Garazi Goia - @GaraziGoia
Idazlea

Psikopataz betetako mundu hura ez al zen hobea?

Starbucksen batean mutil bat ikusi nuen. Ez zeukan telefonorik. Ezta tabletarik edo ordenagailurik ere. Han zegon eserita, besterik gabe. Kafea edaten. Psikopata bat bailitzan». Bizi naizen auzoan, dendaz betetako kale batean zegoen mezu hori arbelezko taula batean idatzita. Amerikar jatorriko marka-retrodun arropak saltzen dituzten denda batean. Kalearen bestaldean Starbucks kafe-etxe bat dago. Bertara sartu naiz eta seinaleak zioenaren isla perfektua topatu dut.

Mac batean posta elektronikoak erantzuten ari da neska bat, kaskoak belarrietan; telefono dei bat egiten ari da alboko gizona, eskuen mugimenduagatik zerbait garrantzitsua du hitz-gai; iPadean albisteak ikusten ari da beste bat, bere inguruan gertatzen ari denetik erabat deskonektatuta; beste bi emakume bakarrik, biak ordenagailuaren aurrean; txokolatezko kruasan batekin bazter denak zikintzen ari den haurra, bere ama telefonoari begira dagoen bitartean; badaude pare bat mahai talde hiruzpalau pertsonako talde txikiekin –solasean ari dira, betiere adi mahai gainean daukaten telefonoari (mezu bat sartzen bada, albiste berriren bat jazotzen bada ez galtzeko)–. Non daude benetako liburuak eta paperezko egunkariak irakurtzen zituzten guztiak?

Starbucksen lehenengo kafe-etxearen argazki bat dago paretan, Seattlen irekia, 1971. urtean. Kafea hartzeko eta kafe aleak erosteko leku bat irekitzea, hori zen sortzaileen helburua. Egun, badirudi, kafea edatea bigarren helburu bat dela. Debaldeko wifia adibidez kafearen kalitatea baino baldintza garrantzitsuagoa bihurtu da.

Kontzeptu berri bat frogatzen ari dira Londresen; uste dut aspaldi xamarreko kontua dela dena den, baina nik duela gutxi jakin dut. Bulegora joan gabe etxetik lan egiteko aukera erabat barneratuta daukate enpresa askok. Kontua da, lehen etxea zena, orain hotel bateko lobby-a, kafe-etxea edo bulego espazioak alokatzen dituen beste eraikin bat izan daitekeela. Kafe-etxean bazaude ordea, hotsak eta jendearen sartu-irtenaren distrakzioak negatiboki eragin dezake bulegora ez joateko hartu duzun erabaki horretan. Beraz, intsonorizatutako kabina batzuk jarri dituzte, bertatik deiak egin ditzazun.

Kafe-etxe birtualen kontzeptua ere esperimentatu dute. Kafe-etxe hipster batera (ezin da edozein kafe izan, dekorazioa eta «vibe» hori zaindu behar dira, noski) bakarrik joaten zara eta kafe bat eskatzen duzu. Beste leku batean (munduko beste edozein lekutan), beste kafe-etxe hipster batean dagoen lagun/ezagun/maitale/arima galduarekin elkarrizketa izaten duzu. Kafe bat hartzen ari zara eta sozializatzen ari zara aldi berean.

Aurreko astean Erresuma Batuko telekomunikazio erregulatzaileak haur eta gazteek Internet erabiltzean dituzten ohituren inguruko ikerketa baten emaitzak argitaratu ditu. Lehenengo aldiz, 5-12 urteko haurrek telebistaren aurrean baino denbora gehiago pasatzen dute Internet bidezko eduki bat kontsumitzen, telebista ez den beste gailu batean. Hain zuzen hogei minutu gehiago egunero. 12-15 urtekoan artean %89k erabiltzen dute Youtube eta 5-7 urte artekoen ia erdiek tableta propioa daukate. Hiru datu baino ez dira, baina, haur horiek heltzen direnean, horrek guztiak giza-harremanetan izango duen eragina zein izango ote da? Enbrionikoa baino fase garatuagoan dagoela arazoa garbi dago.

Kafe-etxeen analogia jeneralista hau adibide bat baino izan ez arren, sozializatzeko eta komunikatzeko parametro eta arau berriak birsortu beharko direla garbi dago.

Bai, nik nahiago nuen psikopataz betetako mundu hura. •