Ainara Lertxundi
HOGEI URTEKO BORROKA

Lationamerika eta Karibeko RedTrasex sareak bere ibilbidea liburu batean bildu du

Latinoamerikako eta Karibeko sexu langileek osatutako RedTraSex sareak bere hogei urteko ibilbidea liburu batean jaso du. Atzean gelditu da Costa Ricako Heredia herrian egindako lehen bilkura, baina garaiko esperantzek eta borrokarako grinak bere horretan diraute. Sexu lanaren aitortza eta eskubideak exijitzen dituzte.

Karibeko eta Latinoamerikako sexu langileok iraultza egin genuen. Ez genuen egun bakar batean egin. Ez dugu guk iraultza hori amaituko, noizbait bukatzen bada. Baina, azken hogei urteak, iraultzaileak izan dira». Horrela hasten da RedTraSex Karibeko eta Latinoamerikako Sexu Langileen Sareak bere hogei urteko ibilbidea laburbilduz argitaratu berri duen liburua.

«Gure istorioa, gure hitzekin, kontatzeko premia genuen. Munduak jakin behar du egun batean erabat diskriminatuta eta estigmatizatuta zeuden emakume multzo bat elkartu egin zirela. Gizartearen okerrena ginela zioten. Elkartu ginenean, elkarri begietara begiratzea nahikoa izan zen elkarren artean identifikatuta sentitzeko. Errealitate bera bizi genuela jabetu ginenean, errealitate hori aldatzeko hautua egin genuen. Hori zen eta da gure ametsa», gogoratzen du Elena Reynaga RedTraSex-eko idazkari exekutiboak.

RedTraSex 1997. urtean jaio zen Costa Rican. Egun hamabost herrialdetako sexu langileek osatutako taldeak batzen ditu sareak. «Hogei urte hauetan, sexu langileak garen emakumeon errealitatea azalaraztea lortu dugu. Medikuek, poliziek, legegileek, komunikabideek… guri buruz dituzten aurreiritziak gainditzen eta horiek aldatzen ahalegindu gara. Gure egunerokotasuna aldatzeko plataforma politikoa da RedTraSex. Liburu hau guztion eskubideen alde borrokatu duten kideei eta etorkizuneko iraultzaileei eskainita dago», nabarmentzen du Reynagak hitzaurrean.

1997ko urriaren 1etik 3ra, Costa Ricako hiriburutik 11 kilometrotara dagoen Heredia herrian bildu ziren Karibeko eta Latinoamerikako hamasei herrialdetako sexu langileak, Latinoamerikako sexu langileen lehenengo bilkura ospatzeko “Ahots bakarra” lemapean. «Bero handia egiten zuen arren, gu dardaka geunden beldurrarengatik eta baita amorruagatik ere. Heredian geunden, San Jose hiriburuko hotelek ez zigutelako ostatu eman nahi izan. Ia ezkutuan, autobusez eraman gintuzten Herediara aireportutik. Egunkarietan eta telebistan gure kontrako boikot deialdiak zabaldu ziren egun horietan. Ez genuen espero horrelako gutxiespenik. Urrutitik gindoazen, ahalegin handiak eginez bidaiatu genuen. Askorentzat lehen aldia zen beraien herrialdetik ateratzen zirela eta hegazkin bat hartzen zutela. Eta lehen aldia zen ere, beste leku batzuetako sexu langileak ezagutzen genituela. Bitxia zen giroa, izan ere, gure artean giro ederra sortu zen; esperantzaz, gogoz eta indarrez beteta geunden. Kalean, berriz, gure kontrako irainak eta umiliazioak ziren nagusi. Egunotan ez genuen uste gure iraultza hastear zela. Jada hogei urte irauten dituen iraultza. Halakorik esan izan baligute, ez genukeen sinetsiko», azaltzen du Reynagak liburuan.

«Oso urduri nengoen. Sekula ez nintzen hegazkin batera igo. Aireportutik ateratzean, nire izena jartzen zuen karteltxo bat ikusi nuen. Lasaitu ederra hartu nuen. Autobus batera igo gintuzten beste kide batzuekin batera. Hizketan egin genuen bidaia; nongoak ginen, zein zen gure iritzia ekimen hari buruz, zer espero genuen… Gehienei gure burua sexu langile bezala ikustea kosta egiten zitzaigun. Gehienek ez zuten jendaurrean hitz egin nahi, ez zuten komunikabideetan agertzerik nahi. Askoren seme-alabek eta bikotekideek ez zekiten zertan egiten zuten lan. Gaizkile bat baino okerrago sentitzen ginen sexu langileak izateagatik. Gure familien bizi baldintzak hobetzen ari ginen, baina gure benetako ogibidea ezkutatzen ari ginen. Ezin genion jende guztiari esan sexu langileak ginenik. Nik ere, garai horretan, lotsa sentitzen nuen». Herminda Gonzalez txiletarraren hitzak dira.

El Salvadorretik hiru ordezkari joan ziren, horien artean Haydee Lainez. «Niri bilkurak begiak zabaldu zizkidan. Lehen aldiz antolatuta zeuden kideak ezagutu nituen. Gogoan dut nola hitz egiten zuen Hermindak. Zinez zirraragarria izan zen. Momentu horretan, 1997an, ordenantzak eta legeak ziren eztabaiden muina», gogoratzen du. Poliziaren errepresioa, klandestinitatea, medikura joatean jasaten zuten diskriminazioa eztabaidagai izan zituzten. «Gure ahotsa entzunarazi nahi genuen. Errealitatea irauli nahi genuen, baina ez genekien nola ezta nondik hasi ere», gaineratzen du.

Garai horretan bazegoen jarraitzaile asko zituen apaiz bat, Maynor de Jesus izenekoa. Telebistan arrakasta handia zuen “Un minuto con Dios” izeneko programa zuen. Herritarrei sexu langileak zeuden hotelaren aurrean elkarretaratzeko deia egin zien. «Gu oso urduri jarri ginen, ez genekien zer gerta zitekeen. Hoteletik ateratzen baginen, agian, harrikadaka hartuko gintuzten. Giroa oso gaiztotuta zegoen. Orduan, apaiz horrekin telebista programa batean eztabaida bat egiteko gonbidapena jaso genuen. Guztiok beldurtuta geunden. Elena joan zen guztion ordekari bezala. Lasaitasun eta segurtasun osoz erantzun zion. Ez zen isilik gelditu. Apaizari erantzuten zionean, pozez garrasi egiten genuen hotelean, malkoak masailetik erortzen zitzaizkigula. Oso harro sentitu ginen. Gauzak sexu langileontzat hobeagoak izan zitezkeen seinale bat izan zen hura», gogoratzen du Gonzalezek.

Testuinguru horretan, 1997ko urriaren 3an sexu langileen sarea, RedTraSex, sortu zuten. «Erabakitzeko eskubidea gure egin genuen. Gure arrakasten eta akatsen protagonistak bihurtu ginen. Hasitako bidea ez zen inolaz ere erraza izan, ez genuen inolako esperientziarik. Ez genekien nolakoa zen sare baten antolakuntza, eta orduan ez zegoen ezta mugikorrik ere, gutako inork ez zuen sekula mezu elektroniko bat bidali... Lanaren Nazioarteko Erakundeari gutun bat bidali genion sexu lanari aitortza emateko», azaltzen du Reynagak.

Emakume horien kemena handia zen arren, barne arazoak medio, sarearen koordinatzailearekin harremana galdu zuten. Handik gutxira, jakin zuten gezurretan zebilela eta 1999. urtean beste beste koordinatzaile bat izendatzeko biltzarra egin zuten. Reynaga aukeratu zuten. Bere izena jada 1997en proposatu zuten, baina ez zuen izendapena onartzerik nahi izan. Soilik hogei urte geroago, 2007an, azaldu zuen zergatik uko egin zion karguari. «1997. urtean oraindik ere ez nekien irakurtzen eta idazten. Hura zen nire sekretua, lotsa izugarria ematen zidan egia aitortzeak. Arkatz batekin eskuan nenbilen beti, itxura egiteko. Horregatik ez nuen onartu sarearen presidente izateko proposamena. Ez nuen uste analfabetoa zen pertsona bat horrelako ardura handia bere gain hartzeko egokia zenik». 47 urterekin, Lehen Hezkuntza bukatu zuen.

Gaitzen joan ziren heinean, «mundu berri bat ezagutzen hasi ginen. Gutariko gehienak ezin izan genuen Lehen Hezkuntza amaitu. Bizitzak emandakoa zen gure eskola bakarra, horregatik, zorigaitzari aurre egiteko gaitasuna dugu. Indartsuak eta azkarrak gara. Ez da erraza guri ziria sartzea, baina, mundu politikoari, ekonomikoari edo sindikalari buruz ezer gutxi genekien. ‘Adimen emozionala’ eta ‘generoa’ bezalako kontzeptuak guretzat berriak ziren».

Karina Soto perutarra Miluska, Bizitza eta Duintasuna, elkartearen sortzaileetariko bat izan zen bere herrialdean. «1999an, nire lagun Patricia Segurak sexu langileak ziren eta antolatuta zeuden emakume talde bat sare bat osatu nahian zebilela esan zidan. Peruk bere elkarte propioa izatea gomendagarria izan zitekeela komentatu zidan. Jada sarearen parte zen Ekuadorko kide batek, Carina Bravok, idatzizko mezu bat igorri zidan gure egoeraren berri izateko. Elena Reynaga aurkeztu zidan. Elkarrizketa horietan nire eskubideen alde borrokatzeko grina sortzen hasi zen. Oso errudun sentitzen nintzen eta egiten ari nintzena ez nuen lanbide gisa ikusten. Egiten nuena txarra zela uste nuen. Ideia hori oso barneratuta nuen», dio liburuan.

Handik urtebetera, 2000an, Hego Amerikako Sexu Langileen Lehenengo Bilkurara joan zen Soto. Orduan entzun zuen lehen aldiz sindikatu baten barne egotearen garrantzia. «Elenak ikusarazi zidan gauza bat zela sexu lana, eta, beste bat, nik sentitzen nuen errua. Oso bidaia interesgarria izan zen. Begiak zabaldu zizkidan. Astebete baino gehiago iraun zuen topaketak. Guk ere eskubideak baditugula ikasi nuen».

2001ean, Reynaga Hondurasera gonbidatu zuten. Oso gogoan ditu oraindik bota zituen hitzak. «Bizimodua ateratzeko sexu lana egiten dugu. Langiletzat dugu gure burua, lanbide hau gure hautua izan baitzen. Eta langile klaseko emakumeek dituzten lan aukeren artean hautatu genuen sexu lana. Gure aukeraketa izan zen. Garrantzitsua da gure aukeraketa izan zela gure gain hartzea. Besteen etxeak garbitu genitzakeen, merkatuan patatak zuritu, umeak zaindu, kartoiak bildu, fabrika batean aritu. Batzuk idazkariak edo irakasleak izan zitezkeen. Baina ez, sexu langileak gara. Horrek ez du esan nahi sexu lana bultzatzen ari garenik. Guri ez zaigu sekula interesatu sexuaren industria elikatzea: gizarte askeago batean, desberdintasunik eta matxismorik gabeko batean, bizitzea da gure xedea. Eta ‘merkatu’ hitzak nagusien aldean kokatzen gaitu, aberastasunekin gelditzen direnen aldean, hain zuzen ere. Eta gu langile klasearen parte gara, gure gorputza da gure lanabesa. Harro gaude emakumeak izateaz eta gure gorputzaren eta bizitzaren gain erabakitzeko eskubidea aldarrikatzen dugu».

Fidelekin egon zen eguna

2003an Habanan ospatu egin zen Hiesaren Latinoamerikako Bigarren Foroan ordezkatu zuen Reynagak RedTrasex. Fidel Castro Kubako presidentearen ondoan eserita hitza hartu zuen. «Ni Elena Reynaga naiz. Sexu langilea naiz. Ez naiz ez jinetera, ez puta, ez prostituta ere. Baina, bai, emakume langile bat naiz. Sexu langilea, alegia», esan zuen. Entzule guztiak zutik jarri eta txaloka hasi ziren hitz horiek entzutean.

2004 eta 2006 artean, lan taldeak osatu zituzten bikoteka. Uruguaira, Paraguaira, Boliviara, Perura, Errepublika Dominikarrera, El Salvadorrera, Hondurasera, Nikaraguara eta Guatemalara bidaiak egin zituzten herrialde bakoitzean antolatzen ari ziren emakumeei aholkularitza teknikoa emateko. «Sare gisa indartu gintuen esperientzia izan zen. Leku desberdinetakoak ginen bi kidek elkarrekin bidaiatzeak gure arteko konfiantza sakondu zuen. Antolaketaren hazia landatu zuen. Hurrengo urteetan, herrialde gehiago batu ziren RedTraSex sarera».

Lehen pertsonan idatzita

Material propioak ekoiztea «pauso garrantzitsua» izan zen, bi arrazoirengatik: «Kanpora begira gu ezagutzera emateko eta erakunde bezala indartzeko eta kideak ahalduntzeko». RedTrasex-ek ekoizten dituen materialak sexu langileak beraiek egiten dituzte eta haiek dira irakurle nagusiak. Denbora tarte laburrean, hiru liburu argitaratu zituzten: “Takoi altudun mugimendua. Emakumeak, sexu langileak eta ekintzaileak”, “10 urteko ekintza. Latinoamerikako eta Karibeko Sexu Langileen Sarea antolatzearen esperientzia” eta “Gure artean. Aholkularitza eta hiesaren borondatezko proba”. “Takoiak antolatu ziren eguna” bideo elkarrizketa ere argitaratu zuten. 2010. urtean editatu zen eta Austrian ospatu zen Hiesaren Nazioarteko Konferentzian aurkeztu zuten.

«Guk geuk izan nahi dugu ikerketen protagonista, galderak prestatzen lagundu nahi dugu. Aldarrikapen zaila da, ikerketak egiten dituztenak unibertsitatean ikasitakoak baitira eta gutariko gehienek ezin izan baitzituzten ikasketak amaitu. Baina, hala ere, guri buruzko ikerketetan esku hartu nahi genuen, ikuspuntu propio batekin, eta mundu akademikoa oraindik ez dago horretarako prestatuta. Ikerketa propioak eginez, sexu lanaren ezagutzari ekarpena egin diogu. Ez da gauza bera esatea sexu langileen proxeneta polizia dela, edo, urtebeteko epean milatik gora inkesta egin ostean, sexu langileen %70ek polizien esku tratu txarrak jasan dituztela salatzea», nabarmentzen du liburuan Reynagak.

Nikaraguan lortutakoa

Lorpen guztien artetik, aipagarria da Nikaraguan Girasoles taldeak egindako lana. 2007ko azaroan sortu zen, Maria Elena Davilaren gidaritzapean. Hogei emakumek parte hartu zuten lehenengo bileran “Beti bizipoza kutsatuz” lemapean. Eguzki-lorea sinbolo gisa hautatu zuten, «beti eguzkiari begira biratzen ari delako». “Takoi altudun mugimendua” liburua eskutan, herrialdeko hainbat departamentutan tailerrak egin zituzten. Egun bitartekari judizialak dira.

Nortasun juridikoa lortzeko borrokari ekin zioten tokian tokiko elkarteek, etsipenean erori gabe ezezkoa jasotzen zutenean. «Guretzat balio bikoitza zuen; batetik, nortasun juridikoa izateak, gure baliabideak gardentasunez kudeatu ahal izatea ahalbidetzen digu, eta, bestetik, balio sinboliko handia du gure erakundeei aitortza ematea. Herri guztietan eman genuen borroka hori eta emaitzak lortzen joan ginen Brasilen, Paraguain, Bolivian eta Kolonbian», gogoratzen du Reynagak.

2009ko urriaren 13an, Rafael Correa, orduan Ekuadorreko presidentea, RedTrasex-eko ordezkariekin bildu zen Guayaquil hirian. Sexu lana aitortzea eskatzeaz gain, poliziaren gehiegikeriak salatu zituzten. «Giza eskubide guztiak aldarrikatzen ditugu: polizia errepresioarekin, lintxamenduekin, feminizidioekin eta gorroto krimenekin amaitzea. Eraildako kideentzat justizia nahi genuen. Estigma eta diskriminazioarekin bukatzeko kanpainak sustatzen genituen. Seme-alabak kentzearekin mehatxatuak ez izatea exijitzen genuen, osasun integrala eskatzen genuen. Urte oso gogorrak izan ziren hasierako horiek, baina esperantzaz beterik geunden».

Klandestinitatea

2016ko azaroan “Sexu lana eta lan baldintzak: klandestinitatearen eragina” ikerlana aurkeztu zuten. 2015 eta 2016 artean, Latinoamerikako eta Karibeko hamalau herrialdetan egindako ikerketa da, sexu lanaren egunerokotasunaren erradiografia zehatza. Lan errutinak eta lekuak, biolentzia eta diskriminazio egoerak, diruaren zirkulazioa, osasun baldintzak eta sexu langileen lan metodoak aztertzen dituen lehen ikerkuntza izan zen. Beste ekimen garrantzitsu bat, 2016 eta 2017 artean polizia kontzientziatzeko egindako lana izan zen. 8.899 poliziarekin tailerrak egin zituzten sexu langileen eskubideei buruz hitz egiteko. «Modu zabalean lan egin ahal izan genuen, sexu lanaren inguruko aurreiritziak jorratu genituen, jasaten ditugun errepresio egoerak azaldu genizkien. Mitoak eta aurreiritziak sortzen dituzten harresiak apurtzeko informazioa ezinbestekoa da», azpimarratzen du Reynagak.

«Gu geuk erakutsi genien zer puntaraino diren errepresoreak. Txilen, herri desberdinetako sexu langileak bildu eta esan genien: ‘Hemen bortxatu egin ninduten; kuartel horretan eraso bat jasan nuen; han torturatu egin ninduten’. Guk, erasook jasan ditugun emakumeok, erasotzaileei zer gertatzen den esaten diegu. Lan hori egiten jarraitu behar dugu, pentsatzeko beste modu bat duten polizia gazte asko baitaude, eta ziur baikaude epe luzera, kontzientziazio lan honekin jarraituta, egoera bestelakoa izango dela», nabarmentzen du liburuan Herminda Gonzalezek.

Otras sindikatuaren kontrako epaia

Estatu espainolean Auzitegi Nazionalak OTRAS sexu langileen sindikatuaren estatutuak indargabetu ditu. Sindikatuko arduradunek beste estatutu batzuk aurkeztuko dituztela aurreratu dute eta Auzitegi Nazionalaren erabakia espero zutela adierazi dute; «aldez aurretik jakindako heriotza baten kronika izan da epaia», nabarmendu dute. RedTrasexek elkartasuna azaldu die agiri batean.

Euskal Herrian, LAB sindikatuak ere epaiaren edukia gogor kritikatu du. «Sexu lanaren inguruko posizio eta ikuspegi desberdinak izanda ere, argi dugu sindikalizatzeko eta antolatzeko eskubide guztia dutela. Eskubideak izateko sarbidea enplegua den jendartean, enplegua ukatzeak eskubideak ukatzea dakar eta, guk, eskubideak izateko eskubidea aldarrikatzen dugu eta borrokatzen dugu. Lanaren definizioa erabaki politikoa da, bitartean, lana baldin bada eskubideak izateko tresna, eskubide guztiak pertsona guztiontzat defendatzen ditugu, beraz, baita sexu langileentzat ere», nabarmendu du sindikatu abertzaleak.