Iker Barandiaran

Besapean

Luzaroan herri hedabide batean lan egin nuen, ETA indarrean izatearen ondorioz –edo hori argudio hartuta– udaletxe askotan tirabira handiak egoten ziren garaian. Posizioak muturrekoak ziren, ez zegoen erdibiderik. Sasoi hartan, jai egun batean, ezkerrekoa baina abertzalea ez zen zinegotzi batekin topo egin nuen, eta ohartu nintzen besapean neraman egunkaria zein zen propio jakin nahian aritu zela. Eta propio ez nion erakutsi.

Tarteka ezker abertzaleko gazteek haserrea erakusten ziguten haien aldarrikapenei leku gehiago egiteko; EAJkoak kexu ziren ezker abertzaleak gure orriotan halako espazioa zuelako; eta izan genuen espainolisten aldetik boikot eta mehatxurik. Halako kexa, presio eta iritzien aurrean herri hedabidean lan egitea ez zen erraza. Baina, zailtasunak zailtasun, oso lan ona egin genuela badakit, egindako oso gauza gutxiz damutzen naiz, eta argi dut izugarri ikasi genuela; errepikatuko nuke. Gai izan ginen baliabide gutxirekin herriko ekimen desberdinen bozgorailu izateko, haiei babesa emateko eta herritarrentzat hurbilekoa zen hedabide gaurkotu, gazte eta landua egiteko, jende desberdinak etxean astero gustura hartu eta interesa zein atxikimendua batzen zituena. Gurea ezin zen alde bakarrekoa izan, eragile eta herritar asko zeuden atzean eta ziren hartzaile, baina intuizioz eta tentuz jakin genuen herriaren taupadei pultsua hartzen eta hori hauspotzen.

Orduan oraindik jendeak egunkariak erosten zituen. Eta egunkari bat edo beste erosi edo irakurtzeak badu hautaketa ideologiko edo politikotik, uste baino era askoz nabarmenagoan. Jakina, egunkari baten irakurle fidela izateak ez du esan nahi atzean dagoen alderdi politikoaren –edo enpresa taldearen– iritzi guztiekin bat egiten duzunik, baina ziur egon poliki-poliki iritzi horiek zugan blaitu eta zure egingo dituzula.

Izan daitezke “Berria”, GARA, “Noticias”, “Deia” eta batez ere “El Diario Vasco” gurean. Horien artean “El Diario Vasco” azpimarratuko nuke bereziki: Francoren estatu kolpea portadan goraipatu zuenetik ez du ez izena ezta jabea ere aldatu (gaur egun PP eta lehen Francoren beste kume batzuk); hala ere, aspalditik Gipuzkoako egunkaririk salduena da. Non eta boto abertzale zein ezkerreko jarrera gehientsuen (izan) duen lurraldean. Euskal Herria Espainiaren atal gisa erakutsi, bertako herritarron arazo sozialak zein lurraldetasunarekin lotutakoak alboratu, eta herri ekimenek abiarazitako iniziatibak zezenketekin edo Espainiako prentsa arrosarekin ordezkatzen dituzte bertako orriek.

Herritar gehienek uste dute hautaketa ideologikoa dela “Deia”, GARA, “Berria” edo “Noticias” besapean eramatea, eta hala da, baita ogi mota bat edo beste erostea ere; baina, aldiz, uste dute “El Diario Vasco” bera ez dela inora lerratzen, ongiaren eta txarraren gainean dagoela, “tradiziozko” zerbait. Bai, zera! Hedabide honen erruz egunetik egunera eskumagokoagoak, atzerakoiagoak, mesfidatiagoak, espainolagoak eta konformistagoak gara alor askotan. Balio eskasak dira honek gugan zabaltzen dituenak, eta horri itsumutugor egiten diogu. Hori da kezkagarriena: hain sartuta daukagula etxean, lortu dutela horren guztiaren gainean ez hausnartzea, eta are gutxiago kexatzea. Aldiz, herri hedabideari beti eskatu ohi diogu gehiago eta lupaz begiratu ohi dugu. “El Diario Vasco” besapean izango banu, lasai geldituko litzateke zinegotzi hura? Neutraltzat hartuko ninduke? •