Xabier Izaga Gonzalez
ARIMATIK ARIMARA

Arima proiektua, kultura eta ardoaren mundua uztartzen dituzten zazpi kutxa

«Arimatik sortu eta arimara iritsi nahi du» proiektuak. Artea eta literatura ardoaren munduarekin uztartuta, lurra zaintzeko konpromisoa duten nekazariak omentzeko asmoa du. Bekatu-buru bana ordezkatzen duten zazpi kutxak testu literario bat edo kantu bat; ardo, txakolin edo sagardo botila bat, eta beste zenbait sorpresa gordetzen dituzte; tartean, arimaren pisu bera duen zapia.

Arima proiektua F2 Work diseinu eta arkitektura estudioan pentsatu eta sustatu du Juan Pedro Alvarezek. Estudioan altzari-diseinua eta diseinu-altzariak egiten dituzte. Dena zurarekin lotuta dago nolabait. Ia lan denak Alvarezen diseinuak dira. Bertan izan gara arduradunekin solasean. Diotenez, altzari funtzionalak egiten dituzte, baina ez ohikoak, «pertsonalizatuak» baizik, pieza bereziak eta berdingabeak. Baina lan horiek egin eta saltzeaz gainera, ekimen kulturalak sortu eta sustatu nahi dituzte. Gauza berri eta desberdinak egiten dituztela erakusteko. «Kontua ez da produktu bat besterik gabe sortzea», diote.

Zazpi kutxa

Alvarezek Errioxako zenbait bodegatarako lanak egin izan ditu, eta sarritan ibiltzen da bertan; beraz, badu nekazarien lanaren berri, ardoaren prozesu osoa ezagutzen du, eta, dioenez, lurrarekin harreman estua duen jende hori gogoan zuen Arima proiektua pentsatu zuenean. Hartara, zura, ardoaren inguruko lana eta kultura lotuz, nekazari horiei halako omenaldia egitea bururatu zitzaion eta kutxa batzuk egin zituen. Zazpi kutxa, bakoitza inguruko basoetako zur mota batez egina eta bekatu-buru bat ordezkatzen duena, nolabait erakargarriagoak izan zitezen.

Zazpi kutxa, ondoren bikoiztuak. Haietan sei idazleren kontaketak daude, bekatu-buru banarekin lotuak. Zazpi kutxa baina sei idazle; izan ere, zazpigarrenean, idatzi baten ordez, kantu bat dago, Maddi Oihenart eta Pello Ramirezek sortu eta interpretatua. Bekaizkeriaren gaineko kantua, hain zuzen. Alicia Gimenez Bartlettek idatzi du diru-gosea gai duen testua, Miren Agur Meabek gularen gainekoa, Antonio Altarribari nagitasuna egokitu zaio, hira du gai Hector Abad Faciolinceren testuak, Marie Darrieussecqenak hantusteaz dihardu, eta Patxi Zubizarretarenak, azkenik, lizunkeriaz.

Helburua, esan bezala, ardoaren mundua eta kultura uztartzea da, zura eta landa eremuko lana. Kutxak bereziak dira, guztiak Elena Odriozolak eskuz egindako ilustrazioekin apainduak. Bakoitzak, beraz, testu bat gordetzen du, lau hizkuntzatan: euskaraz, gaztelaniaz, frantsesez eta ingelesez, eta bekaizkeria gordetzen duenak abestia duen diskoa. Testuaz edo diskoaz gainera, ardo, txakolin edo sagardo botila bana gordetzen dute, baita ebakitzeko ohol bana eta aizto berezi bana ere, larruzko zapi bana ahaztu gabe. Zapiak 21 gramoko pisua du, «arimaren pisua», alegia.

Proiektu irekia da, kolaboratu nahi duenak badu hartarako aukera, ez baita emanaldi bakarreko ikuskizun bat. Upategiek beren kutxa erakuts dezake, eta bilduma osoa ere eraman daiteke erakusketa moduan jartzeko edo hainbat ekitalditan erabiltzeko. Gasteizen sortua da proiektua, eta aspaldi bertan bizi den idazle ezagun bat arduratu zen hura gauzatzeko idazleak eta musikariak biltzeaz, Patxi Zubizarreta, hain zuzen. Aukeratutako bodega guztiak ingurukoak dira, Euskal Herrikoak, baina horiei dagokienez ere, parte hartzea ez dago itxita. Bestalde, Alvarezek dioenez, kutxa horietan ardoaren ordez beste zerbait ere sar liteke, azken batean.

Aurkezpena

Joan den martxoaren 9an zazpi kutxak ikusgai zeuden Gasteizko Goiuri jauregian, proiektuaren aurkezpenean. Ekitaldia Patxi Zubizarretak aurkeztu zuen, Pello Ramirezen txeloaren doinu goxoan. Hantxe izan zen GAUR8, literatura, musika eta hainbat nekazariren lanaren fruitu gozoa uztartu ziren arratsalde hartan.

Zubizarretaren sarreraren ostean, Maddi Oihenart agertu zen jende artetik kantari. Amaitu zenean, Juan Pedro Alvarezek egin zuen berak pentsatu eta bultzatu duen proiektuaren aurkezpena. Lehenik, eskerrak eman zizkien parte hartu dutenei: idazle, musikari eta ardandegidunei. Azken horien bodegek ez dute produkzio handia egiten eta, Alvarezek esan zuenez, bodega «desberdinak» dira, horregatik hautatu zituzten. Kutxa bakoitzean agertzen den ardo botilak «lurraren arima islatu behar du, baita ardo horren egileak lur hori zaintzeko duen konpromisoa ere», nabarmendu zuen.

Ondoren, Alicia Gimenez Bartlettek diru-gosearen gaineko bere narrazioa irakurri zuen, lapur batek dena ordaintzen dela ikasi zuenekoa. Segidan, Miren Agur Meabek, sabelkeria gai zuela, «askatasunean eta bakartasunean legamiatzen den emakume baten errealitatea eta ametsa» nahasten dituen poema irakurri zuen. Hirugarren, Antonio Altarribak parte hartu zuen, testu umoretsu bat irakurriz. Nagia zuen gai, eta egitea baino hobe dela ez egitea zioen, gizakion jokabide suntsitzaileak ikusita. Hector Abad kolonbiarra ez zen aurkezpenean izan, baina izan zen haren kontaketa entzuteko aukera. Ardoa, suminkorren aurkako antidotoa dela dio Abadek, hira gai hartuta. Marie Darrieussecq baionarrak ere ez zuen ekitaldira joaterik izan, eta haren lagun batek irakurri zuen harrokeriaren gaineko testua, egunean zazpi oliba baino jaten ez zuen ermitau baten istorioa. Azken kontaketa Patxi Zubizarretarena izan zen, lizunkeriaren gaineko ipuin haragikoi bat, hain zuzen. Bekaizkeria izan zen azken gaia, Maddi Oihenarten ahotsean eta Pello Ramirezen doinuan. Bekatu-buru erakargarriak, inondik ere. Ekitaldiaren bukaeran, proiektuan parte hartzen duten bodegetako batzuek, Artadi, Amaren eta Itsasmendik, beren ardoak dastatu eta mokadu bat jateko aukera eskaini zuten.

Arima proiektuaren beste aukera batzuk ere aztergai dituzte uneotan. Kutxak museoren batean erakustea, esate baterako; edo kutxa batzuk enkantean jartzea, ongintzako erakunderen bati laguntzeko… «Ibilbide luzea izango du», diote. Izan ere, Goiurikoa aurkezpena baino ez zen izan. Edonola ere, zazpi kutxak F2 Work estudioko erakusleihoan ikusgai daude.