Ana Elosegi Serna
Harremanak Hezkuntza Elkarteko kidea

Aurrera neskak, baina nora?

Gaur, Anoetarako bidean, gure semeak honakoa esan dio arrebari: «Begiratu, hor goian ikusten dituzun etxe eder horiek Realeko jokalarienak dira!». Eta arrebak erantzun, «zeinenak, neskenak edo mutilenak?». Eta anaiak, «zeinenak izango dira ba, mutilenak, neskek ez dute etxe horiek erosteko beste dirurik kobratzen!». Alaba txikia pentsakor eta isilik joan da Anoetaraino, eta han, azkenean, galdetu du: «Ama, zergatik?».

21.234 pertsona elkartu gara Anoetako futbol zelaian Realeko eta Athleticeko neskak jokatzen ikusteko asmoz. Sekulako giroa egon da, Realeko eta Athleticeko bufandak airean dantzari, jendea ozen abestuz eta futbol ederra ikusteko aukera izan dugu. Kirola maite duten neska txiki zein nerabeek aukera ederra izan dute eredu izan ditzaketen kirolariak ikusteko. Gaur, une batez, ematen zuen berdintasunean oinarritutako jendarte batean bizi ginela.

Baina goizean goizeko elkarrizketak nire onera ekarri nau segituan, egunerokotasuna horrelakoa ez delako. Futbolean jokatzen duten alaben gurasook ongi dakigu berdintasuna oso urruti dagoela: bidaiak, ekipamenduak, soldatak… eta, noski, txikiak direnean non entrenatzen duten, non jokatzeko aukera duten helduak direnean, zenbaterainoko garrantzia ematen dieten klubek...

Kirol mundua eta dirua elkarren eskutik doaz, eta, agian, hemendik aurrera partidu orotara 21.234 pertsona joango bagina, seguruena gure neskei bestelako protagonismoa emango liekete bai komunikabideek bai klubek bai babesleek ere.

Baina hori al da emakumeok nahi duguna? Mutilen kirol eredu lehiakor eta kapitalistari jarraitu nahi al diogu? Edota gurea eraiki nahi dugu? Izan ere, beti ari gara mutilen kirolarekin alderatzen, hara iritsi nahiko bagenu bezala…

Nik ez dut nahi horrelako eredurik gure haurrentzat, kirolari izateagatik milioiak kobratzen dituzten emakumeak, miretsiak, nartzisismoan gaixotuak… Ez, mesedez! Eraiki dezagun zerbait askeagoa, hobea; eta baldintza duinak izanik beste lanbide bat, besterik ez, bihurtzea. Hori izan daiteke kirola maite duten neskentzat benetako motibazioa, ilusioa eta ikusgarritasuna eskainiz.

Eraiki dezagun beste zerbait, kirol ezberdinak ekarri ditzagun gure komunikabideetara: eskalada, errugbia, dantza, arrauna, saskibaloia, mendizaletasuna, eskia, judoa, karate, igeriketa… Futbola beste bat gehiago izanik, besterik gabe.

Eraiki dezagun zerbait osasuntsuagoa, elkarkidetasuna bultzatzen duena, talde giroa eta kirol zaletasuna. Eraiki dezagun emakumeena den zerbait, geurea dena, guk nahi dugun zerbait eta on egiten diguna. •