Itziar Elizondo
Harremanak Hezkuntza Elkarteko kidea

Hurbilena «feministarazi»

Bagara, hor gaude, eta ospatzekoa da historiaren atzealdean emakume aitzindariek abiarazi zuten borroka politikoari esker egun gozatzen eta pairatzen dugun orainaldi zabal eta labaingarri hau. Bai, urtero legez, egun hauetan epizentro mediatikoa irabazten dugu, eta badira ere balizko erdigune horretan egoteak eragiten dizkigun zenbait kontraesan eta galdera. Izan ere, gatazkaz beteriko garaia bizitzea egokitu zaigu, zeinean pentsamendua, desioa, harremanak, sareak, engaiamendua, neguko paisaia ilun batean bailiran, elur sakonetan urtzen diren. Likido bilakatu dira horiek denak akaso energia kolektiboa bera likidatzeko.

Horren aurrean, zorionez, egunerokotasunaren giharrak hezurmamitzen feminismoa dugu erro, mami eta amets. Nolanahi ere, kapitalismo patriarkalak jarraitzen du dagozkigun erdiguneak eta are bazterrak kapitalizatzen, bere trikimailu ideologikoak liluraz eta fin erabiliz hainbat praktikaren bidetik. Hala bada, ohiturak, bizipenak, espazioak, sinbolikoa... kolonizatuak ditugu, azalekoak zein sakonekoak: kontsumitzeko ereduak, intimitatea, lantokia, sare sozialak... edota arrakasta ereduak, jendartekoan baloratzen eta nagusitzen dena, eztabaida praktikak, denboraren kudeaketa... Horretan tente-potente dabiltza patriarkatuaren tentakulu karniboroak, eta gure praktiketan apenas jartzen ditugu auzitan.

Nola egin horren guztiaren kontra? Nola egin aurre gure burmuinetan iltzatzen den binarismo sinplifikatzaile eta fundamentalistaren zalapartari, ez bakarrik genero/sexuari dagokiona, baizik eta egun dinamika pertsonal, sozial eta politikoetan barreiatzen denari? Nola nabarmendu, ez gaitasunak direlakoan, gaizki ulertzen, gutxiesten eta baztertzen ditugun zaurgarritasuna, ahultasuna, besteekiko beharraren premia... Alegia, jitoan dabiltzan robot ero eta emankor patriarkalak izatetik libratzen gaituzten ezaugarriak? Ez gara ari buenismo antzu eta erraz-errazko bat defendatzen, baizik eta gure eguneroko praktikak nola politizatzen ditugun gatazkatzearen garrantziaz.

Horretan bidea dugu egiteko. Lehenik eta behin, errealitate hurbila «feministarazteko» norberaren baitan kolatuak dauden besteekiko manera patriarkalak desgaitu beharko genituzke. Adibidez, indarrarekin lotutako gaitasun pertsonalak harremanen zein taldeen mesederako jarriz, eta ez balore kapitalistekin kutsatutako lidergo ego patetiko baterako. Zeren eta makroan aldatu nahi ditugun botere harremanak mikroan ere ezinbestekoak dira ibilbide askatzaile bat gauzatzeko. Izan ere, neoliberalismotik datozkigun zuzentasun politikoaren itxurakeriak pil-pilean daude, eta emakumeen lorpenak zein mugimendu feminista bera txikitzea dute helburu. Ez da harritzekoa, feminismoa baita egiaz sistemaren indarkeriazko erraiak agerian jartzen eta errotik problematizatzen dituena. Beraz, patriarkatuaren fase honetan ere, aitzindariak gogoan, haren kontrako energia eta praktika guztiak beharrezkoak dira. •