Xabier Izaga Gonzalez
GORBEIAKO ARTZAINAK

Gorbeiako artzaintzaren iragana, oraina eta etorkizuna, dokumental batean

Artzaintza tradizionala, mendeetan ardiak eta artzainak zenbait hilabetez mendira lotu izan dituen lanbide gogorra, desagertzear dago. Baina bizimodu horrek badu ordezkorik, artzain belaunaldi berriak. «Gorbeiako artzainak» dokumentalak bertako artzaintzaren iraganaren, orainaren eta etorkizunaren berri emango du.

Gorbeia izena entzutean, mendi baten gailurra etorri ohi zaigu gogora, eta joan den mende hasieran han eraikitako burdinazko gurutze erraldoia. Bada Gorbeiara joatea 1.482 metroko garaiera horretara igotzea dela uste duenik. Mendigune hori ezagutzen duenak, baina, badaki haren gailur nagusia zapalduta zein zapaldu gabe beste hainbat tontor eta hamaika bazter zoragarri ikus ditzakeela bertan.

Natur altxor horrek bere baitan altxor kultural ugari gordetzen ditu. Horietako bat, mende askoan garrantzi ikaragarria izan zuen lanbide bat, errotarri hobietako harginena. Aranzadi Zientzia Elkarteak, Javi Castroren zuzendaritzapean, ahanzturatik berreskuratu du haren lekukotza. GAUR8ko erreportaje batek Gorbeia mendiguneko errotarrien berri eman zuen iaz, Castroren beraren eskutik.

Gorbeian badira Euskal Herriaren historiaren eta kulturaren lekuko diren beste zantzu asko, eta abian dira zenbait ikerketa, hala nola bertako karobien gainekoa edo 36ko gerrako lubaki eta bunkerren gainekoa.

Joan den ekainean, Gorbeiako artzaintzaren nondik norakoen berri emango duen dokumental bat filmatzen ere hasi ziren, “Gorbeiako artzainak” izenburukoa, hain zuzen.

Gorobelgo artzaintza

Filma egiteko ideia Gorobel mendilerroko artzaintzaren gaineko dokumental baten filmaziotik sortu zen. Joan den martxoan Jose Luis Urrutiaren “Los últimos pastores de Sierra Sálvada-Gorobel Mendilerroko azken artzainak” filma estreinatu zuten, Aiaran eta Urduñan zehar zabaltzen den mendilerro horretako artzainen jarduera erakusten duena. Inguru horretan oso artzain gutxi daude gaur egun, Bizkaian bakar bat eta Araban zortzi, guztiak ere 60 urtetik gorakoak. Filmak arrakasta handia izan zuen, eta DVD formatuan salgai jartzeko asmoa dute. Ordu eta erdian, mendeetan zehar antzinako lanbide hori gaur egun arte iraunarazi duten artzain horiek eta haien familiak omendu nahi ditu dokumentalak.

Gorobelgo artzaintzaren gaineko filma Enrique Arberas Mendibil biologo aiararraren kezkak bultzatu zuen. Berak eta beste zenbait adituk 5.000 urteko jarduera horren bilakaera azaltzen dute. Ardi latxak, ardi-txakurrak eta otsoak; emakumearen papera; jarduera horren ezaugarriak eta bilakaera; artzaintza desagertzeak eragiten dituen ingurumen-ondorioak; arazo ekonomikoak... horiek guztiak aztertzen ditu dokumentalak, bertako azken artzainen lekukotasuna jasota, jakina.

Gorobeldik Gorbeiara

“Gorobel Mendilerroko azken artzainak” lanaren harrera ona bigarren proiektu bati ekiteko eragingarri izan zen. Gorbeiaren gaineko «zerbait» egiteko zain zeuden zenbait lagunek pentsatu zuten dokumental bat horretarako tresna egokia izan zitekeela. Hartara, Amurrioko Aztarna Elkarte Etnografikoak, Luiso Lopezen eta Jesus Angel Santa Cruz elkarteko kideen ideia oinarri, Gorbeia mendiguneko artzaintzaren iragana, oraina eta etorkizuneko aukerak dokumental batean biltzea proposatu zuten, eta Jose Luis Urrutiak berak hartu zuen bigarren dokumental hori ere egiteko ardura, desagertzear dagoen milaka urteko tradizio bat ahanzturan galtzea saihesteko lana osatzeko asmoz.

Euskal Herrian hainbesteko garrantzia izan duen eta oraindik ere baduen jardun horren iragana, oraina eta etorkizuna agertzeko asmoa duen lan horren lehen partea bukatu berri eta bigarrena hastear, Urrutiarekin hitz egin dugu. Pozik ageri da erronka berriari helduta. Hala ere, ondo asko daki aurrekoak baino zailtasun handiagoa duela, alde batetik orain askoz azalera handiagoan filmatu behar duelako. Izan ere, Gorobel mendilerroko artzainen gaineko dokumentala 2.000 hektareako azaleran egina da, eta Gorbeiakoaren gainekoak 20.000 hektarean hedatzen den jarduera jaso behar du. Eta, beste alde batetik, bigarren dokumental honetan artzaintzaren urteko ziklo osoa jaso nahi dute, paisaia eta ohitura aldaketa guztiak agertuz.

Lehen partea ekainetik abuztura bitartean filmatu zuten, prestaketa lanen ostean, eta oraindik lan handia dute aurretik, datorren urteko apirila arte, gutxienez. Edonola ere, gustura ari da Urrutia, eta parte hartzen duten artzainen laguntza eskertu nahi du, bai haien testigantzak, bai beren txaboletan eta etxeetan filmatzen utzi izana.

«Gogorra eta tristea»

Artzain horiek, batez ere iraganean hain lanbide gogorraren berri ematean, harekiko atxikimendu handia erakusten dutela dio Urrutiak. «Ikaragarria da. Artzain izateaz oso harro agertzen dira. Burura datozkit Jose Mari Olabarri, edo Luis Larrea. Oso urte gogorrak gogoratzen dituzte, Land-Rover-rik ez zegoenean; jana ez zen falta izaten, baina eskasa zen…». Luis Larrea 80 urteko artzainaren esaldi bat ekarri du hizpide. Artzaintza gogorra den galdetuta, baietz esan zion: «Gogorra, baina batez ere tristea», sentimendu handiz esan ere, Urrutiari «oso barruraino» iritsi zitzaiona. Artzainaren bakardadeaz mintzatu zitzaion Larrea, denbora asko etxetik kanpo eman beharraz. Euri egunetan gogoeta egiteko denbora asko izaten omen dute… Urrutiak aitortu du hunkitu egin zela hura entzunda.

Ulertzekoa da lanbide hori, antzinako moduan behintzat, gero eta jarraitzaile gutxiago izan eta desagertzeko bidean izatea. Larreak dioen bezala, gogorra behar du izan bazkaleku bila ardiak mendian gora eraman eta zenbait hilabetetan, elurteak hastearekin batera etxera itzuli arte, haiekin geratu eta denbora horretan guztian etxoletan bakarrik jan eta lo egiteak... gogorra eta tristea, izan ere.

Larrea orozkoarra da, eta Austigarminen du etxola. Olabarrik, Urigoitiko Rubioak, Itxinara eramaten zuen artaldea, eta gaur egun, 82 urterekin, Urigoitiko baserrian jarraitzen du lanean. Enrique Etxebarria zeanuriztarrak artaldea Arrabara igotzen jarraitzen du. Horiez gainera, dokumentalaren lehen partean Bizkai aldeko beste sei artzain elkarrizketatu ditu Urrutiak. Araba aldean jasotako testigantzetako batzuk, honako hauek dira: Sarriako Juanjo Ortiz de Zaraterena, Abezian bizi den Javier Aldamarena, Altube-Zuiako Oñate baserrian bizi den Manu Bilbaorena edo Ametzaga-Zuiako Paula Menoyorena, beste zenbait emakumerenarekin batera, ez baitute etxean geratzen ziren emakumeen papera ere ahaztu.

Oraina eta etorkizuna

Azkenik, artzain belaunaldi berrien ordezkariei ere ahotsa eman die filmak. Izan ere, dokumentalaren helburua Gorbeialdeko artzaintzaren iragana ez ahaztea da, baina batez ere oraina erakutsi eta etorkizuneko aukerak sumatzea. Eta itxaropentsu ageri da filmaren zuzendaria etorkizun horren inguruan.

Badira artzaintzari segida eman dioten gazteak. Ohiko artzaintzari lotuta daudenak oso gutxi dira; hala ere, belaunaldi berri bat dago, Urrutiak dioenez, lanbide horri modu desberdinean heldu diona, eta hori da gakoa. Dokumentalaren zuzendariaren ustez, gaur egun modu tradizionala bideraezina izango litzateke. Artzain zaharrei entzun besterik ez dago: haien sasoian inor ez zen oporretan joaten, ez ziren jai edo zubietan hor zehar joaten. Mendian egoten ziren, bakarrik, eta neguan ibarrera jaisten zirenean beraiek bezala bizi zen jendearekin elkartzen ziren. Artzain berriek ere gazta egiten dute, esnea saltzen dute, artaldea ikustera igotzen dira, baina ez dute mendian gaurik ematen. Dokumentalean agertzen dira, esate baterako, Iñaki Lopez eta Belen Etxebarria etxaguendarrak, hobekuntza genetikoa ardura nagusi dutenak. Artzain horien ustiategian filmatu zuten intseminazio artifizialaren prozesua. Axier Urien eta Maribel Alavak Zestafeko (Zigoitia) San Pedro auzoan dute ustiategia, eta mendira eramaten dituzte ardiak bazkatzera, baina gaua han igaro beharrean, GPSz kontrolatzen dituzte. Horiez gainera, Zaitegiko gazte baten kasua nabarmendu du Urrutiak, Iñigo Gracianteparaluzetarena, hain zuzen. Arte Ederrak ikasi eta Alemanian bizi izan ondoren, Zaitegin (Zigoitia) ahuntz ustiategi bat jartzen ari da. Oso ideia modernoa omen du, ekologia zirkuluan oinarritua eta, aisialdiari dagokionez, «ohiko artzaintzaren esklabotzatik aldendua». Oso «egitasmo serioa» dela dio. Ekoizpen ekologikoaren aldeko apustua egin du, beste edonor bezala bizitzeko aukera ematen diona, jaiegunei eta aisialdirako denborari uko egin gabe, alegia. Lehenago, Arkautiko Artzain Eskolan egon zen. Horrelako kasuek itxaropena izateko motiboak ematen dituztela uste du dokumentalaren zuzendariak.

Laguntzaile ugari

Esan bezala, Aztarna Elkarte Etnografikoa da proiektuaren sustatzaile eta finantziazio iturriak lortzeaz arduratu dena. Urrutiak dioenez, pozik daude alde horretatik. Arabako Foru Aldundia, Gorbeiako udalerriak eta gero eta entitate eta jende gehiago konprometitzen hasi dira proiektua mamitu ahala, bai finantzaketan, bai bestelako laguntzetan. Gorobelgo artzaintzaren gaineko bultzatzaile Enrique Arberas da laguntzaile horietako bat, Gorbeia ondo ezagutzen duten beste hainbat lagun bezala, hala nola Luiso Lopez eta Jose Antonio Ganzabal baranbioarrak, Esteban Etxebarria maurgarra, Juantxu Uribarren orozkoarra, Gorka Bores zeberioztarra eta Pedro Otegi.

Horien eta beste hainbaten laguntza eskertu nahi du Urrutiak, eta jarraian Baranbioko Administrazio Batzarreko presidente Jesus Maria Bernaola aipatu du, artzainekin, batez ere Bizkai aldekoekin, euskaraz egitea erraztu dielako. «Oso hizkera aberatsa dute, esapide ugari, hitanoa erabiltzen dute… eta musikalitate horrekin…». Horregatik erabaki zuen artzainak euskaraz filmatu eta dokumentalean ere bere horretan agertzea. Lagun bizkaitar baten laguntzaz erdarazko azpitituluak prestatzen ari da. Baina hizkuntz aberastasun hori bere horretan agertu nahi du. «Zoragarria da halako tresna baten izena Zeanuritik Orozkora aldatzea», dio. Beraz, testigantzen benetakotasunari eusteko ez ezik, «gure kultura delako, eta horrelako testigantza mota horiek jende horrekin desagertuko direlako» jaso nahi ditu bere lanean, Euskal Herriko historia eta kulturari egindako ekarpen txiki gisa. Herri jakituria ikaragarria jasotzen ari dela dio.

Arestian aipatutako Javi Castro Aranzadiko etnografoa ere kolaboratzaile horien artean dago. Urrutiak dioenez, filmazio egun batera agertu zen eta luze gabe gidari lanetan hasi zen Oketa aldean, antzinako errotarriak erakusten. «Hurbil izan nahi duzun lagun horietakoa da», esan du.

Dokumentalaren bigarren fasea egunotan hastekoa zen, oreinen araldiarekin batera.

Gorbeia mendiguneko paisaia zoragarria gozatzeko ez dago datorren urtera arte itxaron beharrik, baina bai hori ere erakutsiko duen film ezin jakingarriago bat ikusteko.

 

Mendian zaildutako ekipo ezaguna

Jose Luis Urrutia “Gorbeiako artzainak” dokumentalaren gidoiaren, zuzendaritzaren eta muntaketaren arduraduna da. Bilbotar idazle honek harreman estua du Aiaraldearekin: «Oso estua, nire amaren familia Lezamatik dator [Amurrio udalerritik]». Familia du bertan eta berarentzat oso inguru maitea da hura. Bere liburuetan ere erakutsi du lotura hori; izan ere, haren lehen eleberrietako protagonista «el ayalés» da.

Berarekin ekipo teknikoa osatzen dutenak Gorosabelgo artzaintzaren gaineko dokumentala egin zuten berberak dira: Filmazio, edizio eta postprodukzio arduraduna, Karlos Trijueque, TAOM ekoiztetxekoa; ekoiztetxe berekoa da Josu Torrealday soinu arduradun eta kamera-laguntzailea; Txarly Marques JYT kreaKtibos ekoiztetxekoa produkzioaz eta logistikaz arduratzen da, eta argazki finkoa eta dronea Santi Yaniz Aramendiaren ardura dira, erreportaje hau ilustratzen duten argazkiak bezala.