Isidro Esnaola

Euroa, kontraesanez beteriko urteurrena

Urtarrilaren 1ean 20 urte beteko dira euroa martxan jarri zela. Hiru urte geroago etorri ziren txanpon fisikoak, eta, horiekin batera, kalkuluak, prezio biribilketak eta bestelako kalapitak. Euskal herritarrentzat euroak aurrerapen txiki bat ekarri zuen: Euskal Herri osoko herritarrek dibisa bera erabiltzeko aukera. Oraindik estatu propiotik urruti izanagatik, elkarren arteko hartu-emanak errazteko urrats txikia izan zen. Euroarekin hasiera batean herritar xumeok aurrerabide eta erraztasun batzuk sumatu bagenituen ere, denboraren poderioz urrezko kaiola batean sartu gintuztela jabetu gara. Gainera, ez da ez nolanahiko kaiola: itxi zuten, eta, giltza, nonbait, itsasora bota zuten, ez baitago modurik ezer aldatzeko. Euroaren arauak oso zorrotzak dira, eta, gainera, ez da arauok berrikusteko modutik antzematen.

Azken boladan Europako buruzagiak zenbait gauza aldatu nahian dabiltza. Brexitarekin, azkenean, konturatu dira zerbait ez doala ondo. Baina proposatzen ari diren aldaketak ez doaz euroaren muina aldatzera. Saiakeron helburu nagusia krisiak eragindako kalteak beste modu batean kudeatzea da. Hori horrela, ekainean, Mesebergen jauregian egindako Estatu frantsesaren eta Alemaniaren arteko gailurrean, zenbait aldaketa adostu ziren. Horietatik ez dago bat bera ere euroaren oinarrizko diseinuarekin lotuta. Proposatu zituzten mekanismo berrien artean daude, esate baterako, gordailuak bermatzeko funts berri bat sortzea edota banketxeen porrotak kudeatzeko egungo tresnak egokitzea. Beste aldaketa batzuk krisi ekonomikoei aurre egiteko bitartekoekin lotuta daude; gastua, hau da, eskaera, sustatzeko bitartekoekin. Horien artean aurrekontu komuna edota EBko langabezia asegurua iragarri zituzten.

Pasa den astean egindako bileran, aldiz, aipatu akordio horietan ere ez ziren ados jarri Europako agintariak. Nonbait, iparraldeko estatuetako gobernuek, Baltikoaren bueltan daudenek, ez dute egoki ikusten bitarteko horiek sortzea. Beldur dira ez ote duten Europa hegoaldeko estatuen aldrebeskeriak eta utzikeriak finantzatzen bukatuko. Hori da leku guztietan saldu den irudia: Europa iparraldeko jendea serio eta langilea da, eta, hegoaldekoa, aldiz, alproja. Ez dira konturatzen alproja horiek erosten dituztela beraiek ekoitzitako autoak, belarra mozteko makinak edo bestelako erremintak. Eta erosketok beraiek emandako kredituekin ordaintzen dituztela!

Euroa izan da iparraldeko herrien merkataritza superabita birziklatzea ahalbidetu duena. Mugarik gabe baliatu da hegoaldeko herritarrei kredituak emateko. Eta diru jario horrek, iparraldekoen merkantziak erosteko ez ezik, etxebizitzaren burbuila pizteko ere balio izan zuen. Mugimendu horri inork ez dio mugarik jarri nahi izan; aldiz, zorra handitzeko aukera etengabe mugatu nahi dute. Gozokiak eskaini eta jaten utzi ez... Europako iparraldeko estatuak desoreka horiez baliatzen ari dira eta ez dute asmorik horiek zuzentzeko. Txinak arazo bera du, baina ikuspegi sakonagoa. Superabita berak ekoitzitako produktuen salmenta finantzatzeko erabili ordez, Europa iparraldeko estatuek bezala, Txina Zetaren Bidean inbertitzen ari da. Horrela, Zetaren Bideko herrien garapenean laguntzeaz gain, epe luzeko eskaera sortzen du Txinako produktuentzat. Europan aldiz, euroaren sakoneko desorekari heldu ordez, iparraldeko estatuetan botoak lortzeko hegoaldekoei botatzen diete errua. Horrela, euroak ez du etorkizunik. •