Askapeneko brigadistak
GREZIA

Kapitalismo basatiaren aurrean, nola eraiki Euskal Herri bizi eta eraldatzailea?

«Bidaiaren zati bat egin dugu, baina hau ez da bukatu; orain, Euskal Herrian lan egitea dagokigu. Grezia, jarraitu gogor borrokan; zuek handik eta guk hemendik egingo ditugu etorkizun hobeago baten aldeko urratsak! Kalidinamita!». Horrela amaitzen dute Grezia bisitatu berri duten brigadistek beren kronika modukoa.

Brigadista taldea
Brigadista taldea

Orain aste batzuk Bartzelonan elkartu ginen Greziako brigadara gindoazen hiru lagunak, bertako ezker independentistaren taberna batean. Abentura hasi genuen leku berean amaitu genuen. KOE Greziako Erakunde Komunistako kideek hartu gintuzten beren etxeetan eta bidaiak hiru geldialdi izan zituen: Atenas hiriburua, Tesalonika eta Kreta.

Grezian utzitako jendea eta anekdotak oso presente ditugu, eta sentipen anabasa bat barrenean. Zein laburra izan den eta, aldi berean, zein mamitsua! Kafe goiztiar baten bueltan brigadaren gaineko lehen ondorio eta irakaspenak idaztera animatu gara.

Hasteko, arreta deitu diguten gauzen inguruan aritu gara hizketan. Kolotumba. Kolotumba da burura datorkigun lehen hitza. Badakizue zer esan nahi duen? Zerbait egingo duzula esan, eta kontrakoa egitea. Eta hori da Greziako txoko askotan aurkitu dugun lehen sentipena; Syrizaren jarrerak eragindako sentipena, hain zuzen.

Agindu bai, bete ez

Hamaika izan ziren ezkerreko koalizioak agintea eskuratu aurretik agindu zituen kontuak: Halkidikiko meatzeak etengo zituela, uraren pribatizazioa bertan behera geratuko zela, parke eolikoen eraikuntza gehiago ez zela egingo… Baina errealitatea bestelakoa izan da. Gauza gutxi aldatu dira Alexis Tsipras agintean dagoenetik.

Memorandumaren ondorioz hartu beharreko neurriek eta horien ondorioek desilusio itzela sortu dute greziarren artean. Esperantzarik eza da gaur egun nagusitzen den sentipena: aldaketan sinesten zutenek ikusi dute politikak aldatzeko aukerarik ez dagoela Gobernuan egonda ere. Gaur egun Grezia Troikaren kolonia bat dela uste dute herritarrek, burujabetza erabat galdu duen lurraldea dela.

Azpimarratzekoa da, greziarren aburuz bertako bizilagunak Memorandumaren bigarren atalean aurkitzen direla gaur egun. Lehen kapituluan, murrizketak eta pribatizazio neurriak izan ziren protagonistak. Orain, berriz, Greziak duen kokapen geoestrategikoarekin lotura duten aferak dira nagusi, hala nola NATOk Kretan eta Balkanetan dituen baseak, Mazedoniako auzia, Turkia, errefuxiatuen afera… Bai greziarrek bai euskaldunok lupaz jarraitu beharreko mugimenduak dira horiek guztiak.

Hiriburua, bizirik

Atenasen lau milioi biztanle baina gehiago bizi dira, Grezia osoko biztanleriaren erdia. Historia luzeko hiria, guda asko bizi izan ditu. Borroka horietako memoria presente dago egun hirian. Txoko eta proiektu ezberdinak ezagutuz josi dugu gure Atenasko egonaldia. Orrialdeotan azaltzen dizkizuegu ezagutu ahal izan ditugun proiektu horietako batzuk, asko ikasteko aukera eskaintzen baitute.

Azken urteotan itxaropena ia desagertu bada ere, izugarriak dira oinarrizko beharrei erantzuteko herritarrek sortu dituzten autoantolakuntza proiektu ezberdinak. Eskola eta klinika sozialak, elikadura kooperatibak, fabrika okupatuak, uraren pribatizazioaren aurkako borroka… Horiek guztiek oinarrian dute izaera kolektiboa, komunitatea da egitasmoen oinarria.

Horren erakusle da droga mendekotasunari aurre egiteko terapia kolektiboaren proiektua: pribatizazio prozesuekin eta murrizketekin jendartea suntsitu eta pixkana hil nahi izan duten bitartean, greziarrek aurrera egin dute, beraien artean antolatuz, elkartasunez eta modu kolektiboan.

Atenasko lehen zentro terapeutikoa 1983an urtean sortu zen, baina 2011ko krisiak dena aldatuko zuen. Gaur egun mendekotasuna handiagoa da, droga gehiago dago, sintetikoak, merkeagoak. Era berean, arazo fisiko, psikologiko zein psikiatriko gehiago sortzen direla diote terapia zentroko langileek. Zehazki, azken urteotan kalamuaren kontsumoak (lehenago ez zen ia existitzen) presentzia handia hartu du, 12 urtez gaindiko gazte jendearen artean. Baita «sise» deitzen dioten substantziak ere (krisiaren droga, elkarrekin heldu baitziren Greziara); kokaina sintetikoaren antzekoa da hori. Oso arriskutsua.

Drogazale etorkin eta errefuxiatuekin ere egiten dute lan. 2010era arte oso gutxi ziren drogatzen ziren etorkinak. Izan ere, mendekotasunak ikusgaitasuna dakar eta sektore horrek ikusezinagoa izan nahi zuen. 2009 eta 2015 artean, ordea, kontsumoa gora egiten hasi zen. Modu paraleloan langabezia tasa ere hazi egin zen. 2015eko errefuxiatu olatuarekin egoerak eztanda egin zuen. Aurrez baztertuta bazeuden, arazoa biderkatu egin da. Adin txikikoen prostituzioa eta alkoholaren eta pilulen kontsumoa asko hazi dira.

Bi borroka uztartu

Baina urteak ez dira alferrik pasatzen eta dagoeneko nekea antzematen da zenbait lagunen artean. Dena den, gauza batzuk oso argi dituzte: beraiek sortutako proiekturik ezean, zaila izango litzateke aurrera egitea.

Arreta modu positiboan deitu diguten gauzen artean bada beste bat ere: gurekin elkartu diren lagunek borroka nazionalaren eta borroka sozialaren arteko uztartzearen gaineko interesa dute. Gaiaren inguruko galdera asko egin dizkigute Greziako zenbait txokotan eskainitako hitzaldietan (baita lagunartean ere), ezkerreko mugimenduei zaila egiten baitzaie bi borroken uztarketa ulertzea.

Grezian ikusitakoak eta ikasitakoak bizipenen motxilan sartu ditugu, eta gurekin dakartzagu etxera bueltan. Han jasotako zenbait irakaspenek galderak eta zalantzak sortzen dizkigute.

Bat gatoz Grezia gaur egun laborategi bat dela esatean. Eremu politikoan, ekonomikoan zein geopolitikoan ez ezik, nazio identitatearen eta estatu egituren inguruan ere aldaketak egiten ari dira.

Behin eta berriz azpimarratu digute egun Grezia kolonia bat dela. Estatu bat izanik ere, benetako burujabetza galdu duen herri bat dela. Gobernua bera ez baita erabakiak hartzen dituena, Troikaren aginduak betetzen dituena baizik. Eta erakunde horrek Grezia bere nahieran erabiltzen du eremu guztietan.

Grezian ezagututako hainbat neurri ekonomiko espainiar Estatuaren eskutik ezagutu ditugu guk, eta itxuraz ezberdinak badira ere, oinarri komun bati erantzuten diotela uste dugu: neurriok zerbitzuen pribatizazioa gauzatzera eta Estatuaren eskumena mugatzera datoz. Neurri eta estrategia horiek baliabide gehienak enpresa pribatuen eta multinazionalen menpe geratzea ahalbidetuko dute. Globalizazio estrategia batean, identitateak, kulturak eta historiak urtu egiten dira, kapitalismoaren merkatu bilakatuz. Azken bolada honetako joerak ikusita, murrizketa eta neurri pribatizatzaile berrien aurrean ez ote gauden hausnartu dugu; Grezian bizi eta jasan dituzten neurriak ez ote ditugun gurean ere ikusiko (orain arte ikusi eta ezagutu ditugun neurriez gain). Eta hala izatekotan, prest al gaude balizko egoera horri erantzuteko?

Ikusi dugu Grezian oinarrizko baliabideak –ura, hezkuntza, osasuna, elikadura, energia, etxebizitza…– ez daudela jende guztiaren eskura. Estatuak berak, Anaia Handiaren aginduz, mugatu dituela. Jabetu gara herria bere kabuz antolatu behar izan dela oinarrizko beharrak bermatzeko eta, finean, bizirauteko. Bizirik ez dagoen herriak ezin du borrokatu. Beraz, burujabetzaren aldeko borrokan murgilduta gauden honetan, gure burujabetza nola eraikiko dugu? Nola egin oinarrizko beharrak asetzeko? Pribatizazioaren, zentralizazioaren, estatalizazioaren, globalizazioaren, oro har, Europako kapitalismo basatiaren aurrean, nola eraiki Euskal Herri bizi eta eraldatzailea?

Mesopotamia eskola soziala, hezkuntza gabeziei eman dieten herri irtenbidea

Orain dela hamabost urte sortu zen Mesopotamia eskola soziala auzoko bizilagunen lan boluntarioari esker. Unibertsitatera joan ahal izateko ikasleek zuten laguntza beharretik etorri zen. Orduko eta egungo eskoletan, klasean ematen diren ikasgaiak ez dira aski Unibertsitateko azterketa gainditzeko. Hala, eskola berez publikoa bada ere –beraz, doakoa–, Unibertsitatean sartzeko klase partikularrak jasotzea ezinbestekoa da. Eskaera horri erantzunez, Grezian akademia pribatu ugari daude zerbitzu hori eskaintzen dutenak. Baina beharra duten familia guztiek ezin dute zerbitzua ordaindu. Hori dela eta, beharrari beste modu batean erantzuteko eta hezkuntzaren pribatizazioari aurre egiteko, 2003an Mesopotamia eskola soziala sortu zuten.

Zentroaren xedeetako bat da bere jardueraren bitartez ikasleen kontzientzian eragitea, kultura demokratikoagoa, parte hartzaileagoa eta integratzaileagoa sortzeko.

Eskolak boluntarioekin eta denbora bankuarekin funtzionatzen du. Mesopotamiako zerbitzuak jasotzen dituzten bizilagunek, modu zuzenean nahiz zeharka (ikasleak edo gurasoak adibidez), denbora bankuan egiten dute beraien ekarpena: klaseak emanez edo behar den horretan beraien ekarpena eginez (garbiketa, auzolana….). Unibertsitatean sartzeko edo bestelako tituluak (ingelesezkoak adibidez) ateratzeko ikasgaiak eskaintzen dituzte: hizkuntza, matematika, fisika, kimika… Ikasleen beharren arabera eraikitzen da. Sei urtetik aurrerako ikasleak aurki ditzakegu bertan, baita 50 urtekoak ere, eta ikasgai batean ikasle dena, agian beste ikasgai batean irakasle bezala ikusiko dugu.

Duela hamabost urte sortu bazen ere, 2011n lehertutako krisiaren ondorioz eskolaren zerbitzuak eskatzen dituzten bizilagunen kopurua biderkatu egin da. Gaur egun 300 ikasle daude eskola sozial horretan, eta ez da Atenas hiriburuan aurkituko dugun bakarra.

Dirurik jaso gabe lanean badakien klinika soziala

Osasun sistema publikoak eskaintzen ez duen zerbitzua, brigadistek ikusi duten Grezian, herritarrek beraiek eskaintzen dute. 2011ko abenduan hasi zen lanean Hellinikon dagoen Metropolitan Community Clinic zentroa. Austeritatearen aurkako mobilizazio erraldoietan osasun zerbitzu publikoa exijitu egiten zen garai hartan. Izan ere, legez, Gizarte Segurantzarik ez dutenek ezin dute osasun zerbitzu publikorik jaso. Zehazki, 2011. eta 2016. urteen artean 3 milioi pertsona izan ziren egoera horretan. Europako Kontseiluak berak «krisi sanitario» deitu dio egoerari: «Gero eta herritar gehiago daude kaltetuta, batez ere langabeak, etorkinak, errefuxiatuak, emakumeak eta haurrak». Kezka berezia eragiten dio Kontseiluari estaldura medikorik gabe geratu diren emakume haurdunen egoerak.

Behar horri modu autonomo eta autoantolatuan erantzuteko, hierarkiarik gabe, boluntarioekin eta lantaldetan antolatuta, klinika sozial horrek sei urtean 60.000 kasu (ez pertsona) artatu ditu. Hasieratik lau printzipio nagusi izan ditu. Alde batetik, dirurik ez da onartzen, ez da existitzen klinikan. Egin nahi den ekarpenak materiala edo denbora behar du izan. Zentroa mobilizazio eta aktibazio sozialerako tresna ere bada, boluntarioen arabera. Eta ekarpenak ez dira publiko egiten, «denak berdinak gara». 2011z geroztik 65 mediku izan dira bertan, 19 espezialitatetakoak. Horiekin batera, 22 dentista, 18 farmazeutiko, 8 psikologo, 4 nutrizionista eta 254 boluntario baino gehiago. Erabakiak guztiak elkartzen dituen asanbladan hartzen dira.

Iaz, urtarrilean, legea aldatu egin zuten: Gizarte Segurantzarik ez dutenek ere osasun zerbitzu publikoa jasotzeko aukera dute. Klinikak zerbitzuak murriztea erabaki zuen, eta gaur egun farmazia zerbitzua, psikologia eta neurologia bakarrik mantentzen ditu, azken horiek tratamendu luzeak eta zailak direlako.

Legea aldatu bada ere, ez da aski baliabiderik ez bada. Arazoak hor jarraitzen du. Alde batetik, medikamentuak eskuratzeko zailtasuna eduki behar da kontuan. Izan ere, Gobernuak zati bat finantzatzen badu ere, botikak oso garestiak dira eta herritar guztiek ezin dituzte eskuratu. Beraz, klinikako farmazia ezinbestekoa da, eta ez bertara hurbiltzen diren gaixoentzat bakarrik. Azpimarratzekoa da, eta larritzekoa, klinika honek ospitaleen, Armadaren eta gobernuz kanpoko erakundeen eskariak ere jasotzen dituela. Hau da, Gobernuak finantzatzen dituen erakundeek herritarren borondatean eta lanean oinarritzen den klinikari eskatzen dizkiote botikak gaixoak artatzeko. Sinesgaitza XXI. mendeko Grezian.

Gaur egun, klinika horren antzeko beste bost klinika eta farmazia daude Atenasen. Espazio ireki handi batean kokatzen da, aireportu zaharra zen puntuan. Orain urte batzuk enpresa batek erosi eta luxuzko hotelak eraikitzeko proiektua jarri zuen martxan. Ekainaren 30ean klinikak alde egiteko azken eguna zuen, baina ez ziren mugitu, ezta mugituko ere, baldin eta beste gune bat ematen ez badiete. Presio sozial eta mediatikoa tarteko, enpresak leku berri bat agindu die. Bitartean, klinikak Hellinikon jarraituko du, gaur dagoen leku berean.

Erreferendum bat eta Agintea irabaztea nahikoa ez denean

Uraren pribatizazioaren aurkako mugimendua goraipatu dute euskal brigadistek. Sekulako indarra eta imajinazioa erakutsi zituen, baina ez zen nahikoa izan urarekin ere negozio egin beste helbururik ez duten horien asmoak indargabetzeko. Tesalonikan jaso zuten giza mugimendu horren berri. Kontua 1990eko hamarkadan hasten da, Pasok alderdi sozialista agintean zegoen garaian.

NDF Nazioarteko Diru Funtsak eta Troikak presio egin zioten Atenasi Greziako baliabideak pribatizatu zitzan. Erakunde horiek zioten horrela egitea ezinbestekoa zela, Pasok-ek eta Demokrazia Berriak Gobernuan egon zirenean hartu zituzten konpromisoek aginduta. Esku pribatuetan utzi beharreko gauzen artean, Tesalonikako ur-hornikuntza zegoen.

Baina kasu honetan kaltetutako herritarrak ez zeuden geldirik egoteko eta elkartzen hasi ziren. Berehala konturatu ziren uraren publikotasuna defenditzen zuten lagunak asko zirela, ura ondasun publiko bezala ikusten zutela askok, ideia hegemonikoa zela hirian. Aurki egitekoak ziren udal hauteskundeak aprobetxatuz, gaiari buruzko erreferenduma egitea bururatu zitzaien eta horrela egin zuten, Gobernua mehatxuka eduki zuten arren: isunak, zigorrak, salaketak… Tesalonikarrek asmoari eutsi zioten eta 400 eskola prestatu zituzten kontsulta egin ahal izateko. Maiatzaren 18ko goizeko 6etan dena prest zegoen: ikastetxeak, mahaiak, boto-emaileak… Sekulako arrakasta izan zuen esperientziak, 290.000 herritar mobilizatu baitziren.

Uraren publikotasunaren aldeko jarrerak oso erraz irabazi zuen, eta horrexek eragin zion porrota, neurri batean. Horrexek, eta Syriza ezker erradikaleko koalizioak Greziako hauteskundeak irabazi izanak. Borroka irabazi zutelakoan geratu ziren asko, baina ez da horrela izan. Brigadistek esaten dute borrokan segitu beste erremediorik ez dutela tesalonikarrek.

Eyath Tesalonikako ur konpainia publikoa pribatizatzeari ezetz esan zioten Tesalonikakoek 2014ko maiatzaren 18an egindako erreferendumean. Hiriko eta ondoko hamar udalerrietako agintariek antolatu zuten kontsulta, Atenasko Gobernuak (garai hartan Andonis Samaras kontserbadorea zen burua) debekatu egin bazuen ere. Esku hartu zutenen %98k neurri horren aurkako botoa eman zuten, eta %1,96k aldekoa. Kolore ideologiko ezberdinetako herritarrek bat egin zuten ura ez pribatizatzeko jarrerarekin. Europako makina bat giza mugimendutako begiraleek zaindu zuten erreferenduma. Abokatu boluntarioak zeuden bozketa mahaietan. Inolako istilurik ez zen izan.

Brigadistek ondorioztatu dute Greziak burujabetza galdu egin duela eta Troika dela benetako agintaria. Herrialdeko egituren kontrola jadanik ez dago greziarren eskuetan, inork aukeratu ez duen erakunde boteretsuak ezarri duen konpainia baten mendean baizik, eta bertako bost kideetako hiru Troikak berak aukeratu ditu.