Xabier Izaga Gonzalez
BASERRIKO UZTA

Ekologia, lurra, kultura eta gertutasuna uztartzen dituen egitasmoa

EH Kolektiboa osatzen duten baserriak beren ateak zabaltzen hasi ziren iaz. Urteko lau urtaroetan musikari baten emanaldia eskaintzen dute, arlo kulturala sozioekonomikoari eta ekologikoari batuz. Euskal Herri osoko etxaldeak biltzen ditu EHKOk, eta beren lana ezagutarazteko abiatu zuten egitasmo hori.

Euskal Herriko hainbat baserri ateak zabaltzen hasi dira. Lau urtaroetan baserri banak, bere jarduna bertatik bertara ezagutzeko, musikari edo talde baten kontzertua entzuteko aukera eta, nola ez, etxaldeko eta inguruko produktuak dastatzeko beta eskaintzen du. Baserriko Uzta egitasmoa da, udazken honetan bigarren zikloa hastear duena.

Egitasmo hori EHKO laborarien kolektiboak, “Zuzeu”-k eta Paperezko Kontzertuak ekimenak garatu dute elkarlanean. “Jasotzeko erein egin behar da”, diote. Istorio hau, baina, lehenagotik dator, eta Josebe Blanco artzain eta EHKOko kidearekin hitz egin dugu haren nondik norakoen berri jakiteko.

EH Kolektiboa elkartea

Duela hamar urte sortu zen EH Kolektiboa elkartea, Euskal Herri osoko nekazariak eta bestelako herritarrak biltzen dituena. Elkarteko baserri guztiek era ekologikoan lan egiten dute eta etxalde txikiak dira. Kezka batek bildu zituen, Europako araudia gero eta malguagoa zela sumatu izanak, industriari toki egiteko. «Orain dela 20 bat urte industriak ez zeukan jateko ekologikorik egiteko aukerarik, baina Europa pixkanaka amore ematen joan zen», gogorarazi du Josebek, «eta orduan ikusi genuen funts ekologikoa benetan ez dela merkatu bati erantzutea, koherentzia bati baizik». Nekazariok benetan sinesten dute bizimodu horretan, eta beren herriarentzako jatekoa egin nahi dute, txikitasunetik, ahalik eta baserri autonomo gehien izanda, konpromiso sozialarekin eta ez irizpide kapitalistarekin. Hiru xede nagusi ditu EHKOk: Identifikatzeko tresna abian jartzea, euskal lurraldea eta gizartea kontuan izanik agroekologia garatu eta lurraldeen arteko harremanak sustatzea.

2007an Euskal Herriko bio elkarteek lehen gogoetak partekatu zituzten eta bertako bio-nekazaritza baserritarra identifikatu beharra sumatu zuten. 2008an lehen topaketak egin zituzten Urruñan, eta geroztik urtero antolatu dituzte herrialdez herrialde txandakatuz. EHKO identifikatzailea ez da produktuaren bermea ematen duen labela; beste bi gauza bermatzen ditu, ordea; lan kolektibo batean konprometitzea eta Europako araudi ekologikoari gehitutako arauak errespetatzea, sistema bio-industrialetatik desberdintzeko eta baserritarraren eta herritarren arteko harremana ziurtatzeko.

Josebek dioenez, lurraldetasuna eurentzat oso garrantzitsua da: «Kolektiboa sortu zenean oso argi ikusi genuen Euskal Herri osoko baserritarrok elkarrekin behar genuela. Horrek zailtasunak ditu antolaketari begira, baina oso aberasgarria da, eskualdez eskualde oso errealitate desberdinak aurkitzen dira eta». Lantaldeka antolatuta daude; esate baterako, joan den astean artzain eta ahuntzain taldekoak bildu ziren, eta urte bakoitzean baserri bat aukeratzen dute, elkarren ezagutza sustatzeko. «Denok ardiekin edo ahuntzekin lan egiten dugu, baina etxeak eta eskualdeak lan egiteko moldea markatzen dute, baita legediak ere». Aste honetan, berriz, sendabelarrekin lan egiten duten baserriak bildu dira. Bilerotan ezagutza, jakituria trukatzen da: «Ikasi eta eman».

Baserriko Uzta

«Gure baserri txikietan gauza asko egiten ditugu –jarraitu du Josebek–, xume baina egunero-egunero ari gara, eta horrek ez zeukan inon islarik, herritarrengana ere ez ginen heltzen. Guk ez daukagu industria horrek daukan gaitasuna, baliabide ekonomikorik. Eta erabaki genuen erakutsi egin behar genuela zer egiten ari garen eta gure etxeetan zer bizi dugun. Eta gure lanaz eta gure bizimoduaz eta berezitasunez aparte, badugu, pertsona guztiek bezala, gure dimentsio kulturala. Eta pentsatu genuen, zergatik ez uztartu dimentsio horiek guztiak eta ireki baserriak, kaleko jendea etor dadila eta ezagut dezala EHKOn gauden etxaldeetan zer lan ari garen egiten, zergatik ari garen horretan, eta horretaz aparte, gure lanaren fruitua eskaini?». Beraz, bisita horietan jendeak etxea ireki duten baserritar horien lana dastatzeko aukera dauka. «Gure etxean, adibidez, ardikia eta gazta jan zuten, baita etxean egindako sagar gozokia ere, baina guk ez dugu ardorik edo sagar zukurik egiten, eta EHKolektiboko beste baserrietako produktuak ere izan genituen, horrela osatu genuen menua».

Etxaldeko bisita, kontzertua eta bazkaria barne hartzen dituen saio bakoitzerako salneurria ondo merkea da, eta are merkeagoa gaztetxoentzat. Izena emateko baserrikouzta@gmail.com helbidera idatzi beharra dago, tokia mugatua baita.

Baserriko Uzta antolatzerakoan ere kontuan hartu dute lurraldetasuna. Lau kontzertuak lau herrialde historikotako baserrietan izaten dira. Iazko udazkenekoan, Anari aritu zen Joseberen etxaldean, Antzuolako Pikunietan, hain zuzen. Hurrengo uztan, negukoan, Beltxaren Bikoteak entzuteko asmoa zuten Etxarri-Larraungo Arbegain baserrian (Nafarroa), baina eguraldia zela-eta bertan behera utzi behar izan zuten. Udaberriko uztak Rafa Rueda eraman zuen Urduñako Santa Klara baserrira. Eta udakoan, Arbonako Jokin Zaldunbideren baserrian (Lapurdi), Mikel Urdangarin izan zen.

Egitaraua

Ñabardurak ñabardura, baserri guztietan eskema bera dute. Hitzordua 10.30ean da, eta 11.00etara arte itxaroten dute jende guztia iritsi arte; Pikunieta, esaterako, oso aparte dagoenez ez baita zaila galtzea. Izan ere, Antzuolan ba omen dago esamolde bat zerbait lekutan dagoela adierazteko: «Hori Pikunitan dago!». 11.00etan hasten da bisita, beraz; gutxi gorabehera ordubetekoa. Etxekoek zer lan egiten duten azaltzen dute eta etxea eta ekoizten dituzten elikagaiak gertutik ezagutzeko aukera ematen dute. Jendeak oro har galdera asko egiten dituela eta oso gertuko hartu-emana sortzen dela dio Josebek: «Azken batean, zeure etxea irekitzen ari zara, eta horrek ere laguntzen du».

Bisitako azalpenak jaso ondoren, hamaiketakoa egiten dute, eta horren ostean, musika emanaldia, ordubetekoa-edo, ukuilu, ezkaratz edo etxalde inguruko pentzeren batean. Pikunietan Anariren eta Anjel Lertxundiren arteko solasaldia izan zen eta, horrenbestez, kantaldia luzatu egin zen. Lertxundiren presentziaz galdetu diogu Joseberi eta pozik asko azaldu digu: «Blog bat daukagu ‘Zuzeu’-n, eta Anduk bere zutabea idazteari utzi zionean, artikulu bat idatzi genuen, eta artikulu haren haritik etorri da harreman oso eder bat. Orduan, joan den urtean Baserriko Uztara, gure etxera, gonbidatu genuen. Guretzat Andu ere inportantea delako, eta bere lana inportantea delako. Eta Anari oso gertukoa da. Exkerra [Joseberen gizona] ere azkoitiarra da eta elkar ezagutzen zuten».

Azkenik, denek elkarrekin bazkaltzen dute, EHKOko kideen baserrietako elikagaiekin, jakina. Bazkalostean zehar, pixkanaka, jendea abiatzen hasten da, egun ederra pasatu duen sentsazioarekin.

Musika baserri guztietako jardunaldien elementu komuna da, guztietan dago emanaldi bat, eta, horrez gain, Pikunietan Anjel Lertxundi izan zen bezala, Urduñan, Tologorriko magaleko Santa Klara baserrian, Rafa Ruedak eta bere taldeak “Hiri kristalezkoak” diskoko abestiak eskaini zituzten bitartean, emakume batek margo bat egin zuen akuarelaz. Etxe bakoitzak bere berezitasuna ematen dio topaketari.

Egitasmo xumea, baina lan handia

«Euskal Herri osoko baserritarrak gara, EHKOn pertsona bat ari da dinamizazio lanetan, baina denoi inplikazio handia eskatzen digu», dio Josebek. “Zuzeu”-koek ere lan izugarria egiten dutela dio. «Gure kasuan geu jarri ginen Anarirekin harremanetan, baina beti ez da horrela gertatzen». Zarauzko Garoa liburu-dendan egiten dituzten Paperezko Kontzertuetan musikari batek idazle baten obraren gainean jotzen duena entzuteko aukera dago. Oso kontzertu bereziak dira, eta horiek iradoki zieten Baserriko Uztan ere musikarien parte hartzea sartzea. Oier Aranzabal zebilen kontzertu horiek koordinatzen eta bera izan da Baserriko uztetako musikariekiko lotura, zubi lanak egin dituena.

Josebek dioenez, egitasmo xumea da, baina lan handia eskatzen du. Uzta bakoitzaren aurretik biltzen dira aurrekoaren balorazioa egiteko eta hurrengoa prestatzen hasteko. Menua prestatu behar da, egingo den etxeko baserritarrarekin hitz egin behar da, eta jakin beharra dago baserri horren inguruan zer dagoen, lehenik EHKOkoren bat dagoen, eta ez badago, zer dagoen ekologikoa. Menua garaira, etxera, lurraldera moldatzen hasi beharra dago. «Batetik bestera alde ederra egoten da, oso menu desberdinak osatzen baitituzte, eta ez dira kuadrillatxo batentzat». Pikunietan ehun lagunetik gora izan ziren. «Ehun lagunentzat prestatzea ez da samurra».

Dagokion baserritarrarekin batera, Aiako Goiabe baserrikoak arduratzen dira menuak prestatzeaz. Oso gauza interesgarriak egiten dituztela dio Josebek, dena era ekologikoan: «ogia, enpanadillak, basoko fruituekin gauza onak, ezkur gaileta zoragarriak...».

Hurrengo uztak

Hurrengo Baserriko Uzta laster izango da, azaroaren 3an, hain zuzen, Oibarren (Nafarroa). Momentuz hiru uzta aurreikusi dituzte, laugarrenaren beldur. Ez omen da batere erraza musikariekin agendak lotzea.

Oibarko Mendiko upategia Irunberritik oso gertu dago. Ardo ekologikoa egiten dute bertan. Egun horretako musikariak Fermin Balentzia eta Jesus Aiesa izango dira. Upategiko jabeak, Imanol Iberok, baditu Balentziarekin harremanak eta Imanolen aitari sekulako ilusioa egiten omen zion Balentzia hara joatea.

Udako uzta ere lotuta dago. Pagolako Safran Lilia etxaldean izango da, Zuberoan, beraz. Han Eñaut Elorrietaren ahotsa entzuteko aukera izango da. Udaberriko uzta, oraingoz zehaztu gabe badago ere, gauza segurua da Araban egingo dutela. Negukoa, aldiz, ez dakite non izango den, ezta egingo duten ere. Elurra ez dagoen leku batean egin beharra dago, eta elurrik ez dagoen lekuan sasoi hori beharbada lan gehien dutena da; «eta baserria irekitzeak lan handia ematen du. Artzainontzat ezinezkoa izango litzateke neguan edo udaberrian egitea, hain justu jezte garaia, gazta egitekoa… baita», dio Josebek.

Uztak koordinatzea, beraz, ez da batere erraza. Etxaldearen ekoizpenaz gainera, beste kontu batzuk ere izan behar dituzte kontuan; esate baterako, uzta bakoitza herrialde batean egiteak ere bere mugak ezartzen dizkie. «Puzzlea ez da batere erraza», Bizkaitik Zuberoarainoko baserriak dira, eta haien egutegia, musikarien agenda… gauza asko koordinatu beharra dago.

Edonola ere, pozik ageri da Josebe ekimen honekin. Udaberriko Uztara ezin izan ziren joan, baina bai udazkenean Jokin Zaldunbideren etxekora. «Oso ederra izan zen». Han Mikel Urdangarinek abestu zuen. «Oso ederra izan zen han gure etxera etorri zen jendearekin topo egitea. Jendeak errepikatu egiten du, eta euren artean ere, agur egitean ‘hurrengo uztan ikusiko dugu elkar’ esaten zuten. Gure uztan parte hartu dutenei Mendikora joateko gonbidapena bidali diegu, eta batzuek izena eman dute». Hara joaten den jendearen profila, bestalde, askotarikoa da: gazteak, helduak, hainbat girotakoak... Musikariak ere zerikusia omen du horretan; alegia, musikari horrek mugitzen duen jende mota ez da faltako. «Sortzen den publiko nahasketa oso dibertigarria da, benetan».

Dibertigarria, osasungarria... jakingarria. Baserriko Uzta.

Etxaldeak hobetzea xede, Agroekologia oinarri

EHKO identifikatzailea erabili ahal izateko Europako bio zigilua ezinbesteko baldintza da. Europako araudiak nekazaritza eredu bio-ekologikoa definitzen du, eta harago abiatzeko oinarritzat du EHKOk. «Gure etxaldeak hobetzeko helburuarekin, EH Kolektiboaren barne araudiak Europako araudiari agroekologian oinarritutako arau zorrotzagoak gehitzen dizkio».

Nekazaritza eredua «EHKOk haren osotasunean ulertzen duen kontzeptu zabala da» agroekologia. Dimentsio ekologikoa, sozioekonomikoa, soziopolitikoa eta kulturala hartzen ditu aintzat.

Agroekologiaren nekazaritza ereduak bio-ekologikoa izan behar duela diote. Horrez gainera, beste zenbait irizpide izan behar ditu kontuan, hala nola bertako kontsumorako ekoizpena; banaketa bide laburrak, gertuko harremanak, giza neurriko etxaldeak; baserritarren nekazaritza herrikoia; baserritarrentzako eta haien langileentzako lan baldintza duinak; landa garapena: baserritar gazteen instalazioa, lana sortzea; materiaren zikloak kudeatzea, birziklatzea; gardentasuna; bio- eta agro- aniztasuna; laborariek ekoizpenean, eraldaketan eta salmentan erabakitzeko gaitasuna; elikadura burujabetza...