29/12/2018

Iraultza ez omen da, honezkero, telebistaz ikusiko

Indar aurrerazaleek maiz ikusten ez duten arren, atzerakoiek alor askotan galtzaile ikusten dute beren burua. Indar askatzaileek, ordea, nekez ikusten dute beren burua garaile

2018. urtea izango da, ziur asko, telebista komunikabideen artean nagusi izan den azken urtea. Zenith agentziak egindako azterketa baten arabera, iaz jendea telebista aurrean egunero Interneten baino 27 minutu gehiago egon zen batez beste. Aurten alde hori 13 minutura murriztu da. Joera hori ikusita, 2019an Internet telebistari gailenduko zaiola aurreikusten dute.

Gil Scott-Heron-ek 1974an grabatu zuen “The Revolution Wont Be Televised” abestia [https://bit.ly/1bR5JKH]. Beltzen eskubideen aldeko mugimenduaren lema erabili zuenean, ziur asko beste aldaketa sakonago batez ari zen. Aldaketa horiek, edonola ere, martxan daude. Orokorrean, 2018 emantzipazio mugimenduentzat urte oparoa izan dela esango nuke. Telebistaz, Internetez, paperean edo irratiz jarraitu ahal izan ditugu. Baita bultzatu ere.

Aurtengo hitzak «feminismo» izaten jarraitzen du

Mundu mailan, aurtengo fenomeno politiko azpimarragarriena iraultza feminista izan da, inolako zalantzarik gabe. Mugimenduaren indarra aurretik zetorren, jakina. Adibidez, Internet bidezko hiztegietan espezialista den Merriam-Webster argitaletxe estatubatuarrak “feminismo” 2017ko hitz garrantzitsuena bezala identifikatu zuen (Word of the Year), hitz horren erabilera %60 igo zela kontuan hartuta.

Oxford-entzat aurtengo hitza “toxiko” da. Hitz horren laguntzaile izan diren terminoak aztertuz gero, lehendabiziko postuan “kimiko” adjektiboa topatzen dugu, bai gerrari lotuta baita zaborren kudeaketa zitalari lotuta ere. Ezetz asmatu, “kimiko” horrez aparte, toxikoren abizen ohikoena zein izan den? “Maskulinitatea”!

Merriam-Websterrentzat aurtengo hitza “justizia” da. “Injustizia” ere izan zitekeen. Edo sinonimo bat: “justizia patriarkala”. Izan ere, injustiziaren dimentsioa nonahi ikusi ahal izan da aurten. Urrutira joan gabe, La Manada-ren auziaren harira Iruñeko mugimendu feministaren indarra mundu osoko pantailen bidez zabaldu zen. Berdin Martxoak 8ko grebaren kasuan.

#MeToo kanpainak asko lagundu du horretan. Harvey Weinstein predatzailearen erasoak publiko egin zirenean eztanda egin zuen. Kanpainaren sortzaile izan zen Tarana Burkerekin eginako elkarrizketa hau indar handikoa iruditu zait (gaztelerazko bertsioa): https://nyti.ms/2BF5Y2c.

Beste aldean beldurra egon badago

Indar emantzipatzaileen eta erreakzionarioen arteko talka egungo aro historikoaren ardatz nagusia izango da. Hein handi batean, beldurraren eta itxaropenaren arteko kontrastea izango da borroka horiek guztiak baldintzatuko dituen dialektika morala.

Beldurra sistemaren balio eta tresna nagusia bihurtu da. Konplexuagoa izan arren, Naomi Klein-ek “Shock doktrina” lanean identifikatzen zuen patroia behin eta berriro errepikatzen da. [Konplexutasun horretan interesa izanez gero, irakurri Walden Belloren aspaldiko kritika hau (ingelesez): https://bit.ly/2AcHT2D].

Beste alde batetik, erreakzioaren atzean dagoena beldurra ere badela azpimarratu behar da. Boterea, pribilegioak, estatusa… galtzeko beldurra da atzerakoiak mugitzen dituen sentipenetako bat. Ezinegon hori indar atzerakoientzat bulkada garrantzitsua izan da aurten. Indar aurrerazaleek maiz ikusten ez duten arren, atzerakoiek alor askotan galtzaile ikusten dute beren burua. Indar askatzaileek, ordea, nekez ikusten dute beren burua garaile. [Rebecca Solnit aipatuko dut, enegarrenez orrialde hauetan, garaipenez eta itxaropenaz egiten duen irakurketa benetan iradokitzailea baita: https://bit.ly/2CxCpkE]. Ezinegon utopikoak ez luke errealismo politikoa estali behar. Lehenik eta behin, beraiek irabaztea guk irabaztea baino askoz errazagoa delako.

Adibidez, Mexikon Lopez Obradorrek irabaztea Brasilen Bolsonarok irabaztea baino askoz harrigarriagoa da. Batetik zein bestetik ikasi beharko luke ezkerrak. Hori bai, kolpismo instituzionalizatuak hartu duen indarrak gogoeta merezi du. AEBak, Brasil, Polonia, Hungaria… gero eta zabalagoa da hauteskunde bidez autoritarismoa eta totalitarismoa zabaldu diren tokien zerrenda. Jakina, alor horretan Espainia beti da hautagai.

Komunikazioaren garrantzia manipulazio toxikoaren aroan

Artikuluan zehar kanpainei buruz eta komunikazio politikoari buruz hitz egin dugu. Alor horretan, Facebookentzat urte beltza izan da. Hain zuzen ere, horrelako kanpainetan egindakoengatik zigorra jaso du, ez behar bestekoa baina bai latza. Oraindik botere itzela du, baina telebistaren burbuila baino lehenago eztanda egiteko arriskua ere badu.

Komunikabideez ari garela, gurean urtez urte hitz garrantzitsuena “komunitate” dela esango nuke. Edonola ere, datorren urteari begira, apuntatu beste hau: “transmedia”. Hori bai, ez eskatu definizio bat, praktikaren bidez definituko baitugu. •