Gorka Zozaia - @zotz_
Kimikaria

Immunotortura, «time for love»

Minbiziaren aurkako Nazioarteko Eguna pasa berritan, hainbat hedabidek gaitz honen aurkako immunoterapia azaltzeko baliatu du efemeridea. Aurreko urtean Nobelaz saritua izan zen teknika honek T linfozito deritzaten globulu zuriak eraldatu egiten ditu berez dituzten galga batzuk kendu eta zelula kantzerigenoei gogorrago eragiteko. “El Mundo”-k, adibidez, oso modu grafikoan esplikatzen du, istiluen aurkako poliziaren simila erabiliz (Il était une fois... la Vie-n inspiratuta bailiran): gaixoaren odoletik polizia agenteak ateratzen ditu, laborategian hauek entrenatu eta gimnasio-gorputzeko agente sendoak berriz odolera sartzen ditu, komando gisa zelula kantzerigenoen bila organismo osoan zabaltzen direnak. Bidean agente berriak gudarako kaptatzeko gai ere ba omen dira. Terapiaren emaitzak oso onak ei dira, nahiz eta albo-kalte garrantzitsuak ere badituen (hauetatik %30 gaixoa heriotzara eraman dezaketenak), gaixoaren gorputzean epe luzean irauten baitute agente bizi hauek.

Irudi eta azalpenok ikusirik, ezin izan dut ekidin gurean poliziak darabilen jarduna burura etortzea eta heldu den asteko efemeridea gogoratzea. Torturaren aurkako Eguna dugu otsailaren 13a, 1981. urtean Joxe Arregi heriotzara eraman zuen poliziaren tratua oso latza izan zela salatzeko. Euskal Memoria Fundazioak 4.716 testigantza jaso zituen eta EHUk Eusko Jaurlaritzarako egindako ikerketa batek 4.113 kasu ziurtatu zituen, horietatik 336 Ertzaintzaren eskuetan izanik. Torturarena, baina, ez da komisaldegietara mugatzen den praktika bat eta atxilo aurreko pertsekuzio eta beldur egunak torturaren esperientziaren baitan kokatzen ahal dira. Are, Torturaren Prebentzio eta Salaketarako Koordinakundeak zabaldu egiten du praktika honen espektroa eta 2017. urteko txostenean 224 egoera eta 1.014 kaltetu zenbatu zituen espainiar Estatuan, NBEren definizioa aintzat hartuta: «Tortura gisa ulertuko da pertsonari oinaze edo sufrikario fisiko zein mentala nahita eragiten dion ekintza oro, berarengandik edo hirugarrengo baten aldetik informazioa edo aitortza lortzeko; ekintza bat egin edo ustez egin duelako zigortzeko edo pertsona hori zein beste batzuk beldurtzeko edo bortxatzeko helburuarekin; edozein motatako diskriminazioan oinarritutako arrazoiagatik delako oinaze horiek funtzionario publiko batek edo beste pertsona batek funtzio publikoen jardutean eragiten dituelarik, berak eskatuta edo bere baimenarekin».

Espainiar erregimeneko ordena konstituzionala indar eraldatzaileak erreprimituz bermatzeko entrenatuak izan ziren agenteak bizi-bizi dabiltza azkenaldian euskal organismoan, ezaguna den zigorgabetasun lotsagabearekin.

Sistemarentzat minbizi zelulak diren euskaldun, gazte, kazetari eta eraldatzaile oro beldurrean bizitzera zigortu nahi dituzte, argi urdinen presentzia itogarriarekin. Immunotortura ezarria da, baina ez nuke lerrootatik etsipenean sakondu nahi. Amodio erromantikoa salerosteko baliatzen den San Valentin ere ospatzen da, hain zuzen, Torturaren aurkako Egunaren biharamunean. Erabil dezagun (H)ertzainen “No time for love” kantua gainditu eta gaueko sirena hotsak amodio garrasiz isilarazteko! •