Nerea Ibarzabal

Errailariak eta burutsuak

Tradizioak zalantzan jartzearena da azken urteetan barruak gehien mugitu dizkidan kontua. Beno, orokorrean, zalantza egitea bera iruditzen zait nahikoa lorpen. Baina tradizioena bezain lur emankor, labainkor, kontraesankor, interesgarriak… gutxi daude. Tripetatik egiten dugulako berba tradizioak defendatzen ditugunean, urteetan zeharreko errepikapen koreografiatua hartuz gure argudio nagusitzat, ia bakartzat. «Horrela egin izan da beti». Eta bere errai odoltsuak eta familia liburua eskutan hartuta mintzo denari, zelan erantzuten zaio burutik eta hoztasun erlatiboz?

Denok sentituko ginen bi aldeetan noizbait, errailari edo burutsu. Deserosoa da hori. Ni, esaterako, burutsua naiz zezenketen kasuan, sokamuturrarenean, antzarenean, ahari-jokoenean… animaliak gure ikuskizunetan erabiltzearen aurka nago, ez nuke nire dirurik erabiltzerik nahi horrelakoak ordaintzeko, injustua iruditzen zait eta ez dut hau publikoki adierazteko inolako arazorik. Baina bat-batean albiste bat irakurtzen dut, “Zornotzako idi-probak egiten jarraitu edo ez erabakitzeko erreferenduma eskatu dute”, eta artxiboko irudian nire aita ageri da, akuilua eskuan, baina izan zitezkeen nire bi aitonak, nire osabak, nire lehengusuak, nire lehengusina. Orduan norbait erraietatik tiraka baneuka bezala sumatzen dut.

Baina ze kristo, pozik egon beharko zenuke erreferendumarekin, ezta? Orduan zer da sentitzen duzun hau? Oraindik “Gurean” dokumentala ikusi ez izanaren arrazoia al da? Zure familia osoa gaiztoen paperean ikustearen beldurra, nahiz eta zuk gauza bera leporatzen diezun ezkutuan? Zu izan zinen txikitan Azkoitiko probalekuan sekulako eskandalua eratu zuena idiak odoletan zeudelako, zergatik sentitzen zara arraro orain antiespezistak pankartekin doazenean bertara? Agian agerian uzten dutelako barru-barruan nahiago duzula idi-probak herri-kirol erresidual bilakatzea betirako desagertzea baino, gutxitu daitezela baina iraun dezala zure familiaren urteetako ahaleginaren frogak. Zure anatomiako zein tolesduratan ezkutatzen da buruaren mezuei entzungor egiten dien emozio zahar hau!

Ahalko bagenu emozio hori laborategiren batera eraman eta zatitu, deseraiki, aztertu, Euskal Herriko arazo asko konponduko genituzkeela iruditzen zait. Tradizioek badute botere hori, pertsonak nongo sentiarazteko, noren, nor; geure mundu ikuskeraren zati hori galtzeak beldurra ematen digu, tradizio zapaltzaileak izan arren, matxistak izan arren, faxistak izan arren, sinesten ez dugun erlijio baten inposizio izan arren. Baina puntu honek aspaldi gainditua behar zuen.

Zu ere burutsu izaten dakien errailari bat bazara, aztertu ezazu ukitzen zaituen tradizio hori, eta bustitzeko inongo asmorik ez baduzu, gutxienez txalotu itzazu tradizio horri aurre egiten diotenak, ausartu direnak. Errai odoltsuak pisutsuak direlako, baina ez direlako argudio bat, familia ere ez delako argudio bat, ezta historian zeharreko errepikapen hutsa ere, eta gutxiago –gaurko egunez bezala– jokoan plaza publikoan egoteko eskubidea dagoenean, edo beste bizidun batzuen sufrimendua. Ondorengoen eskutan tradizio biziago bat, osoago bat, gusturago zainduko duten zerbait uzteko modu bakarra eboluzionatzea da, lotsatzeko arrazoi bat gehiago jaso ez dezaten. •