Amagoia Mujika Telleria

KRESALA DANTZA TALDEA, 50 URTE ERREALITATEAK DANTZATZEN

«Urtaroen azalak gaueko lubakian» izeneko argazki erakusketak Kresala Dantza Taldearen 50 urteko ibilbidearen pauso zenbait jasotzen ditu. Donostiako Okendo kultur etxean dago ikusteko moduan argazkiz osatutako pieza dantzatua, urtarrilaren 26ra bitartean.

Kresala Dantza Taldea 1968. urtean sortu zuen, Donostian, Gene Yurrek. Duela 50 urte. Ordurako ibilbide oparoa egina zuen Yurrek dantzari bezala atzerrian, Euskal Herritik kanpo, eta bere dantzari ibilbide profesionala amaitzearekin bat sortu zuen Kresala. «Hasieran oso modu pragmatikoan hasi zen, eskola desberdinetako haurrak hartu eta dantza erakusten. Lehen hiruzpalau urteetan formakuntza sendoa eskaini zuen, harik eta sorkuntza propio bat egiteko aukera izan zuen arte. Gu ez gatoz zerotik, nonbaitetik abiatzen gara beti, eta Gene Yurrek molde bat ezarri zuen. 60ko hamarkadan, Parisen –oso hiriburu garrantzitsua zen kultura mailan– ezagutu zituen mugimendu ugariak hartu eta bere baitara ekarri zituen. Eta abiapuntu horretatik jarri zuen martxan proiektu oso bat, gaur egun indartsu dagoena». Horrela mintzo da Faustino Aranzabal, Gene Yurreren lekukoa hartu zuena eta azken 25 urteotan Kresala Dantza Taldeko zuzendari artistikoa dena.

Euskal dantza eszenikoaren alorrean Kresalak bide propioa egin du azken 50 urteetan eta bide horren arrasto zenbait bildu ditu “Urtaroen azalak gaueko lubakian” izeneko erakusketan. Donostiako Okendo Kultur etxean dago bilduma ikusteko moduan eta han egongo da urtarrilaren 26ra bitartean. Bertan 56 argazki daude ikusgai. Lan gehienak Juan Carlos Ruiz argazkilariarenak dira, Kresalaren ibilbidea gertutik jarraitu baitu. Badira, hala ere, beste egile batzuen irudiak; Iosu Otaegi, Jose Usoz, Iker Azurmendi, Fernando Martinez, Niko Iturralde, Arturo Delgado eta Boris Lipnitzkirenak kasu. Argazkiez gain, maskarak, programak, eskuizkribuak, bozetoak eta maketak ere badaude. Guztiek dute zer kontatua Kresala Dantza Taldearen 50 urteko pausoez. Eta erakusketak biltzen dituen altxorrak katalogo eder batean ere jaso dituzte; “Pausoz pauso, hegaldi isila, hegada luzea” izenburuarekin.

Etengabeko metamorfosia

Faustino Aranzabali Kresalaren bidea laburbiltzeko eskatuta, «bere nukleoan, bere DNAn, etengabeko metamorfosi bat dago, krisalida baten modukoa balitz bezala. Horren ondorioz, tarteka, birplanteatu eta egindako lana ikuspuntu kritiko batekin aztertzeko gaitasuna dauka. Egun ikusten ari gara duela 40 urte egindako proposamenek funtzionatu egiten dutela, onarpena izan dutela. Horrek laguntzen digu kokatzen non gauden eta nora goazen».

Kresala Dantza Taldeak akademia du alde batetik, ehundik gora ikaslerekin, eta helduen dantza taldea, bestetik, berrogei dantzari ingururekin. «Helduen taldean proposamen berriak prestatzen ditugu eta zabaldu egiten ditugu urtean zehar, guk markatutako erritmoan. Ekoizpenak sortzen eta erakusten aritzen gara».

Horregatik, Okendon paratuta daukaten erakusketaren erdian jarrita, ezohiko lanetan eta ezohiko egoeran sentitzen dela aitortzen du Aranzabalek. «Guk, deformazio profesionalez, dantzan perfekzioa bilatzen dugu beti. Juan Carlos Ruizek gure lanaren inguruan osatu duen ikuspuntua erabatekoa da eta berea, pertsonala. Eta guk perfekzio eza edo akatsa ikusten dugun tokian, berak edertasuna eta egia ikusten ditu. Guretzat oso-oso ikuspuntu interesgarria da hori, guri kostatu egiten zaigulako hori ikustea. Argazkilariaren begirada apartekoa da, berezia, sorkuntza artistiko bat zalantzarik gabe», nabarmendu du Kresalako zuzendari artistikoak. Argazkia une bat da. Eta erakusketan jasotako une horiek elkarren ondoan jarrita «pieza dantzatu bat» lortu izanaren poza daukate Kresalakoek.

Berrogei urteko atzerapen kulturala

Faustino Aranzabalen eskutik ikusi du erakusketa GAUR8k, bere hausnarketek eta azalpenek gidatuta. Hasterako, hasieran aipatu duen ideia bati eutsi dio berriro. «Zerotik ezin da ezer sortu. Sustrai sakonak behar dira, handik abiatuta, betiko birsorkuntza batean lanean hasteko. Baina beti dago aurrekoei jasotako zerbait. Estereotipoek ere pisu handia daukate. Izan ere, edozein genero, edozein estilo delarik, momentuan beti da garaikide. Baina oraindik konplexuz beteriko gizarte batean bizi gara, berrogei urteko atzerapena daramagulako herri bezala. Diktaduraren ondorioak dira. Kultura mailan atzerapen bat egon zen eta horrek ondorio batzuk ditu; horietako bat da tradizionaltzat hartzen diren zenbait adierazpenekin nolabaiteko konplexu bat izatea. Baina, tira, denborak jarriko du hori guztia bere tokian».

Sortzailearentzat ustez, beraz, postmodernitatera berandu iritsi den gizarte batean naturaltasuna falta da, konplexuak daude, gauza identitarioei dagokionez. «Bi muturretara joaten gara: erabateko kostunbrismora edo modernitate epidermikora. Gauzak bere osotasunean ikusi behar dira eta inolako konplexurik gabe onartu behar da elementu garaikideak guztiz modernoak direla bere baitan. Guretzat dantza tradizionala, genero bezala, altxor bat da». Askotariko sortzaileen iturrietatik edanda osatu dituzte Kresalaren proposamen artistikoak, batzuk dantzaren mundukoak, eta, beste batzuk, hortik kanpokoak.

“Buba eta Bubu” obraren argazki baten aurrean paratu gara. «Haurrei begira jartzeko gogoa sortu zitzaigun, gerora ikusle potentzialak izango direnei begira. Gogo horretatik sortu genuen ‘Buba eta Bubu’. Argazkiak oso esanguratsuak dira, asko kontatzen dute obrari buruz». Bubak eta Bubuk maskarak daramatzate eta horrek berak indar handia ematen die pertsonaiei. «Maskarek adierazpena anplifikatu egiten dute eta haurrak harrapatuta geratzen dira. Maskarek tranparen zentzua daukate, oso jolas polita da», nabarmendu du Aranzabalek.

Maskaren xarma

Erakusketako pareta batean jaso dituzte azken hogeitaka urteetan Kresalakoek erabilitako maskarak, bilduma zoragarria. «Irungo Xabier eta Benito Garate Echarri anaiek egiten dizkigute maskarak. Lan zoragarria egiten dute eta guk egindako edozein proposamen erori baietz esaten diote».

Ekoizpenak tentuz zaintzen dituzte, sorkuntzak patxadaz hartzen dituzte, Kresalakoen helburua ez baita asko sortzea, denboran luze samar irautea baizik. Dantzariak ez dira profesionalak, talde txikia eta amateurra da. «Oso serio hartzen dugu lana. Maite dugun hori egiten dugu. Ez gara dantzatik bizi, baina dantzarako bizi gara. Berrogei bat dantzari aritzen dira, 17 urtetik gorakoak. Ikuskizunaren arabera, batzuek edo besteek parte hartzen dute. Emanaldi kopurua ere kontrolatzen dugu, ez dugu gehiegizko erritmorik nahi. Urtean dozena bat emanaldi inguru eskaintzen ditugu». Euskal Herrian ez ezik, munduan barna ere dezente ibiltzen dira, Europan nagusiki.

“Argia” ikuskizuneko irudi baten aurrean geldialdia. «Galeraren inguruko lan bat da, heriotzaren ingurukoa. Laboaren doinu bat erabiltzen dugu eta oso-oso ondo funtzionatzen du».

Dantzarien jantziak zoragarriak dira. «Jantziena oso elementu garrantzitsua da. Nirekin batera Idoia Ibarzabalek darama zuzendaritza artistikoa eta berak diseinatzen ditu jantzi guztiak. Horretan ari da azken 25 urteotan. Oso garrantzitsua da dantzariak janztea, dantzaren mesederako beti, historia baten barruan eta duintasunez».

“Keinuka” lana nesken dantza batean oinarrituta dago. «Donostiaren suntsiketaren urteurrenerako egin genuen, 2013. urtean eta hemen ere galeraz ari gara. Gerra kontuetan emakumeak ez dira inoiz aipatzen, nahiz eta beti diren kaltetuenak. Gerraren bigarren lerroan sufrimendua oso handia da eta ezin da adierazi. Entzun, ikusi eta ixo. Horixe emakumeek izan duten agindua. Hiru elementu horien inguruan osatu genuen dantza. Dantza, finean, lengoaia bat da, gauzak kontatzeko modu bat».

Azken lana “Zeruko” da. «Gor-mutuen hizkuntzan oinarritutako lan bat da. Detaileetan, gauza txikietan, arreta jartzea eskatzen du eta oso interesgarria da; soiltasuna, apaltasuna, geldotasuna... Horrek izugarrizko indarra da, mugimendu handiak baino gehiago. Aurkikuntza interesgarria izan da».

“Sehaska” sorkuntzaren argazkien aurrean jarrita, gure herriak sehaska-kantak bai, baina sehaska-dantzak ez dituela egin du gogoeta Aranzabalek. «2006an sortu genuen ikuskizuna. Sehaska-dantzen imajinarioa sortu genuen eta, urtea joan urtea etorri, oso ondo funtzionatzen dute. Bitxia da, jendeak normaltzat jotzen baitu sehaska-dantza horiek aspalditik existitzen direla eta guk sortuak baitira».

«Dantza plazer bat da. Eta ez du etenik, jaiotzetik hil bitartean sentitu daitekeen plazer bat da. Dantzak, bere baitan, barrura begira, ez dauka adinik», bukatu dugu bidea. Askotan esaten denez, kantatzen eta dantzatzen duen herri bat, inoiz ez da hiltzen. Hurrengo aukera, martxoan, Tolosako Leidor aretoan, “Zeruko” ikuskizunarekin.