Xabier Izaga Gonzalez

Ezin gara euren lekuan jarri, ez baitute lekurik

Niri egin didatena ez diote inori egin», esan zuen astelehenean Pablo Casado PPko presidenteak. Ez da zuzena, baina, haren alderdikide eta Madrilgo presidente ohi Cristina Cifuentesi ere oparitu baitzioten master bat. Baina ez, ez zuen horregatik esan, ustezko, balizko masterra dela-eta jasaten ari den erasoaz ari zen. Aurreko egunean Gasteizen izan zen, txistu eta oihu artean, Estatu honetan ez dela polizia abusurik egon esateko. Jakina, Poliziaren larderiaren biktimarik ez badago, ez dago abusurik. Martxoaren 3ko sarraskia gertatu zen hirian esan zuen hori. Sanferminetan ere, bere alderdiko presidentetzarako kanpaina egiten ari zela, Iruñean izan zen, baina ez German Rodriguezentzat justizia eskatzeko, hain justu, «batasunoek» nafarren libertateak eta eskubide demokratikoak galarazi nahi dituztela ohartarazteko baizik. Lehenago, non eta Altsasun, beste perla bi utzi zituen: «Gora Guardia Zibila!» eta «euskara ez da Nafarroako hizkuntza».

Ez da polizia abusurik izan, gora Guardia Zibila! Elementu horren alderdiak Nafarroako biktimen legea baliogabetzeko eskatu zion Auzitegi Konstituzionalari eta hark halaxe egin zuen. Izan ere, zertarako nahi dute lege hori, ez bada Estatuaren indarren abusurik izan? Beste horrenbeste egin zuen EAEko legeari dagokionez, baina, EAJri esker, oraingo Gobernuak kendu egin du aurrekoak jarritako helegitea. Hori bai, aldaketa batzuk egitea adostu dute. Ez PSOEk ez EAJk ez dute esan zertan diren aldaketa horiek, eta niri burura datorkit Kataluniako Estatut hura garbitu zutenekoa.

Ez nuen Casadoz hitz egiteko asmoa, baina Estatu espainoleko presidentea izan litekeen pertsona izanda... Hain zuzen, horregatik bete ditut lerrook bera hizpide. Ez presidente espainiarra izan litekeelako, ordea, pertsona delako baizik. Halaxe agertu zen joan den astean Algecirasen. Pertsonen ordezkari. Pertsona batek egun batean esan dezake ez dagoela etorkinentzako paperik eta hurrengoan etorkin talde bati bostekoa eman, «ni ere pertsona naizelako». Elkartasuna agertuz? Jainkoaren borondatea dela esanez? Edo «ez dut ezer zuen aurka, baina zoazte popatik hartzera» adieraziz?

Zuentzat bostekoa besterik ez dugu, ez dago denentzako paperik. Esateko modua da, papera badago-eta. Ez dagoela lekurik esan nahi du. Gu geure lekuan gaude, eta eurek lekurik ez dutela ulertu behar dute. Enpatia apur bat, mesedez, gure lekuan jar daitezela. Guk ez dugu euren lekuan jarri behar, ezin gara jarri, ez dutelako lekurik. Nahiko lan ditugu geure lekuari eusten.

Donald Trumpen estrategia buru ohi Steve Bannon Europara omen dator, hurrengo hauteskunde europarrei begira, eskuin muturra batzera. Marine Le Pen, Viktor Orban eta gisako pertsonekin hitz egin du dagoeneko. Ameriketako Estatu Batuen irudi eta antzeko Europa eraikitzea bide da helburua. Europarren lekua babestuko duen Europa eraikitzea. Etorkin izango direnen lekuak ustiatu eta txikituko dituen Europa. Haien lekuak xehatu, bai, txikitu... lekurik gabe utzi arte. Europaraino iristeko ausardia dutenei bostekoa emango diegu, baina jar daitezela gure lekuan, ulertu dezatela ez dutela lekurik.

Badator Bannon. Berandu etorri ere. •