Maite Oronoz Anchordoqui
EHUko Donostiako Informatika Fakultateko irakasle eta ikerlaria

Informatika eta formazio transbertsala

Informatikaria izanik, aspaldidanik nabil hizkuntzalariekin elkarlan estuan. Ikerketa taldea, IXA taldea, hain zuzen ere, diziplina anitzetan prestatutako kideekin osatua dugu: informatikariak, fisikariak, hizkuntzalariak, itzultzaileak, filosofoak... Euskaraz, gazteleraz, ingelesez idatzitako testuak “ulertu” nahi bagenituen, formakuntza ezberdina dugun kideen arteko elkarlana ezinbestekoa zen. Elkarri ulertzea hasieran ez zen erraza izan. Gaur egun, gure ikerlarien artean “letretan formakuntza” duten kideek programatu egiten dute, eta, “zientzietan formakuntza” dugunok, berriz, hizkuntzaren inguruko oinarri batzuk baditugu. Formakuntza ez genuen transbertsala izan, baina oinarri hori lortzera iritsi garelakoan gaude.

Internet, sare sozial, mugikor, azken finean, datuez inguraturik bizi garen honetan, gero eta ohikoagoa da zeharkako trebakuntza edo formakuntza transbertsalaren eskaera. Eta hezkuntza-programak, unibertsitatean adibidez, horretara doaz. Ikasleek ez dute diziplina bakarra lantzen, hainbat ikasten dituzte eta modu horretan, formazio transbertsala, diziplina artekoa, lortzen dute.

Zeharkako trebakuntzarekin lotura duen adibide bat ikusi dugu dagoeneko. Hizkuntzaren tratamendu automatikoan aritzen diren hizkuntzalariek, chatbot-etan erabiltzen den hizkuntza azter edo sor dezakete, itzulpen automatikoaren garapen eta hobekuntzan lan egin dezakete edo sare sozialetan erabiltzen den hizkuntza azter dezakete sentimenduak identifikatzeko, besteak beste. Hizkuntza oinarrian duten tresna horietan guztietan, ikasketa automatikoan edo programazioan aritzen diren filologoak guztiz beharrezkoak ditugu.

Matematika beti egon da informatikaren atzean. Matematikak informatikarekin duen harreman zuzen hori, ordea, argi eta garbi azaleratu da azken urteotan. Datuak ditugu edonon, kopuru eskergan, aldakortasun handiarekin (datu konplexuak) eta neurrian azkar handitzen direnak. Big data horiek datuen zientzialariek, maiz matematikariek, lantzen dituzte patroien bila. Datu kopuruen hazkunde izugarri horrek sare neuronalen erabilera arrakastatsua ekarri du, eta, sare neuronalak eta ikasketa sakona deiturikoa ulertzeko, oinarri matematikoak guztiz ezinbestekoak dira. Zibersegurtasunean dugu, datu-enkriptatzean zehazkiago, matematikaren eta programazioaren ezkontzaren beste adibide argi bat.

Datuen jabetzaren eta erabilera ez-egokiaren kontuak, informatikaren eta zuzenbidearen arteko harreman zuzenera garamatza. Errazago ikusten dugu diziplina horien arteko erlazio hori, adibidez, zoritxarrez sare sozialetan sortu ohi diren jazarpen kasuetan. Informatikariok legeen ezagutza sakona izan beharko genuke eta legelariek informatikaren munduaren ezagutza. Bi mundu horiek uztartzen dituen formakuntza ere, garrantzitsua bihurtzen ari da.

Informatikak beste hainbat alorrekin duen lotura zuzenaren adibide batzuk besterik aipatu ez baditut ere, asko geratu zaizkit aipatu gabe (irakaskuntza, aisialdia eta bideo-jokoak, industria 4.0...). Argi dago, nire ustez, gure ingurune digitalizatuak trebakuntza profil aberatsak eskatzen dituela. Lan-munduak gero eta gehiago eskatzen ditu algoritmo, teknika informatiko eta datu mota ezberdinetan hainbat alorretan eta hainbat hizkuntzatan lan egingo duten emakume eta gizonak. •