Gorka Elejabarrieta

Flandriar lehoia

2010eko hauteskunde federalen ondoren hemezortzi hilabete egin zituen Belgikak gobernu gabe. Oinarrian gatazka politiko sakona zegoen, Belgikaren izaera bera kolokan jartzen zuena. N-VA alderdi independentista flandriarrak Estatuaren erreforma sakona eskatu zuen gobernua osatzearen truke. Federalismotik konfederalismora salto egitea zen bere proposamena. N-VA alderdi bozkatuena izan zen Flandrian, baita Belgikaren osotasunean ere, ezin baitugu ahantzi flandriarrak direla Belgikako herritarren %60. N-VAren eskaera onartezina zen gainontzeko alderdientzat, bereziki valoniarrentzat, eta desadostasun hori izan zen Belgika gobernu gabe egoteko arrazoi nagusia.

Orduan ez zuten bere helburua lortu, eta, barne zein kanpo presioen ondorioz, Belgika desagerrarazi nahi zuen alderdia Belgikako Gobernuko kide bilakatu zen. Kide handiena gainera. Orduan hainbatek ondorioztatu zuten jokaldi horrek N-VAren izaera eta etorkizuna kolokan jarriko zituela. Gobernuan gaizki eginez gero, N-VAk alderdiaren proiektua indartzeko aukera gutxiago izango zituen. Gobernuan ondo eginez gero, aldiz, Belgikaren etorkizuna zalantzan jartzeko aukera gutxiago izango zituen.

Bada, 2019ko maiatzaren 26an, Big Sunday erabakigarria dute Belgikan: hauteskunde europarrak, federalak eta erregionalak (Flandria, Valonia eta Brusela) batera. Publikaturiko azken inkesten arabera N-VA alderdia litzateke alderdi bozkatuena berriz ere bai Flandrian bai Belgikan. Eta hauteskunde horiek berotzeko bidean, Belgikako Gobernua pikutara joan berri da. Charles Michel lehen ministroa dimititzera behartu dute. Erregeak, 2010ean bezala, hauteskunde federalak aurreratzea baztertu du eta Charles Michel bera izendatu du agindu duen behin-behineko gobernuko buru. Behin-behineko gobernuak oso gai gutxiren inguruan har ditzake erabakiak eta gobernu berria izendatzen duten arte egongo da lanean. Egoera bitxia, Europako herri gutxitan gerta daitekeen horietakoa.

Hauteskunde eguna iristen denerako Belgikak jada sei hilabete eramango ditu gobernu gabe. Ikusi beharko da egoera horrek eragina duen edo ez emaitzetan. Esango nuke hauteskunde bitarteko aste eta hilabeteetan norbere diskurtsoa indartu eta arerioarena gutxitzen saiatuko direla alderdiak. 2010ean konpondu gabe utzi zuten gatazka politikoak bere horretan dirau eta berriz ere agerian geratuko da gero eta arrazoi gutxiago daudela flandriarrek eta valoniarrek elkarrekin estatu bat partekatzeko. Urteotan N-Vak ez du bere posizio politikoa aldatu, alderdi unionistek ere ez. Gobernuak jasan berri duen krisiak mesfidantzak sor ditzake alderdi berdinen arteko akordioak errepikatzeko, eta, elementu horietakoren batek bere posizioa asko aldatu ezean, esango nuke maiatz osteko egun eta asteetan krisi politikoa areagotu egingo dela berriro. Belgikako eredu eta araudiak oso zail egiten du horrelako egoeren kudeaketa, akordioan eta adostasunean oinarritua egonik, horren helburu antagonikoak dituzten alderdien arteko erdiko bideak aurkitzea oso zaila edo ezinezkoa bilaka daitekeelako. Beste blokeo egoera nabarmen baten aurrean aktore bakoitzak nola jokatuko duen asmatzea zaila edo ezinezkoa suerta daiteke. Trenen arteko beste talka bat gerta daiteke, Belgikar Estatuaren etorkizuna, Europar Batasunaren bihotza, kolokan jarriz berriro. Eta ekaitz perfektua gertatuz gero, Estatuaren erreforma gauzatzeko indar eta momentum nahikoa eraiki dezakete flandriar abertzaleek. Pausoz pauso, estatu egiturak eraikitzen, independentzia lortu arte. Hori da flandriarrek proposatzen diguten independentziarako beste bide posible bat. Hori ere, eskoziarra edo faroetarra bezala, erabakitzeko eskubidea errespetatuko lukeen Estatu baten baitan.