Nagore Belastegi Martin
Entrevista
Mikel Taberna
Idazlea

«Harrigarria zait Txirrita epaitzea eta kondenatzea eta ia inon ez agertzea»

Afrikako gerran hil zuten ahaide baten bila zebilela, ezagutzen ez zen Txirritari buruzko informazio harrigarria aurkitu zuen Mikel Tabernak: bertsolari ezaguna Legasako alkateari buruzko bertso batzuk idazteagatik epaitu zuten 1916an.

Bertsolari” aldizkariko udako zenbakian jakin dugu ezezaguna zitzaigun Txirritari buruzko pasadizo bitxi bat: bertso batzuk idazteagatik auzipetu eta kondenatu egin zuten 1916an. Mikel Taberna idazleak horri buruz hitz egiten zuen kronika bat topatu eta hariari tiratzea erabaki zuen. 

Nola hasi zen guztia?

Ni 2015eko urrian nire amaren ahaide baten berri bilatzen ari nintzen prentsa zaharrean. Amaren osaba bat herri mailako bertsolaria zen eta Afrikako gerrara eraman zuten; bertan hil egin zuten, 1921ean. Gure familiak bazekien haren aipamena prentsan egina zutela noizbait; antza, berarekin gerran egondako Etxalarko beste bertsolari batek aipatu zuen prentsan nola haren lagun bat hil egin zuten Espainiak Afrikan zituen kolonietan. Jakin nuen nire ahaidea aipatu zuen Etxalarko bertsolari hura Ixiar Rozas idazlearen aitona zela, eta honek luze eta zoragarri idazten duela “Beltzuria” liburuan bere aitonaren pasadizoez.  Horiek horrela, nire senitartekoaren aipamen hori bilatzen ari nintzen Iruñeko Udal Artxiboan, bertako langile Ines Roldan laguntzaile nuela. “Diario de Navarra”-k bere artxiboa digitalizatuta dauka 1903tik, eta, versolari hitzarekin bilaketa egitean, 1916ko urriak 31ko zenbakian epaiketa baten kronika agertu zen. 

Zer esaten zuen kronikak?

Kazetariak aipatzen zuen akusatuen aulkian bi pertsona zeudela eta horietako bat zela «Chirritak, bertsolari ezaguna». Kronika mamitsua zen eta zur eta lur gelditu nintzen hura irakurrita, zerbait badakidalako bertsolari zaharrez eta horren inguruan ezer ez nekielako. Begiratu nuen ea epaiketa horren inguruan zerbait idatzita zegoen eta inon ez zen ageri. Aspaldiko berri zaharra, baina berri-berria zen gaur egun!

Tomas Alcaine Legasako bizilaguna, Txirritarekin batera epaitua izan aurretik, beste epaiketa batean ere egon zen, Eusebio Babaze alkateak salatuta, 1913an. Norbaitek alkateari dinamita kartutxoa jarri omen zion eta honek Alcaine eta beste bi lagun salatu zituen. Ez zen kondenarik izan ez zelako frogatik aurkitu. Gerora, Alcainek Txirritari bertso batzuk enkargatu zizkion alkatearen kontra. Bertso-paperak Doneztebeko jaietan saldu zituzten, 10 zentimotan. Babaze iraindua sentitu zen eta biak eraman zituen auzitara, bertso enkargatzailea eta bertsogilea.

Gerora, jakin dugu Alcaine Errepublikaren aldekoa zela, baita 1936an lekuko gisa deklaratu zuela Donamarian izandako krimen ikaragarri batengatik; emakume bat eta sei seme-alabak leize batera bota zituzten. 

Abokatuen artean eztabaida egon omen zen.

Akusatu bakoitzak bere abokatua zuen. Epaileak euskaraz ez zekienez, bertsoak gaztelerara itzuli zituzten bi itzultzailek, eta hark gaztelerazko bertsioak oinarri hartuta epaitu zituen akusatuak. Kronikaren arabera, Txirritaren abokatuak esan zuen bi itzulpen desberdin zeudela eta epaileak ezin zuela ondoriorik atera baldin eta itzultzaileak ere ados jartzeko gai ez baziren. Alcaineren abokatuak, ordea, esaten zuen bere defendituak ez zuela kulparik, alkateak egin zion kaltea salatu nahi izan zuela baina ez zituela gauza horiek erredaktatu; hau da, bertsolariak bere agindua ez zuela behar bezala ulertu eta maltzurkeria ere erabili zuela, hortaz, alkatea minduta sentitu bazen ez zela enkarguaren errua, bertsoak egin zituenarena baizik.

Sumarioak 196 orri zituen nonbait, baina agiri gehienak falta dira. Badugu sententzia, 14 orrikoa, baina falta ditugu hasierako urratsei dagozkien agiriak, lekukoen testigantzak eta epaiketako xehetasun gehiago; beraz, ez dauzkagu abokatuen argudio zehatzak, bakarrik kronikan kazetariak aipatu zituenak. Falta den material horren guztiaren artean jatorrizko bertsoak daude. 

Epaiketa egin zuten, epaia atera zen eta errekurtsoa jarri zuten, eta horrekin Auzitegi Gorenera iritsi ziren. Madrilgo Auzitegi Gorenak Iruñeko epaia berretsi zuen. Harrigarria da Nafarroako Artxibo Nagusian zein Auzitegi Gorenean galdetuta ere ez dugula informazio gehiago lortu. Ez dakigu zer gertatu zen. Garai batean papera falta zenez, birziklatu egiten zuten eta agian hori da arrazoia.

Nola amaitu zen kontua?

Bi delitu egozten zizkieten: injuriak eta kalumniak, baina azkenean bakarrik injuriengatik kondenatu zituzten. Zigorra zen deserriratzea 3 urte eta 7 hilabetez, Legasatik 25 kilometrora gutxienez, eta 500 pezetako isuna gehi prozesuko kostuen erdiak, bien artean ordaintzeko. Akusatuek esan zuten insolbenteak zirela, ez zutela ez ondasunik ez dirurik. Tomas Alcaineri lanerako erabiltzen zituen aziendak bahitu zizkioten, baina Txirrita ez zuten aurkitu. Berarentzat deserriratzea ez zen oso larria, Legasatik 25 kilometrora baino gehiago zegoelako bere ohiko bizilekua, esan badaiteke Txirritak ohiko bizilekua zuela, batetik bestera ibiltzen baitzen. Baina isun ekonomikoa ordainarazten saiatu ziren. 

1917an iritsi zen kondenaren berrespena, eta hortik aurrera Txirrita non ibili zen aztertzen saiatu gara. Konturatu gara 1916tik aurrera badagoela hari buruzko informazioetan parentesi bat. Hurrengo erreferentzia 1922an aurkitzen dugu, Leitzako jaietan. 1918an bertso batzuk idatzi zituen, Gerra Handiari buruz [Lehen Mundu Gerra]; Frantziaren aldekoak dira eta guka aritzen da, bera frantsesa izango balitz bezala. Aita Zavalak, Txirritaren lan ugari aztertu dituen ikerlariak, bertso horiei buruz esan zuen bitxia zitzaiola modu horretan idaztea. Legasako epaiketa nola izan zen jakinda, gure hipotesia da Txirritak muga pasatu zuela kondenaren berri izan zuenean eta bolada bat Iparraldean pasako zuela. 

Aipatzen duzu abokatuak ezagunak zirela.

Auziko abokatuak gerora ospetsu bilakatu ziren. Txirritaren abokatua Gabriel Iziz Bueno izan zen. Bere ahaideek badakite ospetsua zela jende xumea eta langileak defenditzen zituelako eta bereziki zailak ziren kasuak hartzen zituelako. Antza aurrerakoia zen, ez dakigu zehazki alderdi politikoren batekoa ote zen, baina 1936ko estatu kolpea eta berehala harrapatu eta hil egin zuten. Bertze abokatua, Alcainerena, Fernando Arvizu Aguado zen. Legelari familia batetik zetorren, aita eta anaia ere legelariak izan ziren eta biak Iruñeko alkate izatera iritsi ziren. Goi mailako estatusa zuen familia zen. Bera hautatu zuten Espainiako Kode Zibilaren foru eranskina idazteko eta Nafarroako zuzenbideko hainbat lan ere argitaratu zituen. Egun ere badira legelariak haren ondorengoen artean.

Akusazioaren abokatua ere ospetsua zen. Manuel Aranzadi Iruxo zen, Lizarrako abokatu eta politikaria, bi aldiz Madrilgo Gorteetako diputatua izan zena, Eusko Ikaskuntzaren eta  “La voz de Navarra” egunkariaren sortzaileetako bat. Bi itzultzaileak ere oso ospetsuak ziren; Joxe Agerre Santesteban, kazetari eta politikaria, eta Jenaro Larratxe Agirre, euskaltzale ezaguna eta Iruñeko alkate izatera iritsi zena. 

Beraz, aurkitu genuen kronika hura garrantzitsua zen guretzat alde batetik Txirritari buruzko informazio berria zegoelako, eta, bestetik, oso pertsonaia inportanteak agertzen direlako handik eta hemendik. Agian horrek ere eragingo zuen “Diario de Navarra”-n halako kronika landua argitaratzea, baina harrigarria zait beste ezer ez aurkitzea. Joxe Agerre Santestebanek astero zutabe bat idazten zuen garai hartan “Diario de Navarra”-n eta hala ere ez zuen honi buruz ezer idatzi. Horrek erakusten digu bertsolaritzak ospea zuela herri xehearentzat, eta beste mailako jendearentzat ez zuela halako garrantzirik. 

Gazteleraz berreskuratutako bertsoak euskaratu dituzue, ezta?

Ni ez nintzen ausartu bertsoak euskaratzera, eta “Bertsolari” aldizkarikoek Miren Ibarluzea bertsolaria proposatu zuten. Bertsio eder bat egin du, hamalau bertsoak itzuliz. Zalantzak izan zituen Txirritaren estiloa eta euskara erabili edo ez, eta azkenean erabaki zuen ez zuela horrela egingo.

Jatorrizko bertsoak non bilatu dituzue?

Originalen bila ibili gara Nafarroako Artxibo Nagusian, Guardia Zibilaren Artxibo Historikoan, Auzitegi Gorenean, Espainiako Administrazioaren Artxibo Orokorrean, Koldo Mitxelena Kulturuneko Txirritaren funtsen gordailuan… eta ez dugu aurkitu ez bertsorik ez kasuari buruzko aipamenik ere. Bestalde, jendeari ere galdetu diogu. Lehendabizi Legasan, eta bertan bai aurkitu dugu kasuaren berri zerbait entzuna zuen jendea, baina kontatu digutena ez da zehatza eta bertsorik ez dakite. Urrozen ere galdetu dugu, Iturenen, Donamarian, Narbarten… eta ez dugu aurkitu horren berri emanen ligukeen inor. Horrek ez du esan nahi ez dagoenik. Norbait gehiago bilatzera animatzen bada, guregatik zoragarri. Ez dut itxaropena guztiz galdu nahi, pentsatu nahi dut noizbait agertuko direla bertsoak. Jende gehiagorekin hitz egiteko intentzioa badugu jatorrizko bertsoak aurkitzen ditugun arte. Uste dut interesgarria litzatekeela Txirritaren biografia osoago bat egitea.

Bertsolaritzak zer-nolako garrantzia zuen garai hartako gizartean?

Txirrita ordurako jada bertsolari ospetsua zen jende xehearen artean, eta hura epaitzea eta kondenatzea eta ia inon ez agertzea harrigarria da. Gaur egungo ikuspuntutik pentsaezina litzateke.

Txirrita hain garrantzitsua izanik, egungo zein pertsonarekin konparatuko zenuke?

Txirrita Lujanbio zen, eta norbait parean jartzearren, gaur egungo Lujanbio jarriko nuke egungo bertsolari ezagunenen taldean dagoelako. Txirrita goi-goian zegoen bere garaian, eta gaur egun goi-goian daudenen artean Maialen Lujanbio dago, nahiz eta bi pertsona oso desberdin izan. 

Bertsolaritzan interesa al zenuen gai hau aztertzen hasi aurretik?

Ni bertsolaritzaren munduan nahiko sartua ibili izan naiz. Beti izan naiz bertsozale, eta bereziki Nafarroako bertsolaritzan sartua egon naiz. Euskal kulturaren adierazpide ezagutu beharrekoa da. •