Amagoia Mujika Telleria
GIPUZKOAKO INGENIARITZA ESKOLA

Madagaskarren energia, ura eta etxebizitza hobetzeko tresnak eskaini nahi dituen proiektu pilotua

Europar Batasunaren MADEEHI izeneko proiektuak Europako hiru unibertsitate –tartean UPV/EHU– eta Madagaskarreko goi mailako formakuntza lotu ditu helburu jakin batekin: teknologia lagun eta formakuntza erreminta, Madagaskarren energia, ura eta etxebizitza modu duinean izateko dauden bideak hobetzea.

Madagaskar herri pobrea da. Energiaren hornidura ez da behar bestekoa, ur garbiaren eskasia dago eta eraikuntzetan ere badira ahulguneak. Hortik abiatuta, Europar Batasunak finantzatutako MADEEHI proiektua jarri dute martxan, 942.000 euroko laguntzarekin.

Europako hiru unibertsitatek –UPV/EHU, Okzitaniako Tolosako Paul Sabatier Unibertsitatea eta Belgikako Liejako Unibertsitatea– parte hartzen dute proiektuan, Madagaskarreko bertako goi mailako hainbat eskolarekin batera.

«Proiektuaren helburua energiaren, uraren eta etxebizitzaren arloak hobetzea da, goi mailako formakuntzaren bidez», hasi du azalpena Haritza Camblongek. Gipuzkoako Ingeniaritza Eskolako irakaslea eta ikertzailea da eta diziplinarteko proiektu horretan parte hartzen du.

Camblongek azaldu duenez, proiektuaren ardatza formakuntza da. «Erran nahi da dagoeneko Madagaskarren existitzen diren masterrak eta formakuntzak hobetuz lan egin nahi dugula. Horretarako, Gipuzkoako Ingeniaritza Eskola bereziki energiaren alorrean inplikatu da. Eta, gero, Informatika ere landu dugu zeharkako gai bezala. Energia mailan hemen badugu master bat, Sare Elektriko Adimentsuak eta Sorkuntza Banatua deiturikoa, eta master horrek asko lagundu digu. Hemengo esperientzia eta formakuntza eraman ditugu Madagaskarrera eta haiek aukeratu dituzte interesatzen zaizkien irakasgaiak», azaldu du. Proiektuaren baitan, Madagaskarren praktikak egin ahal izateko ekipamenduak erosi dituzte.

Herri Berdea, herri pilotua

Hiru urteko iraupena duen proiektuaren baitan, Village Vert (Herri Berdea) izeneko herri pilotua jarriko dute martxan, oraintxe eraikitzen hastekoa direna. Proiektu hori Manandriana Avaradrano udalerrian dago. «Herri pilotu horrek eredu bat izan nahi du. Irakaskuntzari begira erabiliko da, haurrek-eta bisitatu ahal izango dute eta bertatik bertara ikusiko dute nola erabil daitezkeen energia berriztagarriak, nola berreskuratu daitekeen euritako ura... Unibertsitateko ikasleek praktikak bertan egiteko aukera izango dute eta ikerketak egiteko modua ere izango da. Era berean, enpresek bertan ikusi ahal izango dute teknologia horiek nola aplika daitezkeen», esan du Camblongek.

Herri Berdearen baitan bertako materialekin eta bertako baldintzak kontuan hartuta etxe bat eraikiko da. «Energia berriztagarriko iturriak diseinatu dira, panel fotovoltaikoak eta aerosorgailuak. Energia hori erabiliko da etxearen beharrak asetzeko eta baita euritako ura berreskuratzeko ere. Ur hori tratatu eta edangarria eta kalitatezkoa bihurtuko da. Momentuz, proiektuak unitate bat aurreikusten du, etxe bat. Baina ideia da gerora eredu hori inguruko beste herrietara ere zabaltzea. Asmoa herrialde osoan eragitea da».

Proiektuak, esan bezala, Euskal Herriko Unibertsitatea, Tolosakoa eta Liejakoa lotu ditu Madagaskarreko goi mailako formakuntzarekin. «Guk gure baliabideak eta jakintza jarri ditugun haien eskura eta haiek erabaki dute zer interesatzen zaien eta nola. Hartu-emana etengabekoa izan da. Maiatzaren amaieran, adibideez, Madagaskarreko hiru ordezkari etorriko dira Euskal Herrira, Gipuzkoako Ingeniaritza Eskolara, gure lan egiteko modua, irakasgaiak... bertatik bertara ikusteko. Elkarlanean ari gara eta azken helburua Madagaskarreko goi mailako ikasketak aldatzea edo moldatzea da, teknologia lagun, herritarren bizimodua hobetzeko. Oso oinarrizko beharren inguruan ari gara; energia, ura eta etxebizitza».

Herri Berdeak lehen kimua izan nahi du, arnas luzeagoko proiektuaren lehen urratsa.