundu ikuskeraren berri emateko, audientzia ultrakatoliko baten aurrean jardunez. Ordutik, globalizazioaren aurkako gerran dabil, populismoa estandartetzat hartuta.

Baina nork finantzatzen du Bannon? Eta nola eragin dezake honen jardunak datorren urteko hauteskunde europarrei begira? Gauza jakina da Trumpek Europar Batasunaren aurka merkataritza gerra abian duela. Ondorioz, bada pentsatzen duenik guztia Bannon eta Trumpen arteko kontua dela. Biak ala biak gutxiestea okerra litzateke europar elitearentzat, hauen jardunari gehiegizko arreta eskaintzea litzatekeen moduan.

Bere hitzaldietan ez du Bannonek europar proiektuaren desagerpenaren aldeko adierazpen espliziturik egiten. Are, honen eraberritzea defendatzen du, euroaren erabilera baztertzetik hasi eta «ordena liberal eta unibertsala estatu libreen konfederazio batean» bilakatzea proposatuz. «Mundu berri ausart» baten hasiera predikatzen du han eta hemen. Hori, ideologia ultranazionalista batetik, kultura mendebaldar hertsia oinarri eta «mundu judutar-kristauaren etsai direnen aurka».